Burdinolaren historia/Burdinola hidraulikoaren deskribapena

Mekanismo hidraulikoa

aldatu
 
Presa arkuduna. Bedia

Euskal Pirinioetako burdinola edo zeharrolen zati edo osagarri nagusiak modu honetan eraturik zeuden.

  • Grabitate-presa, harlangaitzezkoa, burdinolatik ubidean gora berrehun edo mila metrora kokaturikoa.
  • Presak bildutako urak, desnibel txikiko ubide estu eta luze batetik, biltegi erregulatzaile gisa balio zuen ataurrera eramaten ziren.
  • Ataurre honen ondoan, eta honen maila berean, kezuraska izeneko beste biltegi txiki bat izaten zen;
  • handik balbula moduko gailura, txinbora, bidaltzen zen ura;
  • eta hemendik lortzen zen eskuz erruedaren edo gurpil hidraulikoaren birak aldatzea,
  • gurpil hidraulikoak ardatza nagusi edo egurrezko ardatz handi baten bidez mekanikoki eragiten zuen gabia edo mailua, aldi berean.

Ardatz honek lau edo bost hortza handi –maisukariak– zituen erro handi batean txertatu edo sarturik, hauek altxatzen zuten gabia edo mailua beren mugimendu zirkularretan.

Gabi-ardatza. Lehen forjaketa

aldatu
 
Gabia, Lebarioren burdinolakoaren antzekoa. Abadiño (Bizkaia). L ́Encyclopédieko grabatua, XVIII. mendea.

Gabi-ardatza, edo mailua, egurrezko habe handi bat izaten zen, eskuairaz berrogei bat zentimetro eta lau metro luzean.

Muturrean zeraman mazua, burdina forjatuzko pieza handia, lautik zortzira arteko kintal pisatzen zituena.

Honen bidez jotzen edo forjatzen zen burdin gorizko masa edo agoa.

Horrela ateratzen zen

  • hamasei bat arroako burdin-totxo handia, baldin eta pieza handiko lanak egiteko bazen; aingurak, esate baterako.
  • Edo lingote txikiak, gerora zeharrolan bertan edo olatxoetan bestela, pieza txikiagoak lantzeko edo forjatzeko bazen.

Hauspoa. Aire-injekzioa

aldatu

Burdin mineralaren murrizketa egur-ikatzez egiteko, prozesu kimikoan beharrezkoa zen airea zurez eta larru tolestuz eginiko hauspo handi batez sartzen zen labean; horretarako ardatz nagusiari zuzenean erantsitako gurpil hidrauliko bidez eragiten zitzaion.

Haize-arka. Aire-injekzioa

aldatu
 
Haize‐arka: labeetara airea botatzeko ur-ponpa. L ́Encyclopédie-ko grabatua, XVIII. mendea.

Euskal burdinola batzuetan haize-arka bidez sartzen zitzaion airea labeari eta sutegiari.

Sistema berri honen aitzindari gisa, Pablo Antonio Rivadeneira ekarriko dugu gogora, hausporik gabe, haize-arka izeneko ur-aska bat besterik gabe burdina urtzeko asmakizunaren pribilegioa eskatu baitzuen eta, hala, 1639an Salazargo (Bizkaia) burdinolan esperimentatu zen, berrogeita hamar urterako baimena eskuratuz.

Haize-arka edo tronpa ubide edo

  • ataurretik zetorren eta etengabe urez beteta mantentzen zen goieneko depositu batez
  • eta oinarriko beste txiki batez osatua izaten zen, biak ere hodi bertikal bat edo gehiagoz elkarturik.

Hodi hauek beren goienean estutu egiten ziren inbutu bat eratuz, goieneko depositutik ura erortzean herrestan aire asko eramanarazten zuelarik.

Ondorioz, oinarriko deposituan ura mailaz igotzean, hau behartzen zuen depositu honen goieneko zatitik urez ihinztatutako airea botatzera ubide edo tobera batean zehar, zuzenean sartzera mineralaren murrizketarako labean.

Burdinoletan haize-arka zurez eraiki ohi zen, baina batzuetan harlangaitzezko zatiren bat izan ohi zuen. Eta hari, jakina, goieneko zatian urarentzat desnibel handi bat edukitzea beharrezkoa izango zitzaion.

Lau hormez eratutako esparru laukizuzen bat zen; lauak ziren hiru horma, baina laugarrena labearen barru aldera ganbila edo konkorduna.

Bataz beste, asko aldatzen ziren labearen neurriak, baina, normalean 50 x 70 cm izaten zuen behean eta 60 cm garaieran.

Labearen zati ganbilaren eta haizebidearen arteko alderdia, ziarren aldea, urtzailearen lanari zegokion alderdia zen.

Honek goialdetik palanka handi batez agoaren gainean jardunez eskua hartzen zuen, murrizketan eta are-lanetan.

Labearen alde honen beheko aldean zulo edo galda-isurbidea edo ziar-zulo bat zegoen zepak edo ziarrak ateratzeko.

Labearen kontrako aldeari berriz iduri-gela deitzen zitzaion.

Arragoaren hondoa hareharri erregogor batez egina zen, azalera apur bat ahurra eta ordezkatzeko moduan jarria.

Burdin barra batzuk ere azaltzen ziren elkartuak, ebakidura laukizuzenekoak; bat bestearen gainean jartzen ziren arragoaren sakonetik haizebideraino horma bertikal bat osatuz. Honek burdinolako horman egindako ganga txiki bat zeharkatzen zuen, 35°tik 40°ra arteko angeluduna.

Ohikoa zen, burdinolek tximiniarik ez edukitzea, eta, keari irteera emateko, sabaian zulo soil bat besterik ez zuen izaten.

Galdaketa-prozesua

aldatu

Burdinolako labea edo arragoa izango zen bere osagai teknikorik nagusiena, hantxe lortuko baitzen agoa.

Agoa zen burdin gori masa harroa edo altzairu xaflagarria, eta karbonoz %0,3tik %0,6ko propor#tzioa izan behar zuen, mailukatzeko edo forjatzeko.

Burdinoletako labeetan egur-ikatza eta mea oso aberatsak baino ez ziren erabiltzen, eta bere gangan silizea nagusi zen ziarrak edo zepak aiseago erretzeko, berotasuna gehiegi igoarazi gabe.

Labean errekuntzaz sortutako azido karbonikoa ikatz zati batez nahasten zen CO2 bolumen bakoitzak CO bi bolumen sorrarazteko moduan, eta hala, CO2 proportzioa bikoiztu egiten zen murrizketaz, burdinaren oxidoa guztizko metala bihurtu arte ikatza gehiegi baldin bazuen; funtsean burdingintzako labe garai modernoetan gaur egun egiten denaren oso antzeko prozesu kimikoa.

Aireak, ihinztatuak edo urez aseak, mineralaren murrizketa-lan honen prozesu kimiko eta metalurgikoa erraztuko zuen, labean eranstearekin oxidoei hidrogenoa, gas karboniko murriztailea (CO).

Jakina denez, hidrogenoa edo uraren gas-egoera lortzeko prozedura bat dugu ikatz goriari gainera ur txorro bat talkan botatzea (C + H20 = C O + H2).

Egun, burdin hautsa, kimikoki garbia (%99,8) ikerkuntzako laborategietan erabiltzen dena, burdin oxido hautsa gas hidrogeno bidez tenperatura handian murriztuz iristen da.