Donostiako toponimian azaltzen den baserrien zerrendaren arabera, baserria 1776koa da. 1860an, Biorreta izenez azaltzen da, baita Bidaurreta ere. Mendizorrotz mendiaren beheko aldean kokatuta dago, Txalin tontorraren ondoan. ‘Venta de Casa de postas’ izan zela ere azaltzen da. Bi altuerako eraikina da, manposteriako harriz egina. Sarreran harlauza handiak ditu. Beheko sua garai batekoen modukoa zuen, eta harrizko gazi-kutxa bat ere bai, animalien hilketako haragiak-eta gazitzeko. Gaur egun ere hantxe dago harrizko aska. Terreno asko ditu, eta haietako asko lauak dira.

Biorreta XVIII. mendearen bukaeran ostatua izan zen. Bilgune ezaguna zen, garaiko elizgizonek ere bazuten haren berri: 1813ko abuztuaren 21ean Donostiako eliz agintariak Biorretan bildu ziren hiria jasaten ari zen setioa zela eta. Handik hamar egunera, abuztuaren 31n, hiria erabat suntsituta geratu zen.

Baserri honetan topatu ditugun lehenbiziko biztanleak Zelestino Zubeldia Sarasua eta Maria Anjela Martikorena Garate dira; gizona Egiluze baserritik etorria eta emaztea Bengoetxetik. Hiru seme-alaba izan zituzten: Manuela, Jose Antonio eta Anttoni Zubeldia Martikorena. Zelestino Plaiaundiko ‘Fraile’ harrobian aritu zen lanean. Orion Gaztaina-arroka esanda ezagutzen da leku hori, inguruan gaztainondo ugari zegoelako. Zelestino, lanean ez zenean, arrokan izaten zen ia beti: lanperna, olagarro, lapak eta bestelakoak harrapatzen. Jose Antonio eta Antxoni anai-arrebak ezkondu eta baserritik kanpora joan ziren bizitzera. Baserrian Manuela gelditu zen. Zankardegi baserriko Joxe Errazkin Mendiluzerekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten: Maria Luisa eta Jose Mari Errazkin Zubeldia.

Baserrian ganadu asko izaten zuten: sei bat behi, zaldiak, astoa, ardiak, arkumeak eta idiak ere bai. Baratza asko lantzen zuten: artoa, babarrunak, patata... Etxeko idiekin, auzoko baserrietara joaten ziren zenbait lan egitera: goldatu, simaurrak atera, garoa garraiatu... Artoa, asto gainean jarrita, Hernaniko eta Orioko errotetara eramaten zuten, irina egitera.

Gerra aurretik, lineako autobusa Biorreta baserriraino iristen zen. Huraxe zen azken geltokia.

Gobada egitera bide nagusiaren beste aldean dagoen iturrira joaten ziren. Maria Anjela, barazkiak eta esnea saltzera Donostiako Bretxako azokara joaten zen. Asto edo behorrarekin Iturrietaraino joan, eta han autobusa hartzen zuen. Donostian, hainbat etxetako maindire zikinak biltzen zituen, eta iturrian garbitu. Ganadua ere hara eramaten zuten, ur edatera; etxerako ura ere handik hartzen zuten, eta baldean eraman.

Ehizan asko ibiltzen ziren Zelestino eta Jose Antonio, eta baita Jose Mari Errazkin eta haren lehengusu Jose Mari Zubeldia ere, Jose Antonioren semea. Zubeldiatar aita-semeak arrantzara ere askotan joaten ziren; oso trebeak ziren horretan, eta arrain asko harrapatzen zuten: muxarrak, lupiak, lanpernak...

Bi anai-arrebak baserrian gelditu ziren. Maria Luisa Bengoetxe baserriko Kandido Arrillaga Olasagastirekin ezkondu eta seme bat izan zuten: Joseba Arrillaga Errazkin.

Gaur egun ganadu asko dute baserrian: behiak, zaldia eta behorrak, ardiak... Baratzeko lana ere egiten dute. Kandido eta Joseba aritzen dira baserriko lanetan.

Iturria: Joseba Arrillaga Errazkin