Benta Berri Azpi
Donostiako toponimiaren arabera, baserri hau 1862. urtean azaltzen da lehen aldiz, Amezti Garaikoa izenez. Amezti Garaikoa Amezti Zahar baserriarekin loturik zegoen. Bi baserriak horma batek bereizten zituen, biena zen batek. Lehenbiziko nagusi moduan Agustin Arruti e Iceta azaltzen da. Geroago, Jose Mari Landa Etxeberria eta Joakina Antonia Aldanondo Rezabal senar-emazte oriotarrak.
Ondoren, Joxe Gabilondo Aldanondo eta Zankardegi baserriko Pilar Mendiluze Arrizabalaga senar-emazteak. Hauek bi seme-alaba izan zituzten: Anjela eta Jose Alejandro Gabilondo Mendiluze. Familia hau, hasiera batean, alokairuan bizi izan zen, baina 1929. urtean erosi egin zuten baserria. Baserria, garai hartan, nahiko egoera txarrean zegoen; hori zela eta, bota eta guztiz berritu zuten. Bertan eraiki zuten berria eta, haren aldamenean, bi alturako eraikin bat. 1930. urtean, Benta Berri Azpi moduan azaltzen da. 1950ean beste pisu bat erantsi zitzaion aldameneko etxeari. Baserriak hainbat terreno zituen bere inguruan.
Joxe igeltsero lanetan aritzen zen. Gazterik hil zen. Jose Alejandro semeak ere igeltsero moduan jardun zuen; eta Antiguara joan zen bizitzera. Garai hartan, sei edo zazpi behi izaten zituzten ukuiluan. Anjela alaba, zazpi urte inguru zituela, behiak zaintzen egoten zen zelaian; eta inoiz behiren batek alde egiten bazion, hura ezin harrapaturik ibiltzen zen.
Pilar eta Anjela alaba gelditu ziren baserrian. Gerra garaian, patata erein berritan, soldaduek eraman egiten zituzten. Pilarrek etxe inguruko harkaitz-zulo batean ezkutatu zituen etxeko txanpon apurrak. Egun batean, dirua falta; nonbait, belarretan oinatzak utzi zituen, eta norbaitek jarraitu egin zion. Anjela Xatene baserriko Bizente Iraola Esnalekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten: Maria Anjeles, Jose Mari, Jabier eta Sabino Iraola Gabilondo. Bizente beiragintzan aritu zen lanean; probintzian zehar egiten zuen lan, obra desberdinetan. Baserrian ere aritzen zen lanean. Goizaldeko laurak eta erdietan jaiki, belar-fardoa buru gainean jarrita ukuilura ekarri eta, ondoren, bizikleta hartuta goizeko seietarako lantokira joaten zen Donostiako Amara auzora. Anjelak etxeko lanak egiten zituen, eta egunean zehar ganaduarentzako eta baratzeko zereginak. Denetik landatzen zuten: babarruna, artoa, erremolatxa, arbia, alpapa... Behiez gain, oiloak, untxiak, indiar untxiak eta astoa ere izaten zuten.
Inguruko etxekoandreek erraz antzematen zuten Bizente noiz zebilen inguruan, beragatik baino gehiago astoarengatik. Astoa ikusita, bazekiten Bizente ez zela urruti.
Urtean zehar, sei bat belar- meta egiten zituzten beren terrenoetan.
Edateko uraren bila, Erasoenea baserriko iturrira joaten ziren. Ganadua berriz, Txulotxo iturrira eramaten zuten. Gobada egitera ere Txulotxora jotzen zuten.
Iturria: Jabier Iraola Gabilondo