Aitzineuskara
Wikipedian informazio gehiago
Aitzineuskara esaten zaio euskara historikoa (idatzia) baino lehenagoko euskara hipotetikoari. Euskarak ahaide ezagunik ez daukanez barne berreraiketa izeneko teknikaren bidez garatzen da teoria hau. Arlo honetan aurrerapenik handienak Koldo Mitxelena eta Joseba Lakarra hizkuntzalarien eskutik etorri dira, biek garai ezberdinetako hizkuntza-egoerak proposatu arren. Mitxelenarenak erromatarrak etorri baino lehenagoko hizkuntza egoera islatuko luke, eta Lakarrarenak, bigarren urrats moduan, zeltak etorri aurretikoa.
Fonologia
aldatuAndré Martinet izan zen aitzineuskararen sistema fonologikora arrakastaz hurbildu zen lehena. Latinetiko maileguetan hitz barruan leherkarien [+/- ahots] tasuna mantentzen zen, baina hitz hasieran ez zen holakorik eta [+ahots] gertatzen ziren guztiak. Esaterako pace(m)>"bake". Proposatu izan zen euskaraz ezberdintze hori hitz barruan baino ez zela gertatzen, baina honek ez lirudike normala munduko hizkuntzen artean. Martinetek eztabaidara ekarri zuen danieraren leherkarien sistema, non tasuna ez den [ahostun/ahoskabe], baizik eta [ fortis/lenis ], hau da, fonema batek gauzatze indartsua du eta besteak ahulagoa. Horretaz aparte, bakoitzak ebakera ezberdina du kokapen indartsuan (berba hasieran) edo ahulean (bokal artean) dagoen. Latinetiko hotsak batekin ala bestearekin ordezkatzen ziren kokagunearen arabera.
Mitxelenak sistema hau onartu, eta gainera, sistema osora zabaldu zuen. Honela, fortis sail oso bat gertatzen zen, bakoitzak bere pareko lenisarekin. Honez gain, Mitxelenak /m/-a sistematik baztertu zuen, hots bigarrenkaria zelakoan (gehienetan /b/ baten lekuan dago, hurbileko /n/ baten eraginez sortua), /p/ fonema ere baztertu zuen banaketa osagarrian agertzen zelakoan eta hots sabaikariak ere adierazgarritzat jo zituen. Bestalde /n/ eta /l/-ren forma fortisak (/N/ eta /L/) proposatu zituen. /N/ fonemak azaltzen du zergatik latinez <nn> grafia duena /n/ bezala mantentzen den gaurko euskaraz eta <n> zena desagertu egin da. Era berean lehengo /L/ak gaur /l/ bezala gordetzen dira eta /l/ zirenak /r/ bakunak dira. Lenizio prozesu hauek Erdi Aroa baino lehen gertatu bide ziren.
Beraz, Mitxelenak honako sistema proposatzen zuen, Lakarrak ere onartzen duena:
fortis-ak (p) t k L N R s z
hasperenketa h
lenis-ak b d g l n r ts tz
Erro silabikoa
aldatuLakarrak CVC eredu silabikoa proposatzen du Aitzineuskara Zaharrerako, euskal ondare zaharreko hitzetatik ondoriozta daitekeenez, aurretik proposatua izan zen CVCV eredua baztertuz. Mitxelenak ostera (C)V(W)(R)(S)(T) proposatua zuen, baina Lakarraren ustez eredu zabalegia da, eta gainera kokagune guztiak ez dira inongo berbatan betetzen. Eredu honetako hitzak dauzkagu oraindik gaur egungo euskaran, hala nola "lur", "zur" edo "gar". Dena den, erro silabiko hauek fonologia atalean azaltzen diren murriztapenak zituzten.
Morfosintaxia
aldatuIdatzizko testurik ez izateak aitzineuskararen morfosintaxia ezagutzea asko oztopatzen du. Hala ere aditz trinkoen ezaugarriek, esaterako, bidea ireki zioten Ricardo Gómezi euskarak gaurko SOV hitz hurrenkera beharrean VSO izango zuela. Beste ezaugarri bat izango zen adjektibo kategoria itxia izatea, gaur adjektiboa erabiltzen dugun kokalekuetan partizipio, mailegu edota erlatibozko perpausak erabiliz, guztiak izenaren eskumatan.
Lexiko sorkuntzarako baliabideak
aldatuGarai berantiarrago batean aipatutako CVC erroek aurrizkiak hartzeko gaitasuna garatu zuten (gaurko euskarak ez bezala) eta CV-CVC moduko hitzak daukagu garai honetakoak ("lagun", "mehar" <*benar).
Joseba Lakarraren aitzineuskara zaharraren erro monosilabiko bikoiztuaren eredu zenbait hitzak:
Aitzineuskara zaharra | Aitzineuskara | Euskara |
---|---|---|
*dar → *da-dar | *adaR | adar |
*dats → *da-dats | *adats | adats |
*zal → *za-zal | *azal | azal |
*der → *de-der | *edeR | eder |
*dol → *do-dol | *odoL | odol |
*gor → *go-gor | *gogoR | gogor |
*nal → *na-nal | *anaL | ahal |
*nan → *na-nan | *anan-tz | ahantzi, ahaztu |
*nar → *na-nar | *anaR | har |
*nin → *ni-nin | *inin-tz | ihintz |
*nol → *no-nol | *onoL | ohol |
*nur → *nu-nur | *unuR | hur |
*zen → *ze-zen | *zezen | zezen |
Aditz zahar eredua Koldo Mitxelena, Larry Trask, Ricardo Gómez e Joseba Lakarraren arabera.
Aitzineuskara zaharra | Aitzineuskara | euskara |
---|---|---|
*e-go-n *ni-da-go ⇒ *nago *hi-da-go ⇒ *hago *gu-da-go-de ⇒ *gagode *? ⇒ *dagode |
egon nago hago gaude daude | |
*e-iza-n *ni-da-iza ⇒ *naiza *hi-da-iza ⇒ *haiza |
izan naiz haiz |
Koldo Mitxelenaren Fonética histórica vascan dauden zenbait aitzineuskal adibideak:
Aitzineuskara | Euskara |
---|---|
*ardano | ardo |
*ardi-bini *ardi-zani |
arpin artzain |
*arrani | arrain |
*bene | mehe |
*bini | mihi |
*egu-gaitz | ekaitz |
*eLana | elai |
*eNala | enara |
*gaztana | gazta |
*ini | ihi |
*organa | orga |
*seni | sehi |
*suni | suhi |
*zini | zii, zi |
Ikus, gainera
aldatuKanpo loturak
aldatu- Joseba Lakarra (1998), Hizkuntzalaritza konparatua eta aitzineuskararen erroa, Uztaro 25, 47-110
- Joseba Lakarra (1999), Ná-De-Ná, Uztaro 31, 15-84
- Joseba Lakarra (2006), Protovasco, munda y otros: Reconstrucción interna y tipología holística diacrónica, in Oihenart, Cuadernos de Lengua y Literatura, I Jornadas de Lingüística Vasco-Románica, Eusko Ikaskuntza, Donostia
- Ricardo Gómez, "De re etymologica: vasc. -(r)antz ‘hacia’", UPV-EHU / “Julio Urkixo” Euskal Filologia Mintegia