Prentsa, irratia eta telebista/Prentsa, irratia eta telebista Nafarroan eta Iparraldean. Argitaletxeak

Prentsa, irratia, telebista eta internet Nafarroan aldatu

Luis Mª Azpilikueta eta Jose Mª Domench


Komunikabide sozialak erreferente kultural oso garrantzitsu bat dira Foru Erkidegoan. Orain ekingo diogun ibilbidean zehar ikusten joango garen bezala, erreferente politiko nabarmena ere izan dira. Komunikabide horietatik jaio dira gaurkotasun iragankorrarekin lehian idazten hasi ziren eleberrigile eta olerkariak, eta baita bokazio politiko argiko emakume eta gizonak ere, beren interesak sustatzen zituzten komunikabideen bidez defendatuz, edo horiek eusten zituzten enpresetan eragin nahiez.

Prentsa aldatu

Komunikabide sozialak erreferente kultural oso garrantzitsu bat dira foru erkidegoan. Orain ekingo diogun ibilbidean zehar ikusten joango garen bezala, erreferente politiko nabarmena ere izan dira. Komunikabide horietatik jaio dira gaurkotasun iragankorrarekin lehian idazten hasi ziren eleberrigile eta olerkariak, eta baita bokazio politiko argiko emakume eta gizonak ere, beren interesak sustatzen zituzten komunikabideen bidez defendatuz, edo horiek eusten zituzten enpresetan eragin nahiez. Nafarroako komunikabide sozialen historian talde politikoek ekimen ugari egin dituzte merkatuan sartzeko eta, horrela, iritzi publikoan eragina izateko. Baina zituzten zailtasun ekonomikoak ez ziren enpresa neurri egoki batzuen bidez ebazten, eta, azkenean, enpresen boluntarismo politikoak komunikabide proiektua porrotera eramaten zuen, izaera profesionalarekin baino pasio gehiagorekin.

XIX. mendea aldatu

Nafarroako prentsak XIX. mendean zehar eduki zuen ezaugarri nagusia bere propagandak markatua da. Horrela, Nafarroako lehendabiziko egunkaria –bizi laburrekoa– Gazeta Oficial de la Navarra izan zen. Okupazioko agintari frantziarrek sustatuta ,1810eko apirilaren 29an sortu zen.

Ondoren, egoera politikoak eta karlistadek bando bateko eta besteko egunkariak sortzea ekarri zuten. Normalean, egunkari horiek egunerokoak izaten ziren. Beren izenburuek horiek sustatzen zituztenen joerei eta ideologia liberal edo integristei buruzko pistak ematen dizkigute.

Bando liberalean egunkari hauek nabarmentzen ziren: El Patriota del Pirineo (1820), El Imparcial (1820 1823), Boletín Oficial de Pamplona (1838 1846), El Correo de Navarra (1862 1864), El Progresista Navarro (1865), Nafarroan egunero argitaratzen zen lehenengo egunkaria, La Prensa Imparcial (1869 1871) eta El Porvenir Navarro (1898 1900 eta 1908 1911).

Erantzunez, ideologia tradizionalistatik, besteak beste, halako titulu esanguratsuak agertu ziren: La Verdad contra el Error o desengaño de incautos (1822 1823) eta bere jarraipena zen Gaceta Real de Navarra, Boletín del Ejército del Rey Nuestro Señor Don Carlos V (1834 1836), eta El Tradicionalista (1886 1893) eta La Lealtad Navarra (1888) egunkariak, azken hori El Pensamiento Navarro (1897) egunkariaren aurrekaria.

Tokiko gaiak lantzen dituen kazetaritzaren garapenari dagokionez, Tuteran El Avisador Tudelano (1847 1848), La Cotorra (1848 1849) eta La Merindad (1849) sortu ziren. El Eco de Tafalla azaldu zen1885ean, eta, El Amante de la Infancia, 1886an, Lizarrako lehendabiziko argitalpena.

Egunkari independente moduan aurkeztu zen El Eco de Navarra. Egunkari hori joera liberalekoa zen, baina foruzalea eta karlisten aurkakoa; 1875ean jaio zen, eta egunkari bilakatu, 1877an. Itxi egin behar izan zen 1913an, Diario de Navarra delakoarekiko lehiakortasunari ezin eutsiz.

XX. mendea aldatu

Egunkariak XX. mendean zehar

Ia mende osoan bizi luzeena zuten bi egunkarien presentzia eta eragina nagusitu zen. El Pensamiento Navarro, 1897an jaioa, ideologia karlistaren zutoihalduna izan zen eta, bere ideiak laburtzen baziren ere goiburukoan tituluarekin batera agertzen zen «jainkoa aberria erregea» esaldian, ideologia karlistaren gorabeherak jasan behar izan zituen. Egunkari borrokalari eta herrikoia izan zen, denbora luzez bere etsai indartsu eta antolatuenari, Diario de Navarra egunkariari, aurre egin ziolarik. Egunkari honen azkeneko zenbakia, urtez urte indargabetzen joan ondoren, 1981eko urtarrilaren 13an argitaratu zen. Hainbat ideologiatako egunkari ugari agertu ziren XX. mendeko lehenengo herenean –1936 arte–; egunkari tradizionalistak, liberalak, katolikoak, errepublikarrak, sozialistak eta euskal nazionalistak. Tradizionalisten artean, El Pensamiento Navarro egunkariaz gain, La Tradición Navarra (1894 1932) egunkaria nabarmendu zen. Liberal monarkikoen artean El Demócrata Navarro (1904 1913) eta El Pueblo Navarro (1916 1930) egunkariak azpimarra daitezke. Prentsa katolikoa La Acción Social Navarra (1910) egunkariak ordezkatzen zuen. Egunkari hori oraindik ere argitaratzen da, Landako Kooperatiben Lurraldeko Elkartearen organo gisa. Orientazio berekoak ziren merindadeetako egunkariak. Egunero argitaratzen ez ziren egunkari sozialistak izan ziren La Unión Productora (1903), Iruñeko Langileen Federazioko organoa; La Verdad (1912) eta Trabajadores (1931 1936). Ez zen egunero argitaratzen ezta Napartarra (1911) astekari nazionalista ere, ezta Amayur (1931 1936) ere, baina bai La Voz de Navarra (1923 1936), Nafarroako bigarren egunkari bilakatu zen egitura finantzario modernoko egunkaria. Egunero ateratzen zen, halaber, La Democracia (1932) egunkari errepublikarra eta Abril (1935) astekaria, joera azañazalea zuena.

Diario de Navarra

Diario de Navarra, 1903an sortu zena, bere akziodunentzako irabazi asmorik gabea bazen ere, enpresa izaerako lehenengo egunkari nafarra izan zen. Berrogeita hamasei akziodunek sortu zuten. Horien artean zeuden orduko gizarte nafarreko familia garrantzitsuenak. Gertaera bitxi eta esanguratsu bat da akzioak nominatiboak zirela, eta horiek igortzeko estatutuetan zehaztutako zenbait eskakizun bete behar zituzten. Neurri horren bidez, egunkaria sortu zeneko ideia mantentzea eta akziodunen artean familia berdinak egotea lortu nahi zen.

Argitalpen-proiektu berria independentzia politikoan, erlijio katolikoaren zaintzan, familiaren babesean, jabetza eta ordena sozialean, eta, batez ere, soilik Nafarroako erregiman oinarritzen zen –hori islatzen zuten estatutuek. Nafarroako gizartearen zati handienean indarrean zeuden printzipio horiek babesteaz gain, bere arrakastaren gakoetako bat zen tokiko korrespontsalen sare zurrun bat eratu izana, hasieratik, Nafarroako zoko urrunenetan ere gertatzen zenaren berri emateko, Espainiako edo nazioarteko informazio orokorra emateaz gain.

Lehenengo fundazio-fasearen ondoren (1912 arte), iragan mendeko 60ko hamarkadara arte iraun zuen finkapenean sartu zen. Ondoren, El pensamiento Navarro egunkariaren etapa progresistenarekin eta Egin eta beste egunkari berriak sortzearekin bat egin zuen inflexio fase motz baten ondoren, 1984an berritu egin zen, formatua eta kolorea aldatuz. Azken urteetan modernizatzen jarraitu du –edizio elektronikoa, gehigarriak, diseinu orokorra, instalazioak– eta, 1999tik, eguneroko edizio bat argitaratzen du Tutera eta Erriberarako, eta 2000ko urritik beste bat Lizarrarako. Batez besteko hedapena 63.803 alekoa izan zen, 1999an.

Bste zenbait egunkari

Denbora luzean Nafarroako prentsaren isla hiru egunkari izan ziren: lehen aipatutako El Pensamiento Navarro eta Diario de Navarra, eta hirugarren bat. Azken hori 1936an, gerra zibilaren hasieran, jaio zen. Egunkari falangista zen, eta azken urteetan zalantzaz beteriko bizitza bat izan ondoren, 1975ean itxi zen.

Astero argitaratzen zen beste egunkari bat Hoja del Lunes (1936 1982) zen. Egunkari hori Kazetarien Elkarteak sustatu zuen beste egunkariek asteko egun horretan uzten zuten hutsunea betetzeko. Izan ere, astelehena zen gainerako egunkarien jaieguna. Iruñean La Gaceta del Norte egunkariaren erredakzio bat ezarri zen, 1964an. Horrela eskualdeko egunkarien modalitate berri bati ekin zitzaion, probintzia desberdinetarako berariazko edizioekin. Horrek 1984 arte iraun zuen, baina modalitate hori bereganatu zuten joera nazionalistako zenbait egunkarik: Deia eta Egin 1977tik, eta euskarazko Egunkaria astekaria. Egin itxi ondoren, 1998an, bere ondorengoak, Garak, Iruñeko ordezkaritza izaten jarraitzen du, baina ez du Nafarroarako edizio berariazkorik argitaratzen.

Egunkari berri bat agertu zen 1982an, Navarra Hoy. Ildo independenteko egunkaria zen, baina lotura bat zuen euskal nazionalismoaren planteamenduekin, betiere, Nafarroaren ikuspegitik. Hasiera batean oso ondo hartu zuten irakurleek, baina pixkanaka indarra galtzen joan zen, eta zenbait finantza-arazo zirela-eta 1994an desagertu zen. Urtebete beranduago, instalazio beretan Diario de Noticias jaio zen, baina kide berriekin eta baliabide ekonomiko handiagoekin. Hasieratik irakurle kopuru handi bat izan zuen, eta zabalkudez 13.000 aleen inguruan mantentzen da.

Irratia aldatu

Radio Navarra aldatu

Nafarroako irrati zabalkundearen historia 1933an hasi zen, Iruñean Radio Navarra instalatu zenean. Irrati horretan landu ziren irratiko lehendabiziko teknikari, hizlari eta kazetariak. Karlistadako Batzordeak 1937an eskuratu zuen irratia, eta izena aldatu zion Radio Requeté de Navarra bilakatuz. Bere zuzendari zen Ramon Urrizalkiren eskuetara pasa zen, 1940an eta urte askotan zehar Nafarroako irrati bakarra izan zen. SER (Espainiako Irrati zabalkunderako Elkartea) katera elkartu zen, 1958an. Horrek aldaketa nabarmen bat eragin zuen bere programazioan eta edukian, eta 1984an bere izena aldatu egin behar izan zuen, Radio Pamplona irratia bilakatuz.

Beste irratiak aldatu

Estamentu ofizial desberdinetara atxikitako irratiak agertu ziren XX. mendeko 50eko hamarkadan. Radio Tudela 1952an hasi zen irratsaioetan, Irrati Sindikalen Kateko irrati gisa. Era berean, 1957an La voz de Navarra jaio zen, Mugimenduko Irratien Sarekoa. Handik gutxira, 1955etik Radio Requeté irratiaren tutoretzapean Atarrabiako domingotarren komentuko estudioetatik igortzen zuen Radio Popular COPE kateko irrati katolikoetatik laugarrena bezala eratu zen, 1959an.

Irrati kateak aldatu

Hain zuzen ere sare edo irrati kate jakin batera atxikita egotea izan zen irrati zabalkundea heldutasunera iritsi zela adierazten zuen ezaugarria. Mugimenduko irratiak eta irrati sindikalak desagertu egin ziren, 1978an, eta horiek Irrati kate espainiarraren parte izatera pasa ziren. Era berean, La Voz de Navarra eta Radio Tudela ere Irrati kate espainiarrera lotu ziren. Bestalde, maiztasun modulazioa azaldu zenean, aldaketa teknologikoak zirela eta, legedia aldatzea, Uhin Ertaina ia desagertzea eta maiztasun hori erabiltzen zuten irratiei lizentzia berriak ematea bultzatu zuen.

Irrati berriak aldatu

Horrela, 80ko hamarkadan, Nafarroan irrati berriak jaio ziren. Lehenengoa Radio Navarra izan zen, Diario de Navarra egunkaria argitaratzen zuen enpresarena. Hau 1983an hasi zen emankizunak igortzen, eta 1984an Antena 3 katera atxiki zen. Horrela, Radio Navarra Antena 3 Pamplona izena hartu zuen. Talde berekoak dira Radio Navarra Antena 3 Estella, Radio Navarra Antena 3 Tafalla, eta Radio Navarra Antena 3 Tudela. Radio Nacional de España irratiak ere 1984an irrati propioa ireki zuen Iruñean. Eta, 1989an La Voz de Navarra zurgatu zuen.

Maiztasun-modulazioa agertzea aldatu

Nafarroako irrati hedakuntzan 90eko hamarkadan benetako iraultza bat gertatu zen: lizentzia berriak eman ziren, kateak aldatu egin ziren eta 1994an Antena 3 desagertu zen. Nafarroako Gobernuak 1990ean MMko zazpi lizentzia berri eman zituen. Horien artean ez ziren sartu euskaraz igortzen zuten irratiak, hala nola Euskalerria Irratia. Esleipen berri horietatik 90eko hamarkadaren hasieran irrati berriak sortu ziren. Horrela, 1991ko abenduaren erdialdean SER Tafalla emankizunetan hasi zen, eta urte bereko azkeneko egunean Iruñean Onda Cero irratia, ONCEko partaidea, hasi zen. COPE de Peralta eta Top 40, eta Cadena 100 Iruñean sortu ziren,1992an. Diario de Navarra taldeko irratiek 1993an Antena 3 utzi zuten eta COPErekin igortzen hasi ziren. Hurrengo egunean aipatu taldeak irrati instalazio berriak ezarri zituen Elizondon eta Altsasun. Hain zuzen ere 1994an desagertu zen Antena 3, eta, ondorioz, bere irratiak beste kateetara pasa ziren: Tuterakoa SER katera pasa zen; Tafallakoa Cadena Dial katera; eta Antena 3 Pamplona irratiaz Onda Cero arduratu zen. XX. mendea amaitzeko Iruñea, Tutera, Lizarra eta Lesaka irratientzako lizentziak ematean, 1998ko uztailan sortutako polemika dago. Iruñean, Nafarroako Unibertsitateari –Radio Universidad– eta Medios de Comunicación 21 taldeari –Net 21– eman zitzaizkion, 1995. urtetik euskaraz igortzen zuen Euskalerria Irratia irrati beteranoaren kaltetan.

Telebista aldatu

Nafarroako telebista igorpenen lehenengo aurrekaria Television Españolako Tele Norte izan zen. Espazio informatibo hori, Nafarroarentzat izateaz gain, Santander, Burgos, Logroño eta Euskal Herriarentzat ere bazen.

Ondoren, autonomia erkidego bakoitza TVEko eskualdeko zentro batez hornitzeko politikak 1981ean Tele Navarra sortzea eragin zuen. Hasieran ordu erdiz besterik ez zuen igortzen, eta, bigarrengo fase batean, ordu erdiz informazioa eta beste ordu erdi batez telediarioen aurretik ematen ziren gai kulturalak igortzen ziren. Ondoren, 1990etik aurrera, goizetan tokiko informatibo bat eta arratsaldetan beste espazio alternatibo batzuk ematen hasi zen.

Gogorarazi behar dugu 1991ra arte Nafarroan TVEko bi kateak eta ETBko beste biak besterik ez zirela ikusten. Baina, 1991tik aurrera Tele 5, Antena 3 eta Canal Plus kate pribatuen seinalea atzematen hasi ziren.

Gaur egun, entzuleria indizeak lehenengo postuan jartzen dute TVE 1, ikusleen %44,4arekin. Hurrengoak dira Tele 5, %37,6arekin; Antena 3, %27,3arekin; ETB 2, %17,2arekin; TVE 2, %14,4arekin; Canal 4 %8,5arekin; eta gainerakoak, zenbateko txikiagoekin.

Pamplona Televisión telebistatik Canal 4 Localia telebistara aldatu

Pamplona Televisión tokiko telebista katea hasi zen igortzen 1993an, baina berehala itxi zuen gobernu agintaritzak, lizentziarik ez zuelako. Hala ere, 1994ko otsailaren 28an berriro ireki zen, eta Iruñeko eta eskualdeko ikusleak erakartzen hasi bazen ere, finantza-arazoak zirela-eta akziodunak aldatu egin behar izan ziren 1996an.

Orduan Canal 4 Navarra izena jaso zuen, eta Erkidego osoarentzat igortzen hasi zen. Horrek zailtasun administratiboak eragin zizkion, eta, ondorioz, 1999an Prisa taldeak erosi zuen, eta tokiko Telebistek Localia taldean sartu zen.

Etorkizunari dagokionez, 2000 urtean Nafarroako Legebiltzarrak lau katez osatutako eskualdeko telebista digital bat abiaraztea erabaki zuen UPN eta PSNren botoei esker. Telebista horrek abian behar zuen izan 2001erako. Baina oraindik urrun dago egun hori.

Internet aldatu

Interneteko edozein nabigatzaileko bilatzaileren batean Nafarroa idaztea nahikoa da internet fenomenoa gizarte nafarrak zein ondo hartu duen konturatzeko. Guztia sarean dagoela esan ohi da, baina bilatzen jakin behar dela. Lerro hauek Nafarroari buruzko informazioa bilatzea errazteko balioko dute.

Nafarroari buruzko Web nagusiak atal handitan bereiz daitezke. Horien artean aurkitzen dira, besteak beste, gobernu erakundeak edo erakunde ofizialak, tokiko administrazioa, egunkari digitalak, Unibertsitateak, ikastetxeak eta fakultateak, kultura, industria eta merkataritza, aisialdia, turismoa, kirola, elkarteak eta abar.

Gobernu-erakundeen webguneak aldatu

Kontsultatu beharreko lehenengoa Nafarroako Gobernuaren orria da: www.cfnavarra.es Bertan kontseilaritza desberdinei eta horiekin lotutako gaiei buruzko informazioa aurkitzen dugu. Gainera, lotura ugariei esker, internautak, adibidez, Aldizkari Ofizial jakin batetik hasita, ibilbide txikiei edo monumentuei buruzko informazioraino kontsulta daiteke.

Beste web interesgarri bat Nafarroako Legebiltzarraren orria da: www.parlamento navarra.es. Bertan, dituen atal desberdinen artean Diputatuen Batzarrarekiko, Senatuarekiko edo gainerako Legebiltzar Autonomikoekiko loturak ditugu.

Tokiko administrazioei buruzko webguneak aldatu

Nafarroako hiri eta herri gehienek, eta udal askok, beren wedgunea dute.

Iruñeko web ofiziala da www.pamplona.net/esp, eta Tuterakoa, www.encomix.es/tudela, Lizarra, www.estella lizarra.com, Tafalla, www.tafalla.net, Agoitz, www.animsa.es/navarra/aoiz, Olite, www.animsa.es/navarra/olite, Corella, www.animsa.es/navarra/corella, Viana, www.animsa.es/navarra/viana, Cascante, www.animsa.es/navarra/cascante, Elizondo, www.elizondo baztan.com, Lekunberri, www.animsa.es/navarra/lekunberri, Leitza, www.jalgi.com/uema/leitza.html, Atarrabia, www.animsa.es/navarra/villava, Antsoain, www.animsa.es/navarra/ansoain, Barañáin, www.baranain.com, Uharte, www.animsa.es/navarra/huarte, eta abar. Nafarroako udalen indize xehe bat aurkitu daiteke, beren helbide elektronikoak eta wedguneekin Gida Erabilgarri honetan: www.cfnavarra.es/WebGN/sou/navarra/ar/ayunta0.htm

Aldizkari digitalak, telebista eta unibertsitateak aldatu

Diario de Navarra egunkariak 1998 amaieran sarera eraman zuen bere lehendabiziko egunkari digitala. Ordutik diseinuan, abiaduran eta zerbitzuetan hobetuz joan da. Helbide honetan kontsultatu daiteke: www.diariodenavarra.es. Bere orrialde propioa du, halaber, Diario de Noticias egunkariak: www.diariodenoticias.com. Nafarroako RTVEko Aholkularitza batzordeak bere informazio orrialdea atera du: www.consejoasesor rtvena.com. Bertan Radio Exterior de España entzun daiteke zuzenean. Berdina egiten du Canal 4 Navarra kateak, besteak beste, programazioari, gaurkotasunari eta abarri buruzko informazioa ematen duen orri honetan: www.canal4.es Unibertsitate nafarrek, helbide nagusiez gain, www.unav.es, Nafarroako Unibertsitatearentzat, www.unavarra.es, Unibertsitate Publikoarentzat, eta www.uned.es/ca pamplona eta www.uned.es/ca tudela, UNEDek Iruñean eta Tuteran dituen ikastetxe atxikientzat, fakultateak, ikastetxeak eta horien menpeko erakundeak bisitatzeko aukera ematen dute. Bestalde, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusiak ikasketei, baliabideei, irakasleei eta ikastetxeei buruzko gida bat eskaintzen dute: www.pnte.cfnavarra.es

Kultura, turismoa eta aisialdia sarean aldatu

Gai zehatz horietara xedatutako webguneen artean, beren seriotasuna eta fidagarritasuna dela eta, batzuk azpimarra ditzakegu. Adibidez, Nafarroako Historia, gizakiaren agerpenetik hasi eta 905 urte bitartekoa, ezagutu nahi bada, orrialde oso interesgarri eta dokumentatuak aurki ditzakegu: www.readysoft.es/flags/indice1.htm eta www.readysoft.es/flags/indice2.htm atarietan.

Turismoari eta kulturari dagokionez, www.cfnavarra.es orrialdea bisita daiteke. Nafarroako Marketing Klubaren orrialdeko turismoa eta gastronomia kontsulta daiteke X orrialdean. http://turismo.navarra.com orrialdea ere bisitatu daiteke. Iruñeko Planetarioaren orrialdea da www.ucm.es/info/Astrof/pamplona/pp casa.html. Aisialdiari dagokionez * http://pamplona.viapolis.com wedgunea gomendatzen dugu.

Beste webguneak aldatu

Kirolari, merkataritzari, zerbitzuei, industriari, teknologiari edo elkarteei buruzko beste webgune asko daude. Horien artean nabarmentzen dira CETENASAkoa (www.cetenasa.es), Nafarroako Industriaren Elkartearena (www.ain.es), Nafarroako Merkataritzaren eta Industriaren Ganbera (http://navarra.camerdata.es), Evena Nafarroako Mahastizaintzaren eta Enologiaren Estazioarena (www.cfnavarra.es/evena/index2.htm), EHN Nafarroako Energia Hidraulikokoa (www.ehn.es), Nafarroako Pilota Federakuntzakoa (www.iturnet.es/fnp), Nafarroako Artisauena (X), Nafarroako Hotelen Gida (http://turismo.navarra.com/hoteles.html), Nafarroako Kanpinak (www.campingsnavarra.com) eta abar.


Prentsa, irratia eta telebista Iparraldean aldatu

Xipri Arbelbide


Prentsa aldatu

Prentsa. Napoleonen inperiotik landa, XIX. mendea izan da aldizkarien mendea. Laurogei bat izen ezagutzen ditugu. Horietarik 45 badira Baionako udal liburutegian. Besteak, Paue eta Pariseko artxiboetan daude.

Irratia. Hemendik ari izan den lehen irratia, Eusko Irratia- La Voz de la Resistancia Vasca dugu. Euskaldunek ez zutela informazio zuzenik eta Jose Antonio Agirrek erabaki zuen irrati bat sortzea 1946an.

Telebista. ETB sortu zenetik, Iparraldeko Euskaldunetan % 80ak har zezakeen Jaizkibeletik.


XVIII. mendean aldatu

Iparraldean ezagutzen dugun aldizkari zaharrena, «Journal maritime de Bayonne» izenekoa da. Berau 1757an sortua eta oso txikia da, 10x15 zentimetro ditu eta bi orrialde baino ez. Noiz sortu zen, noiz itzali, ez dakigu. Ale bat baino ez da ezagutzen. Itsas munduko berrietara mugatzen zen. «Courrier de Bayonne» delakoak 1793ko iraileko 5ean plazaratzen zuen bere 16. alea, ezagutzen den ale bakarra. Zenbatetarik agertzen zen? Noiz itzali zen? Iraultzako gerlen berri ematen du lau orrialde txikitan (21x15).

XIX. mendean aldatu

Napoleonen inperiotik landa, XIX. mendea izan da aldizkarien mendea. Laurogei bat izen ezagutzen ditugu. Horietarik 45 badira Baionako udal liburutegian. Besteak, Paue eta Pariseko artxiboetan daude. Molde guzietako aldizkariak: politikoak, ekonomikoak, literarioak… Balio du erratea, aldizkarien prezioa beti apalduz joan zela urteekin : 1830ean 36 libera balio zuen harpidetza hura bera 20tan zen 1870ean eta 18tan 1902an.

Le Courrier de Bayonne aldatu

Mende aberats horretako lehen egunkari, politikoa izan zen, oposiziokoa, 1829an sortua, Le courrier de Bayonne et de la Péninsule (1829 33). Izenak berak erakusten duen bezala, mugaz beste aldean zer pasatzen zen ere aipatu nahi zuen. Honen lehen arduradun: Martial Allemand Lavigerie, Aita Zuriak sortu behar zituen kardinalearen aitona. Inprimatzailea, Lamaignière. Egunkari horrek, zenbait aldaketa gora behera, 1960ra arte iraun zuen.

Louis Philippe errege sartu zelarik isildu zen, baina beste izen bat hartzeko, Sentinelle de Bayonne. Bigarren errepublikarekin berriz ere izenez aldatu zen eta «L’éclaireur des Pyrénées» bilakatu. Napoleon III.arekin lehen izenera itzuli zen eta itzali arte «Le Courrier» (1853 1968) izan zen. Alemaniarrak hemen zirelarik, bere baitarik gelditu zen, askatasunik ez zela iruditurik, eta haiek joan eta egundainokotan berriz agertu zen.

Gauza arraroa daiteke 130 bat urte iraun duen aldizkaria. Aipa dezagun gainera beste berezitasun bat, 1847an Jean Lamaignière inprimatzaile eta aldizkariren nagusia hil zenetik, 1909 arte, Anna Lamagnière alarguntsaren esku egon zela aldizkaria, feminismorik bazenik ere aipu ez daitekeen garaietan. Andre horrek 14 aldizkari irakurtzen zituen egunero! Le Courrier astean hiru aldiz agertu zen hasieran eta gero egunero, igandetan salbu.

Egunkari desberdinak aldatu

Le Journal des Basses Pyrénéés aren 3 zenbaki badira. Lehena 1802ko martxoaren 4koa; Ez! Barkatu! 12 ventose an 10 de la République, Iraultzako moduan ematen du eguna. Hilak eliza barnean ehorztea debekatua dela jakin arazten du.

Journal de commerce et d’annonces de la ville de Bayonne ek bere 6. zenbakia plazaratu zuen 1808ko abenduaren 18an. Honek badu gaurko aldizkarien itxura gehiago, mamiaren aldetik. Argitalpenak 1808tik 1810 arte iraun zuen.

Nola ez aipa 1808an, uztailaren 1ean bere 587. zenbakia plazaratu zuen Gazeta de comercio, literatura y politica de Bayona de Francia. Baionan inprimatua, Fernando VII.a erregearen propaganda aldizkaria zen, Europan Espainiaz erraten ziren «gezurrak» zuzentzeko. Erredaktore zen Alberto Lista apaiz Andaluz «frantsestua».

Egunkarien bizitza aldatu

Iraupenari dagokionez honen hurbiletik dabil oraindik ere Donapaleun agertzen den Le Journal de Saint Palais astekaria, 1884az geroztik beti agertu dena, gerra garaiak barne, bai eta Les Petites Affiches, bere 78 urteekin.

Le Courier ren ondotik agertu ziren beste aldizkari asko, gorri ala zuri, antiklerikala ala eliztarra, bonapartista, erregetiar ala errepublikazale.

La Semaine de Bayonne katolikoak 1868tik 1918raino iraun bazuen, Le Phare kontserbatzaileak 1834tik 1847ra, Le Courrier de Biarritz ek 1872tik 1913ra arte, L’Avenir des Pyrénées et des Landes errepublikazaleak 1873tik 1908ra arte. Gehienek bizi laburra izan zuten. Laburtasunari dagokionez, orotan txapeldun Le Démocrate Bayonnais, zenbaki bakar batekin!

Le Grelot Bayonnais (1890 94) eta Le Brûlot, (1893) aldizkari literarioak, eskuz idatziak ziren eta litografiaz inprimatuak. Biziaren luzetasunari doakionaz Le Courrier i hurbiletik jarraikitzen zaiona: Eskualduna. Etxeberry diputatu Bonapartistak sortua, lehen batean gehiena frantsesez baldin bazen, Hiriart Urrutyrekin euskara nagusitu egin zen. 1887tik 1944ra arte iraun zuen: gerra garaietan soberaz alemaniarren aldeko agertu zen, eta isildu egin behar izan zuen. Lafittek Herria sortu zuen irakurle berentzat. Esan daiteke bi izenekin aldizkari euskaldunak 115 urte dituela.

Elizak garai gogorrak bizi izan ditu: antiklerikalismoa, Eliza bere ontasun guziez desjabetu zuen legea 1906an….Salmenten aldetik, hori zen hedapen handiena zuen egunkaria; 1909an 6.000 bat ale saltzen zuen.

Egunkarien tirada aldatu

Gotzaindegiak ikerketa bat eginarazi zuenez 1909an, baditugu datu interesgarriak. Hala, 150.000 bizilagun zituen Iparralde honetan 24.500 aldizkari saltzen zen, egunkari eta astekariak barne. Horietatik 14.000 hemengoak, 7.000 Paue eta Bordelekoak, 3.500 Pariskoak. Orotan nagusi, beraz, bere 6.000 aleekin, Eskualduna. Euskal Herri barnean irakurtzen ziren aldizkari guzietatik %74a egiten zuen euskarazko astekariak. Eta horri gotzaindegiko astekaria eta Gotzaindegitik hurbil zen Semaine de Bayonne gehitzen badiogu, %82ra iristen gara. Ikusten da Elizak zeukan pisua Euskal Herri Euskaldunean.

Baiona, Biarritz, Bokale eta Angeluk beste itxura bat zuten. Hor saltzen ditu bere 1.500 aleetatik 1.400 Le Courrier ek, 1.500etik 1.455ra Chronique de Bayonnek (1904 1914), ale guziak (1300) Echo des Basses Pyrénées liberal moderatuak (1908 1913). Azpimarragarria da Bordeleko egunkariak hemengoak baino gehiago erosten zirela: 1.910 Petite Gironde, 2.285 France Sud Ouest hirietan, (Iparralde osoan 3.155 eta 2.793). Pariskoak : Le Matin (748) Le Journal (740), La Croix (533) eta Petit Journal (440).

Euskara kazetaritza frantziarrean aldatu

Euskara sartu zuten aldizkari frantsesak ere izan ziren. Lehenik Ariel, Agozti Xahordua (1844 52). Egunero 350 ale botatzen zituen: bizitzeko aski zitekeen! (L’Adour batek 250 ale baizik ez zituen!). Arieli dagokionez, bi aldiz atera zuen oso osoa euskaraz, Üscal Herriko Gaseta.

Ariel bezala ezkerrekoak ziren Le Réveil Basque (hau Pauen inprimatua, egia esan, baina honi kontra egiteko zuen Etxeberry diputatuak sortu Eskualduna) eta Le Pays Basque – Eskual Herria (1898 1914), biak ere euskara sartzen zuten. Garai batean astero orrialde oso bat izan zuen euskaraz Le Courrier-ek.

Euskarazko aldizkariak Iparralde osorako eginak ziren. Frantsesezkoak aldiz Baiona eta Lapurdirako. Nafarroa Beherako eta Zuberoako berriak jakiteko Paueko Le Memorial irakurri behar zen.

Egunkari kulturalak aldatu

Kultura munduan ezagutzen dugun aldizkari zaharrena Le Furet 1841ean sortua. Honen ondotik Le Tribly (1844) 8. zenbakiarekin itzali zen baina berriz sortu Revue Bayonnaise izenarekin: 200 ale plazaratzen zituen.

Beste pisu bat du 1873az geroz irauten duen Bulletin de la Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne batek, urtekari bilakatua gaur egun: 4 500 orrialde ditu zenbaki bakoitzak.

Turismoa aldatu

Turismoaren inguruan sortu zen Biarritzen «Le Journal de Biarritz, journal des bains de mer»: 1858ko irailean 81 turista bazirela hirian jakinarazten du. Gero turista horien guzien izenak agertuko ditu astez aste La Gazette de Biarritz ek (1884 1944) : 1892an 22.360 izan ziren horietarik 14.836; kanpotar gehienak ingeles, espainiar eta errusiarrak zirelarik… baina baita Hazparne edo Donapaleukoak ere.

Gaztelania eta gaskoia Baionako kazetaritzan aldatu

Gaztelaniak eta gaskoiak ere izan dute beren tokia Baionako prentsan. Lau mintzairetako prentsa gutxi daude munduan! Hasieratik, Le Courrier handiak berak parte bat gaztelaniaz zuen. Eta bere bizialdian beste bi mintzairari ere eman die tokia. Gaur egun, frantsesez, gaskoiez eta euskaraz badituzte artikuluak, gutxi bada gutxi, Le Journal eta Sud Ouest egunkariek. Gaztelania hutseko egunkariak izan dira. Jadanik aipatu dugu XIX. mende hasierako «Gaceta».

XX. mendean aldatu

Espazio euskaltzalea aldatu

Bere lehen zenbakia 1921ean atera zuen Gure Herria izan da Iparraldeko euskaltzaleen alorra bi garaitan: 1921 1939 eta 1950 76. Iparraldeko izen ezagun guziak ikusten dira hor. Gehiena frantsesez zen. Gauza bitxia Barandiaranek Eusko Jakintza (1947 58) sortu baitzuen Saran, hemengo intelektualek nahiago izan zuten beren aldizkaria ezin piztu zutenez, aldizkari horretan sartu. Euskarari dagokionez, aipatu behar ditugu Fedearen propagacioneco urtecaria (1877 1936 ) San Frantsesen terzieren hilabetekaria (1911 48), San Frantsesen Deia bai eta urtero agertzen ziren almanakak.

Erbesteko kazetaritza aldatu

Madrilgo gorabehera politikoen ondorioz, Euskaldun eta Espainolen ihesleku izan da betitik Iparraldea. Hala nola Karlistek hemen inprimatu zituzten Boletin oficial del ejercito del Rey M.B. Don Carlos V (1833 36), La Voz de la Patria (1874 75), Primo de Riveraren kontra Hojas libras (1928 30) agertu zuen M. Ortega y Gassetek.

Eusko Alderdi Jeltzaleak Alderdi (1944 74), Euzkadi (1968 76), ELA sindikatuak Lan Deya (1972 75), Baionako Villa Izarran. ETA ko adar bakoitzak bere Zutik, Berriak, Zuzen eta beste hemen egiten zituen. Iheslariekin sortu zen ere Zabal (1973 75) gogoeta aldizkaria, osoki euskaraz, Ameriketan sortu zen Euskal Gogoa hemen desagertu ondoan.

Artean ere argitalpen asko egin ziren kostalde honetan 1939 45ko gerraren ondoren: Cote Basque Soir (1944 1972) Jean Garat ena, eskuindarra –Algeria frantsesa izatearen aldekoa zen–, La République du Sud Ouest (1945 1968) erradikala, Hiriart hargin beltzarena, La Résistance Républicaine (1944 48) Lartigau apaizarena, Gaulixta, Le Journal de Biarritz (1945 64), Le Soir de Bayonne (1951 72), Basque Eclair (1952 72), hau Paueko Eclair des Pyrénées egunkari katolikoaren adarra; batzuk goizean agertzen ziren, besteak arratsean.

Sud Ouest aldatu

Bat bestearen ondotik itxi ditu Sud Ouest Bordelekoak. Luzez egunkari bakar batekin egon da Iparraldea, 2001ean sortu zen Le Journal, hegoaldeko Gararen babespean, baina Sud Ouestek hemen saltzen dituen 38.000 aleen ondoan honen 2.500ek pisu txikia dute.

Sud Ouestek bi koaderno ditu. Bat orokorra, guzientzako edizioa, bigarrena tokian tokiko edizioa eta tokiko erredakzioak egina. Hemengoa «Pays basque» izenez ezagutzen da nahiz eta Zuberoako albisteak Biarnoko edizioan agertzen diren. Tabloid formatua hartu zuen 2002an.

Gainera Sud Ouest egunkariak bere igandeko edizio berezia du, «Sud Ouest Dimanche», eta berriki erosi du Diario de Guipuzkoaren laguntzarekin La Semaine du Pays Basque, 7.000 inguru aletan saltzen den astekaria.

Kazetaritza Hegoaldean aldatu

Egunkariak eta Garak bostehun ale saltzen dute hemen, Deiak, eta Diariok askoz gutxiago.

Egunkari abertzaleak aldatu

Era berean, aldizkari abertzale andana dugu. Batzuk besteak bezain gutxi saltzen badira ere: 1000tik behera ale besterik ez bakoitzak. Denen aita den Enbata 1961ean sortua eta gaur egun Jakes Abeberry ren esku dagoena. Gero sortu ziren, bat bestearen ondotik, adibidez, Ezkerreko mugimendu Abertzalearen Ekaitza; Eusko Alderdi Jeltzaleak sortu zuen Ager. Beren arteko haustura baten ondotik, Ximun Haranek segitu du hilabetekari horrekin, alderdi ofizialak Lema sortzen zuelarik.

Aldizkari kulturalak aldatu

Kultur munduan ere baditugu gure aldizkariak. Lehenik, 1983az geroztik, Luzien Etxezaharretak bere taldearekin ateratzen duen Maiatz literatur aldizkaria; idazle gazteei beren lehen lanak (eta besteak gero) agertzeko parada ematen die. Oso osoa euskaraz da. Donibane edo Sarako eskola bezala, noizbait aipatuko da Maiatzen eskola.

Honen ondoan, 1982an, lehenagoko Gure Herria ren segidatzat hartu duen Ekaina hiru hilabetekaria: «Revue d’études Basques» du bere azpititulua. Dena frantsesez egina da, ez bada kanturen bat…. bere itzulpenarekin. Ondoan dago beti Euskal Erakustokiaren aldizkaria, Bulletin du Musée Basque (1924 43 eta 1964…).

Unibertsitarioek, beren ikerketen berri emateko, 1996an sortu zuten urtean behin 400 bat orrialde betetzen dituzten Lapurdum. Hasieran euskarak toki gutxi baldin bazuen, azken zenbakian erdia baino gehiago euskaraz da, hegoaldekoek betetzen dituztelarik euskarazko orrialdeak. Horien arteko batzuk baino ez ditugu aipatu. Alabaina Adolfo Ruiz de Gaunak 235 izen ematen ditu bere katalogoan… eta zenbait ahaztu zaizkio!

Irratia aldatu

Mende erdi bat dute Iparraldean teknika berriak baliatzen dituzten hedabideek: irrati eta telebistak. Idatzizkoetan bezala badute zer ikusirik Hegoaldekoarekin.

Eusko Irratia aldatu

Iparraldetik jardun izan duen lehen irratia Eusko Irratia La Voz de la Resistancia Vasca dugu. Euskaldunek ez zutela informazio zuzenik eta Jose Antonio Agirrek erabaki zuen irrati bat sortzea, 1946an. Nahiz, Frantzian Estatuaren esku zegoen irratia, demokrata eta kristau bezala adiskide zuen Georges Bidault kanpo arazoetako ministroarekin konpondu zen. Bigarren eskuko irrati-igorgailu bat etorri zen ontziz Marseillara. Mugerrera eraman zuten eta Jean Pierre Urrikarriet erretore abertzalearen etxean finkatu. Erredakzioa Donibanen zegoen. Egun oroz editorial bat bazen euskaraz eta gaztelaniaz, eta informazioak gaztelaniaz, OPE Eusko Jaurlaritzako agentziak Paristik korreoz igortzen zituen berriekin.

Makinaz idatzitako orriak eramaten ziren Mugerrera eta han irakurtzen ziren arratsean eta berriz eguerditan. Ordu erdi bat irauten zuen emankizunak. Egun batez DST zerbitzu sekretuetara deitu zuten Durañona. Ez zen gehiagorik gertatzen, baina tokiz aldatzea erabaki zuten eta Ziburuko Bordagainen finkatu zuten antena. Mitterand, Mendes Francen barne ministroak, 1954an geldi arazi zuen: akordio komertzialak egin zituzten Francorekin…

Côte Basque irratia aldatu

Iparraldean 1961era arte itxaron behar izan zen beste irrati bat finkatzeko. Francok nahi zituen bereak Larrun gainean finkatu, baina hari Parisetik aurrea hartu zioten. Radio Côte Basque 1961ean hasi zen udako sei astez emankizunak zabaltzen. Ordubete eskaini zitzaien euskaldunei, Piarres Larzabal eta Telesforo de Monzonek gaitzeko lana egiten zutela, talde eder bat beren inguruan. Azkenean igandeko meza izan zuten, beste ordubetez igandez eta ordu erdi bat ostegunez haurrentzat. Meza euskaraz izateko borroka gogorrak izan ziren eta askotan kantuak baizik ez ziren euskaraz. Ikaragarriko arrakasta izan zuten emankizun horiek, baina hilabete bat eta erdi baino ez zuten iraun. Ordu laurden batez igorri zen 1963an; geroago ordu erdi batez eta horietatik bost minutu euskaraz.

France Bleu irratia aldatu

Baionatik 1981ean egun osoko programa izan zen, eta horretan 60 minutu euskaraz eman ziren. Radio France Bleu Pays Basque izenekoa zen. Zenbait urtetan aipatu zen goizean zenbait orduz euskaraz ariko den adar bat sortzea Donibane Garazin. Radio Monte Carlo eta la Voz de Guipuscoak 1968an akordio bat egin zuten: azken honek igorgailuak bi orduz zabaltzen zituen frantsesez Euskal Herriari eta Landetako kostaldeari buruzko albisteak emanez.

Atlantic 2000 irratia aldatu

Emankizuna 1969an lau ordutara pasatu zen. Sud Ouest egunkaria 1971ean partaide izan zen akordio horretan eta irratiak Radio Atlantic 2000 izena hartu zuen.

Iheslariak zirela eta, geroz eta traba gehiago izan zen muga pasatzeko. Mugaz bestaldeko bezeroak galdu, eta publizitatea apaldu egin zen, eta, irratia publizitatetik bizi zenez, isildu egin zen. Bestalde Antenne 2 Frantziako kateak esana zuen Falangeak kontrolatzen zuela irrati hori, eta fama horrek ez zion onik egin.

Adour Navarre irratia aldatu

Alexandre de la Cerdak bere egin zuen Hegoaldetik Iparraldera emankizunak zabaltzeko ideia eta Loiolako Herri Irratiarekin egin zuen akordioa: 1978an, uztailaren 8an hasi zen Radio Adour Navarre, goizeko 10:00etatik 19:30ra, eta laster bigarren emankizun bat, arratsaldeko 18:00etatik 19:00eta, frantsesez, euskarazko kantuekin.

Irrati libreak 1981ean alde guzietan sortzen hasi ziren Frantzian, legez kanpo izanagatik. Radio Adour Navarrek bere antena Mugerren finkatu zuen eta egun osoan igortzen hasi zen Baionako estudioetarik. Gaitzeko arrakasta izan zuen, alde batetik, euskal kantu eta musikak entzun zitezkeelako, eta bestetik, hemengo berri eta gertakariak aipatzen zituelako. Igande oroz herriz herri zabaltzen zuen mezak ezagutarazi zuen herri guzietan.

Gure Irratia aldatu

 
Irulegiko Herri Irratia.

Kantuak euskaraz baziren, emankizunak frantsesez, ez bada entzule gutxi zen uneetan. Euskaltzale talde batek erabaki zuen, euskara hutsez ariko zen irrati bat sortzea eta horrela hasi zen Milafrangatik Gure Irratia 1981eko Eguberri gauean. Kritika asko izan zuen, euskal mundutik ere, Adour Navarre trabatzen zuela eta, harekin eskuz esku ari beharko zukeela, baina bere bidea egin zuen. Urteek arrazoi eman diete. Radio Adour Navarre irratia isildu da eta Gure Irratia beti bizi, 20 urteren buruan. Irulegi Irratia Nafarroa Beheran eta Xiberoko Botza Gotaine Irabarnen 1982an sortu ziren. Hiru irrati Euskaldunek akordio bat egina dute beren artean eta emankizun batzuk, bereziki berriak, elkarrekin egiten dituzte. Entzuleak 2000an % 7,1 ziren beren ahal soilekin eta euskaldunetara mugatuz, France Bleu Pays Basque k Parisko Irrati Nazionalaren adarrak %12 egiten duelarik.

Irratien Booma aldatu

Alde guzietan sortu ziren 1981 82ko sukar hartan irratiak: Baiona, Biarritz, Angelu, Kanbo, Maule, Donapaleu… Erakunde publikoetarik laguntza handiak izan zituztenak desagertu egin dira, bat bestearen ondotik edo Parisko sare batek beretu ditu. Orain, hiru euskal irratiak eta Frantziako irrati nazionalaz gain gelditzen dira Arrangoitzen, La voix de l’Evangile protextanta, Uztaritzen Lapurdi Irratia katolikoa, Bonne Humeur Hazparnen, Radio Star Donapaleun eta radio Mendilili Maulen.

Telebista aldatu

Larrun gainaz jabetu zelarik TDF (Frantziako irrati telebisten erakundea), Parisko emankizunak zabaldu zituen lehenik, eta gero, Bordeletik egun oroz emankizun labur bat egin zuen.

Euskarazko minutuak telebista Frantziarrean aldatu

Euskaraz 1970ean hasi ziren hilabetean bi ordu laurden zabaltzen Iparraldearentzat. Maite Barnetxe bidarraitarra izan dugu euskarazko lehen emankizun horien egilea. Gaitzeko arrakasta bildu zuen. Beti borrokatu du aste oroz emankizun bat izateko, ordu laurden hori ordu erdira luzatzeko, baina alferrik.

Ordu laurden hori ere Bordelen muntatzen zen.

Maite hil eta FR3 telebistaren adar bat sortu zuten Baionan 1982an, egun oroz zazpi minutuko berri sail bat egiteko Iparraldearentzat; horretatik minutu bat euskaraz. Frantziako beste tokietan egiten diren molde bereko emankizun guztien ikusle-kopuru handiena du emankizun horrek: %60 egiten du zazpiak bost gutxiagotan, eta %30 bigarren aldiz pasatzen delarik zortzietan.

Larunbatean zazpi minutuko magazin monografiko bat zabaltzen dute Akitania guztirako, batzuetan euskaraz frantsesezko azpitituluekin. Hasierako ikusleak %11 ziren, %33a da orain.

Larunbat eguerditan pilota-emankizun bat bada Akitania osorako: «Finki».

Euskal Telebista aldatu

ETB sortu zenetik, Iparraldeko Euskaldunetan % 80ak har zezakeen Jaizkibeletik. Pilota, futbola eta beste kirol-emankizunek arrakasta ederra dute, halaber, igandeko mezak, lauetatik bat Iparraldetik baita. Gutxiago albistegiek, Iparraldeko munduaz beste batekoak baitira.

Ikusle kopuruak aldatu

SIADECOk 1996an egin zuen ikerketa baten arabera, euskara zekitenen artean %87,3ak har zezakeen ETB. Baina, %55,5ak ikusten zuen, horietatik %27,5ak ordu erdi bat baino gutxiago, besteek gehiago: %25,6ak ordu erdi bat eta bi ordu bitartean. Bi ordu baino gehiago %2,6ak.

ETB 1992ko urrian hasi zen Iparraldean Iparraldekoek Iparraldekoentzat egindako berri saila igortzen, Iparraldearen orena. Egun oroz bost minutu irauten du. Orduz aldatua izan da behin baino gehiagotan. 2002an arratseko 8:23ean zen, Gaur Egun albiste emankizuna burutzean. Hau osorik euskaraz da. Ordu aldaketa horiek erakusten dute zein zaila den Iparraldeari toki bat aurkitzea.

FR3 eta ETBk antzeko egunetan hasi zituzten beren emankizunak. Euskal Kultur Erakundean ospe handitan agurtu zuten FR3ren frantsesezko emankizuna. ETBren euskarazkoa inork ez zuen aipatu, ez bada Gure Irratiak. Horrek erakusten du zein zaila den Hegoaldean egiten denari interesa ematea, Iparraldeko Euskal munduan ere.

Igandetan iparraldeko kirolak 11,30ean aipatzen dira Zuen kintzea emankizunean, ordu laurden batez.

TVPI aldatu

Kate berria 2001ean sortu zen TVPI (Euskal Herriko eta Landetako telebista), lehenik kablez eta orain uhinez. Egun oroz ordu beteko emankizuna egiten du, gehienbat gaurkotasunezko lotura duten erreportajeekin. Hiru aldiz ematen dute gauero.

Iparraldeko berezitasun bat: irratiak berak legezkoak izan ez diren garaietan, bi astetan behin agertzen zen Berriak aldizkariak sortu zuen telefono berriketaria, Les informations téléphoniques zeritzona. Egunero, bi edo hiru minutuz entzun zitezkeen eguneko albisteak telefonoz.

Internet ere berriketari bilakatu zaigu, eta egunkari ala irrati zenbaitek erabiltzen dute jadanik. Horrela, egunean berean munduko alde guzietan ezagutzen dira hemengo albisteak.

Euskal editoreak aldatu

Joan Agirre Sorondo


Eguneroko prentsa grina handiz irakurtzen duen irakurlea da euskalduna, baina liburuak oso zuhurki irakurtzen dituen irakurlea ere bada. Liburuak irakurtzeari asteko 5,8 ordu eskaintzen dizkio. Emakumeek gizonek baino zerbait gehiago irakurtzen dute, eta batez ere 35 eta 44 urte bitartekoak.

Etxeko liburutegiak. Paper inprimatua %99,3 etxeetan dago. Hori bai, %2,3ak hamar izenburu baino gutxiago dituen bitartean, %42,6ak ehun baino gehiago dituela aitortzen du.

Gaur egun, makinetan urtero sartzen den titulu-kopurua 3.000 ingurukoa da. Erdia baino zerbait gutxiago euskaraz. Egun, euskal argitaldarien %66,8 berrehun liburuetatik beherako katalogo bizi bat dute. Horrek adierazten du txikiak direla argitaldariak.

Irakurleak aldatu

Liburu eta egunkari-irakurleak aldatu

 
Euskal Herriko argitaletxeak.

Bi euskaldunetatik batek liburu bat irekitzen du irakurtzeko asmotan gutxienez hilabetean behin. Hori adierazten dute azken urteetan Euskal Editoreen Gremioaren ekimenez egindako irakurketa ohiturei buruzko ikerketek. Liburuak irakurtzen dituztenen %52 55 kontrajarria dago prentsa orokorra irakurtzen dutenen %71rekin, edo gutxienez hilean behin aldizkariak edo aldizkako argitalpenak irakurtzen dituela aitortzen dutenen %50arekin.

Gu zein jarreretan gauden argitzen ere laguntzen du. Izan ere, Estatu osoan, liburuak irakurtzen dituztenen portzentajea %43 eta %52 artean kokatzen da. Egunkariak irakurtzen dituztenak %41 eta %55 artean daude, eta aldizkariak irakurtzen dituztenak, berriz, %34 eta 48 artean (1999ko datuak).

Azken buruan, euskalduna eguneroko prentsa grina handiz irakurtzen duen irakurlea da, baina liburuak oso zuhurki irakurtzen dituen irakurlea ere bada. Liburuak irakurtzeari asteko 5,8 ordu eskaintzen dizkio. Emakumeek gizonek baino zerbait gehiago irakurtzen dute, batez ere 35 eta 44 urte bitartekoek. Hiri eremuetan bizitzea, ikasketa maila eta egoera soziala dira liburuen irakurketak gure artean dituen indizeetan eragina duten hiru faktoreak.

Gaztelania eta euskara aldatu

Inkesta berak erakusten du euskaldunak funtsean oraindik ere gaztelaniaz irakurtzen jarraitzen dutela: %69,5ak gaztelaniaz baino ez du irakurtzen, eta %13,3ak nahiago du gaztelaniaz irakurtzea.

Euskaraz nahiz gaztelaniaz irakurtzen dutela aitortzen du inkesta egindakoen %15,1ak. Euskaraz %2,1ak baino ez du irakurtzen. Azken horiek batez ere gazteak dira (16 eta 24 urte bitartekoak), ikasketa maila onekoak, eta, bereziki, gipuzkoarrak. Euskaraz irakurtzen duten irakurleen %47k dio beren motibazio nagusia hizkuntzaren perfekzionatzea dela dio, eta %46,2k, berriz, aisialdi edo ihesbide hutsa.

Euskaraz irakurtzen den etxeetan, batez besteko, euskarazko 23 liburu daude.

Etxeko liburutegiak aldatu

Etxeen %99,3ean dago paper inprimatua. Hori bai, %2,3k hamar izenburu baino gutxiago dituen bitartean, %42,6k ehun baino gehiago dituela aitortzen du. Logikoki, ikasketa mailak eta estatus sozialak etxeetan liburu gehiago edo gutxiago egotea baldintzatzen du. Hori horrela, goi mailako ikasketak dituztenek lehen mailako ikasketak dituztenek baino hiru aldiz liburu gehiago irakurtzen dituzte, eta bigarren mailako ikasketak dituzten horiek baino bi aldiz gehiago.

Azkenik, adierazi behar da hiriburuak direla, etxe bakoitzeko 187 liburuko batez bestekoarekin, herriek eta tamaina txikiagoko hiriek baino liburu hornidura askoz ere handiagoa duten nukleo gisa nabarmentzen direnak.

Liburutegi publikoak aldatu

Liburutegi publikoei dagokienez, Europako mailetatik urrun bagaude ere, egia da aurrerapen handiak egin ditugula. Gaur egun hiritarren %32k aitortzen du gutxienez urtean behin joan ohi dela liburutegi batera. Horietatik %19k liburuak maileguan hartu ditu noizbait. Ikasleak dira, 16 eta 24 urte bitartekoak, establezimendu kultural horiek gehien erabiltzen dituztenak.

Editoreak aldatu

Ekoizpena eta merkaturatzea aldatu

Euskal Autonomia Erkidegoa 1996tik bosgarren postuan dago argitaratutako titulu kopuruari dagokionez, Katalunia, Madril, Valentzia eta Andaluziaren atzetik.

Gaur egun, makinetan urtero sartzen den titulu-kopurua 3.000 ingurukoa da. Erdia baino zerbait gutxiago euskaraz. Titulu bakoitzetik 3.500 aleak gainditzen ez dituen tiradak argitaratzen dira.

Euskaraz nahiz gaztelaniaz, haurrei eta gazteei zuzendutako liburuak dira euskal argitalpen ekoizpenean eragin gehien dutenak (%43 inguru). Ondoren dago unibertsitatekoa ez den testu liburua. Poltsikoko liburuak presentzia eskasa du gure artean: urteko tituluen %10 baino ez. Beste euskarriek, digitalak adibidez, geroz eta espazio gehiago dute merkatuan, nahiz eta oraindik ez den papereko euskarri tradizionalarentzako lehiakide nabarmena.

Edizio publikoari dagokionez, gutxitze mantso baina etengabea gertatu da. Gaur egun euskal argitalpenen %13 baino gehiago izaera instituzionalekoa da. Estatuko ia administrazio publiko guztietan ere nabarmentzen da joera hori.

Euskal liburuen merkatuak liburu dendetan fokalizatuta egoten jarraitzen du. Horietan gauzatzen diren salmenta guztien erdia baino gehiago, azalera handiko saltokien %10 baino ez dira. Egoera hori iraul daiteke, baldin eta merkatuaren askatasun mehatxua gauzatuko balitz. Izan ere, publikazio orotarako nahitaezko prezio bakarra kenduko litzateke. Erraz aurreikus daiteke balizko horretan azalera handiko saltokiek ez luketela eragozpen handirik izango bezero berriak erakartzeko helburuarekin kostuaren azpitik dauden prezioak aplikatzeko. Eta horrek ondorio suntsigarriak lituzkete liburu saltzaile txikiarengan.

Edizioa, lehen zena eta orain dena aldatu

Euskal argitalpenaren egoerari buruzko azterketa bikain baten autore den Joan Mari Torrealdairen eskutik euskal editoreen mundu konplexuan sartzen gara. Autore horri zor diogu euskal argitalpenak XX. mendetik bizi duen bilakaera historikoari buruzko sarrera bikaina.

Euskal Herrian, 1936ko Gerra Zibilaren aurretik, bazeuden argitaletxe garrantzitsuak. Adibidez, Tolosako Lopez Mendizabal, Zornotzako Jaungoiko-zale, Donostiako Martin y Mena edo Durangoko Elosu. Horiek guztiak dagoeneko desagertuak dira.

Editore horietako askok, autoreek bezalaxe, 1937an herrialdea utzi behar izan zuten, eta erbestean sortu zituzten kulturalki elikatzeko euskal argitaletxeak. Horietako batzuk Ekin bezain garrantzitsuak, Buenos Airesen 1942an sortua.

Penintsulan, gatazka amaitu ondoren hirurogeiko hamarkadara arte batez ere erlijio-gaien editoreak eta urte zailenei aurre egin zieten enpresa gipuzkoar pare bat besterik ez ziren egon: Itxaropena, inprenta argitaletxe zarauztarra, Frantzisko Unzurrunzagak 1932an sortua, eta Auñamendi, Estornes familiakoa. Euskal kultura maitatzen duen eta 50 urteetako muga gainditua duen edonoren kultur ibilbidea osatzen dute Auñamendiren poltsikoko liburu txikiek. Liburu horiek azal gogorra eta aurrealde zuria zuten. Horiei esker ezagutu genituen euskaldunon antropologia eta historia zein folklorea eta tradizioak.

Tinta horren itzalpean ikusi zuten argia liburu garrantzitsuek, besteak beste, Jorge Oteizaren Quousque tandem…! lanak (1963), J.M. Barandiaranek zuzendutako El mundo en la mente popular vasca, eta, jakina, Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco-k.

Oroitzapen berezi bat zor diegu, halaber, Gabriel Celaya eta bere Cuadernos de Poesia Norte ekimenei. Gabriel Celayak 1947tik «barruko erbesteko» autoreen sorkuntza poetikoak poeta unibertsal bikainenekin batera bildu zituen. Donostiako Agora argitaletxea ere azpimarratu behar da; bertan 1957tik aurrera zenbait idazle handi ezagutzera eman ziren.

Hirurogeiko hamarkadan eta hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran beste argitaletxe batzuk sortuz joan ziren, argitaldari belaunaldi berri baten ondorengo: Lur, Jakin, Irakur Sail, Etor, Gordailu, Gero, Elkar, Txertoa, Kriselu, Luis Haranburu… Batzuek bizitza motza izan zuten; beste batzuk berregituratu egin ziren, eta oraindik ere argitaratzen jarraitzen dute.

J.M. Torrealdaik bere azterlanean dio gure herriko argitalpen modernoaren historia, estricto sensu, hirurogeiko hamarkadaren erdialdean hasi zela, erregimen frankistak behera egin zuenean.

Alde batetik, liburua despolitizatu egiten da, edo gutxienez ideologikoa denak pisua galtzen du; beste alde batetik, argitaletxe desberdinen arteko liskarrak pixkanaka baretuz joan ziren, eta lehia askeko eremu batean sartu ziren.

Aldi berean, saiakera krisian sartzen da, eta argitaletxeak kulturala den horrengatik interesatzen hasten dira, oinarrizkoagoa den ikuspuntu batetik; euskara bere lekua irabaziz hasten da, mantso bada ere. Orduan hasi ziren, hutsune handi hori betetzeko, ikastoletarako liburuak, irakurketak, hiztegiak eta oro har kontsulta liburuak argitaratzen.

Pertsonalistak eta atomizatuak aldatu

Laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadan, sortu ziren argitaletxe berriek, beren jardueraren funts eta muinaren arabera espezializatu ziren. Gazteen literatura izan, edo ikasketarako materiala izan, saiakera biografikoa, balio literario berriak edo genero literario desberdinak.

Euskal argitaletxe gehienak, lehengoak eta oraingoak, pertsona bakarreko ekimenen edo borondate-lehiaketa murriztu baten ondorioz sortu ziren. Horri beren neurri eta merkatu ikuspegi txikia gehitzen badiogu, sektoreko enpresak pertsonalismo nabarmen batean murgildu zirela agertzen da. Gauzak horrela, eta egungo argitaletxe gehienak sortzaileen eskuetan daudela kontuan harturik, inork ez daki zer gerta daitekeen horien kudeaketaz erreleboa etortzean eta arduratzera bigarren belaunaldi bat pasatzen denean.

Argiletaletxe profesional eta iraunkorrak aldatu

Hain da nabarmena sektorearen atomizazioa, non ez den erraza bereizten argitaletxe profesionalizatu egonkor baten eta beste noizbehinkako, egokierazko ekimen baten artean. Jose Manuel Galanek Analisis Estructural de sector editorial español liburuan zehazten dituen irizpideetan oinarrituz, editoreak bete behar dituen hiru baldintza aipatzen ditu Torrealdaik. Lehenengo, urteko ekoizpena kontuan hartuta, editore profesionala da urtero gutxienez bost liburu erregistratzen dituena. Bigarren faktorea da bizirik duen funts editoriala, hots, salmenta katalogoan dituen obrak, eta horretarako hirurogeitik ehunera titulu behar dira, eta hirugarren alderdia da jardueraren jarraitutasuna. Horretarako antzinatasuna konputatzen da, bosgarren urtetik aurrera.

Argitalpen enpresak aldatu

Euskal Editoreen Gremioak 1998an egin zuen txostenaren arabera, urte horretan 100 argitaletxe pribatu zeuden: 31 gremiokoak ziren; 41 gremiotik kanpo zeuden, eta 28k jarduera hori zuten, horien xede sozial nagusia halakoa ez bazen ere. Argitaletxeek 420 pertsonen lanbidea ziurtatzen zuten: horietan erdiak argitalpen ekoizpenetan jarduten zuten, %21,4 merkataritza jarduera, eta gainerakoa administrazioa.

Jatorria aldatu

Lanean diharduten lau argitaletxe euskaldunetatik bat 1970 baino lehenago jaio zen. Jatorria anitza da. Zenbait argitaletxe inprenta izanez hasi ziren. Izan ere, inprentak argitaratzen zituzten XIX. mendeko eta XX. mende hasierako liburu gehienak. Erro historikoko beste kasu bat zen liburu denda/argitaletxeena. Txertoa argitaletxea (Donostiako Easko liburu-denda), Zabaltzen argitaletxea (Donostiako Bilintx liburu denda) edo Leopoldo Zugaza argitaletxea (Durangoko Itz liburu denda) dira eredu hori duten zenbait adibide oso ezagun.

Liburuak saltzetik ekoiztera doan ibilbidea da, halaber, liburuak banatzetik edo merkaturatzetik heldu diren argitaletxeak. Horien adibide dira esaterako Sendoa eta Ediciones Vascas (gaur egungo Lur argitaletxea), La Gran Enciclopedia Vasca delakoaren banatzailea.

Gehiegi sakondu nahi ez bada ere, elkarte berriak eman dituzten argitaletxeak aipatuz osatuko dugu atal hau. Elkarte berri horiek argitaletxeak banatzetik nahiz elkartzetik sortuak dira. Azkenik, estatu mailako enpresen ordezkaritzak diren argitaletxeak daude: Giltza Edebé edo Zubia Santillana.

Izateko modu bat aldatu

Euskal Herrian 1976 eta 1994 artean argitaratuta dauden 12.575 izenburuetatik, %45,6 argitaletxe pribatuei dagokio; %13,63 erakunde publikoei; %10,5 Euskal Herritik kanpoko argitaletxeei; %10,48 erlijio argitaletxeei; liburu guztien %7,11 hezkuntzaz arduratzen diren erakundeek ekoizten dute; %6,11 elkarteek, kulturalak nahiz beste izaera batekoak; %2,41 dagozkie finantza etxeei, eta, azkenik, gainerakoek –beste zenbait argitaletxek– argitaratu zuten %4,61.

Gaur egun, euskal argitaletxeen %66,8k berrehun liburu baino gutxiagoko katalogo bizia dute. Horrek adierazten du argitaletxe txikiak direla, eta, horregatik, jarduera-alor nahikoa mugatukoak. Torrealdaiek dioen bezala: «Editorearen kasuan, tamaina ez da soilik neurriari dagokion zerbait, kudeatzeko modu bat ere bada, baliabide propioen gabezia, hornitzaileekin negoziatzeko modu bat da, merkatuan egoteko modu bat. Horrek administrazioekiko mendekotasuna eragiten du, liburu motak eta ekoizpen kopuruak ere zerikusi handia dute».

Lurraldea eta xedea aldatu

Gipuzkoa da argitalpenetan mugimendu handieneko lurraldea, eta hori errealitate bat da: Euskadin argitaratzen duten enpresen erdia baino gehiagok lurralde historiko horretan dute egoitza.

Bestalde, Bilbok gure artean ezarri diren argitaletxe espainiarrak erakarri ditu: S.M., Anaya, Edebé, Santillana. Araban argitalpenak batez ere erakundeetan pilatzen dira.

Nafarroak argitaletxe gutxi baina oso interesgarriak diru, Pamiela, Igela eta Txalaparta adibidez. Bidasoaren iparralderantz, Iparraldean, egoera askoz ere apalagoa da, eta zenbait argitaletxek erakartzen dute ekoizpen guztia: nahikoa sarritan Bidasoaren hegoaldean argitaratutako lanetatik xarma gehiena dutenen frantseseko itzulpenetan oinarrituta.

Aktibismo politiko eta kulturala, beste garai batean argitaletxe asko sortzeko motibazio nagusia izan zena, gaur egun ez da hainbeste kontuan hartzen, eta enpresa izaera handiagoa duten irizpideak dira garrantzitsuenak. Irizpide horiek beste edozein sektoreren irizpideetara berdindu daitezke. Izan ere, unearen arabera, enpresa xedeak bereiziz eta zehaztuz joan dira. Lehen, argitalpen motak baino gehiago ideologiak zehazten zituen diferentziak; gaur egun, aldiz, argitalpen jarduera bereizi bat planteatzen da, merkatuan eskaria duen ondasun kultural batzuen ekoizpenera xedaturik.

Filosofia horren barruan, zenbait enpresek euskal kulturaren aldeko erronka egiten dute, beste batzuk literaturan espezializatzen dira, besteak haur literaturan, dibulgazioan, hiztegi, entziklopedia eta erreferentziako obretan, izaera zientifikoko edo pentsamenduzkoetan, eta badaude, azkenik, erlijio-argitaletxeak ere. Badaude, halaber, argitaletxe mistoak, zenbait jarduera ildo konbinatzen jakin dutenak, emaitza ezin hobeekin: adibide bat da, besteak beste, Ediciones Mensajero, Bilbokoa. Argitaletxe horrek, erlijio-igaien obrak hedatzeko helburuaz gain, funts zinematografiko garrantzitsu bat ere bildu du urte hauetan guztietan zehar: Cine para leer bilduma, adibidez.

Arazoak, estrategiak aldatu

Euskal argitalpenek arazoak eta mugak dituzte, eta horiei erantzuteko irtenbide anitzak bilatzen ditu. Argitaldariei egiten zaizkien inkesta guztietan daude arazo ekonomikoak, lehengo postuan.

Euskal liburua –eta bereziki euskaraz idatzitakoa–, normalean, defizitarioa da. Hori nahiko logikoa da, kontuan harturik tiradek oso gutxitan gainditzen dituztela bost mila aleak; batez besteko argitalpena hiru mila alekoa dela, eta, horietatik, urtean seiehun bat besterik ez direla saltzen. Urritasun hori dela eta ekoizpena asko garestitzen da, argitalpenaren koste orokorrak ale gutxi batzuen artean banatu behar direla kontuan hartzen bada.

Gauzak horrela, euskarazko liburuaren kostuak gaztelaniazko liburuaren antzekoak badira ere, merkatuaren mugak direla eta lehenengokoen tiradak askoz ere txikiagoak dira bigarrenekoak baino, eta, ondorioz, baita etekinak ere. Horregatik, liburu bakoitzari kostu handiagoa jarzen zaio. Azken buruan, irabazi tartea askoz ere txikiagoa da euskarazko liburuen kasuan gaztelaniazkoen kasuan baino.

Horri gehitu behar zaio eroslea gaztelaniazko liburuen preziora ohituta dagoela, eta ez zaiola ulergarria egiten euskaraz argitaratutako liburuak garestiagoak izatea. Angel Lertxundik zioen bezala, gaur egun merkatuan milaka liburu daude gin tonic baten prezio berean, baina gin tonikaren «itzal soziala» liburuaren baino hedatuagoa dago. Eta liburuak, oro har, garesti izatearen ospea badu ere, euskal liburuak are gehiago. Merkatuaren logikan liburu autoktonoak desabantaila du, lehiatzea zaila deneko eremu batean jokatuz. Horrela, euskal editoreak errentagarritasun txikiagoarekin konformatu behar du.

Hala ere, liburu guztiek ez dute arazo bera jasaten. Beste modu batekoak dira hiztegiak, entziklopediak, eta formatu handiko eta ondo ilustratutako liburuak. Horiek inbertsio handiagoa behar dute, eta salmentako arazoa dute. Ezin dira liburu denden sarearen bidez saldu, eta kreditu salmentako sistemetara jo behar da. Horrek banaketa erakunde garestien bitartekaritza ezinbestekoa eskatzen du.

Azken urteetan euskal merkatuan, espainiarrean bezala, guraize motako ekoizpenerako joera nabari da: urteko titulu kopurua gehitu egiten da, baina tiradak geroz eta txikiagoak dira. Horrela, arrakastarekin emateko aukerak areagotu egiten dira, eta porrota gertatuz gero arriskuak murriztu egiten dira.

Presentziak eta gabeziak aldatu

Editore gehienentzat arazo nagusia merkatuaren muga izanik ere, eta bigarrena arazo ekonomikoa, askok adierazten dute liburuaren politikarekiko egonezina; hau da, erakunde publikoetatik egiten den kudeaketak sorturiko kezka. Arrazoi handiarekin, liburu espainolak merkatuan, komunikabideetan eta gizartean presentzia bikaina duela argudiatzen da. Euskal irakurlea industria handi horrek eskaintzen diona kontsumitzera eta horrekin bizitzera ohituta dago. Hala ere, euskal liburuak, eta bereziki euskaraz idatzitako liburuak, ez du presentzia hori, zeren eta askoz ere pisu gutxiago du gizartean nahiz kulturan, eta liburu denda askotan testigantzazkoa besterik ez den espazio bat okupatzen du.

Editoreen elkarteak aldatu

Euskal editoreen elkartea aldatu

Elkarte hori 1984an sortu zen. Sorrerako asanbladan helburutzat zehaztu ziren euskal kultura euskarazko ekoizpenaren bidez sustatzea, elkarteko kideen interesak ordezkatzea, kudeatzea eta defendatzea, eta, azkenik, euskal kulturari Estatuan eta atzerrian bide berriak irekitzea.

Kide izateko beharrezkoa da katalogoaren %25 baino gehiago euskarazko liburuek osatzea, eta jardueraren hasieratik eta azken urteetara arte euskaraz argitaratu dela ziurtatzea. Elkartean kide atxiki daitezke, halaber, aurreko atalean ez badaude ere, euskarazko lan bat baino gehiago argitaratu duten editoreak.

Gaur egun Elkartea 20 argitaletxek osatzen dute. Horien euskarazko ekoizpenak euskal liburuaren merkatuaren %95 erakartzen du. Euskal Editoreen Elkarteak Liber Azokan eta Frankfurteko Liburu Azokan parte hartzen du. Bertan, autoreak aurkezten ditu, eta euskal literatura atzerrian sustatzeko eta hedatzeko jarduera kulturalak antolatzen ditu. Era berean, euskal literaturaren hedapena bultzatzeko helburuarekin, EEEk urtez urte argitaratzen du argitaletxeetara eta agente literarioetara zuzendutako eskubideen gida bat, Nazioarteko Azokatan banatzeko. Euskal Editoreen Elkarteak, halaber, euskarazko liburua ezagutarazteko plataforma baliagarritzat, komunikabideak nabarmentzen ditu.

Euskal editoreen elkartea. Gremio de editores de Euskadi aldatu

Elkarte profesional horren bokazioa da Euskadiko argitaletxeetako profesionalen interesak defendatzea eta liburua sustatzea. Elkarteak, 35 argitaletxek osatuak, honako hauei buruzko laguntza eskaintzen die kideei: laguntza teknikoa eta aholkularitza fiskaltasunari, jabetza intelektualari, egile eskubideei, laguntzei eta diru laguntzei, lan kudeaketari eta abarri buruz. Gremioak zuzenean parte hartzen du Liber Azokan eta Frankfurteko nazioarteko liburu azokan, eta, Espainiako Editoreen Elkarteen Federakuntzaren bidez, munduko zortzi azoka garrantzitsuenetan dago. Logikoki, Euskadiko Liburu Azoken Kanpainaren antolamenduan parte hartzen du zuzenean.

Era berean, Euskadiko Editoreen Elkarteak Madrilgo Editoreen Elkarteak eta Kataluniako Editoreen Elkartean antolatzen dituzten eginkizun komertzialetan parte hartzen du, eta Editoreen Elkarteen Federazioak antolatzen dituen ikastaroetan. Tokiko eremuan ere ematen dira trebakuntza ikastaroak, argitaletxeetako langileei zuzenduak.

Elkarteak urtero argitalpenari buruzko azterketa bat egiten du Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan. Azterketa horretan sektoreko zenbateko garrantzitsuenak jasotzen dira: salmenta kopuruak, argitaratutako liburuak, katalogoan dauden liburuak, argitalpen ildoak, merkaturatzeko bideak eta abar. Era berean, Editoreen Elkarteen Federazioak urtero antolatzen duen liburuaren barruko merkataritzaren azterketan parte hartzen du.

Ondorioa aldatu

Euskal liburua, oro har, ondo dabil osasunez.

Alde batetik, hasieran esan dugun bezala, irakurketen mailaketan, gure artean, gainerako Estatuko mailen gainetik daude. Irakurtzeko ohiturei buruzko azterketen arabera, horrek are gehiago azpimarratzen du eskualde bateko irakurketa indizeak eskualde horren garapen ekonomikoarekin eta bertako biztanleriaren heziketa mailarekin duen harremana.

Bestalde, hemengo argitalpen ekoizpena eta Europako batez bestekoa alderatzeko moduan daude. Hori kantitateari dagokionez, zeren eta kalitateari dagokionez ezin esan dezakegu gure ingurukoekiko atzeratuta gaudenik. Leku orotan bezala, hemen liburu on batzuk argitaratzen dira, erdipurdiko nahikoa liburu argitaratzen da, eta liburu eskas ugari.

Gurea, dudarik gabe, ez da argitalpen-industria handi bat. Baina autoreak ditugu –batzuen batzuk ospe handikoak–, argitaldari esperientziadunak ditugu, eta merkatua ere badago. Hau da, euskal liburuaren bizitasunerako baldintza objektiboak ematen dira. Baina gure liburua merkatuan guztiz lehiakorra izatera, eta benetan kulturarentzako plataforma izatera iritsi dadin, oraindik egiteko lan asko geratzen da aurretik.