Burdinolaren historia/Gipuzkoako burdinolak
Ibaia, energia iturri
aldatuGipuzkoako geografia ur-sare zabala osatzen duen erreka, errekasto eta ibaiez josirik dago, Lurraldea markatzen dute, harathonat batean hedatzen direlarik.
Beraien energia-ustiapenaren lehen arrasto idatziak XIII mendearen erdialdekoak dira, lurraldearen Historian. Energia hidraulikoaren lehen erabilera, erroten eta burdinolen izaerari loturik agertzen zaigu.
Erabilera hori, erromatarren aldiaz geroztik ezaguna bazen ere, monasterioetako fraideek eman zioten, Behe Erdi Aroan zehar, Europako zibilizaziori eragin zion zabalkunde eta dibertsifikazioa.
Garaiko industrian, Gipuzkoan eman zitzaion erabilerak hazkundea ekarri zuen bolategien, paper-fabriken, suzko armak egiteko daratulutegien, zerrategien, ainguralekuen eta abarren hazkundea. Baina guztien gainetik, errotarena (eihera) eta burdinolarena.
Aipaturiko lantegiok ur-jauzietatik atera behar izaten zuten energia, lanik egingo bazuten. Industria bakoitzak berea zuen zereginaren arabera, aldatuko da, bereziki, energia ateratzeko ohiko modu hori, adibiderik konplexuenak, Gipuzkoako burdingintzan aurkitzen direlarik.
Gehienetan, energia ateratzeko sistema, honako hauek osatzen zuten: ibaiko urak biltzen zituen presa, presatik ataurrerainoko ubidea, ur-arka garaia, ur-jauziak, eta gurpilak eta beren espeka-ardatza. Burdinolen kasuan, gurpil hidraulikoek eragiten duten makinariaren osagaiak dira erortze libreko gabia eta hauspoa. Eiherari edo errotari dagokionean, gurpila eta errotarria izaten dute.
Oso ugariak izan dira Gipuzkoan, era honetako instalazioak. Eihera asko dira oraindik ere lanean ari direnak. Aldiz, burdinolek burdina egiteari utzi zioten, Labe Garaiak eraiki eta bestelako energiaiturri berriak ezagutu zirenean.
Gipuzkoako burdingintza, XIII. mendetik XIV. mendera bitartean, instalazio hidraulikoei loturik egon zen. Industria hark zuen garrantziaren erakusle da, zenbait idazleren datuetatik jaso dugunaren arabera, biztanleria aktiboaren %30i lana emateak zekarren Gipuzkoako ibaiertzetan lantegi mordoa aurkitzea.
Aipatu aldi historikoan zehar, Gipuzkoan bertan energia hidraulikoa erabiliz burdina egin eta lantzeko 200 burdinola baino gehiago zerrenda azaltzen dira dokumentaturik.
Burdin biguna egiteko prozedura
aldatuUgari dira burdina lantzeko era desberdinei buruz ikerketak. Eta ezagutu ere, ezagutzen dira burdinolen garaian bertan egin izandako deskribapenak, Fausto Elhuyarrek, Munibek edo Larramendik egindakoak lekuko. Beste arlo batekoa bada ere, Peru Abarka izeneko obra literarioa azpimarragarria da, beste ikuspuntu interesgarri batetik azaltzen baita burdinoletako lana.
Gipuzkoako burdinoletatik, gehienek burdin biguna lantzen zuten. Hori lortu ahal izateko erabiltzen zen sistema, munduan zehar katalan era izenez ezaguturikoa zen eta honetan zetzan: murrizketa bidez, zuzenean burdin mea egur-ikatzarekin batera labean goritu ondoren, burdina sortzea.
Zeregin horretarako, metro inguruko sutegi bat erabiltzen zen, hau da, alderantzikaturiko enbor piramidal baten tankerako sutegia zen, lantegiko zoruan erdi sarturik zegoena. Atzealdean eta sutegitik horma batez bereizita zeudelarik, bi hauspo handi aurkitzen ziren, sutegiari atzetik haizea emanez.
Aurrez aurretik egositako burdin mea eta egur-ikatza sutegira sartzen ziren, burdinazko xafla batez bereizirik biak. Erretzen hastean, burdin xafla hori, kendu egingo zen. Gero, hauspoei eraginez, sua indartu egingo zen, harik eta burdin harria karbonoarekin batera nahasteko moduan izan arte.
Urtzailea izango zen aipatu nahasketatik sortzen ziren burdin pusketak batzen eta burdinazko bola egiten zituena. Sutegiaren goialdetik egingo zuen hark bere lana, handik baitzen sutegia irekia.
Azkenik, lau edo sei orduz jardun ondoren (zepak edo eskoriak kentzen, burdinazko bola edo agoa handitzen eta abar) atera egingo zuen agoa sutegitik, berau, hurrengo galdaketarako prest gelditzen zelarik.
Jarraian, forjaketaren bidez, zikina kenduz trinkotuko zen burdina. Burdina jo ahala itxura emanez joango zitzaion agoari, gehienetan eta hasiera batean, behinik behin, totxo itxura ematen bazitzaiolarik.
Altzairua egiteko prozedura
aldatuEskuetan ditugun dokumentuek diotenez, Arrasate inguruan egiten zen altzairua edo burdina gogorra, Europako beste lurraldeetan hain arrunta zen modu bati jarraituz. Noiztik? XVIII mendetik, gutxienez.
Altzairua egiteko era, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko Batzar-agirietan azaltzen da. Txostena Fausto Elhuyarrek izenpetua da.
Inguru haietan zegoen mea-zainaz baliaturik –prozesu horretan ezinbestekotzat jotzen baitzen–, burdin biguna egiteko erabiltzen ez zen sutegi batean urtzen zen burdin harria egurikatzarekin batera. Erretze honetatik burdin salda edo arrabioa lortuko zuten.
Hilabete batzuetan burdin salda eginez jardungo zuten pila handi bat lortu arte. Gero, sutegia aldatuko zuten eta orduan jarraituko zioten «katalan era» hari, baina, labean handituz zihoan agoari pilatuta zeuzkaten burdin salda pusketak gehituz.
Mota bakarrekoa zen, Arrasateko olagizonek altzairua egiteko erabiltzen zuten burdin harria, altzairu-marra deiturikoa eta burdin saldaren totxoak egiteko baliatzen zutena.
Ez dakigu zer-nolako labea erabiliko zuten, baina uste dugu, labe garaiaren tankerakoa izango zela, hain da handia burdin salda egiteko behar den berotasuna!
Nahikoa burdinurtu lortzen zutenean, ohiko sutegia antolatzen zuten, ohiko galdaketa eginez. Burdinurtuari, urtzaileak, beronen maisutasunaren eta urtzailearen gustuaren arabera burdin salda gehituko zion, baita ziren beste hainbat materia ere, nahiz eta, askotan, prozedura horretan beharrezkoak ez izan. Gero, handitu eta sutegitik atera ondoren, uretan sartuko zen agoa, laster hoztu zedin.
Aipaturiko prozedura jarraitzeko arrazoia honako hau izan daiteke: zuzen-zuzeneko prozeduraren bidez burdinaren gogortasuna bere puntuan jarri ezin izatea.
Arazo honen aurrean, irtenbidea, dirudienez, honako hau zatekeen: karbono-eduki handiko burdina, burdin salda alegia, karbono-eduki urriko burdinarekin nahastea, hartara, haren gogortasuna ahuldu egingo zen, harik eta forjaketaz pitzatzea saihestuz landu zedin.
Beraz, burdina eta altzairua izango dira, Gipuzkoako burdinoletan egingo diren ekoizpenak. Hauek itxura batean totxoaren tankera hartuko dute, baina, gero, mehatuak izango dira, barra luze edo pletina eta abarren tankera emanez. Bai tankera batean nola bestean, saltzen ziren, Atlantiko nahiz Mediterraneo aldeko Europako lurraldeetara, baita Ameriketara ere. Baina egindakoaren kopuru bat, bertan landu eta saltzen zen, armagintza xede.
Dena dela, burdinola haiek indarrean ziren garaian entzuten ziren kexuen artean zeuden, esate baterako, halako konplexutasun bat zuten burdinak manufakturatzeko lantegiak falta zirela eta beharturik gertatzen zirela kanpotik oso garesti ekartzera, ekoizpen horiek jatorriz hemengo burdinaz eginak izan arren.
Azkenik, adierazi beharra dago, Fausto Elhuyarrek egindako deskribapenen eta azalpenen arabera, Euskal Herriko burdinolek indarren eta sendo irauten zutela haren garaian, labe garaietatik zetorren burdinari inolako beldurrik izan gabe.
Atzerapen teknologikoa
aldatuBurdinolek jasango zuten krisialdiak, Wolframaren aurkitzaileak kontatutako gertakizunen ondoren etorri zenak, ez zuen zerikusirik izan, antza, erbestetik zetorren burdinaren aurrean, bertakoak izan zezakeen konpetentzia edo gaitasun-ezarekin. Beraz, kontutan hartzekoa da, Julio Caro Barojak azalduriko hipotesia. Hark dioenez, gerrako gertaera suntsikorra izan ziren Euskal Herrian hegoaldea krisialdira eraman zuena. Gertaera suntsikor horiei Konbentzio Gerrak emango zien hasiera, Napoleonen aurkako gerrak eta Karlista Gerrateak emango zielarik segida.
Gertaera horiek, negatiboki eragin zuten Hegoaldeko garapen teknologikoan. Aurreratua aurkitzen baitzen, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, Europan ezagutzen zihoazen sistema berriak esperimentatzeari emana eta burdinoletako lanak arrazionalizatzen ari zen bitartean. Ikerlanek 1794. urtera arte egiaztatuak izan ziren. Bereziki honako hauek izan ziren esperimentatu zituztenak: oholezko hauspoa, meazain nahasketak, urgarriak, burdina erretzeko erak, harrikatza destilatzea, labe garaiak, e.a.
Frantziako armada Konbentzio Gerran Gipuzkoan sartu zen garaian, aditzera eman izan zenez, burdinolak bertan behera utziak omen zeuden, olagizonak ihes zebiltzalako. Halatsu gertatuko da ondorengo urteetan ere, Napoleonen armada Hegoaldean sartzean. Bien bitartean, Ingalaterran burdingintzan nahiz meatzaritzan garrantzizko aplikazio berriak egiten ziharduten, Gipuzkoako instalazioetan esperimentatu ere ezingo direnak.
Azkenik, mende bukaeran, euskal ekonomia osatzen hasi aurretik, beste bide batzuetatik zihoazen bitartean emanak ziren aurrerapauso teknologiko guztiak. Bide berri haiek, labe garaiak egitera bultzatzen zuten, hain zuzen ere. Datu interesgarri gisa, esan beharra dago, Gipuzkoan egin zen mota horretako lehen enpresa, Beasaingo San Martin fundizioa, egiteko garaian, kapitala jarri zutenen lehen bazkideen artean zegoen Iartzako burdinolan arotz izandako olagizona.
Galdatze prozedura
aldatuOlagizonak
aldatuZenbait idazlek burdinoletako lan-orduez eta langile-kopuruez emandako iritziaren arabera, logikoa litzateke burdinola batean lanean lauzpabost pertsonek jarduten zutela pentsatzea: arotza edo maisua, ofizialak eta mutilak).
Lanaldiak ez zuen etenik izaten, eta gaur egungo labe garaietan gertatzen den bezala, ez zen sua itzaliko, igandean izan ezik, eta hori erlijioak agintzen zuelako.
Olagizonek txandakatuz egiten zituzten burdinolako lanak, jarduerak etenik izan ez zezan. Atsedena ere, txandakatuz hartuko zuten, burdinolan bertan horretarako prestaturik zegoen tokian, etxola zeritzon aterpean, hain zuzen ere.
Burdinola gehienek udako hilabeteetan uzten zioten lanari, batzuetan udalak hala agintzen zielako. Garai horretan, ziur asko, bestelako lanak egingo zituzten, hala nola: konponket-alanak, egur-ikatza egitea, burdin harria eta abar bildu, nahiz bestelako lanak.
Prozedura
aldatuZuloetan, karobiaren antzeko labeetan eta bestelako labeetan burdina errez, ematen zitzaion hasiera galdaketa-prozedurari. Gehienetan, labea piztu ondoren, sartuko zen kiskalitako eta txikitutako burdin harria. Errekina ere, etengabe sartuko zen labera, baita berehala erre ere, eta are azkarrago erretzea lortuz, hauspoek haizea botatzen hasten zirenean. Egur-ikatzak ematen duen berotasunaz, eta haizearen eraginez (aipaturiko sistemaren bitartez) lortuko zuten, 1.300 graduko tenperatura, zeinari esker egingo zen burdina oretsu.
Era horretan sortuz zihoan agoa, burdina handitu eta bola egin ahala, galduko zituen hark zepak, eta labearen zokoan pilaturik gelditzen ziren. Eta azkenik, agoa labetik aterako zuten, 60-70 kilokoa egiten zenean, hauspoa gelditu ondoren. Segidan, beroan landuko zuten agoa, gabiaz forjatzen zen, eta ingudean kentzen gelditzen zitzaizkion zikinak; agoa mailuz jotzen zuten, harik eta kalitatezko burdin lortu arte.
Azken ekoizpena, totxo tankerakoa, batzuetan guriguri berotzen zen berriro, eta bigarren aldiz gabiaz jotzen zen, beste era bateko produktuak lortzearren.
Hala hauspolana, nola gabiaz kolpatzea, mekanizaturik egiten ziren, energia hidraulikoari esker, hark jartzen baitzituen abian makineriaren gurpilak edo turbinak.
Inguruetako erreketatik biltzen zen ura. Lehenik, presan bilduko zen. Hauek kokatzen ziren tokiak, burdinolako uharkak baino altuera handiagoa izan behar zuen. Presatik ataurreraino maldan behera eramango zen ura, ubideetatik zehar. Eta azkenik, ataurre muturrean zegoen uharkak bilduko zituen gurpilari eragingo zioten urak. Ataurretik behera ateratzen zen laukizuzen moduko uharkan sarturik baitzituen gurpilak. Burdinolaren barrutik gakoari tiratuz irekitzen zen ataurreko tapoia, honekin batera ura gurpila palen gainera erortzen zelarik. Lan horren arduradunak erabakitzen zuelarik zenbat ur eman behar zion gurpilari azkarrago edo makalago ibil zedin.
Hauspoen gurpila izaten zen urek lehena hartzen zutena. Gurpila honek aurrerantz egiten zuen mugimendua, baita haren erdian sartutako ardatzek ere, eta hauek eragiten zioten labean haizea sartuko zuen hauspoari, espeka batzuek tarteko. Nahiz eta hauspoaren itxurarik eta neurririk ez dakigun arren, logikaren arabera, uste izatekoa da larruz eta zurez egina izaten zela hura: 4 metroko luzera, eta muturrean tobera bat, gehienetan burdingorrizkoa.
Beste gurpilak gabiaren ardatzari eragiten zion. Gabia labe aurrean kokatu beharra zegoen lanik egingo bazuen. Horregatik, bigarren gurpil honek beste aldera egingo zuen mugimendua. Ura eman eta gurpila mugitzen hasten zenean, beronen ardatzeko mazo-gabiek sakatuko zioten gabi-oinari. Gabi-oinari sakatzean, gabi-ardatzaren beste muturrean zegoen gabi-burua altxatuko zen. Puntu honetan zegoelarik burua, utzi egingo zioten mazo-gabiek oinari, eta orduan eroriko zen bere pisuaren pisuz, burdinatzar handi batez egindako gabi-burua, ingudearen gainera.
Gabiaz forjatzen zen burdin masa hari kurrika edo tenaza bidez eusten zitzaion, eta gabiaren kolpeak azkarragoak ala makalagoak izateaz langile bat arduratzen zen.
Ezagutzen ditugun gabiak kontutan hartuta, honako neurri hauetaz hitz egin daiteke: ardatzak, 5 metro eta, gabi-oinak, 6 metro gutxi gorabehera.
Olagizonen lan-osagarri zenbait ere egin beharko zituzten: inguruetako burdin harria lurpetik ateratzea edo Somorrostrokoa erostea, egur-ikatza egitea, ola-nagusiaren abereak zaintzea eta abar.
Gabi bidez mehetzea
aldatuLehen aipatu dugun prozedurari jarraituz, zeharroletan (burdinola handia) sortutako burdina, gabia zegoen tailerrera eramango zen, burdina landu eta mehetzera.
Horretarako, burdina totxoak, labera sartzen zituzten. Litekeena den bezala, ordurako sutan zegoen ikatzarekin batera eta labea beroturik zegoela. Egur-ikatza errez, eta toberan barna labera haizea (gehienetan, haize-arkak sortutako haizea) sartuz lortzen zen, burdina gori-gori jartzeko moduko berotasuna.
Ataurretik behera, uharkan barrena zetorren urak mugitzen zuen gurpilari esker, botatzen zuen haize-arkak edo haize-tronpak haizea, kanoi bat tarteko, toberara eta hemendik labera.
Prozedura honetan, haizearkan zehar erortzen zen uraren bolumena kontrolatu behar izaten zen, une bakoitzean labeak behar zuen haizea ekartzeko.
Burdina lantzeko moduan zegoenean, ingudean kurrikalariak mehetuko zuen trebetasunez, gabiaren kolpeez eta langile batek eramaten zuen kolpeen erritmoaren kontrolaz.
Gabiaren ardatzak 6 espeka zituen eta gabi tradizionalek baino arinagoa zen. Hartara, bizkorrago eta hobeto egiten baitzituen lan burdina mehetzen eta luzatzen.
Burdin barrak lortu eta hoztu ondoren, biltegian pilatuko ziren, harik eta merkatura eramaten ziren arte. Burdin barra bat pilatu ondoren, beste burdin pusketa bat aterako zen sutegitik, burdina lantzearen prozedura berriro abian jarriz.
Meatzaritza eta ikazkintza
aldatuBurdin harriz eta egur-ikatzez sarri hornitu beharra zegoen, burdinolako lanak etenik gabe lanean mantendu eta jarraitzekotan. Beraz, burdinolari estuki loturik zeuden beste bi lan mota egiten ziren. Meatzaritza eta ikazkintza ziren, hain zuzen ere.
Meatzaritza
aldatuGauza jakina da Gipuzkoan antzinatik jarduten zela lurretik mineralak ateratzeko lanetan. Gaur eguneraino iritsi diren arrastoak direla medio, behar adina argibide ematen dute erromatarren garaian egiten zen zilar-meatzaritza ezagutzeko.
Aldiz, burdingintzarekin loturik dagoen meatzaritzaren lekukotasuna garbiro, agirietan baino ez zaigu azaltzen. Burdingintzak mineral-mota zehatz bat behar izaten zuen.
Hain zuzen ere, ia lur gainean azaltzen ziren oxidoak. Hori dela-eta, erraz egiten ziren burdin harria ateratzeko lanak, izan ere, meatzaritza osoa izarpean egiten baitzen, zulo bakanen batean egindakoa izan ezik. Gainera, geroztik, XIX. eta XX. mendeetan, Gipuzkoako meategi zahar gehienetan hainbat eta hainbat meategietan egindako lanen ondorioz, ez da lehengo meatzaritza-lanen arrastorik gelditu. Izan ere, lehen ibilitako meategietan egiten ziren meatzaritza berriaren lanak, eta berauek burdin harriaren zainetara jo asmoz, zenbat eta gehiago zulatu eta harrotu lurra, are eta arrasto gutxiago gelditu da, lehengo meatzaritzarenik.
Aldiz, agiriek, ugariak ez izan arren, informazio interesgarriak eskaintzen dituzte.
Hasteko, deigarri gertatzen da, Gipuzkoako burdinoletan erabilitako burdin harriaren jatorria. Bi esparrutatik baino ez baitzen ekartzen burdin harria: Bizkaiko Somorrostro aldetik eta Gipuzkoako muga administratiboaren aldetik.
Hori dela-eta, 1559ko azaroaren 24ean, Arrasaten egindako Batzar Nagusiak onartutako ordenantzek honako hau ezarri zuten: burdina egin zen tokiaren ezaugarri geografikoaren eta erabilitako mea-zainaren arabera markatzea burdinak. Horren ondorioz, Errege Probisioak honako talde hauek ezarriko zituen:
- Mendaro, Elgoibar, Eibar, Arroa eta Lastur herrietako burdinolek osaturikoa. Talde horretako burdinari izen berezi bat eman zitzaion. Burdin hori Muskiz (Muskiz: Somorrostro) aldeko burdin harriaz egina zen.
- Zestoa, Azpeitia eta Azkoitiko burdinoletan ere Muskizko burdin harriaz egiten zuten burdina.
- Aia, Zarautz, Hurdaiaga, Azisulondo eta Asteasu burdinolena. Bertako mea-zainetik ateratako burdin harriaz egina zen burdina.
- Oiartzungo burdinola batzuek Muskizko burdin harriaz egiten zuten burdina, eta beste batzuek bertakoaz soilik, edo bertakoa Somorrostrokoarekin nahastuz.
- Hondarribiko burdinola gehienetan bertako burdin harriaz lan egiten zen, Leizaran (Oilokiegitik Plazaolara), Ordiziako, Segurako, Zegamako, Lazkao eta Legazpiko bailaretako burdinoletan bezalatsu.
Aldiz, Leizaran ibarreko gainontzeko burdinolak, Urumeakoak, Lasartekoak, Azelaingoak, Agarizkoak eta Urrilindokoak, Somorrostroko mea-zainetik ateratako burdin harriaz hornitzen ziren.
Bistan denez, Bizkaiko burdin harria erabiltzen zuten burdinola gehienek, baina batez ere, garraiobide garrantzitsuak dituzten eskualdeetan kokaturik daudenek.
Somorrostroko burdin harriaz hornitze horrek, luze iraun zuen Gipuzkoako burdingintzaren historian zehar, XVII. mendeko epe labur batean izan ezik. Epe labur horretan, debekatu egin baitzen burdin harria esportatzea. Horrez gain, denboraren ardatzean, aurreko zerrendan aipatu ez diren zenbat burdinola ere Somorrostroko burdin harriaz baliatuko ziren, ziur asko. Ezbairik gabe, Bizkaiko meazainaren jatortasunari esker, lortzen baitzen burdin hobea eta preziatuagoa. Eta horregatik, eskatu ere, etengabe eskatzen zen hango burdin harria.
Logikoa denez, Bizkaiko burdin harriaren garraioa itsasoz egingo zen, Gipuzkoako portuetaraino, eta, haietatik ibaian gora eginez, ibaiertzetan kokaturik zeuden burdinoletara eramango. Aldiz, ibaiertzetatik urrun zeudenetara, gurdiz edo beste garraio-mota bidez.
Behin burdin harria burdinolara eramanda, erre egingo zen, labean galdatu aurretik.
Barnealdeko burdinolek eta Bizkaikoarekin trukatzeko urrun aurkitzen zirenek, inguruko meategietatik ateratzen zuten burdin harria. Hauen artean, azpimarratzekoak dira, Udala, Zerain, Mutiloa, Legazpi eta Aiako Haitzetako meategiak. Azkenengo honetatik hornitzen ziren, hain zuzen ere, Hondarribiko burdinola gehienak, baita Oiartzun nahiz Nafarroako batzuek ere. Baina itsasotiko mea-zain izenekoaz ere hornitzen zirenez, baliteke bertakoa harekin nahasturik erabiltzea.
Ikazkintza
aldatuGure mendietan egin izan den ikazkintza joan den mendera arte ezagutu izan da, eta asko izan dira, gai honen buruz egin izan diren txosten etnografikoak eta dokumentalak. Luzemetraiak ere egin izan dira, adibidez; Montxo Armendarizen Tasio izeneko filma, nafar ikazkina zen Tasioren bizitzari buruzkoa.
Burdinolak ziren egur-ikatzik gehiena erabiltzen zutenak, orduan ez baitzuten bestelako ikatzik erabiltzen. Egur-ikatzak ematen zuen berotasunari esker, eta garai hartan bestelako ikatzarekin burdinoletan lan egitea ezinezkoa zelako, egur-ikatza erruz egiten zen mendietan. Ziur asko, olagizonek beraiek egingo zuten egur-ikatza, herriaren basosailetan ikatza egiteko eskubidea enkantean erosi ondoren. Baina litekeena da, beste batzuek izatea txondorra egiteaz arduratzen zirenak, bai olagizonek txondorgileei agindu eta ordaintzen zietelako, edo txondorgileek, inork agindu gabe, ikatza edonori saltzen zutelako.
Burdina baino 3 edo 3,5 bider ikatz gehiago sartu behar zen labean. Hortik suposa daitekeelarik zenbat jende ibiliko zen zuhaitzak botatzen basoan. Eta asko izan ziren eraitsitako zuhaitzak. Hori dela-eta, XVII. mendean aditzera eman zenez, zenbait burdinola jarduera bertan behera utzi beharrean gertatu zen, eta jakin badakigu, beste batzuek Nafarroara jotzen zutela behar zuten ikatza erostera.
Mendiak berriro birlandatzeko asmoz aurrera eramandako egitasmoak, hala nola, ikazkintza lanari, zuhaitz botatzeari eta abarrei mugak jartzeak, basoa ugaritzea ekarri zuten. Hala, bada, Pirinioetako Gerran, Gipuzkoa hartu ondoren, lurralde hau aztertzeko asmotan bidalia izan zen Mouton jaunak adierazi zuenari kasu eginez, esan beharra dago, ordurako, burdinoletarako behar zen ikazkintzaren egoera maila onean zegoela, basoak indartzearekin batera.
Ingelesek, antzeko egoera baten aurrean (mendi guztiak soilduak baitzituzten), harrikatza erabiltzen hasi ziren, harrikatza destilatuak laberako balio zuela ikasi zutenean. Horren ondorioz, koka, hau da, harrikatza destilatzean lortutakoa, nagusi agertu zen burdingintza modernoan, XVII. mendeaz geroztik. Aldi berean, kokaren erabilerak lurrin-makina bezalako indar eragile berriak esperimentatzea ekarri zuen, denok dakigu ondorioekin.
Iraun duten burdinolen aztarnak
aldatuLehen esan dugun bezala, ugari dira Gipuzkoan aurki daitezkeen burdinolen aztarnak. Olazahar edo Iartzako burdinolen kasuak kenduta, aztarna gehienak XVI. mendeaz geroztikoak dira. Aztarnek adierazten dutenez, egitura handiko eraikuntzak ziren burdinolak, eta bakoitzak zuen zereginaren arabera –burdina nahiz altzairua galdatzera ala mehetzera–, berezitu ziren eraikuntza haiek. Teknika mailan aurrera pausoak eman ahala, berezituriko tailerren eraikuntzak gehituz joan ziren.
Hala, bada, XVI mendearen erdialdera, gabia sartu zen, burdina mehetzeko lanak errazteko aurrerapena. Haize-arka edo tronpa hidraulikoa sortu zen XVIII mendean, hauspoa ordezkatuz labeari haize emateko zereginean. Burdinolek dirauten bitartean, gabi eta haizearkaren aurrerapenak aurkitu ziren, burdina mehetzeko zeregina zuten eraikuntzekin batera. Aldiz, burdina galdatzea zeregin zutenek, lan egiteko era zaharrean jarraitu zuten.
Bilakaera horrek, burdinola bi taldeetan banatzea ekarri zuen:
- Zeharrolak (burdinola nagusiak)
- Agorrolak (burdinola txikiak)
XVII. mendeaz geroztik, haize-arka sartzearekin batera, burdinola mistoak ezarriko ziren. Haietan burdina galdatzea eta burdina mehetzea bi lantegi desberdinetako lana izango zen, baina bi lantegiak azpiegitura hidrauliko beraz horniturik. Zeharrola eta agorrola izenez ezagutzen ziren biak.
Hara nola lantzen zen burdina edo altzairua (totxoak eginez ala burdina mehatuz), hala izango zen, funtsean, lantegiak, lanarekiko zuen antolamendua.
Dena dela, burdina lantzeko eredua partekatzen zuten lantegiak izan arren, bakoitzak bere antolamendu berezia zuen ura ekartzeko elementuetan. Ura ekartzeko antolamendu horrek, bazuen zerikusirik bai urhorniketa egiteko hautatutako tokiak ura hartzeko tokiarekin, bai burdinolako lanak bereak zituen beharrekin.
Agorregiko burdinola, Aian
aldatuAgorregiko burdinolaren berezitasuna ataurre bikoitza izatean datza. Bata bestearen segidan kokaturik zituen, Agorregiko errekastoek zekarten ur apur hura ahalik eta ondoen baliatzeko.
Kokapena
aldatuAgorregiko burdinola Aia herriko lursailetan kokaturik dago, hain justu, herritik iparekialdera jo, eta, kilometro batera, Manterolako errekastoaren ondoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen Laurgaingo lursailetan.
Burdinolara iristeko lehenik Aiarako bidea hartu behar da, segidan Manterola baserriko bideari jarraituz. Errekan gora abiatu eta kilometro batera daude burdinola eta errotak.
Azken hiru urteotan, lan handiak egin dira, konplexu hidraulikoa berriztatu eta martxan jartzearren. Aipaturiko lan horiek, jabea den erakundearen eskutik egin dira.
Ur bilketa
aldatuBurdinolara ura eramateko, hiru errekastotatik datozen urak bost tokitan hartuko dira, beste hainbeste ubide erabiliz.
Giltzarriturri eta Mateosui errekastoek, presa txiki bana dute, bakoitzak bere ubidearekin, zeina bertako tuparria aitzurtuz eginak. Bi ubideek bat egiten dute burdinolaren inguruan, goiko ataurrerantz doazela. Ur-bilketa erraz egiten da erreketan. Horretarako, traba txiki bat jartzen da, trabeska, errekan, ura errekaren saihetsetik ateratzen den ubidera joan dadin. Ubide-atarian atea jarriko da, ura behar den heinean hartu izateko.
Mendiko Erreka errekastotik ere, era berdinean hartzen da ura. Bertatik ateratzen den ubideak, Giltzarriturri errekastoan kokaturik dagoen urtegira eramaten ditu urak. Lau metroko garaiera duen presak sortuko du urtegia. Presa hori, horma zuzen bat da, eta errekastoaren ezpondaren kontra ezarria dago. Presak gainezkabide bat du behe aldean. Txinbo bat ere badu burdinolaraino doan ubidera ura eramateko, hain zuzen ere. Mateosui errekastoan ere, presa baten bidez bildu ondoren, ubidean zehar etorriko dira hango urak. Hemengo ubidea ere, Giltzarriturritik datorrenaren altueran etorriko da eta burdinolaren beheko ataurreraino joango.
Dirauten aztarnak
aldatuAgorregiko burdinola hidraulikoak osagai hauek ditu: presak eta ubideak, 2 ataurre, lantegi bat eta ikaztegia.
Giltzarriturri, Mateosui eta Mendiko Erreka izeneko errekastoetan barna datozen urak, presa bidez bildu, eta burdinolaraino eramango dira hainbat ubideetatik.
Eurite garaian, presak urez gainezka egiten zuen. Horregatik, eta delako presa horiek ez hondatzearren, burdin grapaz sendoturiko harlanduz egingo zen presaren gaina.
Errekastorik gehienek bina presa izaten zituzten. Goieneko errekek zuten ur-emaria desbideratu eta goiko ataurrerantz bidaltzen zuten, ubideetan zehar.
Goiko presa eta ubideetatik ihes egindako urak biltzen zituzten beheko presek. Presa hauek izango dira, hain zuzen ere, beheko ataurre edo gabiaren ataurrea urez hornituko dutenak.
Gurpila palak jotzeraino uharka bakoitzean bildurik zegoen ura txinboan barna abiatzean, ematen zitzaion hasiera burdingintza-lanari.
Agorregiko burdinolan gurpila hidrauliko bi ezarri ziren. Villarrealek esaten digunaz gain, logika osoz pentsa dezakegu gurpilaren palak zapalak zirela, gaurdaino iraun duten beste gurpila batzuek ere tankera horretakoak baitira.
Egur-ikatza eta burdin harria aldez aurretik prestaturik egoten ziren. Burdin harriaren kasuan, mea-zaina bera, errea, txikitua eta bahetua egongo zen prest. Egur-ikatza eta burdin harria behar bezala sartu ondoren, piztuko zen labea. Une horretan, irekiko zen goiko ataurreko txinboa, urak gurpilaren palak jo zitzan (mugimendu hori burdinola barrutik egiten zen, kakoa eta zur-aga zuen tramankulua medio).
Urak, zuzen-zuzenean gurpila palak jo zitzan, ur-arkan zehar etortzen zen ataurretik behera, gurpilaren pala horiek jotzeraino. Ur-arka hori, sarritan, zurezkoa izaten zen. Tankera edo mota honetakoa izan behar zuen Agorregikoak ere. Izan ere, ez baitugu aurkitu izan, iritziz aldatzera eraman gaituen aztarnarik. Goiko ataurrepean kokatzen zen hauspoari eragiten zion gurpila.
Gurpilak hauspoaren ehun-ardatzari eragiten zion. Baina ehunardatzaren mugimendua, goitik beherako mugimendu bihurtu beharra zeukan «pujoi makur» izeneko tramankuluak, hauspoak gora eta egingo bazuen lana. Espeka modura diseinaturiko mekanika zuen eta tailerreko zoruraino igortzen zuen mugimendua. Era horretan hasten zen hauspoaren mugimendua gora eta behera, eta horrekin batera sartzen zen haizea labean.
Goiko ataurrean bildutako urak, gurpilaren palak jo eta gurpila martxan jarri ondoren, beheko ataurreko bidea hartzen zuen, eta han, beheko ataurrean, erreka beheko presatik zetozen urekin bat egiten.
Beheko ataurreko ur-jauziak gabiaren gurpilari eragingo zion. Baina, aurrez, egin berria zen errota ere martxan jarriko zuen ur hark. Gabiaren gurpila abian jartzeko, goiko ataurrearen kasuari jarraiki, olagizonek ura emango zuten, eta beheko gurpilak biraka jardun ahala, ehun-ardatz nagusiari eragiten zion. Ehunardatzak helarazten zuen indarraren indarrez, mazogabiek gora altxatuko zuten gabi-burua, gabi-oinari sakatuz. Eta gabiburua goian zegoenean, utzi egingo zioten gabioinari. Orduan, han eroriko zen burua ingudearen gainera, pisuaren pisuz. Mirandaolako burdinolan ikus daiteke nola ibiltzen den gabia aipaturiko sistemaren bitartez.
Ur hark berak, azken gurpila horri eragin zionak abian jartzen zituen errekan behera zeuden errota batzuk ere, burdinolatik atera ondoren. Geroztik, errota berria burdinola ondoan egitean, zuzenean baliatzen da beheko ataurreko ura.
Oharrak
aldatuAgorregiko burdinola eragiten dien arroako baliabide hidraulikoak ez dira garrantzizkoak, nola udan hala neguan. Esan beharrik ez dago, udan handiagoa dela ur eskasia hori. Beraz, guztiz bitxia da halako paraje bat izatea hain burdinola handi bat egiteko aukeratutako lekua.
Ur eskasiari aurre egiteko sortu zen lehen aipaturiko ur ekartze sistema hori, orduraino gure artean ezezaguna zena. Sistema honen berezitasunik handiena ataurre bikoitza izatean datza. Horri esker, ur berak mugituko zituen burdinolako bi gurpilak, alboko errotez gain.
Rosa Aierbek eta Luis Miguel Diez de Salazarrek egindako ikerketa historikoak honako hau dio:
«Egungo paramentuak, ataurreak eta abar, hain deigarri gertatzen direnak, XVIII. mendean eraiki ziren. Hain zuzen ere, Laurgaingo etxea Joakin Lardizabal jaunaren eskuetara pasa zen garaian. Lardizabalek, ur-bilketaren egitura zaharrari probetxu atera nahi izan zion (ubide zaharra desegin bazuen ere), eta Ursuaranen eta Bikuñan olagizon izan zeneko eskarmentua buruan harturik, honako lana agindu zien Urretxuko harginei: Agorregin, burdinola bat egiteko bere errotekin, Gipuzkoako (Azpeitiko) Frantzisko Ibero ingeniari handiak egindakoaren ereduari jarraituz.
Eraikuntza-lanak, 1754. urtean hasi ziren, nagusiak harginekin hitzarmen labur bat lotu ondoren. Eta 1766. urtean ere, artean bazen han, artean, harginentzako lanik. Urte horretan, edo geroxeago, bertan behera utzi zen burdinola egiteko asmo hura (egia esan, euskal burdingintzako krisialdiarekin batera gertatu zen hori, nahiz eta, berez, krisialdi hark eragin gutxi izan Aiako burdinoletan).
Ugari dira arrazoiak halako asmamena porrot eginda gelditu zela pentsatzeko. Alde batetik, agiriek porrot egite hori baieztatzen dute. Ez baitute gehiago aipatzen ondorengo urteetan eraikuntza haren zeregina burdina lantzea izan zenik. Eta gainera, aditzera ematen digutenez, alboko errota egitean ere, hutsegite galantak gertatu omen ziren errota-zuloan. Jakin, badakigu, ondorengo urteetan, burdinola bera zurgintzako lantegi bihurtu zela, langintza horretarako zerra hidraulikoa erabiliz.
Porrot egitearen zergatia, bi hauetako bat izan daiteke: edo burdinola berezi hori eraikitzeko garaian diseinuko hutsegiteak gaindiezinak zirelako, edota burdinaren galdaketan abiatzeko garaian, burdinolen krisialdia iritsia zegoelako.
Beraz, Agorregiko adibidea guztiz ohiz kanpokoa agertzen zaigu, hau da, diseinu, kokapen, erabilera eta aprobetxamenduaren aldetik begiratuta. Benetan, kasu berezi, partikularra eta berebizikoa, burdinola hidraulikoan munduan Agorregin gertatzen dena.
Ibeltzeko burdinola, Asteasun
aldatuIbeltzeko burdinola Usarrabi errekastoaren ondoan dago, Larraul udalerriaren lurretan.
Bertara joateko Asteasutik Larraulera doan bidea hartu, eta Sorrarain azpiko aldetik ezkerretara desbideratu behar da, lehen zentral elektrikoa izan zen baserriraino. Baserrira iritsita, errekari 500 metroko bidean jarraituz aurkitzen dira burdinolaren aztarnak.
Delako aztarnak horiek, oso gutxi aldatu den paraje euskaldun batetan kokaturik daude. Han aurkitzen baitira, begien atsegingarri diren hainbat bazter eder, hala nola, Lamiosin izeneko osina eta haitzartea, basoak, ura eta abar. Den-denek, mirariz iraun dute bere hartan, denboraren ardatzean, giza jardueraren eragin negatiborik batere jasan gabe. Behar bada, hain aparte dagoelako iraun du paraje horrek bere hartan.
Kokapena
aldatuIbeltzeko burdinola Larraul hudalerriko lurretan aurkitzen da, hau da, Asteasuko mugatik hurbil, geografikoki Hernio mendiguneari dagokion bailaran.
Dirauten aztarnak
aldatuIbeltzeko burdinolaren funtzionamenduak XVI. mendean diseinatu zen eredu bati jarraitzen dio, eta haren ezaugarri bereizgarria eraikuntzaz xumea izatea da. Dirudienez, euskal burdinola gehienen egitura mota da.
Burdinola honek, Agorregikoak bezalaxe, burdina galdatzea zuen zeregin.
Suposa dezakegu, lantegia eta makineria aurrekoetan bezalakoak zirela. Aldiz, ura ekartzeko egitura guztiz desberdina da.
Burdinola honek, toki bakar batetik hartzen zituen urak, urtegia kokaturik egongo zen tokitik gertu, hain zuzen ere. Izandako urtegi hartatik, presaren zati bat baino ez da gelditzen. Presa, karez eta errekarriz egina izan zen, aurrealdean harlanduak, eta gainaldean harlauzak zituelarik.
Zerbait desegina aurkitzen da, eta gaur egun desagerturik dauden arren, beste zenbait elementu izan zituela antzematen zaio egiturari.
Horma-bularrak ditu eusgarri alboetan. Errekaren eskuineko ertzean kokaturik dagoen ubidea, euskarriaren muturraren ondoan hasten da, eta, leun abiatzen da, 90 metroko desnibelean beherantz egiten du burdinolaraino iritsi arte.
Ubideak ataurreren muturrean dagoen ur-arkaraino eramaten ditu urak.
Ataurreko hormek, ia osorik irauten dute. iraun ez duena zera izan da: urak bildu ondoren, urak erortzen zireneko ataurre zati hura, ur-arka alegia. Pentsatzekoa da zurezkoa zela ataurreko zorua.
Oraindik, zutik ikus daitezke, burdinolaren lantegia eta biltegietako hainbat eta hainbat zati garrantzitsu. Lantegia, ohi denez, ataurreko horma baten ondoan dago kokaturik. Horma horretan, ohiko arkuak eta hutsartea daude. Bi arkuak gurpil-ardatzak pasa ahal izateko eta hutsarte laukizuzena, berriz, lantegiaren saneamendurako. Aldaketak sumatzen zaizkie jatorrizko egituran.
Ataurrearen hormaren kontrako hormak iraun egin du, hau da, labea bermatzen zitzaion hormak.
Historia
aldatuAsteasuko eta Larraulgo udalen ekimenez egin zen burdinola. Bi udal hauek partzuergoko herrilurren erabileran eta ustiapenean antzeko parte-hartzea zuten: Asteasuk hirutik biko erabilera zuen eta hirutik batekoa Larraulek. Proportzio bera mantentzen zen burdinolaren jabetzan ere.
Burdinolaren nagusi ziren udalek, burdinola maiztertzan uzteko tratua egiten zutenean, ez zuten mantentze aldeko gasturik bere gain hartu nahi izaten, hain baitziren ugariak bi gurpileko burdinola honetan sortzen ziren konponketa-lanak. Izan ere, 1576. urte inguruan, burdinolak su hartu zuen, eta horrek larriagotu egin zuen burdinolaren egoera kaxkarra. Hala eta guztiz ere, maiztertzan ematen zen eta burdina lantzen jarraitzen zuen burdinolak, baina ez zuen urte luzez iraungo. Hala, 1580an, Domingo Likola jaunari utzi zitzaion maiztertzan eta oso merke, gainera. Halere, ez zuen agindutako 7 urtetan iraun, ezta ondoren hartu zuen Martin Aialdek ere, agindutako 9 urteak bete baino lehen utzi baitzuen.
Guzti honen ondorioz, 1586an, nagusiek aurretik aholku eskatuta, Tolosako lizentziatu batek eta Azpeitiko doktore batek erreminta saltzea gomendioa egin zuten, burdinola bertan behera uztekotan, hala olagizonen mantenua segurtatzeko, nola udalaren probetxurako. Aholkuari jarraitu zioten, nonbait; izan ere, 1594tik 1596ra bitartean, jatorriz Ibeltzekoa zen mailu zaharren salmentaren ziurtagiria egiten da.
Honela amaitzen da Ibeltzeko burdinolaren funtzionamenduaren lehen etapa, Asteasu eta Larrualgo udalei loturik izan zena. Aipatu udalek burdinola utzi behar izan zuten, handik galera besterik ez zetorrela-eta.
Agiriek diotenez, erregairik ezak behartu zituen Gipuzkoako burdinolak, halako krisialdira, baina ez dakigu zer-nolako eragina izan zuen delako krisialdi horrek Ibeltzekoan, zeren eta, burdinola hau, 1625an, Lope Isastik egindako zerrendan aurkitzen baita. Aipatu ere, burdina lantzen dutenen artean aipatzen da.
XVIII. mende bukaeran, Gipuzkoako burdingintza indarberritzen hasi zenean, berriro lanean jarraitzen du Ibeltzeko burdinolak maiztertzan, aurreko aldian zituen Udalen nagusigoarekin. Dena dela, XVIII. mendearen lehen herenean, jabego pribatua agertuko da burdinolan, eta handik aurrerako beste berririk ez dugu izan.
Burdinola honen behinbetiko itxiera azken krisialdiarekin lotu beharko litzateke, burdinola gehienak itxi zituen krisialdiarekin, alegia. Ibeltzeko burdinolarik ez baita aipatzen 1800. urtean, Barandiaranen burdinolazerrendan, ezta Gipuzkoa eta Bizkaiko burdinola gehienak ere.
Olaberriko burdinola, Oiartzunen
aldatuKokapena
aldatuOiartzungo lurretan, Ergoien auzoan eta Lesakarako errepidearen ondoan, ezkerretara, dago Olaberri; hain justu, errepidea eta Oiartzun izeneko ibaiaren artean.
Burdinolarantz joateko, Oiartzundik Lesakarako errepidea hartu, eta 4. kilometroraino jarraitu behar da. Errepidearen ezker aldean, ibarraren barrenean eta errekaren ondoan ikus daitezke burdinolaren aztarnak. Bertaraino iritsi nahi izanez gero, errepidetik ateratzen den bidezidorra hartu behar da.
Historia
aldatuBurdinola 1511. urtean eraiki zen, orduko Oiartzungo bailarako kontzejuaren erabakiz, eta aipatu udala bera da oraindik ere beraren jabea.
1734. urtera arte, burdina galdatzea zen ola horren zeregina, eta zeharrola mailako izendapena zuen. Alabaina, gabia estreinatu zuen 1734. urtean, eta ordutik zeharrolaagorrola mailakoa titulua jaso zuen. Burdinolaren jarduera, 1820. urtera bitartekoa, agirietan azaltzen da.
Emariei buruzko ikerketaren arabera, ez dirudi ur-horniketan Olaberriako burdinolak inolako arazorik izaten zuenik urte osoan une batean ere, salbuespenik ezean.
Bestalde, agiriek aztertutakoa baieztatzen dute.
Jasotako emariaren zifrak kontuan hartuta, ez da harritzekoa uren aprobetxamendu hidraulikoan oinarrizko sistema xinple batekin topo egitea. Sistema horretako elementurik nabarmenena presa agertzen da.
Arkua du presa honek, eta burdinoletatik 125 metrotara dago eraikia. Toki horretan, mehartu egiten da ibaia eta mailaketa natural bat du. Horien gainean azaltzen dira arkuaren aztarnak eta presaren aurrealdea nahiz ostikoa. Aurrealdean jarraitzen du oraindik gainezkabidearen leihotxoak.
Lehen esan dugun bezala, tipologiaz presa arkudunen artean aurkitzen da.
Presako ostikoak eusgarri ditu ibaiertzak. Bestalde, kolomak berak (urak jotzen duen horma), eta beronen ebaketak, orokorrean tinkotasun bertikala ematen diote presari. Ezpondan urak zuzenean jotzen duen kolomak, harri txiki erregularrez eginak, sendotu eta hondoan ainguratuko du presa.
Olaberriko presa arkuduna ere desegin dago zati batean, erdialdean batez ere, aurrealdeko abiaguneak baino ez baitu iraun.
Eskuineko ertzeko ostikoa metro batzuek luzatzen da ezpondan barrena, ukondo bat eginez. Urtegia zabalgunea haztearren egina ziur asko.
Ubideak eskuineko ertzetik egiten zuen aurrera. Oiartzun-Lesakako errepidea, zati batean, ubidearen gainean egina dago. Ataurreraino bertaraino ura eramaten zuen ubidearen azken muturra baizik ez dago ezagutzeko moduan.
Ataurre izan zeneko alditik bi horma paraleloek irauten dute soilik. Horietako bat zeharo desegina. Ataurre ixten zen tokiaren ondoan dagoena da burdinolaren gunerik ondoen dirauena. Aipatutako hormen barnealdean, zurez eraikia izan zela uste izatekoa den ataurreko hondoari eusten zioten irtenuneak ikusten dira oraindik.
Olaberriko burdinolak bi lantegi zituen, biak ataurreko alde banatan kokaturik.
Ondoen iraun izan duen hormaren aldamenean, gabiaren lantegia eta zegozkion biltegiak zeuden. Beste aldean zegoen burdinola nagusiaren –zeharrolaren– lantegia.
Burdinolak bi gurpila hidrauliko eta haizearka bat zituen instalazio bakoitzeko lanak aurrera eramateko baliabide gisa.
Ezbairik gabe, Olaberriako burdinolan ondoen iraun duen elementua burdina erretzeko labea da. Eraiki, berriz, 1743. urtean eraikia da.
Gaurdaino, Gipuzkoan katalogaturikoen artean hauxe da mota horretakoan eredu bakarra.
Bi solairu ditu, eta zeharrolako lantegiaren ondoan dago, lantegiaren eta errekaren erdian, hain zuzen ere.
Igartzako burdinola, Beasainen
aldatuIartzako burdinola Beasainen dago, herrian bertan eta izen bereko lekuan. Leku horretan hauek aurkitzen dira: zubia, dorretxea eta aipatu burdinola.
Burdinola jatorriz XV. mende bukaerakoa dela azaltzen da agirietan, eta XIX. mendera arte iraun zuela lanean. Felipe III.ak 1615. urtean bisitatu zuen.
Hasiera hasieratik, errota batekin batera azaltzen da burdinola, hain zuzen ere, duela urte gutxira arte lanean iraun duen errotarekin.
Zeharrola motakoa zen burdinola. Mota horretako ola bati dagozkion osagai bereziak baititu, urak hartzeko urtegian, ubidean eta ataurrean.
Iartzako burdinolak bi garai ezagutu ditu, urbilketako lan horretan. Lehenengoa, 1535tik 1689ra bitartekoa, zurezko presari loturik zegoena. Bigarrena, harrizko presa zuenari lotzen zaio, hau da, ibaian beheraxeago zurezko presatik metro batzuetara kokatuari. Presa zaharra bota eta atera egin zen, azken uholdeen ondoren eraberritzea zela-eta. Presa modernotik eskuin ertzeko lekuko bat baino ez da geratzen.
Zurezko presa
aldatuZurezko presaren diseinuak grabitatezko egituran du jatorria, bata bestetik 22 metroko distantzian kokaturik zeuden harrizko bi ostikotan bermatzen edo oinarritzen zelarik.
Eskuineko ertzeko ostikoak ibaia gora jarraitzen zuen, urtegiari eutsiz eta urari ubidera joan zedin ataska batetik bidea eginez.
Presak zazpi maila zituen zimendatzetik kolomaraino. Presa zurez egina zen oso osorik, iltzez jositako lotura batzuk izan ezik, batik bat koloman.
Aurrealdeak lau metroko garaiera zuen eta oinarriak zortzikoa. Urak jotzen zuen hormak, presa edo kolomak, desnibelean egituratua zegoen, ebaketaz triangelu angeluzuzenaren itxura emanaz. Egur-ohol bidez diseinaturikoa zen presa-horma desnibelari egokitua izaten zen, istinkatzea erabilita, junturen gehiengo iragazgaiztasun lortzeko.
Harrizko presa
aldatuEsan dugun bezala, harrizkoa 1689. urtean eraiki zen, zurezko presa baino beherago.
Gure ustez, mota hartako zurezko presek izaten zituzten konponketa ugariek eraginda eraikiko ziren harrizkoa presak.
Berez, diseinu aldetik ez du desberdintasun handirik zurezkoarekiko, eraikuntzarako erabilitako materialetan izan ezik, hauek harlangaitzezkoak baitziren batez ere, eta egituraren aldetik bestelakoa.
Iartzako bigarren presa honetatik, arrasto bakar batek iraun du gaurdaino, eskuinaldeko ibaiertzari itsatsitik dagoenak, hain zuzen ere. Kanpoaldetik, landutako hareharriz egina zen.
Zurezko presa baino beherago eraikitako aurrealde bertikalen ikus daiteke gaur eguneraino iraun duen lekukoan, 4 metro baino gehiagoz gailentzen delarik.
Gaurdaino dirauen ubidea harrizko presari lotzen zaio.
Urtegiaren horman ezarritako atetik hasita, ubidearen lehenengo 10 metroak, harlangaitzezko hormez eginak zeuden eta luzituak iragazgaiztasuna bermatze aldera suposatzen dugunez.
Handik aurrera ez da gehiago azalduko harlangaitzezko hormarik ubidean, ataskaren zuloak mugatzen duen gune horretan besterik. Errotaren eta burdinolaren gertuko ubide-zatia harlanduz jantzirikoa da. Puntu horretan bitan banatuko da ubidea, biak norabide desberdinez. Bietariko bat errotaren ataurreraino joaten da, eta besteak burdinolako ataurreraino jarraitzen du. Bi eraikuntzak loturik aurkitzen dira. Egun, burdinolako ataurrea Indar izeneko enpresaren lantegiaren azpian aurkitzen da.
Mota honetako gainerako guztien artean eredu azpimarragarria da aipatu ataurrea, kalitate handiko materialez egina delako, batez ere. Aipatu izan diren bestelako kasuetan bezala, bi horma paraleloen gainean kokatzen zen, baina ataurre-zorua harlauza handiz egina zen, aipatutako horman eraikitako erlaitzen gainean bermatzen zirelarik.
Beste burdinolak
aldatuGipuzkoako gainerako burdinoletan aprobetxamendu hidraulikoa egiteko irtenbideen ikuspegia osatzeko, Ameraun eta Arbide burdinoletan katalogaturiko hainbat elementu berezi sartu dugu.
Ameraungo burdinola
aldatuAmeraungo burdinola, Leizaran ibaiaren ondoan dago.
Burdinolaren ur-hornikuntzarako sistemaren berezitasuna antzematen da, urak ekartzeko ubidearen ezaugarrietan.
Eskuinaldeko ibaiertzean dago kokaturik ubidea, zurezko presaren oinarriaztarna batzuen ondoan.
Ubide-hasiera 50 metroko bidean, ubidea bereizten zuen harritzarrez osaturiko murru batez eta zepa edo eskoriailararen bidez eraiki zen. Ebaketa angeluzuzena izango du harik eta, presa eta burdinolaren tartean dagoen mendia zulatu eta alde batetik bestera pasako duen tunelera iritsi arte. Tunela ataurrea dagoen tokiraino zulaturik dago, eta guztira 75 metroko luzera eta 2 metro x 1,8 metroko ebaketa du.
Arbideko burdinola
aldatuArbideko burdinola Oiartzunen dago. Bertara joateko Iturriotz auzora doan errepidea hartu behar da eta bertatik jarraitu, azkeneko pista zatian zehar joanez.
Arbideko burdinolaren kasuan, ubidearen azken zatia nabarmentzen da haitz bizian bertan zulaturik dagoelako, azkeneko zatian. Gainerako bidean, desagertutako ubidearen arrasto bakarra ikusten da, marra homogeneo bat, ibaitik mendi-hegalera doana.
Haitzean zulaturiko ubide-zatiak 35 metroko luzera du, eta ubidearen azken muturra da, urez hornitzen zuen burdinolari jada itsatsirik.
Gutxi dira irauten duten burdinola-arrastoak, eta hormen zimenduak antzeman daitezke gehienez ere. Haien antolamendua ikusiz, lantegiak mendi-hegaletik gertu izan behar zuela nabari da. Beraz, haitzean aitzurtutako ubideak zuzenean eramango zuen ura ataurreraino.
Aipaturiko aprobetxamendu hidraulikoaren sistema guztiak burdina ekoizteko instalakuntzei dagozkienak dira. Aipaturiko multzo honetako adibideak har daitezke, beharbada, Gipuzkoako gainerako burdinoletan erabilitako sistemen erreferentzia adierazgarritzat. Oraindik, asko dira itxura onean dirauten burdinolak. Horietako batzuek osagai benetan interesgarriak dituzte, eta etorkizunean ikertzeko hartu nahi genituzkeenak dira. Eredurik nabarmenenak aipatzekotan, honako burdinola hauek lirateke: Urdanibia (Irun), Arrabiola (Segura), Goikola (Alzolaran, Zestoa), Errekondo (Aia), Olaberria (Iurre).
Bestelako eraikuntza hidraulikoak
aldatuBurdinolaz eta errotez gain, bestelako lantegi hidraulikoak ere badira. Burdingintzarekin zuzen-zuzenean loturikoen artean honako hauek lirateke: fanderiak, aingurategiak eta kanoientzako ginbalet-lantegiak. Eta burdingintzaz aparte dauden enpresen artean: paper-enpresak eta bolategiak.
Fanderia
aldatuFanderietan edo ijezketa-lantegietan burdinazko totxoak xafla bihurtzen zituzten. Hau lortu ahal izateko, burdinazko barrak bi zilindro lauren artean estutzen ziren. Horren ondoren, zilindro ildaskatu baten bidez zerrenda finetan mozten zen xafla.
Sistema honen asmakizuna Leonardo da Vincirekin lotzen da. Sistema geroztik garatu egin zen.
Iberiar penintsulan ezagutu zen lehen fanderia Durangon eraiki zen, eta 1591. urtean hasi zen lanean.
Oreretan 1769. urtean eraiki zen fanderia da Gipuzkoako lehen eredua. Irandako Markesaren laguntzaz egin zen eta horretarako Alemaniatik ekarri behar izan ziren langileak. Euskal Herriko Hiztegi Historiko-Geografikoan aipatzen denez, mota horretako enpresatan bakarra zen bera, erreberberozko bi labe zituena. Hori zela-eta, lana bikoiztu zitekeen. Enpresa horren garaikidea zen Egaña idazleak dio, 150.000 libra xafla baina ez zituela saltzen, eta kopuru hori astean atera zitekeenaren herena zen.
Aingurak
aldatuAingurategiak Gipuzkoan kokatu baziren, Juan Fermin Guillisastik erakutsitako trebetasunari esker izan zen. Izan ere, honek benetako industria-espioitza egin ondoren, ainguragintzan Holandan erabiltzen zen metodoa ekarri zuen. Eta, hala, metodo hori Orioko San Pedro auzoko Arrazubia burdinolan erabili zuen.
Jarduera berri horren ekarpenez, armadarako aingurak egiteko enpresa sortu zen Hernanin, Urumearen eskuinaldeko ibaiertzean. Lantegi hori Fagollagan 1751. urtean hasi zen lanean. Aingurak, berriz, Urumea ibaian zehar garraiatzen ziren Donostiako Santa Katalina porturaino.
Aingura-enpresa izan zen tokian porlan-enpresa baten aztarnek ikus daitezke gaur egun.
Kanoien zulaketak
aldatuKanoientzako ginbalet-lantegiak asko izango ziren, ziur asko. Mota honetako enpresa hidraulikoei buruzko ikerketa egiteke egon arren, ezagutzen dira hainbat kokagune, Deba ibarrean eta, zehatzago esateko, Arrasaten eta Elgoibarren. Horrez gain, jakin badakigu halako enpresak arma-enpresei loturik zeudela. Gertakizun horren data modernoa da, dirudienez; izan ere, idatzietan XVIII. eta XIX. mendeetako aipamenak baino ez dira egiten.
Bolategiak
aldatuAntzeko ikuspegi bat agertzen da bolategi- edo papertegi-errotei dagokionean.
Ehungintza-industria ere dokumentaturik dagoenaren bidez agertzen da soilik. Agiriek diotenez, Behe Erdi Aroan finkatua zegoen jada ehungintza. Maila honetan, adierazgarriak dira 1497. urtean Bergaran bildu ziren oihalgileen ordenantzak.
Artilearen manufakturari buruz egindako azterketa orokorrek diotenez, gurpil hidraulikoak aplikatzebidezko ehungintzan lorturiko mekanizazioa ez dela soilik bolatzeari dagokiona, hau da, oihalei koipea atera eta trinkotzeko jotzeari dagokiona.
Lehen pilategi edo bolategi hidraulikoak XI. mendean ezagutu ziren Europan, eta XII-XIII. mendeetan Gaztelan.
Bola edo pila deituriko makinaren zatirik deigarrienak honako hauek ziren: motorgurpila, ardatz mazokaria eta oihalak jotzeko zurezko mailu edo mazoak.
Paper eta oihal errotak
aldatuPaper-errotei dagokienean, Tolosan bazirela badakigu. Eskuratutako datuek arabera, paper-errota zaharra, etenik gabe papera egiten zuen fabrika bihurtu zen. Gertaera, 1842 urtean jazo zen eta errotaren izena «Nuestra Señora de la Esperanza» zen.
Idazlan honetako kapituluetan azalduriko datuen arabera, Gipuzkoako ibaietatik atera zitekeen energia, tradiziozko metodoen bidez bihurtu izan da errentagarri, XIII. mendetik aurrera. Gurpil hidraulikoak gaurdaino iraun du, gaur egun oraindik lanean diharduten errotak lekuko.
Historikoki badirudi energia hidraulikoaren erabilera burdina egitearekin lotua dagoela. Ekoizpen deribatuak lantzea ere jarduera garrantzitsua izan da lantegi hidraulikoetan.
Horiez gain, ezagunak dira energia horretan baliatzen diren beste industriak, besteak beste, azpimarratzekoak dira ehungintza eta papergintza.