Donostiako toponimian azaltzen denez, Bentalegre 1893an eraiki zuten. Etxeak bi solairu ditu eta, hortaz aparte, beheko aldean ukuilua. Baserria herriko kaskoaren sarreran dago, Kooperatibaren eraikinaren parean, errepidearen beheko aldean.

Dokumentuan azaltzen diren lehenengo nagusiak Zelestino Aldanondo Martikorena eta Azpeitiko Nuarbeko Pantxika Etxezarreta Etxaniz dira, eta haien alaba: Natividad Aldanondo Etxezarreta. Zelestino Otondo (gaur egun, Balenziaga) baserrian bizi zen. Garai hartan, baserriak taberna eta ostatu moduan funtzionatzen zuen. Pantxikak Donostian lan egiten zuen; gero, Otondoneko ostatura etorri lanera eta bertan ezagutu zuten elkar. Zelestino, gero, kale-garbitzaile lanean aritu zen; Pantxika, berriz, etxeko beheko partean zeukan taberna txikian. Zelestinok eskusoinua jotzen zuen, tabernetan batez ere.

Natividad Aldanondo Barrenetxe baserriko Jesus Illarramendirekin ezkondu zen. Sei seme-alaba izan zituzten: Dolores, Pakita, Maria Jesus, Juanita, Mari Karmen eta Zelestino. Mari Karmen txikitan hil zen. Jesus Antiguako Lizarriturri fabrikan ibili zen lanean. Etxean ganadua zeukaten: sei bat behi eta txekorrak. Azienda frontoi ondoko iturrira eramaten zuten ur edatera. Gobada egitera ere herriko kaskoko iturrira joaten ziren. Baratza dexente egiten zuten. Natik Sindikatuan ziharduen lanean, alabaren laguntzarekin. Ez zeukaten ordutegirik, baserritarrak noiznahi etortzen baitzitzaizkien. Sindikatuan ia denetik saltzen zuten: pentsua, garagarra, artoa, ardoa..., bertan errota txiki bat ere bazeukaten, artoa xehetzeko.

Etxean zazpi gela zeuzkaten alokairuan, eta leku askotako jendea izaten zuten. Gosaria ematen zieten gaua bertan pasatutakoei. Gudamendiko tiropitxoneko tiratzaileetako batzuk Bentalegreko bezeroak ziren. Haien arropen garbiketaz ere arduratzen ziren, eta haien txalekoen botoiak josteaz ere bai. Zelestino semeak zenbait urtez segitu zuen baserrian ganaduarekin lanean. Esnea saltzera Amara Zaharrera joaten zen automobilean. Gerora, baserriko lana utzi eta kanpoan hasi zen lanean. Gaur egun baserria hutsik dago.

Iturria: Juanita Illarramendi Aldanondo