Baserri honen aipamenak, Donostiako toponimiaren arabera, 1811. urtean Baldeverri moduan eta 1864an Baldaberre izenez topatu ditugu.

Azaltzen diren lehenengo jabeak bi emakume ezkongabe dira. Gerora, Joxe Matxain Etxabe etorri zen bizitzera. Joxe Usurbilgo Arratzain baserriko Asentsi Lizaso Arrutirekin ezkondu zen. Sei seme-alaba izan zituzten: Ignazio, Josefa, Anttoni, Juan eta Maria Matxain Lizaso. Juan semea gelditu zen baserrian bizitzen. Amezketako Frantziska Goikoetxea Iturriozekin ezkondu zen. Frantziska, ezkondu aurretik, neskame lanean aritu zen Donostian. Juan, berriz, gazte denboran Donostiako udaletxean. Lau seme-alaba izan zituzten: Jose Agustin, Andres, Mari Karmen eta Antonio Matxain Goikoetxea.

Bizimodua batez ere baserritik ateratzen zuten, dozena erdi bat behi zuten ukuiluan, beste horrenbeste txekor, txerri pare bat, oiloak eta astoa ere bai. Baratz oparoa zuten: patata, porrua...; soroan ere lan ugari egiten zuten, etxerako zein ganaduarentzat: artoa, babarruna, arbia, erremolatxa... Frutarbolak ere bazituzten: gereziak, pikuak eta sagarrak batez ere. Juan baserriko lanaz arduratzen zen; Frantziska, berriz, egunero jaisten zen Bretxara, esnea eta barazkiak saltzera. Igararaino astoarekin joaten zen, han autobusa hartzen zuen.

Inguruko baserrietako etxeko andreak astoarekin jaisten ziren Igarako autobus-geltokiraino (Arpita baserriaren bidegurutzean), handik merkatura joateko baserriko produktuak saltzera. Astoak Langa Gorrian loturik uzten zituzten eta autobusa hartzen zuten. Egun batean, azokatik bueltatuta, konturatu ziren Balda Berriko astoa falta zela. Baten batek hartu zuelakoan, galdezka hasi ziren, eta jakin zuten ijitoek eraman zutela. Bidea jarraitzen hasi eta aztalkak topatu zituzten, hanka-marken atzetik nondik nora joan ziren antzeman zuten. Aietetik barrena, jendeak emandako azalpenei eta arrastoei jarraiki, Bera Bidasoaraino iritsi ziren. Ijitoen kanpalekua ikusi zuten, hantxe zegoen astoa. Aitona Joxe hurbildu eta abereak ezagutu egin zuen, baina ijitoek ez zioten kasurik egiten. Orduan, Joxek Guardia Zibilaren kuartelera jo zuen, eta gertatutakoa kontatu. Haiekin batera, astoa zegoen lekura joan zen berriro. Guardia zibilek astoa nagusiarengana nola zetorren ikusita, astoaren jabea Joxe zela ondorioztatu zuten, eta igeldoarra animaliarekin bueltatu zen etxera.

Gobada egitera errekara joaten ziren. Ganadua ur edatera ere hara eramaten zuten. 1978. urte inguruan oilaskoen etxaldea jarri zuten. Txita txikiak ekartzen zituzten, 15.000 inguru aldi bakoitzeko, eta bertan gizendu. Gaur egun, 7.000 oilanda inguru ekartzen dituzte, arrautzak jarri eta txitak emateko. Etxaldea baserritik aparte dago, goiko mendiaren magalean.

Baserrian zuten ganadua kendu egin zuten, 2017 aldean. Orain frutarbola batzuk dituzte. Jose Agustin Matxain Lizaso bakarrik bizi da baserrian.

Iturria: Antonio Matxain Goikoetxea