Burdinolaren historia/Galdaketa prozesua eta ekoizpena
Ekoizpen zikloa
aldatuUrteko lan kanpaina euriaren araberakoa izaten zen burdinoletan eta, ondorioz, ibaietako ur-emariak baldintzaturikoa; horregatik, azaro aldera hasi ohi zen, eta apirila nahiz maiatz aldean amaitzen zen.
Urriaren bukaera aldera olagizonek idi gizen bat, inguruetako gizenena, hiltzeko ohitura zuten, urteko lan-kanpaina hasi aurretik, eta gaziturik, zezinan egiten zuten beren otorduetarako.
Lan aldia beti igandez hasten zuten, bazkari eder bat eginez eta otordu horretara jende askori dei egiten zieten olagizonek: herriko agintari, apaiz eta beste auzotarrei, denen artean ospakizuna gaueko hamabiak arte luzatuz.
Gainerako urtezatian, berriz, gehienetan beste lan hauek egiten zituzten: zuhaitz eta txara nahiz sasiak moztea basoan, labe eta sutegietan behar zuten ikatza egiteko; meategietatik burdinkia ateratzea, urtzea eta oletara eramatea.
Azkenurteetan, itsasotik gertuen zeuden burdinoletan aingurak egin ohi zituzten batez ere; eta horretarako, Somorrostrotik ekartzen zituzten mea aberatsak, itsasoz ekarri ere benakera edo txanukera izeneko ontzi berezietan, bakoitzak seiehun edo zortziehun kintaleko zama garraiatzen zuelarik.
Lonjak eta errenteriak
aldatuItsas portuetan eta ibaiak itsasoratzen diren tokietan baziren etxe berezi batzuk, errenteria izeneko saltokiak, adibidez: Errenterian, Donostian, Orion, Zestoako Beduan, Bilboko San Anton zubiaren ondoan eta abar; batez ere, burdin eta gainerako ekoizpenak bertan pilatzeko izaten ziran, baita ikertzaileek aztertu ondoren hainbat destinoetarako ontziratzeak ere.
Langileak
aldatuBertako langileak izenez olagizonak ziren, eta hauek izaten ziran gehienetan:
- labeak zaindu eta burdina urtzeaz arduratzeko, bi urtzaile;
- beste bi jotzaile edo tiratzaile, ieleak;
- laguntzaile edo peoi bat, deituraz pealea, baina baita gatzemaile ere, bere esku zuelako eltzea gazitu eta zaintzea.
Olajaun delakoarekin egiten zuten iele eta urtzaileek beren lanituna, gehienetan ateratako burdin kintal bakoitzeko erreal bina, larunbatetan pisatuta. Urteko lan-aldiaren amaieran egiten zuten ordainketa, baina tartean ere ordaindu ohi zuten gerokoa aurreratuz.
Galdaketa prozesua
aldatuUrtzaileak bere lan berezia egiteko, meatokitik ekarritako burdinkia bereizi behar izaten zuen lehenik, labea betetzeko behar zuen tonaerdia osotu arte. Mailuz joka zatitu edo txikitu behar zituen, bakoitza sei zentimetro baino handiagoa izango ez zen moduan utziz; berehala galbahetu egiten zen, hauts, apur eta zentimetroa baino txikiagoko puskak alde batera bereizteko. Lan honetan laguntzaile izaten zuen pealea.
Ondoren labea bete ohi zuen, burdin mea eta ikatza txandaka sartuz; labea piztean, berriz, haizea eman behar zion hauspoz, indartsu eman ere, su-gar urdinak ateratzea lortu arte.
Lehen ere esan dugunez, gasek murrizten eta aldatzen zuten burdin mea, benetan burdinki edo burdin bihurtu arte.
Adierazi den bezala, Gasek murrizten zuten burdin mea edo burdin oxidoa honako egoeretatik igaroz:
- lehenik, oxido magnetiko egoerara,
- ondoren, protoxido egoerara
- eta, azkenik, haren metal edo burdin egoerara.
Baina burdinki ez zen guztia bereizi eta, ordu pare baten ostean, ziar-zulo zeritzan zuloan barrena kanporatzen zuten ziarrak edo zirelakoak.
Berotasun oso handian eta murrizketa giroan, burdinak ikazkaia bereganatzen duelako, edota biak elkartzen direlako, burdina hoztu eta gogortzean zatikor edo hauskor gertatzen da. Horregatik, trebetasun eta esku bereziak behar zituen urtzaileak, kako luze baten bidez burdinkiak elkarri itsasteko eta labeko bazterrik oxidatzaileenera biltzeko: horrela lotzen zuen burdinari ikazkaia murriztea eta agoa burdintsuago bihurtzea.
Agoaren eraketa
aldatuLabea piztu eta lauzpabost ordura hasi ohi zen urtzailea, burruntzi edo su-hagaren bídez, labean barrena sakabanaturik zeuden burdinki puska harro-harroak bata besteari itsasten; horrela pilatu eta itsatsitako mukulu edo pila gori-goria zen agoa, ehun eta berrogeita hamar kilotik berrehunerako burdin konkorra.
Bost olagizonek burdinaga eta kurrikak izeneko suhatz handiez atera, eta gabiaren ingude gainera eramaten zuten; hantxe gabiaren mailukadaz lantzen zuten, ziarrak kendu eta burdinari purutasun handiagoa emanez.
Gaur egungo labe garaietan ez bezala, burdina urtu gabe lantzen zuten zeharroletan, galdaketa prozesu edo fasetik pasa gabe.
Forjaketa eta kalibreak
aldatuGabiaren ingude gainean ipini orduko agoa, 900º eta 1.000º bitarteko berotasuna galdu baino lehen hasten zen ielea joka hura lantzen eta tiratzen, trinkotu heinean arbastatze karratu nahiz totxo tankera emanez.
Atera behar zuen burdinazatia lodia bazen, berotu aldi batez burutu ohi zuen bere lana; baina ebaketa txikiagoko burdin profilak atera behar zituenean, totxo gorituak taiel batez mozten zituzten; eta gelditutako zatiak ondoren behar adina bider gorituz forjatzen zituen.
Emaitza: burdina gozoa eta altzairua
aldatuEgiten zituzten haga edo barrak bitarikoak izan ohi ziren: burdina gozoa edo burdina biguna batetik eta altzairu naturala bestetik, karbono proportzioa %0,2-%1era bitartean alda zitekeelarik.
Urtzaileak,
- burdina gozoa ateratzeko, aipatu dugun moduko karburazioa saihestu behar zuen.
- Altzairua lortzeko, berriz, karbono proportzioa gehitzen zuen, zilarrak sarriago kentzen saiatuz eta agoa ikatz goria ukituz denbora luzeagoan edukiz, su-garren alderdi oxidatzailetik aparte.
Denbora. Kontsumoa eta errendimendua
aldatuBurdingaia labean kargatzetik, forjaketan burdina profilak atera bitarteko lanaren ziklo osoa, aldakorra izaten zen zeharrolak zuen garrantziaren arabera; gehienetan bospasei orduko lana izaten zen.
Tonaerdi bat burdinki eta ia beste hainbeste ikatz kontsumitzen zen.
Hala, bataz beste, ehun eta berrogeita hamar kilo burdina lortzen zen.
Ekoizpena. Kalitatea manufakturarako
aldatuZeharroletan landutako burdina kalitate oso onekoa zen erabilitako materialen purutasunagatik eta ganga fosfororik gabea izateagatik; baina baita sufrerik gabeko egur-ikatzetan goritzen zutelako ere.
Bestalde homogeneotasun gutxikoa eta garbitasun gutxia ere izaten zen, zilarrak guztiz kentzea zailegi gertatzeaz gain, karrakaz jateko zailak ziren altzairu-zati gogorrak izaten zituelako tartetan.
Alderantziz, altzairu gozoa, karbono gutxikoa zenez, erraza gertatzen zen forjaketarako nahiz beroketa eta soldadura goria egiteko, aingurak bezalako pieza handietan.
Kostua
aldatuNeke handikoak, garestiak eta errendimendu txikikoak ziren antzina burdina-lanak, gure gaur egungo ikuspegiaz alderatuta. Beraz, hasierako zeharrola haietan, erregaien edo ikatzaren kontsumoa, ateratzen zuten burdina-kopuruari zegokionean, %300 eta %500 bitartekoa izaten zen; burdina bera ere sartutako ikatzaren erdira jaitsi ohi zen pisuan.
Hain zuzen ere, zepa arre harro pilak, burdinaz aberats eta burdinoletako meatzeetan eta ibaiertzetan pilatzen zituztenak berriro erabili egiten ziren, joan zen mendean aurrera ere.