Bengoetxe

(Bekoetxe(e)tik birzuzenduta)

Baserri hau, hasiera batean, Bekoetxe izenez ezagutzen zen. Donostiako toponimian, baserri eta etxeen zerrendan, 1566an ageri da Bengoetxea izenarekin. Lehenbiziko nagusia Lesmes Arrillaga izan zen, Igeldoko alkatea izandakoa. Gizon handia zen, eta igandeko mezara gurdi gainean eramaten zuten. Hiru seme-ala- ba izan zituzten; alaba haietako bat izan zen baserriaren nagusia. Gero, Eibarrera joan zen bizitzera eta, amaren ondoren, haren alaba bat, Luzia Aranberri Arrillaga eibartarra, azaltzen da baserriaren nagusi moduan. Bi etxebizitzako baserria zen. Baserria errentan hartuta azaltzen dira Pedro eta Ignazio Arrillaga anaiak. Baserriak 400.000 metro karratuko azalera zuen lurretan. Garai batean, baserriaren zati bat erre egin zen.

Garai batean, igande arratsaldean Bengoetxea baserriko atarian erromeria izaten zen. Ondazarte baserriko Pedro Dorronsorok kontatzen zuen nola gaztetan aho-soinua jotzen zuen han; eta neska-mutil koadrila elkartzen zirela baserri aurreko zelaian eta ilundu arte dantzan egiten zutela. Horixe izaten zen garai hartako festa.

Baserriaren aldamenean, buzera bat zegoen: lur-azpian harriz egindako zulo borobil bat, mendi eta zelaietako urak jasotzeko erabiltzen zena. Balde batekin ateratzen zuten ura handik, etxekoek edateko edo ganaduari emateko. Baserriaren behealdean bazen iturri bat, Presalde izenekoa, han egiten zuten gobada.

Pedro Arrillaga Josefa Ignazia Aiestaranekin ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan zituzten: Nartziso, Martin, Gonzalo, Juanito, Xixili eta Pantxika Arrillaga Aiestaran. Martin Arrillaga semea gelditu zen baserrian. Amoene baserriko Dolores Olasagastirekin ezkondu eta baserriaren zati batean bizi izan ziren. Bost seme-alaba izan zituzten: Kandido, Dolores, Juan Jose, Migel eta Jose Antonio Arrillaga Olasagasti. Baserrian baratza egiten zuten etxerako: babarruna, artoa, erremolatxa... Ukuiluan zortzi bat esne-behi eta txekorrak zeuzkaten. Dolores aritzen zen batez ere baserriko lanetan, Martin senarra, berriz, ganadu-tratante lanean. Baserrietan behiak erosi eta hiltegira eramaten zituen. Doloresen koinatu Arriolako Tomas Zubeldia morroi izan zuten etxean; baserriko lanetan laguntzeaz gain, pelukero-lanak ere egiten zituen.

Baserriaren beste etxebizitzan, Ignazio Arrillaga eta bere emazte Josefa Ignacia Mendiguren Iraola bizi ziren, bost seme-alaba izan zituzten: Bitxori, Tomasa, Hilario, Balentin eta Anjelita. Anjelita alaba Mutegi baserriko Asentsio Etxabe Arrutirekin ezkondu, eta alaba bat izan zuten: Lourdes Etxabe Arrillaga. Hilario gerran hil zen; Balentin, berriz, etxean, gerratik itzuli eta berehala.

Baserrian behiak eta txekorrak zeuzkaten. Txekor haietako bat bereziki famatu egin zen inguruan, 1954an jaioa, urtebetera izugarri handia zen: 758 kg bizirik; eta 482, kanalean. Baserrian baratza eta esne-behiak zeuzkaten; esnea Gurelesara eramaten zuten, 1950 aldean enpresa sortu zenetik. Ordura arte, Donostiara jaisten zuten esnea saltzera, Benta Alegreraino asto gainean igo eta handik autobusean.

Bengoetxera bi artzain etortzen ziren Betelutik beren artaldearekin negua Igeldon pasatzera: Bartolo eta Eusebio Balda anaiak. 1969 aldean hasi ziren. 200 buru inguruko artaldea zeukaten, eta ardiak herriko hainbat zelaitan askatzen zituzten. Ardi-esnearekin, mamia eta gazta egiten zuten. Eusebio, anai gazteena, Bretxako merkatura joaten zen euren produktuak saltzera. Uda garaia, berriz, Aralarko Malloetan igarotzen zuten. Gerora, Bartolok artzantza utzi, eta lorezain lanetan hasi zen. Baserriaren beren partean Eusebio gelditu zen, eta Usurbilgo Egiluze-Txiki baserriko Arantxa Ugarterekin ezkondu eta osatu zuten familia. Ardiak Igeldoko zelaiez gain, Usurbil, Aginaga eta Oriokoetan ere ibiltzen zituzten. 2011. urtean baserri osoa erosi zuten, bi etxebizitzak. 2013an baserriaren alde bateko teilatua erori zela-eta, baserri osoa konpondu zuten.

Iturria: Kandido Arrillaga, Migel Arrillaga