Barberoetxe
Donostiako Toponimiaren arabera, Igeldoko baserrien zerrendan 1844koa da baserriaren lehen aipamena. Goico-Echea eta Estuan ere ageri dira; gerora, Barberoetxe. Etxearen aurreneko jabeak Ignazio Arrillaga eta Bilboko Luisa Enbil Malaxetxeberria izan ziren. Bikotea ezkondu eta bertan jarri zen bizitzen. Lau seme-alaba izan zituzten: Joxe, Juanito, Ramon eta Maria Arrillaga Enbil.
Baserriaren hurrengo jabea Joxe Oliden izan zen arren, Arrillaga- Enbil sendiak bertan bizitzen jarraitu zuen zenbait urtez. Juanito eta Joxe harrobian aritzen ziren lanean; Juanito, gainera, oso trebea zen desterak egiten.
Antonio Dorronsororekin aritu ziren harrobian. Joxe bularreko gaitzak hil zuen. Aurretik 1936ko gerrara joan zen, Patxi Enbil lehengusuarekin batera. Batailoi berean ibili arren ez zuten zorte bera izan: Joxe etxera itzuli zen; Patxi, tamalez, ez. Ramon kaminero lanetan aritu zen urte askoan, Igeldoko bide bazterrak garbitzen. Maria gazte hil zen minbiziak jota. Ondorioz, hiru urteko alaba, Maria Jesus Sarasua, Barberoetxera itzuli zen, amona Luisa eta hiru osabekin jarri zen, 1947an. Bizimodu gogorra zuten han: urik eta argindarrik gabe. Ur bila etxe azpiko arroketara jaisten ziren egunero, bi erreka zeuden lekura. Erreka bateko ura arropa garbitzeko erabiltzen zuten; bestekoa, edateko. Maria Jesus goizean goiz joaten zen ur bila, arroketara; bi balde ur igotzen zituen: bata eskuetan eta bestea buru gainean. Ondoren, Donostiarako autobusa hartzen zuen 08:15ean, Parte Zaharreko jostundegi batean lanean aritzeko, 14 urte baino ez zituela.
Ganadu gutxi zuten: behia, txekorra eta oilo batzuk. Baratzan amona Luisa eta biloba Maria Jesus aritzen ziren. Beheko solairuan ukuilua eta sukaldea zegoen; goikoan, gelak eta ganbara. 1960an utzi behar izan zuten Barberoetxe, Ignazio Oliden jabeak eskatuta. Handik aterata, etxe sindikaletan pisua erosi zuten.
Maria Jesus Sarasua Tomas Baldarekin ezkondu zen eta hiru seme izan zituzten: Imanol, Iñigo eta Mikel Balda Sarasua.
Iturria: Mikel Balda Sarasua