Amezti Goikoa Nikolas
Baserriaren lehenengo aipamena 1695ekoa da, Ameztigaraikoa izenarekin. Baserria, garai batean, orain dagoen lekutik 200 bat metro gorago eta ezkerrerago zegoen. Amezti de arriba izenez ere azaltzen da 1811 urtean, eta Amesti de Suso, 1821ean. Gerora, Amezti Goikoa moduan ezagutu izan da.
Benita Iraola (Plazetxekoa) Zarautza ezkondu zen Mariano Uranga Aramendia zarauztarrarekin. Sei seme-alaba izan zituzten: Ignazio Mari, Ines, Josefa, Joxe, Maria ‘Mutua’ Uranga Iraola, eta izena seguru ez dakigun beste bat. Bi alaba, Ines eta beste bat, Ameriketara joan ziren. Baserrian Maria gelditu zen bizitzen. Nikolas Fernandez gizon mutuarekin ezkondu zen. Senar- emazteak biak mutuak zirela, urte batzuetara Mutubene ere izendatzen zuten baserria. Gerra garaian Nikolas Fernandez ‘Mutua’, kale-garbitzaile aritzen zen, eta komunisten egunkaria irakurtzen omen zuen. Horregatik, baten batek salatuta, egun batean goizaldeko lauretan etxetik Ondarretako kartzelara eraman zuten. Handik bi egunera, alaba aitaren galdezka joan zenean, keinu egin zioten eskuarekin, lepoa moztu ziotela adieraziz. Bikoteak bi seme-alaba izan zituen: Mariano eta Maria Fernandez Uranga.
Mariano semea igeltsero-lanetan aritzen zen. Hogeita bost urte inguru zituela, Australiara jo zuen lanera. 2021ean hil zen.
1964an baserria erori egin zen. Hainbat herritarren laguntzaz, auzo-lanean konpondu zuten. Garai hartan, baserrian pare bat behi zeukaten, eta baratza pixka bat ere egiten zuten.
Maria Fernández Uranga alaba Iturrieta baserriko Luis Izagirre Berridirekin ezkondu eta familia osatu zuten. Lau seme-alaba izan zituzten: Maria Luisa, Jose Mari, Rosa Mari eta Nikolas Izagirre Fernández. Maria eta Maria Luisa ama-alabak Donostiako erresidentzian aritu ziren garbiketa-lanetan, eta tarteka Pakea zentroan ere bai. Luisek, berriz, harrobian egiten zuen lan. Luis 45 urterekin hil zen. Garai hartan, edateko ura Etumetxabal iturritik ekartzen zuten, eta gobada egitera Zulotxora joaten ziren.
Maria Luisa alaba gelditu zen baserrian; Zegamatik etorritako Klaudio Berasategirekin ezkondu eta seme bat izan zuten, Jose Luis. Klaudio Antigua auzoan zegoen garagardotegian aritu zen banaketa-lanetan; Maria Luisa, berriz, Donostiara jaisten zen barazkiak saltzera. Postu bat zuten San Martin merkatuan; emaztea han egoten zen barazkiak saltzen. Baratzeko lan handia egiten zuten, eta urte askoan jardun ziren barazkiak ekoizten eta saltzen. 1995ean Amezti sagardotegia ere ireki zuten, zenbait urtez aritu ziren lan horretan ere.
Gaur egun, Josu Izagirre Gomez (Nikolasen semea) eta Mirari Etxezarreta Oiartzabal bikotea bizi da baserrian beren familiarekin.
Iturria: Nikolas Izagirre Fernandez