Burdinolaren historia/Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
Burdinolen aldeko bere ekarpena
aldatuL’Encyclopédie-ko irudiak
aldatuGure burdinola edo burdingintzako lantegiak XVIII. mendearen amaieran zer-nolakoak ziren ohartzeko, garai hartako irudiak eta marrazkiak ekarri ditugu hona, gehienak L’Encyclopédie irarkola sonatuan eginak dira.
Antz eta kidekotasun horretara nola iritsi garen? Bascongada elkarteko bazkide aurrelariek euren kideekin zituzten harremanak zirela-eta; batez ere, teknika eta kultura alorretan, Europako entziklopediagile zenbaitekin, kimikaren eta burdingintza saileko ezagunekin bereziki.
Gure iritzia sendotzeko, hona hemen beste aitorpen bat: Donostian eta Gipuzkoako itsas portuetan, Karlos III.aren Itsas Armadako ministroa zen Juan Antonio Enríquez zen eta Bascongada Elkarteko bazkideekin harreman estuak zituenak, Gipuzkoako lantegi metalurgikoei buruzko lan teknikoan, 1787. urtean Tolosako bi burdinola eta Errenteriako fanderia edo laminazioa izendatzen ditu, L’Encyclopédie ezaguneko zortzigarren liburukiko irudiak ipintzen dituelarik adierazgarri.
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea izeneko elkarteak garrantzi handia izan zuen, besteak beste, meategi eta burdingintzari zegozkien gauzetan. Lehenik lo-aldi luzean iraun ondoren, lanerako gogo eta trebetasunaren loraldian sartu ziren garaian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Sozietate Ekonomikoak etorkizunari begira jarri ziren, Europa mailan indarrean zetorren jakintza- eta zientzia-arloko mugimenduaz oharturik, betebetean XVIII. mendean, Euskal Herrirako sarrera eman nahirik.
Ensayo (1768)
aldatuEAEren jarduera hedatzailea
aldatuElkarte honen jarduera hedatzailea indartsu Bergaran egindako Batzar Nagusitik aurrera abiatu zen, 1765eko otsailaren 6tik aurrera, alegia.
Gasteizen egindako hirugarren Batzarraren ondoren, beste Batzarrak Markinan egin ziren 1767ko irailean eta 1768ko urtarrilean Bergaran, eta sortzaileen kemenak neurtzeko egokiak gertatu ziren.
Ensayo izeneko idatzia argitaratzea erabaki zuten eta hantxe atera zuten Zuzendariaren sarrerako hitzaldia, Lehen Batzar Nagusian 1765.eko otsailaren 5ean Bergaran irakurri zena. Horrez gain, beste lan bat ere argitaratu zen: Industria y Comercio. Necesidad de juntar la Industria y la Agricultura para que se disfruten de las ventajas de esta última» zeritzana.
Ensayo izeneko liburua oinarritzat harturik hasi zen Elkartea meatzaritza eta burdingintza era zehatz eta jarraituan aztertzen. 1768. urtean argitaratu zuten liburu hau, eta zabaldu beharrekoa da, bere azalpenak mami handi eta sakonekoak baitira.
Orduantxe hasi ziren
- burdingintzari euskal probintzietan indar emateko ekintzak aztertzen, eta Aralarko burdingorri-meategiak eta Bizkaiko Arteaga eta Mañariko harrinabarren aipamenak egiten ditu.
- Gipuzkoak Bergarako aizto-lantegia arduraz zaintzeko hitzarmena egin eta jaso zen, eta burdinoletan erabiltzen ziren hauspoetatik –larruzkoa, zurezkoa, ala haizearka– onena zein zen azaltzen zuenarentzat sari bat eskaintzen.
Abian jarritako lanak
aldatuAgeriko ekintzak hauek izan ziren:
- Gipuzkoako burdinoletan labe eta sutegiei haizea injektatzeko erak aztertu ondoren, sistema berri bat abian jartzea, ikatz gutxiago erretzeko eta burdina hobea ateratzeko modua lortzeko;
- gabien hobekuntzarako hainbat aplikazio berri;
- meategiak ikertzeko eta zulatzeko zunda berriak;
- elkarte honen eskumeneko zen Caracaseko Errege Konpainia Gipuzkoarraren esportazioak hazteko, burdinazko eta altzairuzko manufaktura-industria indartzea;
- Eibar, Soraluze eta Tolosako arma-lantegietan hobekuntza teknikoak egitea;
- ainguragintzari abantailak ematea Urumea eta Oria ibaiertzetako zeharroletan;
- burdingintzarako ikatza gehitzearren, baso eta mendietan birlandaketak agintzea;
- probarako lantegiak ipintzea, Bergarakoaren antzera;
- burdin mea erre eta garbitzeko era berrien bilatzea;
- labeetan elementu murriztaile gisa egurikatzaren ordez harrikatza erabiltzearen aldeko saioak egitea;
- Karintia eta Estiriako olagizonekin ezagupen-trukaketa egitea;
- arragoan altzairua lortzeko kanpotik hartutako sistemak aplikatzea;
- gure herrian burdin mea desberdinak erabiltzeko jarraibideak;
- galdaketan fingailuz forjaturiko altzairuzko barren egitura hobetzea, eta
- barren tenplaketa eta etendurazko saioak egitea;
- Bergarako eta Arrasateko altzairua lortzeko aholkularitza zientifikoa, batez ere Toledoko arma-lantegira bidaltzen zenarena, baina baita Euskal Herriko burdinola guztietara zabaltzen zenarena ere, burdinazko eta altzairuzko iltze, xafla, sarraila, tresna, guraize, aizto eta gainerakoen manufakturarako.
- Deigarria gertatzen dira benetan, langileen suspergarri aldian behin ematen zituzten sari baliotsuak, bestek beste, lanerako ezagupenak gehitzeko, olagizonen elkarte eta konpainietako egitasmoei ekiteko, olagizonek ofizialekin itunak egiteko, eta banaka aipatuko ditugun lantegiak zabaltzeko eta abarretako.
Batzar Nagusien txostenak
aldatuZazpigarren Batzarra Gasteizen egin zuten 1771n eta, hurrengo urtean, Extractos de las Juntas Generales izeneko txostena argitaratu zen.
Lan horretatik, mineralogia eta trebakuntzari buruzko argibideak baino ez ditugu hartuko, aldatu gabe erabilgarri irauten duten burdingintza eta Natur Zientziari buruzko azalpen orokor batzuekin: Antonio de Sancha-k 1771n Madrilen argitaraturikoa, honako gai hauetaz:
- burdin mea kiskaltzeaz, haize-arkaz eta hauspoez;
- Euskal Herriko burdinolak, gabiak eta burdinazko manufakturak zirela-eta estatistika orokor bat egiteko eskabidea; altzairugintzari buruz, Réamur-en metodo araberakoa.
Gasteizen Tomás de Roblesek, honako gai hauen berri emanaz, 1772an argitaratu zuena:
- burdin mea sutan kaltzinatzeko moduaz edo arragoaz;
- zeharrola bateko makinak eta uraz baliatzeko eraikuntzak;
- Suediako burdinoletan altzairua lortzeko era berriak, Ramon Maria Munibe jaunak idatzia;
- sutegiko hauspoak: zurezkoen arteko desberdintasunak;
- haize-arkak direla-eta zehaztasun zenbait, Tolosako Amarotz zeharrolako arduradun Frantzisko Furundarena jaunari eskatu eta haren oharren araberakoak;
- altzairua, dozimasia;
- Asturiasko amianto;
- Azkoitia eta Urrestillako ustezko harrikatza;
- zotal ikatza Urizaharran; burdinolak Euskal Herrian zenbat eta nolako burdinolak ziren jakiteko ikerketa aurrera eramateko ardura, azalpenak eta galderak.
Gasteizen 1773an argitaratu zen:
- berriro ere burdin mea garbitzea edo arragoa aipatzen dute; haize-arkak direla-eta, Pablo Areizagaren ikerlan bati buruzko informazioa ematen da, eta aldi berean egilearen eskumeneko zen gaiaz, sutegiari eta haren aplikazioei zegozkion aldaketei buruzkoa;
- Gipuzkoan zehar zeuden hirurogei eta hamabost burdinola arrunten, hogei eta bi gabiren, eta sei altzairu-lantegien zerrenda zehatza, eta burdinoletako pisu eta neurriak;
- burdina altzairu bihurtzeko saioen berri, lehen aipatu dugun Réaumur-en aurkikuntzaren arabera;
- suediar Cronsted-ek mineralogiari buruz idatzi zuenaren itzulpena, Erramon Maria Munibek egina, gero beste hizkuntzetara ere itzulia zena;
- Alemaniako meategiak;
- Coriasko Monasterioko anaia Iñigo de Buenagak idatzitako txostena, Asturiasko amianto-meategiak zirela-eta;
- meategien ustiapena Gipuzkoan;
- Joan Antonio Karasa Azkoitiko Larramendi iturriko metalurei buruz idatziaren laburpena.
Gasteizen argitaratua da 1774koa ere eta gai hauek lantzen ditu:
- Erregek bere erreinuko lantegien arduradun zuen Joan Dowling ingeniariaren txostena, burdina eta altzairua eraldatzeari buruzkoa;
- gerra-komisarioa zen Gaspar Ignazio Romero altzairuari buruzko arazo beraren aztertzera bidali zutenekoa;
- aipaturiko Réamurek izendatutako ikerketen laburpena;
- altzairu naturalaz;
- Gipuzkoako burdinoletako pisu eta neurriak;
- Ensayos de Mineralogía liburuaren itzulpenean jarraitzeari buruzkoa;
- Freyber-ko meategietako egitasmo multzo bati buruz;
- Ignazio Antonio Zuazagoitia abokatuaren ikerketa, gatzagen onurei buruzko argibideak;
- Gesalaga iturriko ur beroen alderdi onen azalpena, Azkoitiko Juan Antonio Karasa eta Donostiako Bizente Lardizabal sendagileek idatzirikoa.
Gasteizen argitaratu zuten 1775ekoa ere: burdingintzaren ekonomiari eta burdinolen gobernuari buruzko gogoetak;
- Dowling ingeniariaren lan, burdinari eta altzairuari buruzkoa; burdina altzairu bihurtzea dela-eta,
- burdina altzairu bihurtzeari dagokionean, Réamur-en saioen ondoriozko lanekin aurrera jarraitzea;
- burdinurtua eta burdina forjatu erdibidekoa sortzeko esperientzia bereziak;
- Arrasateko altzairuaz saio berriak egitea;
- altzairu naturala;
- mineralogiaz eta kimikaz eta Castillejosko markes adiskideak Perutik bidalitako platinaz;
- Kimikari buruzko ikastaro-proiektua, Lausanne-ko Oth Guil Struve sendagileak eratu zuenaz;
- meatze-biltzea, Cronsted-en arauak jarraituz;
- burdinolen eredu bat;
- aiztogintza, errementaritza eta burdinurtua eta abarren ekoizpenak;
Hurrengoa, 1776koa, Gasteizen bertan atera zuten:
- altzairua naturalaren eta altzairu zementatuaren gorabeherei buruzkoa;
- burdinoletako pisu eta neurriak; Gipuzkoan zeharreko 94 burdinolen zerrenda eta beraietako lanbide emankorrak;
- Urnietako Migel Antonio Iriarte Belhandiak aurkeztu zuen txostena, burdina urgarri gisa kuartzoa erabiltzea dela-eta;
- burdinoletan koke ikatzaren erabileraz, Joan Franzisko Gilisagasti Aiako apaiza eta burdingintzari burukoetan eskarmentu handiko gizonak bidalitako txostena; Tolosako Aldabako mendian aurkitutako harrikristalari buruzko albistea;
- manufakturazko botoi, aizto eta burdin hariak direla-eta, Arte de reducir el hierro en alambre Duhamel de Monceauk idatzitako liburuaren itzulpena.
Arabako hiriburuan atera zuten 1777koa ere, gai hauetan oinarriturik:
- Mígel Antonio Iriarte Belhandiak erabiltzen zituen urgarrien xehetasunak;
- Antonio Intxaurregiren meatzaritzaz, eta berunaren eta harrikatzaren laginak;
- manufakturazko metalezko botoigintzari buruzko txostenak.
Berriz ere Gasteizera jo zuten 1778. urtekoa argitara emateko:
- meak hobetzeko trebetasun bereziak; bazkidea zen Grignonen lanaren laburpena, aldi berean, Parisko «Reales Academias de Ciencias y de Inscripciones» delakoan ere bazkide zenarena;
- artilleriako kanoigintza;
- altzairua urtzeko trebetasuna, Jards-en «Viajes Metalúrgicos» liburuaren arabera; Hernaniko Fagollaga burdinolako arduraduna zen Jose Antonio Zabalak bidalitako gogorapenak; mineralogiako adituen erakutsietatik hartutako oharrak, kuartzoari buruz;
- ezagupen praktikoak ikatzari dagokionean, Morand Sendagileak idatzirikoak;
- Juan Jose Aldamak, Alemaniara bidaiatu eta aztertu ondoren, Okendon egin zuen sutegi-hauspo berezi baten azalpena;
- kuartzoari buruz mintzatzen ziren liburuen zerrenda.
Arabako hiriburura jo zuten 1779. urtekoa argitaratzera ere:
- Alegiako labe batean lortutako altzairu zementatua; Arabako hemezortzi burdinolak, haien ekoizpenak eta proportzioak, Gipuzkoakoen antzera azterturik;
- mineralogiaz, lurreko ikatzaz;
- kareari buruzko eragozpen fisikoak;
- meatzaritza eta mineralogiaz atzerrian ikasketak egiteko diru-laguntzak;
- Freybergeko meatze-eskola;
- Proust irakasleak kimika-ikasketari lotu edo erantsi nahi zizkion printzipioak, Bergarako Seminarioan.
1780. urteakoa, Gasteizen argitaraturiko:
- Antzuolako espatoari buruzko azterketa, Prouts-ek egina; eta kobaltoari buruzkoa, Gistan-ek idatzia;
- urre fulminantea eta zilar bizia erabiltzeko erak, Domingo Rusi bazkideak, erregeordearen sendagile eta Mexikoko artzapezpikua zenak idatzia.
Gasteizen argitaratu zuten 1781ekoa eta hona hemen haren edukia:
- Arrasateko olagizonen Araudia, Don Juan Erregeak Medina del Campon 1473ko uztailaren 22an onartua; hurrena, Markinako olagizonei zegozkien arau batzuk, Errege horrek berak 1474ko uztailaren 4an Segovian onartuak.
- altzairu zementatua Bergarako labean.
Gregorio Marcos de Robles y Revilla jaunak argitaratu zuen Gasteizen bertan 1782ko alea:
- Almadengo meategietako sendagile zen Joseph Pares y Franqués bazkideak, meategi haietako gaitzak aztertu, eta Domingo Rusik egindako idatziaren aurkako erantzuna argituz egindako txostena;
- Francisco Chavaneau jaunak, Antonio Munibe eta Xabier Egiarekin batera burutu zuen azterketa, 1774an Zestoan aurkitu zituzten ur bereziei buruz egina;
- urte bereko Batzarretan Fausto Elhuyarrek aurkeztu zuen txostena, burdinazko xaflak eta latorriak lortzeari buruz idatzia, Breitembrunnen (Saxonia) egiten zutenaren arabera.
1783koa ere Gasteizen argitaratua, garrantzizko gai berriz jantzia:
- Wolfran izeneko metala, kimika-azterketaren argibideekin, eta Joan Jose eta Fausto de Elhuyar anaiei halako sona eman zien metal berriaren azterketa.
- Faustoren azalpenak, Somorrostroko meategien egoera adíeraziz, eta Euskal Herriko mea guztien bildumaren formalizazioa burutzeko egitasmo bat aurkeztuz.
- Ignazio Zabalo Zuazolaren altzairua urtua, moldearekin.
Gasteizen atera zuten hurrengoa, 1784koa, baina ez du burdingintzari buruzko txostenik.
1785ekoa, Madrilgo Antonio de Sancharen moldiztegian egin zuten.
- Baigorriko meategien zuzendaria zen Chavaussiéreren frogantza; Orbaitzetako (Nafarroa) burdingorrimeategia delaeta.
- Zurezko hauspoen albisteak;
- zurezko hauspoak hobetzeko egin zituzten saioen zerrenda edo bilduma egunez egun, Estiriakoen antzera.
Eta 1786an, berriro ere Gasteizen atera zuten, Baltasar Manteliren eskuz.
- Bertan dator Chavaneuk egindako Zestoako uren azterketa;
- airea berriztatzeko tresna baten aurkezpena, Manuel de Gamarrak egina.
- Gesaltzako Salmuera izeneko iturrien azalpena, gatza ateratzeko erak adierazi eta etekin gehiago ateratzeko bideak aurkezten dituena.
Gasteizen atera zuten 1787an,
- ale horretan datoz Fausto Elhuyarrek burdina lantzeko era desberdinak azalduz egindako txostena eta burdingorrizko meategiak ekonomikoki defendatzeko modu positiboak.
Gasteizen argitaratua da 1788. urtekoa:
- Trino Antonio Porcel Agirre, farmaziako irakasle eta Bascongadatako bazkideak (Parisen bizi zen) egindako alderaketa bat, Somorrostro, Mutiloa eta Zeraingo burdinen arteko desberdintasunak aztertuz.
Gasteizen inprimatua da 1789koa:
- Jeronimo Tabern, itsasontzitako tenienteak aurkeztutako oharrak datoz, egur-ikatza, burdin meatzeak eta euskaldunek egindako aingurak direla-eta; lehen aipatu dugun Trino Antonio Porcelek idatzitako azalpen batzuk, Instrucción sobre el mejor modo de analizar las aguas liburuxkari buruz idatziak.
Jarraian, 1790ean, Gasteizen egin zenak ez dakar ezer gure gaiari dagokionik.
Gasteiztik irten zen 1791koa, eta bereziki hauxe dakar:
- olagizon eta olajaunen arteko harremanak; olagizonen arteko Konpainia bat sortzeko egitasmo egokia, Jose Iturriaga irakasleak aurkeztu eta Elkarteak saritua, burdingintza aurreratzeko bidea eta lantegi berriak jasotzeko egokierak aurkeztu zituelako.
Gasteiz argitaratu zen 1792koa ere:
- bertan agertzen den gauzarik bereziena, euren ikerketak direla-eta, Chavaneu, Brisseau eta Manuel Bernardino Aranguren jaunek aurkeztutako txostenen aurkako idatzi anonimo bat.
Eta 1793koa, sortaren azken alea, Gasteizen argitaratua:
- Pedro Díaz de Valdés gotzainak egindako txosten bat dakar, apaizak beren eliztarren artean nekazaritza eta industria sustatzen ahalegintzea zein probetxugarri izango litzakeen adieraziz egina.
Akten laburpenak
aldatuBazituzten Batzaragirien laburpenak ere, eta 1773ko Batzarretan argitaratzeko erabakia hartu zuten; eta bai argitaratu ere 1781. urtera arte, goian esandako Laburpenak aparte zirelarik.
Gure gai honi dagokionez, erakunde bi izan ziren garrantzizkoak:
- Metalurgiako Errege Eskola izenekoa bata, 1783.era arte autonomia osoz gobernatua, baina Elkarteko beste ikasgelekin elkartu zena, eta bestetik,
- Bergarako Errege Mintegia izenekoa, 1776an Bergaran sortua.
Bergarako Errege Mintegia
aldatuLehenaren hasiera, 1765ean izan zen, Bergarako «Errege mintegia» izenarekin. Ehun eta hogeita hamar ikasle zituen, eta bertan bizi ziren gau eta egun, eta beste laurogei egunez bakarrik; irakasle-talde bikain bat.
Erakunde Batzordearen esku zegoen eskolaren gobernua, hau da, bazkideen artetik aukeratuaren esku. Errege Karlos III.ak 1769an Errege Mintegia titulua eman zion, diru-laguntzarekin batera. Aldi berean, baimena ere eman zion Kimika, Mineralogia eta Metalurgia gaiak irakasteko, eta Luis Proust eta Fausto Elhuyar Irakasle bikainen esku egon zen zeregina.
Wolframa
aldatuGarai hartako gertaera jakingarriak gogoratzean, atsegin zaigu Elhuyar anaiek wolfran delakoari buruz argitaratu zuten hamahiru ataleko idazlana berriro aipatzea; jende ikasiek benetan aintzakotzat hartu zuten, eta berehala itzuli zen frantsesera, alemanera eta ingelerara. Halako jakinduria handiz egina zenez, burdingintzari zegozkion langintza guztietan egundoko aldaketa edo iraultza eragin zuen, eta aldi berean zientzia kimikoaren historian sarturik gertatu zen betirako.
Horretaz idatzi zen 1962ko Munibe aldizkarian. Eta behin XX. mendetik aurrera, gorputz arrotz solido hori, gauzarik beharrezko bilakatu zen zernahitarako, adibidez: altzairu lasterra eta metal gogorrak lortzeko, gero hauek sintetizaturik, ebaketarako, deformaziorako edo kolpaketarako lanabes eta tresna gogor zorrotzak egiteko, esaterako: tornurako erremintak, hariztatzeko ardatzak, fresak, barautsak, otxabuak, zerrak, trokelak, laztabinak edo daratuluak eta antzekoak.
Aldi berean, aleazio-egoeran, adibidez osagai modura jokatzen du lanpara elektrikoen hariak, balbula elektronikoak, gurpil-azal antiderrapanteak, kontaktoreak, soldaketarako elektrodoak, iman iraunkorrak, X izpientzako tutuak eta osagaiak erreaktoreentzat, aparatu espazialentzat nahiz, isotopo erradiaktibo moduan, ikerketa saioetan erabiltzeko.
Gipuzkoako ibar berde eta ikusgarri batean zegoen Bergarako Errege Mintegia eta bertako laborategian lortu zuten lehenengo aldiz wolfram izeneko metala; gerora, ordea, burdin eta beste hainbat metalekin aleaturik munduan barrena zabaldu zen metalurgiako lantegi berrienen bidez.
Tungstenoa eta ferrowolframioa
aldatuElhuyar anaiek ekintza gogoangarri horren bidez, Bergaran lortu zuten ez Bergman jakintsuak Suedian eta ez Scheele-k gerora lortu ezin izan zutena: tungstenoa berezi eta haren berri ematea.
Duela urte batzuk, Elhuyar anaiek aurkeztutako idatziaren XII. kapituluko 5. atalean aztertuz honela adierazi genuen Bernoulli jakintsuak 1870. urtean lortu zuela ferrowolframioa delakoa, eta burdingintzan adituak diren argitalpen eta testuek hari ematen badiote ere aurkikuntzaren meritua, askoz urte lehenagotik hartu ziotela aurrea Elhuyar anaiek.
Gaur ere ateratzen dute ferrowolframioa hori, baina tximist-labe handietan; ala ere, Elhuyar anaiek Bergaran lortu zuteneko erreakzio kimiko bera oinarritzat hartuta.
Burdina aleazio hain ezagun hori behar-beharrezkoa da altzairu bereziak lortzeko, industrian nahitaezkoak diren ebakitzaileak egiteko bereziki.
Txostenaren edo idatziaren XII. atalari dagokionez, aipaturiko aldizkarian idatzi nuena dakart berriz: Bascongadako kide ospetsu ziren bi anaiok lortu zutela lehenengoz, zilarra eta tungstenoa, burdingorria eta tungstenoa elkartuz, halako aleazio berezia egitea, gaur industria elektrikoan hain beharrezkoa dena.
Platinoa
aldatuBehar bezala argitu gabe dago Fausto Elhuyar jaunari dagokiola –eta ez Chavaneauri– amerikar platina delakotik platino izeneko metala ateratzeko meritua, zati batean behintzat. Lorpen hori atsegin biziz hartu zuten Horne irakaslearekin Alemanian zilarbiziaz elkarketak ikasten ari ziren ikasle lagun mordo haiek; berehala izan zituen harrera ona eta eragin handia Ameriketako meatzaritzan, eta gerora, azkenean, Euskal Herrian eta abarretan.
Rouel-en ikasle aurreratua zen Luis Joseph Proust-ek Bergarara ekarri zituen ametsak, Kimikari buruzko bere txostenak argitaratzean burutu zituen. Hezitzaile jakitun ospetsu honen «Definituriko proportzioen legea» idatzia oso gogoan hartzekoa da.
Bide hezeko azterketa kimikoa ere aurkeztu zuen, Mintegiko bere katedran irakatsia; izan ere, berak aurkeztu zuen programa berezi bat, Kimikako Ikasturteari Hitzaurrea izenekoa.
Francisco Chavaneauri dagokionez, fisikako lanetan azaldu zuen bere trebetasuna Frantzian; hemen, berriz, kimikako ikerketara jo zuen bereziki Errege Mintegiko laborategian.
Tunborg. Mineralogia eta metalurgia gaiei zegozkien irakaskintzak, Elhuyar anhaien esku izan zirenak, gero suediar Tunborg irakasle ospetsuaren gain gertatu ziren; eta honek, Chavaneauren ikerketak jarraituz, platinozko tresna bat lortu zuen, bere garaian Stockholmeko Riksmuseum ikusgai egon zena, honako idazkun honekin: «Platino reducido a metal. Año 1788. Por Andrés Tunborg, profesor de Mineralogía y Metalurgia en Vergara, España».
Harri eta zur eginik gelditu omen zen Tunborg irakaslea Bergarako laborategiak ikustean, harrigarriak eta Upsalakoak berak baino aurreratuagoak zirela aitortzeraino, eta hiriburu hura oso ospetsua zen gai horietan.
Stockenstron
aldatuGaiak aukera eskaintzen digunez, aipa dezagun baita Stockenstron jauna ere, Bascondako bazkidea eta Stockholmen bertan Suediako burdinoletako zuzendari orokorra zena, Bergarako bere kideekin harremanak izango zituena, zalantzarik gabe.
Ignazio Zabalo Zuazolari dagokionez, bere labe berezian altzairua urtu eta irazteko era berria asmatu baitzuen. Eta hain altzairu ona ateratzen zuenez, Toledoko arma-lantegiak nahiago izan zuen honelakoa, Alemanian egindakoa baino.
Aipatu beharrekoen artean dugu Ignazio Luzuriaga, Edinburgoko Cullen ospetsuaren ikasle trebe hura, berunari buruzko ikerketa batzuen txostena argitaratu baitzuen, Frantzia eta Ingalaterrako kimikariek gauza handitzat hartzerainokoa.
Mineralogia eta Metalurgia gaietan irakasle ziren Juan Josef Elhuyar eta Juan Díaz jaunen jakinduria, beren lanak eta ikerketak benetan aintzat hartuak izan ziren Nueva Granadako meategietan. Bergarako beste jakitun batzuk ere goraipatuak izan ziren eta natur jakintzak indartzen lan asko egin zutenak. Hauek guztiek eginahal handiak egin zituzten beren jakituria eta lanen etekinak ondorengoei uzteko.
Zientzien eta Arte Erabilgarrien batzordea
aldatuMeatzaritzari eta burdingintzari zegokíon industria aurreratu eta indartzea eta Zientzia eta arte erabilgarrien batzordearen esku ipini zuen Elkarteak.
Aipatu ditugun idatzietan ageri denez, Batzorde horrek eman zituen laguntza eta bultzada handiak honela laburbil genitzake: altzairua sortu eta lantzeko aurrerapenak edo bide berriak aurkitzea, batez ere burdingintza bere osoan emankorrago bihurtzeko asmoz.
Hala, 1776. urtean, Gasteizen egin zuten Batzar Nagusiaren hasieran erabaki zuten:
«mila errealeko sari bat ematea, ezagunak diren hauspo desberdin horietatik, larruzkoak ala zurezkoak ala haizearkak, hiruetatik zein den onena, Kalkulu eta zehaztapen geometrikoz, esperientzian oinarriturik, zehaztasun guztiz adierazten duenari».
Burdingintza babesteari dagokionez, Adiskideen elkarteak laguntza handia medio lortu zuten 1768an Erregearengandik agiri bat, Portugalera burdingintzara joateko hitz-emanik ziren olagizonak hemendik irtetea debekatuz; izan ere, honelakoen trebetasuna eta esku ona, garrantzi handikoak baitziren hemen bertako etekinari begira.
Beste alor bat ere arduraz zaindu zuten, kastuak gutxitzea eta etekina handitzea. Horretarako, 1776ko Batzarrean, olagizon trebeenei beren kastuen berri galdetzea erabaki zuten, burdina ahalik merkeen edo gutxienik kostata ateratzeko.
Hauspoak egiteko, jakina denez, 1770. urtean Grignon jaunari –«Reales Academias de Ciencias y de Inscripciones de París» hartako bazkidea zen– saritu zioten ikerkuntzan erakutsitakoarengatik saria eman zioten, baina hauspoak egiteko garaian sortu ziren zenbait eztabaida eta diferentzia, batez ere Bizkaiko Intxaurragak eta Gipuzkoako Migel Etxabek egindakoak zirela-eta.
Arazoari bete-betean eta ezeren beldurrik gabe heldu zioten 1784an, eta saiaketa berezi batzuk egin zituzten Markinan, Arizmendiren burdinolan, irtenbide bila; baina orduan bertan behintzat ezin izan zuten arazoa garbitu. Markinako Benito Ansotegi eta Fausto Arriaga jaunei esker onezko agurra agertu zieten, aldi luzean saio handiak eginak zituztelako, eta hori oso mesedegarri izan zelako.
Muniberen ibilbide zientifikoa
aldatuLehenago, 1771. urtean, Ramon Maria Munibe jaunak, bere aitaren babes eta diru-laguntzaz baliaturik, ibilaldi handi bat egin zuen Europako burdin lantegirik aurreratuenak ikusi eta haietan ikasten; zenbaitetan, saiaketak eta aurrerapenak egiten ari ziren heinean ikasi zituen berri jakingarriak, gero Batzordearen bidez Euskal Herrian erabiltzen laguntzeko. Hain zuzen ere, arreta handiz zaindu zuten Adiskideen elkartekoek burdingintzari zegokíon guztia, eta batez ere laneko kastuak gutxitzea.
Esan dezagun, Munibe jauna ez zela alperrik ibilia Frantzia, Belgika, Holanda, Danimarka, Suedia, Prusia, Austria eta Italian zehar: mineralogiari eta burdingintzari buruz asko ikusi eta ikasi baitzuen. Izan ere, Suedia, Saxonia, Estiria, Karintia, Lieja, Foix-eko konderria eta beste gehiagotan meategirik eta burdindegirik aurreratuenak ikusi eta aztertu ondoren, gauza jakingarriak ekarri zituen, burdina altzairu nola bihurtu, esaterako; aldi berean eskutitzak, tokian tokiko gauza berezi zenbait eta beste ekarri zituen, Bascongada elkartearen Bildumategia hornitzeko egoki izan zirenak. Ez da harritzekoa, Bazkide Zenbakidun eta Elkarteko idazkari izendatu izana, 1773tik aurrera.
Aurreko urtean, Cronsted-ek idatzitako Ensayo liburua, mineralogiari buruzkoa itzuli zen gaztelaniara suedieratik eta Adiskideak elkarteak argitaratu zuen, ondoren asko erabiltzeaz gain, gai desberdinak aztertu eta sailkatu ziren. Altzairua zuzen-zuzenean edo zehar-biderik gabe lortzeko asmoak ere zor zaizkio Munibe berarí: Stockholmdik idatziz bidali zituen bere asmo eta argibideak, eta berehala hasi ziren Diego Aranguren, zaldizkoen kapitaina, eta Pedro Rubio, artilleriako koronela, Arrasaten era berriko saioak egiten era zaharrekoen ordez.
Hiru urteren buruan itzuli zen bere sorterrira ibilaldian ikasketa eta ikerlan handiak egin ondoren. Harrerarik onena egin ziotela ikusteko, hor ditugu Stockholmeko «Real Academia de Ciencias» eta «Instituto Freiberg» elkarteek beren bazkide egin zuteneko agiriak. Hogei eta hiru urte zituela hil zen 1774an.
Ekarpenak
aldatuAntonio Maria Muniberen ekarpena
aldatuAntonio Maria Munibe, Ramon Mariaren anaia, 1775. urtean Parisera joan zen Xabier Maria Egiarekin batera, kimikako teknikak ikastera, Elkarteak diruz lagunduta; lagun eta gidari burutsua izan zuen han Eujenio Izquierdo, Karlos III.a erregek ordainduta Frantziako hiriburura, Historia Naturala ikastera bidalia, eta berehala egin zen Bascongada elkarteko bazkide.
Handik Suediara jo zuen burdingintzan ikastera; handik bidali zituen ikasketei buruzko berriak eta bere iritziak idatzita, baina ez dute argirik ikusi; aztarna hau besterik ez da agertu, hau da, 1782ko Batzarretako Txostenetan aipatzen dute Xabier Egia eta Chavaneurekin batera Batzordeko izan zela esateko, Zestoan 1774an aurkitutako ur mineralen azterketa egiterakoan; haiek egindako lanaren aitorpen bat eginez, balio handiko lana zela-eta.
Burdingintzari laguntzeko sail berezi hark egin zituen programa eta ekintza ugarien bidez lortu zuten, Orozkotik honako albiste pozgarri hau, «haber obtenido resultados más económicos en el modo de arrancar en campo libre para la calcinación de venas de hierro», burdina atarian bertan garbitzeko moduan ordura artean baino emaitza merkeagoak lortu zituztela, alegia. Hala ere, atzerrietan zituzten erak ongi ikasiak zeuzkatenez, eta Euskal Herriko burdinoletako zehaztasunak jaso ondoren, Orozkon eginari ez jarraitzea erabaki zuten. Legazpiko Bengolea eta Bergarako Iparragirre lantegietan saio bereziak egin zituzten bi eratako metalak elkartzen eta «saliendo un hierro muy tenso y bueno, así también como el que se obtenía en Somorrostro», hau da, burdin sendo eta ona lortu zutela, alegia.
Mota desberdineko zainak, ikatzak, toberak eta hauspoak erabiliz, eta galdatze eta forjaketa desberdinez baliatuta, zer-nolako aurrerapen eta onurak lortu ote zitezkean ikusteko, zentzuzko saioak egiteko erabakia hartu zuten.
Benetan arrera ona izan zuen Urnietako Aranburu zeharrolako arduradunak bidalitako txostenak, galdatzea egitekoan kuartzo sartuta burdin hobea lortu zutela adierazten baitzuen. Berehala hasi ziren Hernaniko Ereñozu eta Fagollagako burdinoletan ere entseguak egiten, eta ondorio onak lortu zituzten; halaber, Markina, Arratia, Laudio, Galdakao eta Mungiakoetan, Bizkaiari zegokionez. Metal desberdinak erabiliz egin zituzten saioak, eta bi eratako onurak lortu zituzten: ikatz gutxiago erretzea eta zepa garbiagoa ateratzea.
Juan Dowlingen ikerketa
aldatuReal Sitio de San Ildefonson Meatze eta Fabriketako Altzairu eta Erreminten lantegiko zuzendaria zen JuanDowling jaunak 1774an Gasteizko Batzarretan aurkeztu zuen ikerlanak laudorioak lortu zituen, burdina altzairu bihurtzeko era berria kontzienteki frogatuz; aldi berean, jarraibide egokiak eman zituen Euskal Herrian eta penintsularen iparreko beste probintzietan lantegi bereziak egiteko, gaiak ugari zirenez, lanerako tokiak ere egokiak zirelako.
Burdingintza aurreratu eta indartzeko ekinaldi hauen artean, garrantzizkoa izan zen bazkide batek Mutrikun bere trebetasunez lortu zuena ere, sutegia gai desberdinez beterik, astero lehen baino burdin gehiago ateratzea lortu baitzuen.
Fausto Elhuyarren txostenak
aldatuBaina teknika eta ekonomiari dagokienez, gaur bertan ere harrigarri gertatzen zaigu, Gasteizko Batzar Orokorra elkarteak eskatuta, Fausto Elhuyar jaunak 1783. urtean aurkeztu zuen ikerlana: Somorrostroko meategiak, ingurumeneko xehetasunak, geruzak edo meatze mailak argi eta garbi adierazi baitzituen. Aldi hartako meatzaritza eta burdingintzari buruz egindako ikerketarik funtsezkoenetako bat da. Arreta handiz aztertu zituen meategien deskribapena, orografia, geologia eta bertan zeuden lau eratako meak; bestalde, lana egiteko era atzeratua eta burutsukiago egin beharrekotzat jo zuen. Horrez gain, han ikusitako baliabideak baztertu eta era berrikoak aurkeztu zituen xehetasun guztiz hornituta.
Tankera berean aztertu zituen Orbaitzetako meategiak ere Elhuyarrek eta ikerketaren txostena aurkeztu zuen.
Hungariara ordezkari gisa bidali zutenean, asmakizun berri bat amalgamazio prozesu bidez bere meatik burdingorria ateratzeko; han, Hungarian bertan, onartutako asmakizunen zerrendan ezartzea lortu ondoren, Euskal Herrira bidali zituen xehetasun guztiak, hemen ere aurrerapen hartaz baliatzen hasi ahal izateko; gainera, Aralar mendiko meak izendatu zituen horretarako, bere ustez egokienak zirelako.
Europan barrena zebilen bitartean, herrialde bakoitzeko burdinoletan burdina lantzeko zituzten arau eta modu berezien oharrak bidali zituen, non zer adieraziz; besteak beste, Bizkaiko langintzaren antzekoena, Hungariara iparraldean dagoen Stossekoa aurkitu zuen: bertako labea, agoa ateratzeko, mailukatzeko eta goritzeko erak eta beste zehazki izendatuz; era berean, Karintia eta Estiriako burdinoletako gauzarik berezienak ere azaldu zituen.
Guretzat oso jakingarri den ondorio batera iritsi zen Elhuyar jauna bere ibilaldiaren buruan: lurralde haietako langintzak edo metodoak gure burdingintzakoak baino baxuagoak edo atzeratuagoak ziren, batez ere burdina geza edo burdina bera ateratzen, hau da, burdin barrak ateratzen.
Pablo Areizagaren ekarpena
aldatuPaulo Areizagak, 1773. urtean, eta Elhuyarrek emandako argibideez baliaturik, Somorrostroko mea eta Mutilokoa elkartuta, ondorio onak lortu zituen; eta aldi berean, «Real Academia de Ciencias de París» zelakoak aipaturiko neurrietara egindako haize-arkak erabili zituen. Urte bereko Extractos edo Txostenetan ageri denez, Elhuyarrek aurkeztu zituen xehetasun hauek.
(Bazkideak ugaritzeko ere egin zituen eginahalak, adibidez, olagizon guztiak elkarte batean biltzeko saioak, 1791ean Bergarako Batzar Nagusira aurkeztuz. Haren asmoa, Sozietate Anonimo bat egitea zen, zenbait lantegi bateratuz eta guztien artean hiru milioi errealeko dirutza ipiniz).
Atera zezaketen irabazpidea alde batera utzita, beste hau zen egitasmoaren helburu nagusia: lan-metodoaren kastuak gutxitzea. Horretarako, bistakoa zen aurrez aterata zituztela kontuak bai ikatzari eta bai eskulanari zegozkienez.
Elhuyarrek bere lanean etenik gabe jarraitu zuen: batetik, burdinolen zerrendak eta haien nagusien izenak biltzen, bestetik pisu eta neurriak alde guztietan berdin erabiltzea lortu nahirik, gogotik saiatu baitzen luzaro. Eta zalantzarik gabe ekin zion Alegian burdinola berri bat egiteari, helburu berezi honen bila: arragoko altzairua lortzeko, Jard-ek asmatutako metodoak eta Scheffield-eko lantegietan erabiliak berak ere saioak eginez ondorioak ikustea. Izan ere, hemendik Toledora armagintzarako bidaltzen zutena baino hobea baitzen.
Trino Antonio Porcel Agirreren ekarpena
aldatuTrino Antonio Porcel Agirre bazkideak aurkeztu zuen txostena, luzea eta agiri ugariz hornitua zen. Bergmann eta Kirwanen metodoak oinarritzat hartuta, burdinkiak ikertzeko bideak izendatzen zituen, zehazki; baina berak asmatutako metodoaz bereizten zituen burdin meatako zink oxido eta magnesia, aldi berean Somorrostro, Mutiloa eta Zeraingo meategietan erabiltzeko erak izendatuz.
Jeronimo Tabernen ekarpena
aldatuJeronimo Tabern donostiarraren izena ere tartean ageri da, txosten jakingarria aurkeztu baitzuen, besteak beste, gerora egur-ikatza urritzeko arrisku handia zetorrela eta Euskal Herriko mendietan behar adina egur ez izateak, burdina garestitzea zekarrela adieraziz; gainera, ondorioz, atzerrikoen aldetik elkarren leia sortuko zela, Ameriketara bidaltzen zituzten tresnen kaltean.
Arazoari egoki erantzuteko bídeak ere aurkeztu zituan, egurikatzaren ordez harrikatza erabiltzearen alderdiak azter zitzatela eskatuz; izan ere, Asturias aldean oso ugari baitzen harrikatza. Bere aldetik garbiro azaldu zuen, Bascongada elkartea arduratzen zela arazoaz, eta hala, Arabako norbait saritu zutela bere lurraldean harrikatza aurkitu zuelako; eta bazela beste aurkikuntza bat Hernanin aurkitu berria.
Simon Arragorriren ekarpena. Errenteriako fanderia
aldatuSimon Aragorri Irandako markesa dugu burdingintzari bide berriak zabaltzen ahalegindu zenetako bat eta 1769an Gipuzkoan Errenteriako fanderia eraiki zuena: lantegiaren bihotza balitz bezala, gurpil eragile bat, erreberberozko labea bi eta ijezketa-trena zeritzan tramankulu berezia.
Astean berrogei eta hamabost mila libra mea eraldaturik, burdina xafla bihurtzen zituen eta hogei eta hamar mila zumitz edo burdina zerrenda egiten, probintziarentzat garrantzizkoa zen kontuan hartzen bada haren gainbehera. Lehen ere esana dugun bezala, hauxe zen Espainia osoan gisa honetako lehenengo lantegia; eta lanean ipintzeko, laurogei mila peso behar izan ziren.
Lantegi horren sortzaile eta jabe, Simon Aragorri izan zen, Irandako markes Nikolas Arragorry eta Joana Ohalderen semea, Endaian jaio eta urte luzez mugaz alde honetan bizi izana. Ekintzaile handia zenez, kementsu jokatu zuen, baina ez burdingintzari zegozkionetan bakarrik; bazuen bestelako arazoetarako ere joera sutsurik: honela, politika-gizon trebe eta burutsua zenez ospetsuago ageri da, hari esker burutu baitzuten 1795ean Frantzia eta Espainiaren artean Basileako bake-ituna.
Industriako eta Merkataritzako Batzordea
aldatuHala, «Industria eta Merkataritzako Batzordeak burutu zituen lanak eta onurak asko izan ziren –erakundearen barruan bertan, arkitektura hidraulikoaren eta nekazaritzako gauzetan sumatu ziren arrazoiez aparte–, hona hemen aipagarrienak:
- aiztogintzari eta kinkilagintza xumeari eman zioten bultzada; Bergarako lantegian lortu zuten hobekuntza handienak, Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarrak haren manufakturetan aldi batez ematen zion babesa medio izan zen.
- Industria txikia, eta berari zegozkion saiaketak eta langintzaren xehetasunei suspertzeko sariak ipini zituen Batzordeak.
- Gasteizen burdina tresnen lantegi bat edo burdindegi bat ipintzeko eta sektore hura sustatzeko kudeaketak eta ahaleginak egin zituen.
Lantzeko burdina hobea ateratzearren
- eta burdina forjagarriaren hobekuntza
- bertan ateratzeko lantegia jasotzeko ere asko saiatu ziren.
- Azkenik, aurrerapenean laguntzeko, burdinazko botoigintza ipintzea ere lortu zuten.
Hasieratik aditzera eman zutenez, Industria eta Nekazaritza biak elkartzea, oso onuragarria izan zen, baten aurrerapenak besteari mesede egiteko; bestalde, teknikaz aurreratzea hiru probintzientzat aberasgarritzat jo zuten, 1766an Gasteizko Batzar Nagusian aitortu zutenez: han azaldu zituzten, izan ere, Industria eta Merkataritza egoki aurreratzeko beharrezkoak ziren hamar funtsezko printzipio, Euskal Herri osoarentzat garrantzizkoak.
Adiskideak manufakturaren aldeko
aldatuBatzar hartan Adiskideek azaldu zutena hitzez hitz ekarri dugu hona, gaur egun ere eredugarri zaigulakoan:
(Manufakturazko sorkariak ahalik gehien esportatzeko, eta ahal den landu gabeko gai gehiena ekartzeko hemen lantzeko).
Aitorpen hori oinarritzat hartuta ateratzen zituzten kontuak argi eta garbi: batetik, burdina, ateratzen zuten toki berean landurik, xafla, barra, laukitxo, sarraila eta antzekoak egitearen onurak; bestetik, dirutan ere kontuak ateratzen zituzten, burdin barrak izan, ala ferra iltzetarako eran mehetuak izan, aztertu ondoren. Azkenik, atzerritik ekarri eta hemen saltzen zituzten orratz, jostorratz, guraize, aizto eta kideko tresnak, gehien-gehienak hemengo burdinez eta altzairuz eginak zirela ere garbiro adierazten zuten.
Horretatik ondorioztatzen zuten esportaturiko lehengaien errendimendua inportatzen zuten manufakturari zegokionarekin alderatuz gero, berrogei eta hamar aldiz garestiago gertatzen zela. Horregatik, alde izugarri hori kontuan hartuta, kasu hori orratz bihurtutako altzairu gordinaren proportzioari zifratan aplikatuz gero,ekonomia doitzea zen egokiena manufakturazko industria metalurgiko gehitzearen bidez; hala, onartuz enean arauak eman zituzten eta beharrezko aholkuak, atzerriko tresnak Euskal Herrian egin zitezen.
Irizpideak zabalagotuz,
- nekazaritzan edo lurgintzan esku gehiegi ari zirela onartu zen; eta aldi berean, nekazaritza aurrerapenez hornituz gero, eskuragarria izan zitekeen industriarentzat.
- Bestalde, bertako jendeak bazuela trebetasuna nahikoa zeregin hauetan, altzairuzko hainbeste tresna desberdin egiten zituztela ikusteak adierazten duenez;
- horrela, Aiako Aristarrazu burdinolan Etxabe anaiek areto-erloju bat egin zutela, zuzen zebilena, eta hori beraiek arretaz eta begiratze beste merezimendurik gabe egin zutela, inolako ikasketarik gabeak baitziren.
- era bertsuan, Eibar, Soraluze eta inguruetan trebeziarik handienaz lantzen zituztela armak.
- Eta Euskal Herriko geografiak bera ere lagungarria zela, gaiak batetik bestera erabiltzeko, batez ere Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarrak lagundurik (...).
Produktu manufakturatuak
aldatuGure Herriko burdinolek XVIII. mendea amaitzera zihoala, hainbat metalurgi- eta errementari-etxeak hornitzen zituzten beren produktuez edo materialez, burdinazko edo altzairuzko lingote, barra, pletina eta biribil, eraldatze edo manufakturarako.
Aipatutako produktu metalurgiko asko burdinoletan bertan egiten ziren, osoko fabrikazio modura, aingurekin gertatzen zen bezalaxe.
Produktu manufakturatu metalurgiko hauek, besteak beste:
- itsasorako aingurak eta aingura txikiak; armadarako eta armategietarako burdin mailukatuzko edo altzairu urtuzko kanoiak, balak eta esku-hagak;
- arma zuri, suzko armak eta armak orokorrean; ezpatak, sableak, baionetak, iskiluak, alfanjeak, fusilak, karabinak, eskopetak, trabukoak, pistolak, kasketak, ezkutarma biribilak, halabardak, azkonak, bular babesak, besokoak, ezkutuak.
- Burdinolako bertarako erremintak: mazoak, ingudeak, kateak, borrak, kurrikak edo suhatzak, mailuak eta taielak.
- Eraikuntzarako osagaiak: balkoiak, burdin sareak, sarrailak, giltzak, ate burdineriak, iltzeria, bisagra, bernoak.
- Nekazaritza eta meatzetarako erremintak: aizkorak, aitzurrak, palak, pikotxak eta ginbaletak;
- burdinazko sukaldeko ontziteria, kazolak, eltzeak, marmitak eta beste tresneriak:
- upelentzako uztaiak, orgentzako armazoi edo gurpil-hagunak, aiztoak, labanak, ferrak, erromatarren balantzak, poleak, zirgiloak, frenoak, ezproi-loreak eta hodiak.