Euskaldunak Munduko Itsasoetan zehar XVII - XVIII. mendeak/Garaiezinezkoa

Itsas armada garaiezina aldatu

Laurogeiko hamarkada aldatu

 
Wikipediak honi buruzko artikulua du: Itsas Armada Garaiezina.

Beste haize erauntsi batek –oraingoa politikoa– astintzen zuen Europa, itsas soldaduak behar zituen, eta asko. Flandria gatazka-gune eta hil ala biziko gerra izango da, 1566tik hasita, urte luzez. Gure merkataritza baketsuak sufritu zuen hori, eta itsas armadak indarraren beharra izango du gerrarekin. Lehendik jasota geratu da nolako zoritxarrak nozitu zituzten euskal marinelek Medinaceli dukearen armadarekin.

Herbehereen atzean Ingalaterrako Isabelen babesa ausarta zegoen, hark ondo ikusten baitzuen Probintzia Batuen estatu berria, Utrecht-eko (1579) batasunetik sortzekoa zena. Gainera Isabelek, Espainiarekin inolako gerrarik ez izan arren, begi onez eta lotsarik gabe ikusten eta saritzen zituen Amerikako Ontzidiari, amerikar kontinentean bertan eraso egiten ez bazioten, etorreran bertan mehatxu egiten zieten Hawkings, Drake eta Frobisher sonatuen balentria pikareskoak. Portugal Koroari eransteak, inperioren esparrua zabaltzen zuen munduan zehar, baina itsas armadaren alorrean sekulako ahalegina eskatzen zuen horrek, eta espainiarren itsasoko hegemonia arriskuan jartzen.

Azoreetako okupazioa aldatu

 
Itsas Armada Garaiezinaren itsasbideak.

Portugalekin bat egitearen ondorioek –idatzi zuen J. Cervera Prey-k– hainbat itsas esparruez arduratu eta banatu beharrak sekulako ahalegina eskatu zion itsas armadari. Afrika eta Asiako edukitza guztiek aitortu zuten Don Feliperen subiranotasuna, Azore edo Tercera uharteek izan ezik, izan ere kokamen geoestrategiko paregabean zeuden eta Don Antonio erregegaia saiatu zen Portugalen errekonkistarako base bat han eraikitzen, Frantzia eta Ingalaterraren lankidetzan, mendebaldeko Indiak sortaldekoekin elkar zitzakeen Austria Etxeak indar hartuko zuenaren beldurrez.

Azore uharteak, Amerikako ibilian gune nagusi ziren eta 1582an Alvaro Bazan handiak okupatu zituen; konkista horretan ondorengo urteetan izen handia izango zuten bi euskaldun nabarmendu ziren:

- Juan Martinez Errekalde

- eta Miguel Okendo.

Ondorengo urtean Tercera izeneko uhartea konkistatu zuten. Itsas ekimen horietan bietan ugari izan ziren gipuzkoarrak; bidezko da gogoratzea.

San Miguel uhartearen konkistari buruz esan behar da berezko distiraz argi egin zuela Gipuzkoako eskuadrak hamar itsasontzi bikain eta ehunka marinelekin. Latza izan zen Felipe Strozzi, Frantziako Mariskalaren semea, buru zuen eskuadra arerio handirekin izandako gudua, izan ere berekin zituen Alvaro Bazanek gidaturiko Portugaleko eskuadra eta Errekaldek gidatzen zuen Andaluziakoa. Atera ditzagun Gipuzkoako eskuadrako itsasontzi eta itsasontzi-buruak ahanzturatik:

- Nuestra Señora de Iciar. Domingo de Olavarrieta

- Buenaventura. Juan Ortiz de Isasa

- Catalina. Juan de Labastida

- San Miguel. Antonio de Lajust

- Juana, (la de Oquendo). Pérez de Garagarza

- San Vicente. Domingo de Tausida

- San Vicente. Juan Pérez de Mutio

- Nuestra señora de la Peña de Francia. Juan de Segura

- San Buenaventura. Juan de Arriaga.

Villaviciosa lezoarrak Brissac-en itsasontziarekin egin zuen borroka, Strozziren Capitana erasotzen zuen Garagartzak Juanarekin, Okendoren jokaera erabakigarria lagun zuela. Kalteturik gelditu zen Juana guduan, baina garaipenik osoena bere alde izan zuen Okendok eta Donostian agertu zuen Charles Brissac-i atzemaniko altxorra: erredola (ezkutua), kapa frantsesa, belusezko juboi morea, itsas argi handi bat, bi armarri eta bost bandera.

Felipe II.ak, Lisboan, Tajoren estuarioan hartu zuen Eskuadra garailea. Alvaro Bazanentzat izan zen loria, eta Miguel Okendo ere ukitu zuen, Santiagoren Ordenako Zaldun izendatu baitzuten. Ohorezko aipamena izan zuten honako hauek:

- Aranburu,

- Urkiola,

- Arizabalo,

- Eskorza,

- Irigoien,

- Irun,

- Agirre,

- Ganboa,

- Isas Mutio,

- Segura,

eta bereziki Kapitainek

- Garagartza,

- Juanot

- eta Esteban Villaviciosa,

- Alonso Idiakez,

- etab.

  • Tercera konkistatzea

Donostiara etorri zen Okendo bere garaipena ospatzera eta beste marinel-errekrutatze bat antolatzera. Tercera uhartea falta zen. Hemen aurreko enpresan baino handiagoa izan zen Gipuzkoarren esku-hartzea: 14 itsasontzi –7.000 tona baino gehiago– eta mila marinel baino gehiago.

Lisboatik 1583ko ekinaren 23an abiatu zen sekulako Itsas armada, ia ehun unitate eta hamabost mila gizon elkarturik. Uztailaren bukaeran iritsi ziren helmugara eta irailaren erdialdera atzera Lisboan ziren.

Galerak, gizonetan nahiz itsasontzietan, garrantzizkoak izan ziren eta ondorengo urteetan igarri egin zen. Zenbait donostiarren aldetik halakoxe ezinikusi baten ondorioak sumatzen hasi zen Okendo.

Beste itsas estrategia politiko bat aldatu

 
Vallesen galeoia Drakek suturik.
  • Itsas armada (garaiezina) handiaren proiektua

Bi garaipen horien ondorioz, Alvaro Bazan itsasoko estrategia politikoaren aldaketa iradokitzen hasi zitzaion Felipe II.ari. Ingalaterrak Herbehereei laguntzen ziela, eta, itsaslapurreta bidez, ingelesek Espainiako altxorrari etengabeko kaltetzeak zekarzkiola ikusirik hartu zuen gogor erasoaren erabakia.

«Las victorias tan cumplidas, como ha sido servido de dar a Vuestra Majestad en estas islas, suelen animar a los Principes a otras empresas. Y puesto que nuestro Señor hizo a Vuestra Majestad tan gran Rey, justo es que siga agora esta victoria, mandando lo necesario para que el año que viene se haga la de Inglaterra... y pues se halla tan armado y con ejército tan victorioso, no pierda Vuestra Majestad muchas dificultades, así de socorro de Francia como de falta de dinero».

Hiru urte beranduago goi-politikako printzipio bat adierazi zion eskutitzez Erregeri, ingelesen harrapaketei buruzkoa: «Estos inconvenientes y otros suceden a los Príncipes que se empeñan en guerras defensivas». Defentsa egiteaz gainera, erasotzeko erabakiak ondorio larriak izango zituen gure itsasoko historiak.

Hasiera batean, Felipe II.ak ez zuen ahaztu proposamena. Zalantzakor erantzun zion ordea, 1583an, Alvaro Bazani: «Más por si o por no, mando hacer la provisión de bizcocho que venga de Italia y dar la prisa que se puede a la fábrica de galeones y el asiento de las naos de Vizcaya».

Baztanek operazio handi bat proposatu zuen 1586rako: Lisboako portuan bilduko zen Itsas armada erraldoi baten proiektua egin zuen, zenbait milioi dukaten kostua izango zuena. Erregeren kontseilari guztiek ez zuten begi onez ikusi enpresa hura. Asko kosta zen erabakia hartzen, eta gero denbora asko behar izan zen prestaketa neketsuetan. Abiatzeko garai iritsi zenean, proiektuaren egile nagusi eta burua, Alvaro Bazan jauna, hil egin zen eta Medinasidoniako dukeak ordezkatu zuen.

  • 1582tik 1587ra bitarteko urteak

Prestaketa-lanek oso zuzeneko ondorioak izan zituzten gure kostaldearentzat, bai itsasontzietan, bai itsasgizonetan. Gerra-enpresa horrek beste itsas jarduera batekin egin zuen topo, ordurako emankorra zen Ternurako nabigazioarekin. Egia da urte batzuk lehenagotik marinel-eskasia sumatzen zela; Gipuzkoa kexu zen 1567an «pérdida y falta de marineros» zuelako, baina bestelakoa zen, eta gero eta handiagoa embajazen Erregek behar anitzetan laguntzeko egiten zuen marinelen eskaria: «todos los más que ser pudiere», eskatzen zuen Erregek 1572an. Horrez gain, honetaz ere hitz egin zuen: «quintar la gente de mar».

  • Gartzia Artzeren jarrera

Arazoa zorrotzago planteatu zen, lehendik aipaturiko Azoreetako bi itsas ekimen zirela-eta. Gartzia Artze Gipuzkoako kapitain jenerala, Erregek beharturik, gonbitea egitetik inposatzera eta behartzera pasa zen eta baita debekua egitera ere, inor nabigatzera ez zedin irten, behar zen kupoa betetzen ez bazen lehenago. Hamabi dukat aurreraturen soldata eskaintzen zuen, baina inortxok ez zuen izenik eman, eta hiribilduek zozketa bidez izendatu zituzten sartuko zirenak. 1582an gertatu zen hori.

Ondorengo urtean berriro azaldu zen Erregeren eskaria eta Artzeren aginpidezko modu inposatzaileak. Gipuzkoak erret idazkari Idiakezengana jo zuen eta batzorde bat bidali zuen Gortera. Larriturik eskatzen zen «no se destruya absolutamente la gente de los puertos de esta Provincia».

Gatazkak, Gartzia Artzeren moduek gaiztotuak, bazituen ertz politikoak –aginpidearen erabilera despotikoa, ohitura zaharren aurkakoa– eta bazituen zailtsunak erret-gonbiteari erantzuteko. 1582ko zerrendan aurkeztutakoa «la sustancia principal toda la gente útil que había» zen. Asko hil egin ziren, beste batzuk ez ziren Lisboatik itzuli, itzuli ziren bakanak, gaixorik zeuden eta hilez zihoazen.

Artzeren neurri zorrotzek zorigaiztoko ondorioak ekarri zituen, 600 tona baino gehiagoko itsasontziak bahituta, ondasun guztiak bahiturapean kostaldeko gizon baliagarri guztiak zerrendan sartuta eta beste edozein nabigazio eragotzita; honela zioen Probintziak:

«absolutamente ha cesado el comercio humano y los caminos por donde tener nuestro sustento. El hacerse tanta gente en esta Provincia es imposible de toda imposibilidad, sacar toda la que hay en ella es destruirla absolutamente».

Erregek entzun zuen eskabidea eta gozatu zituen Gartzia Artzeren moduak. Horrez gain, marinelen onurako arau berriak eman zituen: soldata hobeak marinelei, morroiei, txalupa-mutilei, eta itsasontzien alokairua; ordaintzeko eta jendea zerrendan sartzeko moduak; hiltzen zirenen ordainketak, eta euren etxeetara itzultzeko baimenak; itsasontzien hornidura eta abar. Beste behin ere, Erregeren zerbitzura joan zen Gipuzkoa.

Berriro azaldu ziren tentsioak 1586an. Gartzia Albisuak Gipuzkoako enbaxada eraman zion Felipe II.ari: arrantza-tokiak arriskuan zeuden marinel gabeziagatik. Gartzia Artzek Erregeri idatzi zion:

«no sería justo que por faltar de ella, se dejare la grangería de la tierra, a que es mi voluntad que se atienda y mire con el mismo cuidado que el apresto de las dichas naos».

Artzek bere modu zakarrak azaldu zituen berriro apirilaren 29an eta marinel jende guztia behartzen zuen Pasaian zerrendan sartzera, eta zorrozki mehatxatzen zituen obeditzen ez zutenak. Alkateen zeregina zen baliagarrien zerrenda bidaltzea. Gipuzkoak beste enbaxada bat bidali zion Erregeri Artzez kexatuz. Foruen aurkako zenbait extramugaketen salaketa egiten zioten. Artzeren inposaketen zorigaiztoko ondorioen artean ziren: Andaluziarekin zuen merkataritza eta, berrehun mila dukaten murrizketa eragin zuen bakailao kanpaina, eta agian balearena, alferrik galtzea.

Are handiago bihurtu ziren presak eta presioak Ingalaterrako Jornadaren egunaren bezperetan, 1587an. Erregek errespetuz eta presaz jokatzen zuen Gipuzkoarekin eta adostasunera iritsi ere iritsi zen, alegia zerrendako herenak baizik ez zitezela marinel adituak izan. Probintziak, bere aldetik, bosten ordez sei paga eskuratzea lortu zuen, eta Ordenantza berriak egitea nahi zuen, itsasontzi eta marinel kopurua handiago izan zedin.

Beharrezkoak jotzen ziren Ordenantzak, eta oso abagune berezian eskatzen ziren, Artzeren zakarkerien eta marinel-eskasiaren aurrean. Gero eta konplexuagoak eta ugariagoak ziren itsasotik zetozen deiak, eta sakoneko planteamendu baten behar bizia sentitzen zen egoera hartan. Baina, Erregek presa zuen, Armadak irten egin behar zuen, hilabeteak eta urteak ari zen atzeratzen eta ontzi-buru ukaezina galdu itxarote luze hartan eta haren ordezko Medinasidoniako dukea jarria zuen.

«Invencible» zeritzona (1588) aldatu

 
Espainiako ontzidia Calais-en aurrean.

Azkenik batu ahal izan zen Lisboan, 1588ko maiatzaren 30ean, egundoko Armada hura, honako hauekin:

- sei eskuadra, itsasontzi eta galeoiez osatuak,

- urka eta garraioko eskuadra bat,

- patatx eta zabraz osatutako eskuadra bat,

- Napoliko ontzitzarrez osatutako dibisioa

- eta galerez osatutako beste bat.

Armadak 130 itsasontzi zituen, 60.000 tona guztira; 2.431 artilleria-pieza, ia 20.000 soldadu eta marinelak 8.000 baino gehiago. Hamar mila dukat inguru kosta zen antolamendu hura.

  • Euskaldunen esku-hartzea

Euskaldunen esku-hartzea nabarmena da enbaxada horretan, Portugalgo, Gaztelako, Andaluziako eta Levanteko –azken honek Bertendona zuen buru– eskuadrekin batera zaltzen dira Bizkaiko eta Gipuzkoako eskuadrak, kide-kopuru bertsuekin:

- lehenak Errekalde zuen buru, Armada osoaren almirante ere bazena,

- eta bigarrenak Okendo.

Armada heterogeneo eta desberdin hartan gerraontziak gutxi ziren, «gehientsuenak merkantzia-ontzi armatuak ziren» esaten du Martinez Morenok:

«Las mejores eran las guipuzcoanas y vizcaínas de Oquendo y Recalde respectivamente».

Xehetasunez ezagutzen ditugu bere baliabideak:

Bizkaia

- itsasontziak: 14

- tonak: 6.567

- artilleria-piezak: 238

- gerra-gizonak: 1.937

- itsasgizonak: 1.863

- jendea guztira: 2.800

Gipuzkoa

- itsasontziak: 14

- tonak: 6.991

- artilleria-piezak: 247

- gerra-gizonak: 1.992

- itsasgizonak: 616

- jendea guztira: 2.608

Itsas armada osoaren baliabideak ehunekotan:

Bizkaia eta Gipuzkoa

- itsasontziak: %21,53

- tonak: %23,42

- artilleria-piezak: %19,95

- gerra-gizonak: %20,36

- itsasgizonak: %19,16

- jendea guztira: %19,76%

Bizkaia eta Gipuzkoa biek batera, (Portugal, Gaztela, Andaluzia, Italia) eskuadrei izena ematen dieten erreinuen gutxiengo zatiak hartu zuten guztiaren bostetik baten ardura, ez marineletan bakarrik, baita itsasontzietan eta artilleria-piezetan ere. Izugarria izan behar zuen ahaleginak.

Bizkaiko armadan nabarmendu ziren:

- eskuadra-buruaren Santa Ana kapiataina (786 t),

- eta Gran Grin almiranta,

- eta Montemayorren Santa Maria (707 t).

- Sei itsasontzi ziren 486 eta 666 tona inguru zituztenak eta lau patatx 100 tonara iristen ez zirenak.

Gipuzkoako armadan gailendu ziren.

- Kapitaina,

- baita Santa Ana ere (1.200 t)

- eta Arrosaren Andre Maria almiranta (945 t).

Beste hauek ere tamainaz handiak ziren:

- San Salbatore (958 t),

- San Esteban (756 t),

- Santa Cruz (680 t).

- Santa Marta

- eta Santa Barbara 500 tonatik gorakoak,

- baita Doncella izeneko urka ere.

- San Buenaventurak bazituen 579 tona

- eta Maria San Juanek 291.

Bi patatx:

- Asuncion 60 tona zituena

- eta San Bernabe 69 tona zituenak osatzen zuten Okendo buru zuten eskuadra.

Armada osoko hiru itsasontzi handienak ziren:

- Ragazona, Levanteko eskuadrako itsasontzien kapitaina, Martin Bertendona buru zeramana;

- Santa Ana Miguel Okendorena

- eta Gran Grin Juan Martinez Errekalderena.

Okendo 1587ko maiatzaren 23an izendatu zuten Gipuzkoako Eskuadrako kapitain jeneral, ordura bitarteko bere zerbitzuagatik «práctica, inteligencia y experiencia», «el cuidado, fidelidad y diligencia» goraipamenez idatziriko dokumentu batean.

Juan Villaviciosa pasaiatarra izan zen almirantea. Okendok Probintziari bere izendapena eskuadra antolatzera zihoanean jakinarazi zion: «Está muy confiado el Rey de que en ella se embarcará muy buena gente de mar y convernía en todo caso que así se hiciese por no perder nuestra reputación y de la de Su Majestad».

Historiaren arragoan araztutako balioa zen garai hartan Gipuzkoaren izen ona.

Historian Bizkaiko eta Gipuzkoako eskuadrak izen banarekin azaltzen diren arren, arreta pixka bat merezi duen erreklamazio bat egin zuen Gipuzkoak orduko harreman idatzi batean, Bizkaiko armada aipatzen omen zela-eta. Gipuzkoak egindako erreklamazioan ez dago auziari buruzko zalantzarik eta baieztapen zehatz horrek azterketa beharko luke, zenbateko garrantzia duen neurtzeko.

«La Provincia de Guipuzcoa –reza un documento– dice que por mandado de Vuestra Majestad, en ella se han hecho dos Armadas, la una de la que es General Juan Martínez de Recalde (la de Vizcaya) y de la otra Miguel de Oquendo, y las dichas dos Armadas se han juntado e incorporado en el puerto de Lisboa con la Armada que se va para Inglaterra. Y siendo esto así como es a V.M. notorio... pues las dichas dos Armadas de Juan Martínez de Recalde y Miguel de Oquendo son de la dicha Provincia».

Baieztapena egia bada, Invencible hartan Gipuzkoak izandako esku-hartzea haren kide guztien bostetik batera hurbilduko litzateke. Zer esan nahi du horrek? Hondamendiaren ondorioak banatzerakoan, proportzio handiagoan ukitzen zuela Gipuzkoa.

  • Hondamendia

Hondamendia esan dut, ez porrota. Ez naiz nahasiko itsas jardueran jarraitu ziren taktika eta estrategiaren azterketan. Ezta Eskozia eta Irlandan zehar egindako itzulera katastrofikoetan galdutako ontzien ikerketan ere, guduetan baino gehiago galdu baitziren bidaian bertan. Armada osoaren erdia ez zen etxeratu eta Bizkaiko eta Gipuzkoako eskuadrak izan ziren bereziki kaltetuenak.

Errekalderen eskuadratik ez ziren itzuli Le Havren galdu zen kapitaina, Gran Grin almirantea, Concepcion izeneko biak, Maria Juan eta bi patatx.

Okendoren eskuadratik ez zen itzuli guduan kiskali zuten San Salbatore, ezta San Esteban eta patatx bat ere.

Okendo Santa Anarekin iritsi zen Pasaiara eta, handik egun gutxira, bolborategia lehertuta airean desegin zen.

Galerak izugarriak izan behar zuten gizonetan eta materialetan.

Hildako guztien izen-zerrenda argitaratzea espero dut. Ehunka izan ziren, kostaldeko herri guztietakoak, eta Hernani, Oiartzun, Tolosa, eta barnealdeko beste zenbait herrietakoak. Azken orduko berri jakingarri bat aurreratuko dut hemen:

- izurri bat zela medio, hildakoen erdiak Lisboan hil ziren, itsasoratu aurretik;

- ia beste erdia itzulerako bidaian bertan hil zen, portura iritsi baino lehen gainera.

Iritsi eta egun gutxira Okendo eta Errekalde hil ziren, tristuraz, amorruz eta lotsaz. Atzean utzi zituzten, irainaz gain, hildakoen lorratza, alargunak, umezurtzak, ordaindu beharreko soldaduak, eta abar.

  • Erantzuna

Kolpe handia izan zen gure itsasgizonentzat, dela kapitain, armadore edo marinel. Baina uste ez bezala, ez zen itsas armadaren erabateko hondamendia izan. Lehen erantzun-zantzu batzuk suma zitezkeen 1589-1590ean. Koroak dirutza handiak jarri zituen, Santanderren, Bilbon eta Donostian itsasontziak eraikitzeko. Partida handiak aplikatu ziren 1589ko azaroaren 25ean galerei eta Armadari laguntzeko: 381 dukat alajaina, galeoiak eraikitzeko, itsasontziak apailatzeko, itsas jendea ordaintzeko eta orniduretarako. Donostiara zilarrezko 65.000 dukat iritsi ziren Balenzegi eta Martin de Aranoren bitartez.

- itsas jendearen soldatak 12.000,

- infanteenak 2.000,

- hornidura 38.000,

- itsasontziak apailatzea 13.500.

Indar-kontaketan jarraitu zen eta negutea antolatzeko banaketa egiten. Pasaiari hamar itsasontzi zegozkion, Portugaleteri hiru, Lau Hiriei zortzi patatx. Ehun itsasontzi zenbatu ziren Portugaleko, Andaluziako eta abarretako efektibo orokorren arabera, Gipuzkoako eskuadrak hamar zituen, 5.500 tona zituztenak eta bere artilleria osatu gabea.

Okendoren eta Errekalderen ondoren beste jeneral loriatsu batzuen izenak etorri ziren: Uribe Apallua, Zubiaur, Urkiola, Perez Olazabal, Ibarratarrak, Etxezarretarrak, Villaviciosatarrak, Bidazabal, Alzega, Etxeberri eta beste asko.

Itsas armadaren bukaera ez zen 1588an izan, askoz beranduago baizik, Felipe III.aren erregealdian; gainbehera izugarri bati hasiera emanaz, Austria Etxeko azkenekoarekin.