Agiti

(Akiti(e)tik birzuzenduta)

Donostiako toponimian ageri den Igeldoko baserrien zerrendan, Agaistegui izenarekin azaltzen da baserria 1851. urtean. Beste garai batzuetan Aiti edo Akiti izenarekin ere ezagutzen zen. Harrizko eraikin handi bat da, eta itsas gainean kokatua dago. Bista paregabeak ditu. Garai batean solairu bakarrekoa zen, baina gerora bi etxebizitzatan banatu zen. Jose Antonio Balerdi Martikorena eta Mikaela Lizaso Erauntzetamurgil senar-emazteak dira aurkitu ditugun lehenbiziko bizilagunak. Zortzi seme-alaba izan zituzten: Balbina, Josefa, Migel Mari, Jose Manuel, Patxi, Joxe, Maria eta Antxoni Balerdi Lizaso. Migel Mari 1936ko gerraren garaian itsas armadara eraman zuten. Ez zen inoiz itzuli. Baserrian bi anaia geratu ziren, Jose Manuel eta Jose. Orduan bi etxebizitzatan banatu zuten baserria, eta bakoitzak bere familia osatu zuen.

Jose Antonioren arreba, Concepcion Balerdi, Ondarretako kartzelara eraman zuten atxilo hartuta eta handik hilabetera hil egin zuten, 1936ko irailean, 57 urte zituela. Concepcion alargunduta zegoen. Datu hori Donostiako udaletxe aurrean dagoen plazatxoko oroigarritik hartu dugu. Hango zerrendan ageri da Concepcionen izena; abizena, berriz, honela idatzita dago: Valerdi.

Donostiako udaletxe aurreko oroigarriak dioenez, Concepcion Balerdi atxilotu, Ondarretako kartzelara eraman, eta hilabetera hil egin zuten, 1936ko irailean. 57 urteko alarguna zen. Haren iloba Migel Mari itsas armadara eraman zuten. Ez zen inoiz itzuli. Joxe Balerdi Lizaso Alkizako Epifania Iraola Urruzolarekin ezkondu zen. Bi seme izan zituzten: Jose Migel eta Jesus Mari Balerdi Iraola. Baserrian abereak zituzten: behiak, txekorrak, idiak, astoa... Baratzeko lana ere egiten zuten: babarruna, artoa, tomatea... eta Epifania Donostiara jaisten zen barazkiak eta esnea saltzera. Sakarrotik garoa ekartzen zuten idi gainean, eta gaztainak ere bai, behien gainean. Gaztainak morkotsa eta guzti biltzen zituzten, eta sua egiteko erabili. Gaur egun, Jesus Mari bizi da Agitin, bere familiarekin. Jose Manuel Balerdi Lizaso Habana baserriko Antxoni Lizarazurekin ezkondu zen. Lau seme- alaba izan zituzten: Nekane, Rosi, Jose Antonio eta Asun Balerdi Lizarazu. Baserri-lanetan aritzen ziren; ardiak zituzten, zortzi bat behi, beste hainbeste txekor, astoa... Baratza ere lantzen zuten, Donostiako San Martin azokara joaten ziren, barazkiak eta esnea saltzera.

Itsas izkinan karobi-zulo bat zegoen (gerora arrain-haztegia izan zen lekuan). XX. mendeko 80ko urteetan, uda garaian, jende asko inguratzen zen Agitiko arroketara (Agitiko plaia); baserri ondoan aparkaleku bat zegoen eta 25 pezeta kobratzen zuten automobila bertan aparkatzeagatik. Edariak ere saltzen zituzten. Maiz jaisten ziren arroketara, lapak eta lanpernak biltzera. Kainaberako arrantza ere egiten zuten. Urte askoan algak biltzen ere ibili ziren. Garai batean, gurdian itsas- belarra igotzen zuten arrokatik, idien gainean, goian lehortzen jartzeko; gerora, traktoreak ordezkatu zituen idiak. Familia guztia aritzen zen lan horretan. Gaur egun, Jose Antonio eta Asun anai-arrebak bizi dira bertan, eta Asunen familia. Etxerako baratzeko lan pixka bat egiten dute, eta dozena bat ardi daukate, eta oilo eta oilasko batzuk.

Iturria: Asun Balerdi Lizarazu