Benta Berri
Baserriaren lehenengo aipamena, Donostiako toponimiako baserrien zerrendaren arabera, 1811koa da. Baserrian hiru etxebizitza zeuden eta familia bana bizi zen bertan. Topatu dugun lehenbiziko nagusia Iriarte baserriko Manuel Arrutiren izeba da.
Honako hauek dira Benta Berrin bizi ziren familiak:
Etxebizitza batean, Ramon Balerdi, bere amarekin. Ramonek ardotegi batean egiten zuen lan.
Bigarrenean, Teixa Martikorena eta Txomin Eskarmendi bikotea. Hauek lau seme-alaba izan zituzten: Txomin, Ramuntxo, Karmelo eta Maite Eskarmendi Martikorena. Txomin aitak ardandegi batean egiten zuen lan. Txomin Eskarmendik Iriondo ardotegiko almazenean egiten zuen lan. Gogoratzen da 1941ean botila bat ardok pezetaren bi erreal balio zuela. Karmelo semeak esku-soinua jotzen zuen, makina bat urtean ibili zen San Juan eta Santa Ixabel eskean, bere esku-soinuarekin. Leihoa zabal-zabalik zuela entseiatzen zuen; inguruko etxeetatik ondo entzuten ziren haren musika-saioak.
Hirugarren etxebizitzan, Bernardo Azpillaga eta Maria Arrillaga Aiestaran bizi ziren. Hauek alaba bat izan zuten: Pepita Azpillaga Arrillaga. Bernardo zenbait harrobitan ibili zen lanean, lurperatzaile ere aritu zen herriko hilerrian. Maria, berriz, Iriarte baserrian aritu zen lanean: otorduak prestatzen eta etxeko lanak egiten.
Familia haiek guztiek aspaldi alde egin zuten baserritik, hura salduta. Ondoren, baserria erosi zutenek, eraikina erdi eroria zegoela-eta, guztiz eraitsi eta bi etxebizitza eraiki zituzten. Gaur egun beste familia batzuk bizi dira bertan.