Arkaitzaga

(Alcaizaga(e)tik birzuzenduta)

Baserri honen izena, Donostiako toponimian, modu desberdinetan aurkitu dugu historian zehar. Ez dago argi baserri bakarra edo gehiago izan ote ziren, ezta lekuz aldatu izan ote zuten ere. 1596an Alcaçaga izenez azaltzen da. 1589an, Alcaizaga de abajo izenez. Eta 1590ean, Alcaizaga de arriba. Arkaitzaga Azpi izena ere topatu dugu. Uste dugu Igeldoko baserri zaharrenetakoa dela. Elizako liburuan jartzen du 1611n baserritik itsas alderako mendi eta gaztaina-arbola guztiak hondatu egin zirela; eta 1697an, berriz, harri-ekaitz batek herriko zelai guztiak txikitu zituela.

Gaur egun ezagutzen dugun baserria bi epe desberdinetan egin zen: lehenbizi, Donostia aldeko zatia; eta gero, Orio aldekoa. Bi etxebizitzako baserria zen eta bi familia bizi izan ziren.

Alde batean, Arkaitzagako Juana Concepcion Iraola Martikorena eta Amezti Erdiko Jose Bernardo Azurza Usategi bizi ziren. Horien alaba Maria Azurza Iraolak jarraitu zuen baserrian bizitzen, eta Amoene baserriko Domingo Olasagasti Martikorenarekin ezkondu zen. Bost seme-alaba izan zituzten: Kontxi, Jose Bernardo, Martina, Migel eta Xabier Olasagasti Azurza. Mariano Azurza Usategi ere, Mariaren lehengusua, beraiekin bizi izan zen.

Maria Azurzaren garaian, eta gerora ere, baserritik bizi izan ziren. Ukuiluan bost bat behi eta beste horrenbeste txekor izaten zituzten. Baratzeko lana ere egiten zuten. Idi pare bat ere izan zuten, eta 1963an, herriko dema-plazaren inaugurazio-egunean parte hartu zuten. Belar-lanak eta metak ere egiten zituzten. Domingo gozogile lanean ere aritu zen bolada batean, baita Polleroenean eta Isasa pentsu-etxean ere. Etxeko idi-parearekin herriko hainbat baserritara joaten zen, goldean eta harrian aritzera. Auzolanean ere aritu zen, inguruko baserritarrei laguntzen.

Beste etxebizitzan, Martin Telleria eta Jesusa Martikorena bizi izan ziren, errentan. Bost seme- alaba izan zituzten: Martin, Josetxo, Maria, Iñaki eta Antton. Bertan zenbait urtez bizi ondoren, Donostiako Amara auzora jaitsi ziren bizitzera.

Gerora, baserrian Migel eta Xabier Olasagasti gelditu ziren baserriaren alde banatan, bakoitza bere familiarekin. Xabierrek baserri lanean jarraitzen du. Hamabi bat ganadu buru ditu, behiak eta txekorrak, eta baratzeko lanean ere aritzen da. Hiru negutegi handi jarri zituen, eta letxugak izaten ditu urte osoan. Ganaduarentzat janaria izateko belar-lanean ere aritzen da, herriko hainbat baserritako belarrak mozten eta bolak egiten. Eta lorezain-lanak ere egiten ditu herriko zenbait etxetan.


Iturria: Jabier Olasagasti Azurza