Burdinolaren historia/Erreferentzia historikoak

Gipuzkoa

aldatu
 
Burdinolen XVI-XIX. mendeetako egoera-mapa.

Arrasateko altzairua

aldatu

Garibaik dioenez, XVI. mendearen erdialdean Arrasateko altzairua, hiribildu honen barrutian zegoen Udalatik ateratakoa, Nafarroan eta mugaz bestaldean –Frantzian– saltzen zen, batez ere.

Historiaren Erret Akademiak argitaraturiko Diccionario Geográfico Histórico de España-n ere esaten da bazegoela tradizio bat, Arrasateko meatzeetako altzairuz ezpatak egitekoa, eta ezpata haien tenplea zela-eta halakoxe sona bat iritsitakoak, non Errege Katolikoen alaba Katalinak bere senar Ingalaterrako Enrique VIII.ari oparitu baitzizkion batzuk. Guillermo Bowlesek zioenez, XVIII. mendean artean baziren Eskozian hauetako batzuk.

Toledoko armagileen 1777. urteko txosten edo irizpen batek zioenaren arabera, beraiek lehenagotik metalezko armak, eskuareak, labanak eta beste pieza batzuk egiteko Milandik eta Alemaniatik ekarrita erabiltzen zuten altzairua baino hobea zela Arrasatekoa.

Ez zaigu harritzekoa gertatuko, halako erreferentziak entzunda, Felipe II.ak El Escorial Monasteriorako burdineria guztia euskal olagizon eta forjariei eskatzeko erabakia hartu izena eta errege batzuk Flandes eta Frantziara igarotzerakoan gure herriko burdinola batzuk gogotsu eta jakinmin handiz bisitatu izena.

Felipe III.aren bisita

aldatu
 
Felipe III.ak Beasaingo Igartza Burdinolara egin zuen bisitaren eszena. Truchueloren gaur egungo grabatua, ardatz bakar batez gabia, hauspoa eta kontrapisu-sistemari eragiten.

Austriako Ana Infanta eta Frantziako Luis XIII.a erregeren ezkontzako gertakari historikoa zela-eta, 1615eko urriaren amaieran Felipe III.ak, bere alaba eta sei mila eta bostehun laguneko segizioak, Gipuzkoa zeharkatu zuen Bidasoa aldeko mugarantz.

Ibilbide honetan zihoala, hilaren 31ean bertan Arrasatetik igarotzerakoan, Erregek gure burdinola famatuetako bat bisitatzeko interesa agertu zuen. Bidaiaren kontakizunari zegokionez, idatziz jasoa da, moskete baten forja- eta zulaketa-lan neketsua nolako iaiotasunez lantzen zuten harriduraren harriduraz begira zegoelarik, burdinolako ikuskatzaileak esan ahal izen ziola Erregeari:

...majestad, forjadas ansi e mas dificultosas tiene en solo la Provincia mas de 80.000.

Itzulerakoan Erregea eta honen segizioko talde bat Beasainen gelditu zen Iartzako burdinola arreta handiz begiratzen, mende erdi bat lehenago Valoisko Isabel erregina Felipe II.aren emaztea gelditu zen bezalaxe.

Iraetako burdinola

aldatu

Iraetakoa gogora ekarriz, Gipuzkoan 1752an lanean ziharduten burdinolak idatziz ematen duen zerrenda batera joko dugu, eta haren ekoizpenei buruzko datuek agertuko digutenez, erraz konturatuko gara hemen 3.200 kintal burdin ekoizten zela, Gipuzkoako gainerako burdinetan baino kopuru askoz handiagoa.

Iraetako burdinola hori, Urola ibaiaren gainean eta Zestoako hiribilduaren eskumeneko lurretan kokaturik zegoena Granada Egako dukea zela jabea eta Antonio Alozaras olagizona burua.

Gaur egun, oraindik, mirets daitezke haren hondakinak, Debako herriarekin muga egiten duen zubi zaharra eta bere ermita eta olagizonen etxe saila.

Burdinola kopurua, ekoizpena eta langileak

aldatu

Lopez Martínez de Isasti historialariak adierazten duenagatik, Gipuzkoan burdina besterik lantzen ez zen lantegiak, gabiak barne, 1625ean baziren 118 burdinola, urtean 120.000 kintal burdina ekoizten zutenak. Halako kantitate handi batek aukera ematen zuen, Gaztelara, Andaluziara eta Espainiako beste probintzietara nahiz Herbehereak, Frantzia, Ingalaterra, Italia eta itsasoz haraindiko lurraldeetara bidaltzeko.

Burdinola hauen ustiapenean enplegatzen ziren langileak 3.500etik gora ziren, kontuan hartu gabe probintzian bertan ezin konta ahalakoak zirela forja txikiko lantegiak. Esan dezagun proportzioa handia dela garai hartan Gipuzkoako biztanleriaren zenbatekoa kontuan hartuz gero.

Burdinola hauek guztiak Gipuzkoako bost ibai eta hauen ibaiadar ertzetan kokatuak zeuden.

Isastik berak gure arbasoen aipamena egitean, ohartarazten digu burdinoletan edo lanbide mekanikoetan enplegatzen zirenek, beren noblezia ez zutela galtzen lanbideagatik «odolez nahiz jatorriz nobleak zirelako berauek».

Bizkaia

aldatu

Bizkaiko burdingintzari dagokionez, iraganera joango gara berriro, eta Gernikan 1440. urtean egin zituzten Batzar Nagusietan 42 kapitulu zituzten Ordenantza berezi batzuk erabaki zituztela ikusiko dugu, 1483. urtean Errege Katolikoek berretsi zituzten Jaurerriko burdinolen iraupen eta gobernu egokirako.

Lope Garzia de Salazarrek, historialari bizkaitarrak, bere «Bienandanzas e Fortunas» liburuan dionez, 1443an lehorte latza izen omen zen, eta haren ondorioz, hurrengo urtean Ingalaterratik ekarri behar izen omen zituzten janariak, euskal olagizonek landutako burdinaren truke.

Burdina zenbatean saltzen zuten jakiteko, liburu horretan dator aitorpen bat –gai honetan lehenengo aztarna, ziur asko– 1380an kintal bakoitzeko salneurria, laurogei marai edo marabedi zela esanez.

Iparramerikako Massachussettsen 1620an meategi berriak aurkitu zituzten, eta Winthorp ingelesak burdingintzako lantegi bat eraiki zuen. Burdina landurik ateratzen hasi zenean, Ingalaterrako bere lagunei hala idatzi omen zien: «...hemengo burdin barra, Espainiakoa (Bizkaikoa) bezain ona da».

Jarranton jaun idazle ingelesak ere garbiro aitortzen du, XVIII. mendean Bizkaiko burdina hobea zela Ingalaterrako Deangoa baino, nahiz eta herri horretan hasi ziren lehen aldiz burdina eta altzairua ateratzen.

Bizkaian baziren 80 burdinola XVI. mendean eta, bataz beste, 68.000 kintal burdin ateratzen zituzten. Eta ugaritu egin ziren, gainera: Pedro de Medinak dionez, 1644. urtean baziren 152 burdinola, handi eta txiki, Jaurerrian barrena. Batez ere, Kadagua, Nerbioi, Zeberio, Ibaizabal eta Arratia ibaietan eta euren adarretan kokatuak.

Karlos Belaustegigoitiaren burdinola izen handietako bat izen zen XVIII. mendearen amaieran; Zornotzan eraikia zen, Ibaizabal ibaiertzean; beste gauza gehiagoren artean, handitzat azpimarratzekoa da 17 oineko bertako presa.

Senide diren Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko lehia jator eta suspergarria adierazteko, egoki dator honako esaera zahar hau:

«En Guipúzcoa Iraeta y en Vizcaya Amorebieta.» (euskaraz, Gipuzkoan Iraeta, Bizkaian Amorebieta.)

Nafarroa

aldatu

Nafarroako burdinolen aztarnarik zaharrena edo lehenengoa, 1320. urtekoa da, «Kontuetako Kameraren Artxibo Orokorra» deritzonean dagoen dokumentu batek aitortzen duenez.

Jose Ramon Castro jaunak, Nafarroako Artxibo Orokorreko arduradunak Artxibo Orokorreko Katalogoa argitaratu zuen duela urte asko, agiri baliotsu ugariz hornitua; haien artetik aterea da honako aitorpen hau:

Poder otorgado a Juan Pérez, señor de la ferrería de Goycain (?) y a Martín Miguel de Goizueta, por las ferrerías de Lesaca, de las Cinco Villas y de Añizlarrea, para elevar al rey ciertas súplicas en relación con su oficio 1320, julio 29. Lesaca.

Nafarroako ikertzaile ospetsuak dakarren galderamarkari dagokionez, hauxe esan dezakegu: dokumentuan Goycain izenez agertzen dena Goizuetako Goizurin izan daitekeela. Argibidetzat, berriz, 1535eko dokumentu batean herri bereko burdinolen artean izendaturik aurkitzen dela, esan dezakegu.

Kontuetako Kameraren Testigantza

aldatu

Ondoren, hainbat testigantza bitxiren berri emango dugu, Nafarroako Foru Aldundiko Kontuen atalean XIV. mendearen azken urteei dagozkienak; burdinolak direla-eta, aitorpen jakingarri hauek aurkitu ditugu:

  • Erregearenak ziren ehun eta berrogeita hamar kintal burdin hartu izanaren agiria; kintalak «26 sueldos prietos» balio zituen.
  • Areso, Leitza, Lerin, Anizlarrea, Lesaka eta Berako burdinoletako zergatzat 500 libra eraman zituenari, «al recibidor de las Montañas», egindako ordainagiria.
  • Nafarroako Karlos III.ak Luzaideko burdinolentzat emandako ordainagiria «50 libras de dono a voluntad».
  • Errege beraren baimenagiria honetarako: «hacer, rehacer y alzar en debido estado la ferrería de Martín Sánchiz en la villa de Saldias, la cual había sido destruida hacia dos años (1387), con la obligación de pagarle diez libras de lenta anuales»; horrez gain, meategiez baliatzeko baimena, Erregearen mendietako ikatza hartzekoa eta «la prima venta de hierro» zela-eta ordaindu behar zuten zerga lau urtez ordaindu beharrik ez izatea, horra agirian agertzen diren erraztasunak.
  • Karlos III.ak berak emandako baimen-agiria, Lesakako Migel Ezker zelakoari eskubide emanaz, Leitzako lurretan Iberoren burdinola eraikiz ezan berriro, «con libertad de tomar minas, hacer carbón en los yermos y montes del rey, etanto cuanto a la dicha ferrería sea necesario, en la forma y manera que lo usan las otras ferrerías» eta gainera lehenengo bost urteetan zergarik ordaindu gabe.

Testigantzak Diccionario de Antigüedades de Navarra-n

aldatu

Aipatu ditugun urte horietako arazoei dagokienez (138889), Yanguas y Mirandak bere Diccionario de Antigüedades de Navarra liburuan dionez, «Tenía el rey de Navarra en 1388 veintiocho ferrerías propias, las cuales producían setecientos florines al año».

Burdinolak 1535. urtean

aldatu

Historialari berak liburu horretan zehazki adierazten ditu 1535. urtean Nafarroan ziren burdinolak. Hona hemen zerrenda osoa:

  • Arantzan, Ibarrola eta Igereta.
  • Aranon, Aranola eta Aranbide.
  • Areson, Olaberria.
  • Erasunen, Asura.
  • Goizuetan, Alduntzingoa, Artikutzakoa, Zibolakoa, Elamakoa eta Goizuringoa.
  • Ezkurran, Olin edo Ollin eta Zumarista.
  • Leitzan, Astibia, Elenua, Ibero, Irurita edo Irurizta, Rezuma edo Rekuma, Urbieta eta Urdinola.
  • Lesakan, Bereau, Biurrea de Suso, Biurrea de Yuso, Endara de Suso, Endara de Yuso, Endarlatsa eta Erkaztia.

Beran, Marzadia, Osinola eta Xemeola;

  • eta Igantzin, Berzekun edo Berrezaun de Suso eta Berezaun de Yuso.

Karlos V, enperadoreak, 1535.ean itun bat egin zuen Arantza, Ezkurra, Goizueta, Leitza, Lesaka eta Berako olajaunekin ordainketa-arazoa zela-eta. Urte hartan, izen ere, auzitan zebiltzan burdinola hauek fisko edo altxor publikoarekin, saca, peaje, cuartel eta alcabala izeneko zergak erregeari ordaintzera beharturik zeudelaeta, batez ere Gipuzkoara eta Frantziara atera behar zuten burdinari zegokionez.

Aranoko Arranbide burdinolan etengabe txandatuz lan egiten zuten bost olagizonek; urtean hamar mila ikatzzama erretzera iristen ziren. Urumea eta Añarbe ibaiak elkartzen diren tokian zegoen, gaur egun urtegi handia dagoen lekutik hurbil.

Compendio Historial-eko testigantza

aldatu

Garibaik bere Compendio Historial (1701) liburuan, honela aipatzen ditu toki hauek:

En el río Vrumea y en el Goizueta que passa por Arrambide y los montes de Arano, se coge muy fino oro y a veces en cantidad, especialmente en los meses de julio y agosto, hasta venir los franceses de la ciudad de Bayona a cogerlo.

Duela urte batzuk uda aldean alderdi horietan zehar nenbilela, hain juxtu, ibai bion elkartze-gunean, mea-aztarnak ikusi nituen; ziur asko, noizbait urrehondarrak berezi eta garbitu zituzteneko ezaugarriak.

Orbaizeta

aldatu
 
Orbaizetako erreka.

Nafarroako Blanca erreginak 1432an eman zuen baimena, Orbaizetako burdinola eraikitzeko eta bertan lanean hasteko. Guztiz zehaztu gabeko muga-lurretan zegoelako, XVIII. mendearen hasieran, frantziarrek beren esku izan zuten, baina 1784an Espainiako Errege Karlos III.ak bereganatu zuen.

Frantsesek suntsitu zuten 1794an, eta Napoleonen gudariek zeharo erre zuten ondoren.

Burdinola Eugitik Tolosara lekualdatzea

aldatu

Eugiko burdinolaren lehenengo aztarna, 1496. urtekoa da; mugan dagoenez, auzi eta borroka asko izen ziren frantsesekin ondorengo urteetan. Cañeteko markesari saldu zioten 1535an, eta hark –erregeordea zenez– «Real Fábrica» izena erantsi zion. Orbaizetakoaren antzera honek ere auzi asko izan zituen herritarren artean, baina denetan gogorrena eta ezagunena «Aldudeko Auzia» deritzana izan zen.

Azkenengo aztarna eta agiriek diotenez, Erregeak mugaz barnerago aldatzea erabaki zuen, gerra eta estrategia-auziak zirela-eta. Erabaki horren berri jakin zuenean Tolosak, 1607an eskaera berezi bat egin zion Erregeari, aldatzekotan, Tolosan eraikitzeko baimena eman ziezaiola eskatuz; herriak egokiera handiak zituelako horretarako, eta behar ziren lurrak eta eraikuntzan beharko zen zuraje guztia hutsean jarriko zituen.

Baimena lortu bezain laster hasi ziren eraikuntza-lanak Oria ibaiertzean eta Parrokiaren ondoan. Jarri zituzten lurrak, Elizaldean eraitsiak ziren labea eta errota egon zireneko lurrak ziren hutsean emandakoak. Tolosak eraikuntzarako dirutan jarri zuen guztia, berriz, bederatzi mila eta sei ehun dukat izan ziren.

Errege Armategia 1630ean amaitu zuten eta, lanean hasi ahal izateko, Eugiko armagileak etorri ziren Tolosara beren lanabes eta tresneria harturik. Familia armagile iaio haien ondorengoak badira oraindik ere Tolosan. Gai hauek luze eta sakon aztertzen zituen idazlan bat argitaratu genuen, orain dela urte batzuk.

Hiru burdinola agirietan

aldatu

Urdazubiko Salbatore monasterioko monjeek 1414an burdinola bat eraiki zuten Dantxarinean Beherekola izenekoa; eta handik laster bestea, Gainekola zeritzana. Hauek ere mugan zeudenez, liskarbide izen ziren eta behin baino gehiagotan gelditu ziren hondaturik.

Toki bertsuan eraiki zuten Bakeola izenekoa, 1586. urtean; baina, oraingo hau ere, frantsesek desegin zuten 1636. urtean.

Nafarroako izenik gabeko mapa bat hartuko bagenu eta bertan XVI. mendean zeuden burdinolak puntuez markatuko bagenitu, hauxe agertuko litzateke garbiro: aldi artan euskaraz mintzo zen lurraldea hartzen zutela oso-osorik. Gertakari berbera aurkitzen dugu bai Gipuzkoan, bai Bizkaian; hain justu, euskal hiztunen lurretan zaudela burdinolak. Gipuzkoari dagokionez, probintzia osoan hitz egiten zen euskaraz eta denean zeuden burdinolak ere. Zalantzarik gabe, sakonki aztertu beharreko gertakari bitxia dugu hauxe.

Esandakoaren harira, ondorio honetara erraz irits gaitezke: gure olagizon trebe haien kulturak garrantzi handia izen duela Euskararen iraupenerako, eta huraxe izen zela eusgarririk sendoenetako bat.

Baliabideak

aldatu

Arabako mea-haztegiek ez dute sekula Gipuzkoako eta Bizkaikoek adinako garrantzirik izan. Aramaion bazen hematite arre (limonita) edo gorrizko masa irregular bat, Anboto Haitzaren kareharrien artean. Aspaldi bertan behera utzitako meazuloak dira antzinako garaietan burdinkia ateratzen zeneko ezaugarriak.

Araiako inguruetan, Aratz eta Aizkorri mendien saihetsetan ziren meak laster agortu ziren; horregatik, paraje haietan zen burdinolara, aurrerantzean, Zerain eta Mutilotik eramandako burdinkiaz hornitu behar izaten zen.

Arabako ibaiak urez ongi hornituak diren arren, desnibel txikia dutenez, burdinolak sortzeko eta gartzeko eragozpen handiak zituzten.

Burdinola herriak

aldatu

Gorago aipaturik dugunez, bada 1025eko agiri bat, Donemiliagako Kartularioa deritzana, eta «de ferro de Alava» Arabako burdina tituluz ageri dena. Arabako herri batzuen zerrenda ematen da bertan: Luko Arzamendi, Mendibil, Bitolaza, Ziriano, Nafarrate, Luko, Ermua, Trokoniz eta Maistu, nahiz Araia, Zuia eta Zigoitiako Ermandadetakoak. Hauek guztiek zerga nahiz opari gisa eman behar zizkioten Donemiliagako Monasterioari burdin barrak.

Arduraz aztertzekoa litzake antzinako garaietan burdinak Arabako ekonomia-alorrean izan zuen garrantzia, aipaturiko botoek halako ondasunak ematen zituztela antzemanik, zeinaren antzinatasuna historialarien ustez 934. urtekoa den, Gaztela eta Arabako kondea zen Fernan Gonzalezen garaikoa.

Burdinolak

aldatu

Arabako herri hauetan 1775. urtean baziren burdinolak: Araia, Maeztu, Legutio, Olaeta, Laencontrada, Abornikano, Villanañe, Laudio, Okendo, Ziorraga, Berganza, Amurrio eta Luiaondo.

Burdinola hauek honako ibaiertzetan zeuden kokatuak: Ega, Zadorra, Araia, Baia eta Nerbioi, eta Kantauri aldeko eta Ebroren isurialdeko ibaiertzetan.

Burdinola gehienak, Laudio, Aiala, Urkabustaiz, Legutio, Araia eta Laminoria, Asparrena eta Gaubeako Ermandadeetan ziren eta XIX. mendearen hasierako urteetan hamalau mila kintal burdin ateratzen zituzten.

Pascual Madozek zehazki idatzi zuenez, Independentzia Gerraren ondoren, hogeita bost mila kintal burdina ateratzera iritsi ziren, Amurrio, Gesaltza Añana eta Aguraingo barrutietan ziren 13 edo14 burdinola handietatik.

Arabakoetan ezagunena Araiakoa izen zen, bai antzinatasunean, bai gerora izan zuen eraginean. Arakil ibaiaren beso batean eraikia zen, Aratz menditik behera zetorren besoan. Burdin mineraletan oso ugaria zen inguru ura. Lehen ere esan dugun bezala, Araiako hau izen zen gerora Araban asko indartu zen burdingintza aurreratuaren sehaska.