Zumarragako Jazinto Arana eta Durangoko Ines senar-emazteek, Axurriki baserriko lurrak erosita, altxatu zuten etxe hau. Eraikuntza- lanetan Joxe Uranga aritu zen, bere langileekin.

Bi pisuko eraikina da. Etxearen beheko aldean oilandak zeuzkaten; goiko aldean, hiltegia. Oilandek sei aste inguru behar izaten zuten hazteko. Oilaskoak astean behin hiltzen zituzten, taldeka. Donostiako taberna eta dendetan saltzen zituzten.

Igeldoko hainbat jende aritu zen han lanean: Pedro Artanok oilandei jaten ematen zien. Gerora, Txomin Alkorta ere aritu zen lan horretan. Oilaskoak hiltzeko garaian, jende gehiagoren beharra izaten zuten: Pepita Esnal, Joakina Iraola, Tomas Enbil, Jose Antonio Mujika eta Jose Manuel Segurola ere horretan aritu ziren.