Barrenetxe
Donostiako Udalaren datuetan 1863an azaltzen da lehenengo aldiz, baina baserria zaharragoa da. Urte horretan Donostiako lurretan erregistratu zelako azaltzen da datu hori. Baserria Igarako erreka gainean kokatua dago.
Han bizitzen aurkitu dugun lehenbiziko familia Illarramendi Kaperutxipi familia da. Jose Illarramendi Roteta eta Maria Visitacion Kaperutxipi bikotea Azpeititik etorri ziren, apopilo, baserri honetara. Bi etxebizitzako baserria zen. Barrenetxen jarri zirenetik lau seme-alaba izan zituzten: Ignazio, Maria, Jesus eta Maria Dolores. Azpeitian bizi ziren garaitik bazituzten beste seme-alaba batzuk ere.
Ukuiluan behiak zeuzkaten, eta idi parea ere bai. Joxe inguruko baserrietan ibiltzen zen goldean. Baratzean ere lan asko egiten zuten; eta esnea eta barazkiak saltzera Donostiara jaisten ziren, Igaran autobusa hartuta.
Gerora, Inaxio semea gelditu zen baserrian eta Agiti baserriko Maria Balerdirekin ezkondu zen. Barrenetxen bizi ziren bitartean, Ignaziok eta Mariak seme bat izan zuten: Jose Mari Illarramendi Balerdi. Garai hartan, Madrilen bizi zen markes batek erosi zuen Barrenetxe baserria eta, handik pixka batera, militarrentzako zaldiak jarri zituzten han, eta illarramenditarrek Urdanetako Txatxarro baserrira alde egin behar izan zuten. Han bizi izan ziren garaian beste seme-alaba batzuk izan zituzten.
Iturria: Imanol Illarramendi Balerdi