Arburu
Donostiako toponimian, Arbururekin lotuta azaltzen den lehen data 1841ekoa da. Beste datu bat ere badator: baserria Donostiatik 4.900 metrora dago.
Terrenoak bi nagusi zituen. Batetik, baserria eta goiko aldeko zatia Pedro Manuel Villenarena zen; beheko aldekoa, berriz, Antonio Ubarretxenarena. Azken hori La Borda del Tiro moduan ezagutzen zen. Katu-Bideak edo Bide Zaharrak banatzen ditu bi zatiak. Bide hori Arburutik Leku Eder aldera doan herri-bidea da, eta bi izen horiek ematen zaizkio.
Baserrian Joxe Etxebeste eta Mikaela Bengoetxea bizi ziren. Hamaika seme-alaba izan zituzten: Maria, Alejandro, Teresa, Ramoni, Rosa, Karmen, Jose Mari, Pepita, Pakita eta Palomi Etxebeste Bengoetxea. Izan zen beste bat ere, txikia zela hil zena; haren izenik ez dakigu. Joxe Etxebeste Iruin baserrikoa zen. Baserrian behi pare bat izaten zuten.
1955ean, Juan Migel Sansineneak erosi zuen guztia. Hark Etxebeste Bengoetxea familia bota egin zuen baserritik. Urte batzuk geroago, berriz etorri ziren, zaintza-lanak egitera. Juan Migel Sansinenea medikua zen, eta Donostiako Londres hotelaren jabea. Gudamendi hotela ere erosi zuen eta, gaur egun Nicols hotela dagoen lekuan, bungalow asko jarri zituen. Huescako Formigaleko eski-pistak ere berak eraiki zituen.
Rosa Etxebeste Bengoetxea alaba Antonio Martiarena Zendoiarekin ezkondu zen (Gurrutxategi edo Txokolatene baserriko semea); eta hiru seme-alaba izan zituzten: Belen, Jose Antonio eta Itziar. Antonio Martiarena mikrobus batekin ibili zen gidari-lanetan, Sansinenearen negozioetako bezeroak garraiatzen (Gudamendi, bungalowak, Formigal...).
Gudamendi mendiaren magalean, Arburu baserriaren ondoan, amuarrainak hazteko hiru aska zeuden. Amuarrainen hazkundean eta zaintzan Alejandro Etxebeste aritzen zen. Amuarrain emeak eskuarekin estutuz, arrabak ateratzen zizkieten; arrei, esnea. Nahasketa egiteko, sapelaitzaren lumak erabiltzen zituzten; hortik arraba gehiago lortzen zuten, gerora amuarrain txikiak izango zirenak. Itsasoko ur gaziarekin ere probaren bat egin zuten, ura Ondarretatik bidoietan ekarrita.
Arburu baserrian Juan Migel Sansineneak zenbait proiektu jarri zituen martxan: amuarrainen haztegiaz gain, baratzean ere esperimentu berriak probatu zituen, hala nola, endibiak, garbantzuak eta kakahueteak landatzea.