Borda Berri baserriaren ondoan zegoen etxe txiki bat zen Borda Berri Txiki. Baserria 1863 ingurukoa dela uste dugu. Bertako ukuiluan sutea izan zen eta etxea osorik erre zen, baita Borda Berri baserriko zati bat ere. Auzolanean konpondu zuten, herritarren laguntzarekin, eta bolada batez leihoetan kristalik ez zela eta urik gabe bizi izan ziren.

Orioko Bittor Bengoetxea Maria Luisa Berridirekin ezkondu zen. Bost seme-alaba izan zituzten: Manoli, Pepita, Bittor, Inaxi eta Maria Luisa. Errentan bizi izan ziren. Kamio baserriaren behealdean iturri bat zegoen, eta Maria Luisa egun guztian ura ekartzen ibiltzen zen, gora eta behera, kantari. Oso emakume alaia zen.

Bittorrek harrobian lan egiten zuen; alaba guztiak neskame joan ziren, edo umeak zaintzera. Bittor semea, berriz, sei urte zituela, lurrean zegoen argindar kable bati heldu eta hil egin zen. Etxean behi bakarra zuten, baratza ere ez zuten askorik egiten. Golderako, edo laguntza behar zutenean, idiak eskatzen zizkio- ten Kamioko Jose Ramon Zendoiari; gero, trukean berari laguntzera joaten ziren: metak egitera edo arto jorrara... Egun batean, etxeko bi alaba Astigarragara bidali zituzten astoarekin, artoa eramatera; eta bidea ez zekitela-eta, amak esan zien astoari jarraitzeko, eta zuzen iritsi ziren Astigarragara, galdu gabe. Ama-alabak besteentzako gobada egiten aritzen ziren: Donostiako Alde Zaharreko etxeetako atarietatik jasotzen zuten arropa eta maindireak, eta etxera ekarri, garbitu eta berriz ere bueltan eramaten zituzten. Aldameneko baserriko Rosik, Borda Berrikoak, irrati txiki bat lortu zuen nonbaitetik, eta Borda Berri Txikiko alabak Rosirengana joaten ziren irratia entzutera.

Maria Luisa Bengoetxea Berridi alaba Kamio baserriko Ramon Zendoiarekin ezkondu zen, eta bi alaba izan zituzten: Maria Lourdes eta Maria Dolores Zendoia Bengoetxea. Urte batzuetan Mendi Gain baserrian bizi izan ziren.

Gerora, 1956 aldean, Etxeluze baserriko Aristegieta familiakoak etorri ziren Borda Berri Txikira bizitzera, eta bi etxebizitza egin zituzten.

Goikoan, Anjela Aristegieta eta Burgosetik etorritako Ruperto Ortega jarri ziren bizitzen, eta hiru seme izan zituzten. Rupertok Gurelesan egin zuen lan jogurtak banatzen 1974 arte. Orduan, taxilari lanean hasi zen, eta 35 urtez aritu.

Behekoan, Maria Aristegieta eta Bekoetxeberriko Juanito Urruzmendi jarri ziren bizitzen, eta bi alaba izan zituzten. Juanito iturgintza lanean aritu zen. Bolada batean, etxean gela batzuk alokatu zituzten.

Gaur egun, etxebizitza moduan jarraitzen du eta bi familiek bertan bizitzen jarraitzen dute.

Iturria: Lourdes Zendoia Bengoetxea