Burdinolaren historia/Olagizona. Bizimodua
Asteko lanaldia
aldatuOlajaunak, zeharrolaren jabeak, otoitz egiten zuen bere lankideekin, ordu jakinetan Angelusa edo aingeruotoitza esanez, goizean argiezkilarekin batera, hamabietan eguerdiarekin eta arratsean berriz Amekilarekin batera. Lanaldi osoan, etengabean egiten zuten lan larunbat gaueko hamabiak arte, eta zenbaitetan baita beranduagora arte ere, labetik ateratako azken agoa behar bezala mailukatu arte.
Zeharroletako lanak etenik egin gabe jarraitzen zuen, lehen esan dugunez, astelehenetik larunbat arratsera bitartean, gau eta egun.
Atseden laburrak hartzen zituzten, hau da, forjaketa amaitzen zutenetik agoa berria atera arteko tartea, bi ordu eta bi ordu eta erdi bitarteko tarteak.
Txanda-ordua iristen zenean, agoa labetik ateratzekoan, urtzaileak txistu zorrotz batez esnarazten zituan ikaztegiondoan kamainetan lo zeuden forjari biak.
Gau eta egun jarraian egiten zuten lana, tartean txandaka hartuz atseden; lo-aldi laburretarako ezin ohe zurigozorik egon lantoki hauetan: bi koltxoi kaskar ongi belztuak, arta-txurikinez betetako bi lastaira, eta tapaki edo estalgarri ziztrin batzuk.
Otordua
aldatuEguneko janaria beren kontura izaten zuten.
Eguneko hiru erreal izan ohi zen peailearen soldata eta olajaunaren kontura otordu guztiak.
Bi otordu edo janaldi egiten zituzten egunean, goizeko zortzietan lehenengoa eta arratsaldeko zazpiak aldera bigarrena.
Eguneroko janaria burdinolan bertan prestaturiko babak eta idi-zezina izaten zen.
Ogia, berriz, olagizonen etxeetan erretzen zen asteroko txandatan: anega-erdia izan ohi zen asteko kopurua.
Eguerdiko janaria, bazkari ordez, ardoa eta ogia izaten ziren, bost laguneko bi litro ardo zituztelarik.
Ostatalekua
aldatuIkatzarentzat eta burdinkiarentzat biltokiak edukitzeaz gain, olagizonen baserriak eta olajaunen edo nagusien dorretxeak izaten ziren hurbilean. Ermitatxoren bat ere askotan izaten zuten hurbilean eta hartan baliatzen ziren inguruko beste burdinolak ere.
Ezbeharren arriskua
aldatuNekagarria eta zaila zen benetan olagizonen zeregina, iaia jasan ezina, bai labeko bero izugarriagatik, bai irtenbide kaskarra zuen ke itsugarriengatik, eta horretaz gainera, agoa gori-goria mailukatzean, sortzen ziren suzko txinparta ugari langileen gainera jauzten zirelako. Erretzeko arriskuetatik babesteko, soineko luze eta zabalak, iduriak, jantzi ohi zituzten soinean olagizonek, lepotik oinetarainokoa lihozko jantziez estalita. Burua, berriz, kapela izeneko estalki zabal eta gogorrez estaltzen zuten.
Ezbairik gabe, beste edozein langintza eta lanbidetan baino arrisku handiagoa zuten eta laneko ezbehar latzagoak nozitzen zituzten.
Honelako istripuak izaten ziren makurrenak: gabietan hartutako kolpeak –batzuetan hiltzerainokoak– eta mailatuak; eta ikatz piztuen nahiz burdina eta zilar gorien erredurak; herdoildutako burdina zorrotzen sastadak; biriketako gaitzak, batez ere burdin mearen murrizketan labeetan sortzen zen karbono monoxidoa arnastetik sortuak; eta bestelako ugari.
Euskal atsotitz edo esaera zaharren artean bada XVI. mendekoa bat, horra zer dioen: Olatik berri onik ez.