Aristondo
Donostiako toponimiako zerrendan, Aristondo baserriaren lehen aipamena 1700ekoa da. Igeldoko hegoaldeko magalean dagoen baserri txiki bat da. Eraikina harri txikiz egina dago. Lursail askorik ez du, eta hiru zatitan banatuta dago.
Garai batean, mutilzahar bat bizi zen baserrian, herrena zena. Iloba etortzen zitzaion laguntzera, Xateneko Pedro Iraola Martikorena, eta denborarekin bertan gelditu zen bizitzen. Pedro Joakina Arruti Lizaso aiarrarekin ezkondu zen. Bost seme-alaba izan zituzten: Maria, Benantxi, Joxe, Lutxi eta Felipe Iraola Arruti. Felipe txikitan hil zen. Aitak harrobian lan egiten zuen; eta amak atera zuen baserria aurrera, seme-alaben laguntzarekin. Pedro gazterik hil zen, eta Joakinak senarraren lehengusu Praxku Iraola (Borda baserrikoa) izendatu zuen seme-alabentzako tutore.
Joakina Arruti hamaika aztarrika egindako emakumea zen. Dozena erdi bat behi-buru izaten zituen ukuiluan, eta txerri eta oiloak ere bai. Baratza pixka bat ere lantzen zuen. Astoarekin joaten zen Antiguara, esnea eta barazkiak saltzera. Astoa Heriz pasealekuko bodegaren ondoan lotu, baserriko produktuak saldu, eta txerri-janak bilduta etxeratzen zen. Maria eta Benantxi alabak Aristegietako markesaren alabengana joaten ziren eskola jasotzera: irakurtzen, idazten eta zenbakiak ikastera.
Maria Iriarte baserrira ezkondu zen. Benantxi, Aizarnazabalera, hango Felix Lizarralderekin. Seme bat izan zuten: Koldo Lizarralde Iraola. Haurrak hiru urte zituela, hil zen Felix aita. Benantxi alargunduta, Aristondora itzuli zen; handik zazpi hilabetera jaio zen bigarren semea: Felix. Garai hartan baserrian Joakina ama, Joxe semea eta Lutxi eta Benantxi alabak bizi izan ziren, eta honen bi semeak. Gerora, Lutxi ezkondu eta Bekoetxeberri baserrira aldatu zen.
Joxe Iraola gazterik hasi zen hargintza-lanetan: Añorgako eliza eraikitzen, Antiguako Lizarriturri lantegian… Trebea zen hainbat lanetan: igeltsaritza, iturgintza, zurgintza edo elektrizitate-gaietan, eta askotan deitzen zuten inguruko baserrietatik. Haren motoak ezagunak ziren inguruan, ‘Guzzi Hispaniak’. Zaletasun handia zuen ehizean eta arrantzan ibiltzeko; igande goizean Mutegi azpiko arroketara jaisten zen.
Benantxik, berriz, ama Joakina eta bi semeak zaintzen zituen. Ukuiluan behi parea eta txekorrak zituzten; esnea Gurelesara jaisten zuten egunero. Barazkiak Matia kaleko dendetara eramaten zituen, autobusean jaitsita.
Dolarea ere bazuten baserrian. Inguruko baserritarrek bertan egiten zuten sagardoa, Aristondokoek lagunduta. Belar-metak egiteko ohitura ere bazuten. Errekaldeko sailetan zazpi egiten zituzten; eta beheko larrean, beste bi. Leku zailak ziren, aldapatsuak. Azpitarako ere zakar-garoa ekartzen zuten, urte batean Mendizorrotzetik eta hurrengoan Mutegitik. Garoa garraiatzeko, bospasei idi-pare elkartzen zituzten: Iriarte, Ganbo, Axurriki eta Erauntzetakoak, eta beste zenbait.
Lurra lantzeko Ganboko idiak erabiltzen zituzten; auzolanean, Aristondokoek belar-metak egiten laguntzen zieten Ganbokoei. Joxe eta Benantxi anai-arrebak etxean hil ziren, Joxek 91 urte zituela; eta Benantxik, 93. Gaur egun, Koldo, bere familia eta Felixen familia bizi dira baserrian.