Euskal Herriko itsas espazioko historia/Euskal Herriko kostaldea antzinatean, nabigazioa eta erromatarren presentzia

Egilea: Jaime Rodríguez Salís

Erromatarren galtzadak Euskal Herrian.
Erromatarren galtzadak Europan.

Lehen aipamenak aldatu

Avienoren «Ora Marítima» aldatu

Kantauri Itsasoari buruzko lehen aipamena poema batean aurkitu dugu. Rufus Festus Avienoren Ora Maritima da. K. o. IV. mendeko poeta horrek gure aroko VI. mendea baino lehen Marseillako greziar koloniako nabigatzaile baten bidaiako aipamenak erabiltzen ditu. Penintsularen inguruko itsasbide bat da, hortxe aurkitu zuen bere jite trapezoidala: Bear, San Bizente, Ortegal eta Pirinioekin Higer lurmuturren angeluak deskribatuta, azkeneko hori lugum Veneris izena ematen diona. Adolf Schulten arkeologo alemaniar famatuak leku horretan aurkitu nahi izan zuen Venus Pyrenaicaren tenplua, gaur egun desagertua den San Telmo ermitan azterketak eginez. (1)

Garai hartan Iberia munduaren muturrean zegoen. Atlantikoa, berriz, «Ozeanoa», «Kanpoko Itsasoa», «Itsaso Zabala» zen. Kartagoko itsasgizonak baino ez ziren sartzen handitasun hartan, eta eztainuaren merkataritza monopolizatzen zuten Galizia, Bretainia eta Cornuelles-ko lurralde misteriotsuetatik beren ontzietan garraiatuz. (2)

K. a. 500. urtean kartagotarrek mota guztietako nabigazioa debekatu zuten, Herkulesen zutabeetako igarobidea edo Gibraltarreko itsasartea itxita. Ozeanoaren sekretua ardura handiz gorde nahi zuten, Mediterraneoko nabigatzaileak izututa: itsas munstro, olagarro erraldoi, sargazoa, lainoa eta ekaitz kontuak zirela medio. Itsaso hura «arnasa hartzen zuen» itsasoa zen, eta hala interpretatzen zituzten beraiek Mediterraneoan ezagutzen ez zituzten mareak.

Piteasen kontakizunak aldatu

K. a. 340. urtean hautsi zen antzinako mendeetako isiltasuna. Piteas greziarrak, espedizio ausarditsu batean, kartagotarren hesiari iruzur egin eta Iparraldera nabigatu zuen Penintsula inguratuta, eta hala aurkitu zituen Bizkaiko Golkoko badia sakona, Britainiako irtengunea eta Penintsula aldameneko gainerako lurretatik bereizten zuen istmoa. (3)

Kantauri itsasoa «terra incognita» (4) zen eta hala iraun zuen gure aroaren hasieran erromatarrak iritsi ziren arte.

Isiltasun hura ipar misteriotsurantz zihoazen kartagotarren itsasontziek hausten zuten eta ez beste inork, eta aldian behin baizik ez.

Euskal Herriko ontzi monoxiloak aldatu

 
Piragua monoxiloa.

Aldi haietan, Kantauriko herriek ez zuten itsaso zabalean nabigatzen, nahiz eta antzina-antzinako historiaurretik bazuten itsasertzaren berri, handik ateratzen baitzituzten elikagaiak. Artzain- eta nekazari-kulturako herriek berez ibaietan jarduten zuten arrantzan. Otarreak, salabardoak eta lakio desberdinak erabiltzen zituzten estuario eta ibaietan gora igotzen ziren espezieak harrapatzeko.(5)

Duela bi mila urte gure geografiako ibaien estuarioak zabalak ziren. Orduko itsas maila gaurkoa baino apur bat beherago bazegoen ere, ibai-ibilguak hustuxeagoak egoteak sarrera erraztu egiten zioten itsasoari. Itsasertzetan eta inguruetan bizi zen populazioa txikia zen eta ur horietan nahikoa eta gehiegi elikagai izaten zuten.

Honi dagokionez, Estrabonek aipamen oso interesgarriak egiten ditu bere «geografian».

Gure herriak padurak eta estuarioak zeharkatzeko, lehenik, larruzko ontziak erabiltzen zituen eta, ondoren, zuhaitz-enbor hustuez egindako kanoa monoxiloak; horiexek deskribatzen ditu.(6)

1954an Irungo eraikin baten zimenduak jartzeko zingira batean egiten ari ziren hondeaketan, 12 m-ko sakoneran monoxilo bat azaldu zen eta zabortegi batera bota zuten zoritxarrez.

Lohiak bikain kontserbatzen du zura eta aurrerantzean egingo diren indusketa kontrolatuek emango dizkigutelakoan gaude gure historiaren antzinako garaietan erabilitako itsasontzien aztarnak.

Mitologiak emango digu garai horretan nabigaziorik izan ez zeneko froga. Bakanak dira itsasoarekin zerikusia duten jainkotasun edo gurtzak, eta Mediterraneo Itsasoan sarritan azaltzen den lamien nahiz uhandreen ekialdeko mitoa, gurean ez da ibai, putzu eta erreketan baino agertzen.

 
Potolomeoren geografiako argitalpen bateko grabatua, XVI. mendekoa. Iberiar penintsula irudikatzen du.

Erromatarrak Bizkaiko golkoan aldatu

Galiatik etorritako erromatarrak leinu kantauriarrak menderatzera iritsi ziren gure kostaldera, Hispaniaren konkista- eta baketze-prozesu luzearen azken gotorlekura.

Datu gutxi ditugu eta ez dakigu erromatarrek gure herrian zer okupatu zuten, eta zenbat denboraz; dena den, froga garbiak daude, Inperio ahaltsuak gure itsasoa erabili zuenekoak.

Azken urteotan kostaldean izan diren aurkikuntza bikainak dira horren adierazle: leku egoki guztiak erabili zituzten beren itsasontziak ainguratzeko, porturatzeko edo babesteko.(7)

Erromatarrek gerra kantauriarretan izandako esku-hartzeekin egokitzen da gure itsasertzeko nabigazioaren hasiera. Erromatarrek ezin zuten armada janaritu kontrarioen herri behartsuetatik hartutako elikagaiez, eta elikagaiak nahiz tropak Akitania aberatsetik garraiatzen zituzten, operazioetarako zubi-buru edo baseak itsasertzean sortuz.

Julio Zesarrek bere armadarako ontziak «in situ» eraikitzeko agindu zuen, Bretainiara egindako bigarren espedizioan. Mediterraneoan erabilien aldean desberdinak izan behar zuten, beste baldintza geografiko eta klimatikoetara egokituak. (8)

Uste izatekoa da Atlantikoan eraiki zirela gerra kantauriarretan parte hartu zuen ontzidiko itsasontzi gehienak eta gerora gure itsasertzean merkataritzan erabili zirenak.

Hispania konkistatu eta baketu ostean, nabigazioa erabat merkataritzari eskainia zegoen.

Ibaietako trafikoa aldatu

Hirigunea Bordelen zuelarik, ordurako Metropoliaren eta mendebaldearen artean guztiz finkatua zegoen trafikoa Inperioan: Narbona eta Arlesetik Burdingalaraino eta ibai-sare batean zehar lotzen zen Mediterraneoa Atlantikoarekin. (9)

Erromatarren itsasontziak aldatu

 
Aleak garraiatzeko erromatar itsasontzia.
 
Erromatar merkataritza ontzia.

Erromatarren itsasontziak nolakoak ziren ezagutzeko, testuak alderatu ditugu, mosaikoen adierazpen grafiko, baxuerliebe, margolan, txanpon edo buztinezko argiontzi edo lanparatxoekin. Itsaspeko indusketak datu interesgarri asko ematen ari dira ontzigintzari buruz, nahiz eta oso gutxi diren hondoratutako itsasontzi lokalizatuak eta aztertuak, eta halako gehienak Mediterraneoan gainera. (10)(11)

XIX. mendera arte itsasontzien propultsio-metodoak arraunak eta belak baino ez ziren izaten. Animaliez eta gizonez tiratzeko zirga ez zen erabiltzen ibaiko nabigazioan edo portu eta estuariotan baino.

Arraunak aldatu

Arraunak, arrantza egiteko oso erabiliak ez ezik, antzina hartan gerraontzietan ere erabiltzen ziren, batailetan bizitasuna eta maniobretan erraztasuna emateko. Merkantzia-ontziek belak baino ez zituzten erabiltzen.

Belak aldatu

Normalean erromatarren itsasontziek masta eta bela bakar bat izaten zuten. Karratua izaten zen, lihoz ehoa eta indargarri izango ziren zerrenda horizontalez eta bertikalez josia. Bertikalak ez bezala, horizontalak larruzkoak izan ohi ziren, bela jaisteko eta igotzeko, bertikaletarako oso zurruna baitzen material hori. Zurrunak eusten zion belari eta horizontalki mantentzen zen haizea txopatik zenean, eta okertuta jartzen zen trabeska zenean. Bela uztai edo eraztun bidez lotzen zitzaion zurrunari, beraren inguruan bira emateko moduan. Zurruna igotzeko edo jaisteko driza edo soka erabiltzen zen, maniobrak egiteko polea bat edo gehiago zituena. (12)

Lema aldatu

Lema, nabigazioaren historian aurrerapen handienetakoa, ezaguna zen erromatarrentzat. Haiek itsasontzien maniobrak egiteko erabiltzen zituzten arraunak.

  • Itsasontzi txiki eta ertainek bi arraun solte zituzten txoparen alde banatan.
  • Itsasontzi handiek tamaina handiko arraun bakar bat eramaten zuten txoparen erdian. Hori ontziaren barrutik kontrolatzen zen, barra-sistema konplexu baten bidez.
  • Merkataritzako ontziak sabeldunak ziren eta branka eta txopa parez pare zituzten.
  • Mediterraneoko Gran Conglue, Alberga eta Nadia herrietan aurkitutako ontzien neurriak hauek ziren hurrenez hurren: 23 m x 7m, 30 m x 8 m, 30m x 10 m.
  • Edukieran aldea zegoen batzuen eta besteen artean, batzuek 3000tik 10000ra anfora garraia zitzaketen, beste batzuek 38 t-tik 500 t-ra bitarteko edukiera zuten. Gure ustez, Euskal Herriko kostaldean edukiera txikikoak erabiliko ziren.(13)

Karga aldatu

Karga soltekoa baldin bazen antolamendurako zurezko konpartimentuak erabiltzen ziren. Sarritan erabiltzen ziren saskiak, tina eta larruzko zakuak. Olioa, ardoa eta oliben gisako fruituak anforetan sartzen ziren. Zeramika, erromatarren garaian asko garraiatzen zena, kaletan pilatzen zen zuzenean, lastoz bereizita sorta bakoitza. Jabe desberdinen merkantziak garraiatzen zirenean, saskiak eta jositako oihal-fardelak erabiltzen ziren; hiru dimentsiotako fardel horiek 0,75 m neurtzen zuten alde bakoitzean. Saskiek eta fardelek lakrez ixten ziren, jabeen eta haien kontrola zeramaten aduenetako bulegoen izenekin.

Kabotaje-nabigazioa aldatu

Karga soltekoa baldin bazen antolamendurako zurezko konpartimentuak erabiltzen ziren. Sarritan erabiltzen ziren saskiak, tina eta larruzko zakuak. Olioa, ardoa eta oliben gisako fruituak anforetan sartzen ziren. Zeramika, erromatarren garaian asko garraiatzen zena, kaletan pilatzen zen zuzenean, lastoz bereizita sorta bakoitza. Jabe desberdinen merkantziak garraiatzen zirenean, saskiak eta jositako oihal-fardelak erabiltzen ziren; hiru dimentsiotako fardel horiek 0,75 m neurtzen zuten alde bakoitzean. Saskiek eta fardelek lakrez ixten ziren, jabeen eta haien kontrola zeramaten aduenetako bulegoen izenekin.

Portuak aldatu

Portu eta portuetako instalazioei dagokienez, bi kategoria bereizten zituzten erromatarrek: portus eta estadio –portua eta geldilekua–. Servio-k Eneidako bere azalpenetan dio «geldilekua ontziak aldi baterako gelditzen diren tokia da, eta portua da negua igarotzen duten lekua».

San Isidoro Sibiliakoak deskribapena haratago eramanez bere Origenes obran hau dio hitzez hitz: «geldilekua da ontziak aldi baterako gelditzen diren tokia, eta portua negua igarotzen duten tokia; «importuoso» inolako babesik ez duen tokia, inolako porturik ez balego bezalakoa. Portua haizeen babeslekua ere bada, neguko kuartelak igarotzeko ohiko tokia; salgaiak eramaten direlako ere deitzen zaio horrela. Antzinakoek badia deitzen zieten (baiolandis) salgaiak eramaten zirelako».(14)

Erromatarrak Euskal Herriko kostaldean aldatu

Berriki egin diren aurkikuntza arkeologikoek beste datu batzuk eman dituzte, erromatarrak gure kostaldean izan zirenekoak.

Okupatu zituzten beste herriak bezalaxe, gure herriak haien eragin gotorra sentitu zuen eta erromatartu ez bazen ere, ongi zipriztindu zuen haien kulturak.

Kolonizatzaile guztien modura, erromatarrak irabazi bila iritsi ziren Euskal Herrira, bertan aurki zezaketenetik ondasunak erauziz eta salerosiz garatu zituzten zenbait jarduera, azken batean, bertakoentzat ere onak izan ziren jarduerak.

Nabigazioaren historia merkataritzaren historia da. Erromatarren Bakea aro aldaketarekin batera iritsi zen. Historiaren une hain garrantzitsu horretan izango ditu gure herriak, batez ere kostaldekoak, erromatarren munduarekin lehen harremanak. Ordurako ez zegoen gerrarik eta Europa salerosketa-enpresa izugarri bat zen, Erromak okupaturikoa. Inperioko zokorik bazterrena ere, Betiereko Hirian bukatzen zen drainatze konplexu baten zati zen. (15)

Garai horretako nabigazioaren ezaguera izatera iritsi nahi izanez gero, haren merkataritza ulertu behar da. Meatzaritza izan zen, zalantzarik gabe, erromatarren jarduera nagusia, gure herrian arrasto garbia utzi zuena.

Meatzaritza aldatu

Horixe izan zen erromatarrek gure herrian izan zuten jarduerarik azpimarragarriena, meak edo mineralak ateratzea eta tratatzea. Hala, landutako minerala edo metalak inperioko beste leku batzuetara esportatzen ziren. Nerbioi eta Bidasoako eskualdeak ziren meatzaritza-gunerik nagusienak. (16)

Azkenaldian Eskoriatzan erromatarren kokaleku bat aurkitu da eta, aztertu ondoren, meategi baten aztarnak topatu direnez, Deba bailara ere antzinako merkataritza-zirkuituan sartuko litzateke.

Greziarren eta latindarren testuetan Hispaniako meatzaritzaz hitz egiten da, batez ere, urrea, zilarra, beruna eta eztainuaz; apenas hitz egiten dute kobreaz, eta batere ez burdinaz; nahiz eta, Estrabonen ustez, Kantabrian hain zuzen ere, «burdinazko mea onak» egon. Pliniok zehaztu egiten du datu hori, hau esanez: iman-harria «Kantabrian sortzen da» eta metalezko mea guztietatik burdina-meak zirela ugarienak Kantabrian eta «Ozeanoak blaitzen duen itsasertzean badela mendi oso garai bat, harrigarria dirudien arren metalezkoa dena osorik». Bilbo Ezkerraldeko meategiekin lotu ohi da aipu hori Bizkaian, nahiz eta Aiako Harriari buruzkoa ere izan daitekeen.

Antzinako meatzaritza doi-doi aztertu da Euskal Herrian, baina ditugun aztarnen arabera, erromatarrek gure lurpetik burdina, beruna, zilarra eta, agian, baita urrea ere ateratzen zituzten.

Antzina, mea herdoilduak urtuz ateratzen ziren metalak. Batzuetan aldez aurretik kiskalitako sulfuro herdoilduetatik sortzen ziren oxidoak ziren; kupelatze-sistema ere ezaguna zen. Minerala harrizko motrailu eta errotetan garbitzen eta txikitzen zen, ondoren, ikuzi eta dekantatuta, urtzeko. Burdina erredukzioz ontzen zen, gerora forja kataluniarra deitu zitzaion metodoa erabiliz, hau da, minerala egur-ikatzez nahasi eta, zepa askatzeko, etengabe mailukatzen zen, hauspo bidez haizea emanda.

Eskoriatzako hirigune zaharrean egindako zundatze-lagin batean, erromatarren garaiko materiala topatu zen hartan, mineral-zatiak atera ziren, eta haien azterketa eginda, tonako 2,5 g urre-edukia eman zuen. Aztarna hori aski izan zen gure ustea fantasia hutsa ez zela eta, erromatarrek gure lurrean metal erregea ere bilatu eta atera zutela frogatzeko.

Aiako Harriko meatze-barrutia aldatu

Meategi horrek barnean hartzen ditu Larrun mendigunearen zatirik handiena, Aiako Harria eta Nafarroako Bortziriak mendigunearen iparraldeko zatia. Oso litekeena da horren ustiapena erromatarrena baino lehenagokoa izatea, bertako biztanleek burdin oxidoa ateratzen jardutea.

Badira oraindik ukitu gabeko galeriak Oiartzungo Arditurrin, Irungo Zubeltzu eta Ollakintan eta Berako Modestan. Horietako batzuetan berreskuratu ahal izan dira pikotxak, erromatarren garaian meatzeen barnea argiztatzen erabilitako argi-ontzi edo lanparatxoak eta elikagaiak edukitzeko erabiltzen ziren zeramikazko tresna-zatiak.

Bidasoa aldean, Irun, Urruña, Bera eta Oiartzungo meategietatik erromatarren garaian ateratako mineralaren kalkuluak eginda, mila tonako askoren ekoizpena bistaratzen da. (18).

Bidasoako estuarioa aldatu

 
Hondarribiko Higer lurmuturrean aurkitutako brontzea. Helios jainkoa irudikatzen du.
 
Hondarribiko Higer lurmuturrean aurkitutako brontzea. Isis jainkosa irudikatzen du.

Bidasoako estuarioak eskaintzen ditu antzinako nabigazioari buruzko datu interesgarrienak. Bi dira antzinako estuario horren garrantzia adierazten duten arrazoiak: duen egitura geografikoa eta bere arroan mineral ugari izatea.

Bidasoaren bokaleak, 1,7 miliatako ahoa duen badia bat eratzen du, Higer lurmuturra mendebaldetik babes duela. Oraindik merkantzia-ontzi txikiak, ekaitzak harrapatzen dituenean, hantxe babesten dira nahitaez porturatzean.

Bokalearen barruan hiru portu daude gaur egun: Hendaiakoa, Hondarribiko Benta eta Higer lurmuturraren ondoko babeslekua. Baina, portu horiek tona gutxiko arrantza-ontziek erabiltzen dituzte.

Estuarioa, berriz, zenbait lekutan 4 km-ko zabalera duena, 12 km sartzen da ibaian gora, Frantziarekin muga egin eta Endarlatsaraino iritsi bitartean; gaur egun Frantziarekin banalerroa da eta garai batean ibai-portua zen Hondarribiko lurretan.

Gaur egun estuarioaren zatirik handiena, mareak gora egitean, urez estaltzen den alubioi-lautada bat da.

Estuarioa oso adarkaturik dago. Duela mende gutxira arte mareak zehar-ibarretan sartzen ziren, hala nola, Jaizubian, Gaintxurizketan, Olaberrian eta Ibarlan. Antzinako aldi haietan ibai-sare osoa erabili zuten, Aiako Harriko meategi-barrutietatik ateratako materialak garraiatzeko.

Ibaietako itsasontziak aldatu

Material hori guztia gila zapaleko ontzi txikietan garraiatzen zen ibaian zehar, alegia gure antzinako ala eta gabarren aurreko ontzitxoetan.

Gaur eguneraino bizirik iraun duen ibai-nabigazioa, gabarrez eta alez egindakoa, gure aroaren hasieran erabiltzen zena bera da. Itsasontzi horien egituren ezaugarriak aldatuko ziren, bai, baina funtzioa bera izan du beti.

  • Gabarra gila lauko ontzia da pertikaz eragiten zaio eta mareekin nabigatze du.
  • Alak, duela gutxi desagertuak, gila laua zuen eta, gabarraren aldean, erruna motzagoa eta luzera handiagoa; gabarra baino malguagoa zen, ibilgu malkartsuak igotzeko egokia, zenbaitetan zirga bidez bultza behar bazitzaion ere.

Oiasso aldatu

 
Indusketak Santa Elena ermitan (Irun, Gipuzkoa).
 
Santa Elena ermitako beirak (Irun).

Mineral guztia Bidasoako estuariotik ateratzen zen, erromatarren kokalekurik garrantzizkoena zegoen lekutik alegia. Itsaso zabalera irten eta 5 km-ra zegoen Irun, hegoaldera begira eta nagusi ziren haizeetatik babesteko, Beraun eta Olazabal muinoak zituela. Estrabonek bere «Geografian» aipatu zuen Oiasso, «Hiria», «Basoko Hiria» zen Irun. (19)

Bidasoako meategi-portu konplexu horren guztiaren gune Irun hartzen badugu, gure aroaren hasierako portu baten berreraikuntza egiten saia gaitzeke. Bairen kai batzuk estuarioaren hainbat tokitan, meategietatik ahalik eta hurbilen. Irungo Bentak auzoan egongo zen garrantzitsuena, Larraburu baserriaren azpialdean eta Anderregi izenez ezagutzen den hilarriaren jatorria den baserritik gertu. Horixe izango zen Arditurriko meak ontziratzeko lekurik hurbilena, inguru hartako meategirik garrantzizkoena. Zubeltzu eta Ollakintako meategietako meak Olaberria errekastoko uretan deskargatuko ziren eta Erlaitz eta San Martzial ingurukoak, berriz, Ibarlako errekastotik jaitsiko. Eskualde horretan esku-langile asko beharko ziren mea hori guztia ateratzeko eta garraiatzeko, nahiz erantsi behar zaizkion beste hainbat: ontziak eraikitzeko, konpontzeko eta maneiatzeko nahiz ezagutzen ez ditugun beste zeregin batzuetarako.

Horrek ematen du biztanleria handi eta sakabanatu baten ideia, Bidasoaren bi aldeetan, lantegietatik hurbil kokaturik zegoen jendearena. Santa Elena hilerri erromatarrak, xehe-xehe induskatuak, material gutxi eman zuen. Eta, beharbada, gabezia horren arrazoia, estuarioan kokaturiko herri txiki haietako baten hilerria izatea zen. Hendaian eta bertako Hondarraitz hondartzan aurkitutako txanponak dira sakabanatze-ideia horren indargarri.

Asturiaga portuaren inguruan zegoen herrixkarik muturrekoena, Higer lurmuturraren amaieran. Leku malkartsua zen, itsasertzeko antzinako «estatio» haietako batean, ura hartzeko, gaua igarotzeko edo ekaitzetik babesteko kabotaje-ontziak biltzen ziren lekua.

Asturiaga aldatu

Babesleku naturala da Asturiaga, gaur egungo Gurutzaundi izeneko lekuaren eta San Telmo gazteluaren artean dagoen babes-portuaren gertukoa; 10tik 20ra brazako zingoak ditu eta itsaslabar batek babestuta dago. Ainguralekutik erromatarren garaiko 200 pieza baino gehiago atera dira, azpimarragarrienak: anfora-zatiak, sigillatak, arrantza-sare baten kontrapisu bat, brontzezko pareta-argiak eta abar; Irungo erromatarren indusketan aurkitutako materialaren antzekoa. Handik oso gertu daude burdina meaz zamaturiko itsasontzi baten hondakinak.

Funtsezko neurri zuhur bategatik, kroskoak bere sekretua isilean gorde beharko du beste zenbait urtez oraingoz, indusketak egin eta aztertzeko baliabide ekonomikorik ez teknikorik ez dagoenez. Udaldiko guneetatik hurbil dagoenez, zoritxarrez Asturiagan etengabekoa da lapurreten kontua. (20)

Geldileku egoki baten eredua da Asturiaga, eta kabotaje-ontziei geldialdirako balio zien, Akitaniako edo mendebaldeko portuetarantz zihoazenei nahiz Bidasoako estuariotik igotzen edo jaisten zirenei.

Oiasso tontorra aldatu

Ptolomeok bere Indicatorio geografico lanean Oiassoko tontorra aipatzen du. Oiasso polisa Irun bada, Oiasso tontorrak haren gertuko elementu orografiko bat izan behar du

Aiako Harria, Higer lurmuturra eta Jaizkibel mendia garbi-garbi agertzen dira Bidasoako topografian eta inguru horietan bilatu beharko da toponimo misteriotsu hori. (21)

Oraingoz txanpon batek iradokitzen du antzinako tontorra, alegia Nerva enperadore erromatarraren brontze handi batek, Jaizkibel mendian, 541m-ko bere kotarik garaiena den Allerrun kasualitatez aurkituak. Erromatarren dorre bateko ke-seinaleek gidatzen zituzten Aturriko, Gernikako, Nerbioiko eta abarretako ontziak beren eguneko bideetan gure itsasertz arriskutsuetatik.

Beste aurkikuntza batzuk aldatu

 
Isis Fortuna jainkosa, Foruko erromatar aztarnategian aurkitua.

Oraingoz, Bidasoa aldeko erromatarren aurkikuntzak dira gure kostaldeko ugarienak eta orain dela 2000 urte gure herrian eskualde oso aktibo bat izan zitekeenaren irudia ematen du. Zalantzarik gabe etorkizunak beste leku batzuetako informazio emango du. Nerbioi eta Gernikako gure ibai eta itsasadarrak erabili ziren erromatarren garaian, eta orain dela urte asko lokalizatu zen azkeneko horretan Foruko kokaleku oso garrantzitsu bat. Donostiako badian garai hartako zeramika berreskuratu da eta Zarautzen txanponak. Haitzulo desberdinetan Sigillata azaldu da, eta Bermeoko elizaren zoruan ere aurkitu da erromatarren materialik.

Gazituak aldatu

Lan hau bukatu baino lehen duela gutxi egindako aurkikuntza arkeologiko bati buruzko aipamena egin nahi dugu, alegia aldi horren ikerketa eta ezagueran ikuspuntu berriak ekar ditzakeena. Lapurdiko Getarian, hiri txiki honetako tren-geltoki ondoan interes handiko aurkikuntza egin zen: erromatarren garaiko eraikuntzak eta lanak. Herri horretako kultur talde batek balea-gantza urtzeko labe baten arrastoak aurkitu zituelakoan, gai horretan aditua zen bati deitu eta, berau frogatzera eginiko bisitan, erromatarren historiako irakasle batekin zegoelarik, han jaso ziren materialak erromatarrenak zirela adierazi zuen hark.

Aztarnategiari oraindik ez zaio behar bezalako indusketarik egin, zeramika-zatiak eta azaleko zenbait objektu besterik ez da berreskuratu; antzematen direnak lauki zuzeneko eraikuntza batzuk dira, alegia, elkarren artean loturik eta zorua eta barnealdeak, erromatarrek hondarrez, karez eta zeramika xehez egiten zuten hormigoi klasikoaz estaliak.(22)

Baina, ziur esan dezakegu gazituak egiteko erromatarren garaiko instalazioak direla. Duela oso urte gutxi arte historialariek gazitze-lanak mediterraneoko eskualdeekin lotu ohi zituzten, klima eta iktiologia zela-eta. Alabaina, agirietan ongi jasorik gelditu da Bretainia aldean ere gazigintza jarduten zutela, lantegi horren aztarna ugariren testigantzek garbi adierazten duten bezala. Getariako askek bretoien antzeko ezaugarriak dituzte. Eraikuntza estankoa da, elkarren arteko loturarik gabea eta kostaldetik gertu kokatuak daude.

Arrain gazitua oinarrizko janaria zen antzinatean. Milaka urtetako testigantzak dituen garun famatua arrainaren azpiproduktu bat da, Vietnamgo gaur eguneko nuoc-man delakoaren oso antzekoa. Arrainaren autodigestiozko produktu bat da, bere digestio-aparatuko diastasa bidez eta, antiseptiko —gatza— baten aurrean, edozein motatako usteldura eragozten du. Famatuena Kartagokoa izan zen, gatzunetan beratutako berdel-hestez prestatzen zen.

Langintza hori garrantzitsua izango zen gure herrian, kontuan hartzen baditugu gure kostaldearen ezaugarriak eta Getariako aurkikuntza.

Gazituak bere deribatu guztiekin, arrantza eta gatza ateratzea sustatzen dituen jarduera da, baina batez ere, garraio errazeko eta produktu ez iragankorra denez, salerosketarako egokia da.

Lan honetan azaldu dugun guztiaren laburpen modura esango dugu oso urria dela gure aroaren hasiera hartako gure herriari buruzko ezaguera. Iturri literario eta historikoen azterketak agorturik, urte hauetan erruz garatzen ari diren arkeologiaren eta historiaren beste diziplina lagungarrien baliabideak gelditzen zaizkigu, izan dezagun uste on horiengan, lortuko baitugu gure Euskal Herria hobeto ezagutzea.

Erreferentziak eta oharrak aldatu

(1) Fontes Hispaniae Antiquae.

(2) La península Ibérica en los comienzos de su Historia. García Bellido C.S.I.C. 1953.

(3) Geografía y Etnografía Antiguas de la Península Ibérica. Adolf. Shulten C.S.I.C. 1959.

(4) Los cántabros y astures y su guerra con Roma. Adolf. Shulten Espasa Calpé 1943.

(5) Los pueblos del Norte. Julio Caro Baroja. Txertoa 1973.

(6) Geographie Strabon (Libres III 1V). Collection Universites de France París 1966.

(7) Euskal Herriaren erromanizazioa. II. Euskal Antropologiaren Astea. Zenbait egilerena. Bilbo 1971.

(8) La guerra de las Galias. Julio César.

(9) Bordeaux antique. Robert. Etienne Bordeaux.

(10) Marines antiques de la Mediterranée. Jean Meirat. Tayard 1964.

(11) Epaves Antiques Frederic Dumas Maissonneuve et Larose 1964.

(12) Recherches sur L\'organisation du commerce maritime en Mediten anée sous L\'ampire Romain.Jean Rougé. S.A.V.P.E.N.-Paris 1966.

(13) Archeologie Sous marie Tallandier 1972.

(14) Isidoro de Sevilla. Orígenes XIV, 8, 39 40.

(15) La Paix Romaine. Paul Petit. Nouvelle Clio. Paris 1967.

(16) Fuentes literarias griegas y romanas referentes a las explotaciones mineras de la Hispania Romana. J.M. Blázquez. VI Congreso internacional de minería. I. libk., Leon 1970.

(17) Yacimientos minerales de los alrededores de Peñas de Aya. Fermín Alonsos. Eusko Geo. 1978.

(18) Los trabajos mineros romanos de Arditurri (Oyarzun). RIEV. V. II. Donostia. 1908.

(19) Terra sigillata de Irún. J. Rodríguez Salís y J.L. Tobie. Munibe XXIII. Donostia. 1971.

(20) Un hallazgo de Sigillata Hispánica en el Cantábrico. M. Martín Bueno y J. Rodríguez Salís. Munibe 1975.

(21) El Jaizkibel y el Promontorio Oiasso a propósito de un nuevo hallazgo numismático Romano. J. Rodríguez Salís y M. Martín Bueno Munibe 3 4 1981.

(22) Garum, Sel et Salaisons en Armorique Gallo Romaine. René Sanquer et Patrick Galliou. Gallia. 30 libk., 1. 1972. C.N.R.S.