Burdinolaren historia/Olagizonak kulturan

Mitoa eta elezaharra

aldatu
 
Jentilaren eta olagizonaren elezaharra. Kurrikak olagizonaren behatz ahaltsuak dira. Irudian kurrika-behatzen luzapenak, mito honen irudiztapena.

Burdingintzarekin zerikusia duen elezahar jakingarri eta iradokitzaile bat kontatuko dugu. Elezahar honek aldi ezberdinen agerpenak biltzen ditu batean, sinbolikoki, euskaldunen Neolito Aroa eta Metal Aro arteko aldiari dagozkionak.

Ulertu ahal izateko, historiaurreko euskal gizakia hartu behar dugu gogoan eta bestetik burdinari lotutako kulturari dagozkionak, esaterako olagizona.

Joan Arin apaizak bidali zigun Ataundik, duela urte asko honako hau:

«Jentil indartsu bat bizi zan Arastortzen, bere lagun guztieri irabazten ziena. Gizonekin ere neurtu nai zituan, ordea, bere indarrak eta bidean beera joandajoan, mutiko bat aurkitu zuan eta gizon al zan galdetu. Onek ezezkoa eman zionean, aurrera jarraitu zuan, Mekolasagasti aldera eta an aitona batekin topo; galdera bera egin zion, eta aitonak, izana zala gizon, erantzun zion. Orduan jentillak, bere indarrak gizonarekin neurtu nai zitualá eta aren billa zebilla, esan zion. Aitonak, erantzunez, joateko aurreraxeago esan zion, eta burdinola beltz batean aurkituko zituala gizonak. Burdinolako ateetara eldu zanean, olagizon bat agertu zan; jentillak, gizon al zan galdetzean, eta baiezko erantzuna artu zuanean, adierazi zion indarrak neurtu nai zituala berarekin. Olagizonak bereala esan zion, ea bere beatzez sudurretik eltzen utziko ote zion, eta sutegian gorituta zeuzkan suatz aundiak arturik, sudurra atera zion. Jentilla Aralarrera itzuli zan karraxika eta bere laguneri ala esaten zien: gizonak bi beatzez sudurretik eldu zion ordez, amar beatzez eldu izan balio, aurpegi osoa erre eta triskatuko ziola».

Azkuek eta Barandiaranek ere bildu zuten elezahar hori, baina aldaketa txiki batzuez. Eta jentilak aipatzean, mitologiako gai bat baino gehiago nahasten direla, esaten du Barandiaranek, jatorri desberdinetakoak nahastu ere. Gizaki basatiak ziren, izugarrizko indarra zutenak, eta bizi, berriz, mendian, urrutiko etxeetan edo hartzulotan bizi omen ziren.

Trikuharri (harrizko hilobiak) askotan egin dituzte indusketak. Aralar aldean aztertu dituzten trikuharrietan beirazko zepa beltzak aurkitu dituzte, zalantzarik gabe esateko, burdingintzako labeetako hondarrak.

Samartin mitoetan

aldatu

Burdinari dagozkion ipuin eta elezaharretan, norbaiten izenik agertzen bada, hori Samartin edo San Martin dugu. Eta hau, kristau eta santu eginik ezagutzen dugunetik, zeren eta atzerago jotzen badugu, greziar eta erro matarren jentil aldira helduko gera eta, han, Marte, gerraren jainko edo burdinaren jainko aurkituko dugu, gezia eta babeskia eskuetan dituela, bere izen bereko «Marte» planetaren gorrixkaren giza irudia.

Gai hau delaeta, Nicolairen Basques d’autre fois, «La Tradition au Pays Basque» argitaletxeak 1899.ean argitaratu zuen liburutik euskaratu dugu zati hau:

Euskaldunek beren hildakoei hilarriak eskaintzen dizkiete, antzinatik datorkien ohiturari jarraituz, eta erromatarren arabera egiten dute dena. Horrela ikus dezake edonork, Galia osoan bezala, euskaldunek ere berentzat hartu dituztela Erromako jainko nagusiak. Batzuek Galiako Merkurio bereizi ohi dute, beste norbaitek euskaldunen Marzo (Mars, Martis, Marte), aldare bat DEO MARTI LEHERREN delakoari eskainia, Marzo garaile, dena zapaltzen duan Marzori, gudaren jainko porrokatzaile beldurgarriari, menperatzaile ez ezik, txikitzaile ere badenari eskaintzeraino.

Toulouseko Museoan badira hogeita bat aldare bereziki «Mars leherren» delakoari eskainiak, eta horietatik hamahiru dira Ardiege auzotik eramanak. Beren idazkietan honela ageri dira: Leherren, Lehren, Leherenni, Lerenno.

Esanguratsua gertatzen da, leher hori euskaraz lehertu edo zapart egitea izatea eta heren edo eren hori suge izatea.

Marte eta Martin hitzen artean badago halakoxe berdintasunik Europako egungo hizkuntzekin, baina batez ere Euskara, germaniar eta latinetiko hizkuntzen artean. Gauza bera esan dezakegu mitologiak alderatuta ere: greziarren «Marte jainkoa», suaren eta burdinaren errege da batetik, eta euskaldunon «Martin errementaria» bestetik.

Martin izenetik sortuak izan daitezke burdinazko tresna-izen hauek: martillo, mazo eta martinete (burdinolatan uraren eraginez erabiltzen zuten mailu handia edo gabia). Eta hitz hauek jatorriz, indoeuroparrak dira.

Ipuinetako Martin hori, kristau eta santu eginik, leku edo maila gailen batean ageri da: bere ingurukoak baino jakintsuago da, buru argikoa, langile eta asmamen handikoa. Lanbide bat baino gehiago dakizkien arren, batez ere eta bereziki, errementari edo burdin arotz dugu.

Samartin heroi zibilizatzailea

aldatu

Azkuek jasotako elezahar bat dugu hau, San Martinek burdina lantzen zuen asmamenaren lekuko:

«San Martin errementaria zen. Behin bere arazo artean, nekearen nekez eta beroaren beroz-edo, minduta haserre zebilen gizona; eta, estualdi hartatik ateratzearren, bere anima Txerreni emateko gertu zegoela esan zuan.

Berehala agertu zitzaion Txeren,

—Hemen nauk, Martin, esanez.

—Ez haut behar nik ezertarako.

—Heuk dei egin didak eta hona ni hemen.

—Dei egin badiat, zer egiten nuen ez nekiela egin izango diat.

—Dei egin didak eta orain nirekin joan behar duk. Eta nire eskuetatik libratu nahi baduk, burdinazko tresna berri bat asmatu behar duk.

—Burdinazko tresna berri bat asmatu? –ahopeka esanda– larri, lurrera begira egon zen lehenengo; gero goi aldera, laguntasun-eske balego bezala. Eta gaztainadarretan akasdun orri eder luzeak ikusteak burutapen berri bat sortarazi zion garun edo burumuinetan. Gero urduri-urduri hasi zen lanean. Burdin barrak sutan sartu eta ingude gainera suhatzez ekarriz, taunk eta taunk ekin zion San Martinek lanari. Lehenengo zerra orduantxe atera zen gizon baten eskuetatik.»

Ipuinean esan dugun ebaketako tresna horri gaurko burdinagileek eta saltzaileek, gazteleraz bederen, hoja de sierra esan ohi diote, zerra-orria esango geniokeenari.

Azkuek berak «Cancionero Popular Vasco» liburu bikainean, Martin eta San Martini buruzko abestiak aipatzean, dio beste lurralde gehiagotan ere ospatu izan dutela Martin Donearen bezpera; esate baterako, Flandesen, Saxonian, Wesfalian, eta, horiez gain, juduek antzinatik ospatu izan dutela.

San Martinen egintza harrigarri gehiago ere izendatzen ditu Barandiaranek. Errementari zenez, zerraren haginak okertzea asmatu omen zuen; burdinari galda egokia emateko, soldaketa egiterakoan buztina erabiltzea, eta gurdientzat ardatz berezi batzuk egitea, besteak beste.

Historialari eta etnologo jakitun Manuel Lekuona jaunak duela urte asko argitaratu zuen «Euskalerriaren Alde» aldizkarian, Las Toberas izeneko ikerlana. Toberak, euskaldunen eztei-kantuak ziren: gazte-talde batek ataritik, ezkonberriei kantu batzuk abesten zizkien ezkontzako gau berean, altzairuzko haga zapal batzuk jo eta jo, kopla-tartean soinu hori ateratzen zutelarik.

Tobera-abestiak sei bertso ditu, aspalditik datorrenez; koplariak, ordea, erantsi lezake bertso berriren bat edo beste, giroa nolakoa dan. Eta koplariaz gaiñera, toberajotzailleak izaten dira eta errepika erantzuten duan taldea. Kopla edo bertso bakoitzaren ondoren guztiak abesten duten erantzunean, San Martini dagokion aipamen bat aurkitu zuen Lekuonak bere sentikortasun eta sen handiz: «Samartin de la moja - Moja le samartin». Eta latinezko ezkontzako abestien halakoxe kutsua edo antza ere nabaritu zuen: «O Hymenaee, Hymen o Hymenaee».

Doinuari dagokionez, Lekuonak oso zentzu onezko irizpide batzuk azaldu zituen, doinu arin eta bizia dela esanez, eta «gregoriano» doinuen halakoxe aire bat ere badutela esateraino.

Lekuonaren lan horri zertxobait erantsiko genioke gure aldetik: «moja de Samartin» hori, moja ez, baizik eta, orri edo gaztelerazko hoja ez ote den gero. Toberahotsa eta San Martinek, burdin orria mailuka landuz, lehenengo zerra egin zueneko elezaharra elkarri lotuta sortua ez ote den, alegia.

Tobera dela-eta, berriz, beste hauxe erantsiko genuke: brontzeak doinu ona ateratzen zuelako erabiliko zituztela sutegietako tobera zaharrak, hauspoarentzat balio ez zutenak.

San Martín izendegian

aldatu

Sei San Martin dira santu-zerrendatan X. mendea baino lehenagokoak eta hauen artekoa da Tourseko Gotzaina, ziur asko Hungarian III. mendean jaioa. Baina santu horien bizitzetan ez da errementari eta burdingintzari dagokion inolako aztarnarik ageri.

Tourseko Gotzain izandako San Martinenganako jaiera, berriz, nahikoa garbi dago Ipar aldetik Donejakue Bideko erromesek ekarri zutela Euskal Herrira. Gipuzkoan bertan badira santu horren izeneko berrogeiren bat eliza eta ermita.

Elizetako irudi gehienak Errenazimentu garaikoak dira, XV. eta XVI. mendeetakoak; ermitetako irudiak, berriz, era askotakoak dira, batzuk besteak baino zaharragoak. Eta aldareetan beti gotzain gisa ageri da San Martinen irudia; gehienetan eliza berean izaten da beste irudiren bat, zaldi gainetik bere jantzia behartsu bati erdibitzen.

Baina, ez elizetan, ez irudietan ez da inon sutegietako tresnen aztarnarik ageri, toki batean izan ezik, guretzat agerpen jatorra dena: Errezilgo (Gipuzkoa) eliz atarian, sarrera nagusian bertan, kareharri beltzezko ingude bat dago lurrean beste sinboloen artean itsatsita.

Joan zen mendean eta aurrekoetan, bai, lurreko sua eraikitzean ipini ohi zuten su-burdin askotan ezarri zuten Euskal Herrian San Martinen irudia, sutegietako ingude, mailu, suhatz eta beste tresnez inguraturik.

San Martin, olagizonen zaindaria

aldatu

Honela, bada, Martin Santua izan da Euskal Herriko errementari eta burdin gizonen zaindari nagusia; eta oraintsu arte, azaroaren 11n, Santu horren irudia eliz biratan, burdin langileek eramaten zuten prozesioan toki bat baino gehiagotan. Gaur bertan ere zenbait burdin lantegitan jai egin izan dute Martin Donearen eguna eta, elizkizunez ez bada ere, lagunarteko otorduz ospatzen dute.

Meatzaritza eta burdingintzari buruzko euskal elezaharrak laburki aipatze hau biribiltzeko, historiaurre eta etnologia gaietan hain jakintsua dugun Barandiaran jaunaren hitz batzuk gogorazi nahi genituzke, Euskal Herriari eskainiak:

«...Kristautasunak gizakiarekiko eta munduarekiko duen ikuskera berria Euskal Herrira sartzean, ez zuen bertako pentsaera zaharraren muina desegin; antzinako erlijioaren agerpen guztiak ez zituen gaitzetsi eta desegin. Era zaharrak gorde egin zituen zenbaitetan, baina arnas berria sartu zien; antzinako ohitura eta ikur asko begirunez hartu zituen, Jaungoiko batekin beren gogoak elkartzeko bide eta hizkuntza egoki izan daitezkeelako.»

Igandeko atsedenari buruzko elezaharrak

aldatu

Igande eta jai-egunak jai egiteari dagokionez, olagizonek horretan huts egin zuteneko aztarnarik ez dago; antzinako ohiturak eta tradizioa oso sustraituak zituztenez, begirune handiz hartzen zuten erlijioa, Euskal Herriko burdinoletako gertakariei dagozkien elezahar eta kondairatan igarri daitekeenaren arabera.

Ur gutxiko erreketan edo errekastoetan zeudelako gazteleraz regacheras izenez ezagutzen ziren burdinola txikiak, XVIII. mendearen azken aldera, urtean zehar gehienetan geldirik egon behar izaten zutenez, bazuten haietako olagizonek elizaren baimena igande eta jai-egunaren egunsentira arte lan egiteko eta egun bereko ilunabarrean berriz laneratzeko, urak aprobetxa zitezen.

Esanguratsua da, erlijiozko betebeharretan bi huts egite edo lege hauste baino gehiagoren aztarnarik ez egotea, eta biak ere herriko jaiak zirela eta gertatuak. Agidanean, olagizonak auzoherriren batekoak izanik, eta beren herrian jai-eguna ez izanik, zenbait olagizon lanean jardun izana da gertakaria. Biak Gipuzkoako bi burdinola ezagunetan gertaturikoak dira: Mirandaolan eta Lasartekolan.

Mirandaolako miraria

aldatu

Urola ibaiertzaren dagoen Mirandaolari dagokionez, honela dio garai artako idatzi batek:

El origen de la celebración de la fiesta de Legazpia es de aviso divino o celestial a los ferrones de la villa; pues el 3 de mayo de 1580, fiesta de la Santa Cruz, los ferrones de la ferrería de Mirandaola, después de oír la misa preceptual, comenzaron en su trabajo antes del mediodía y, a pesar de ser fiesta, continuaron en, su labor todo el día y toda la noche siguiente, hasta el amanecer; y habiendo llegadó al término del trabajo, después de haber consumido catorce cargas de carbón, y la vena necesaria para obtener cinco quintales, que en junto ordinariamente hacen setecientas cincuenta libras de hierro, vieron con espanto, emocionados y llenos de estupor que el agoa (?), lugar u horno donde se reúne el material del producto de la fundición, no aparecía otra cosa que un pedazo de doce a trece libras de hierro en forma de Santa Cruz y a semejanza de persona, teniendo de particular en el agoa no existir ni escoria ni viscosidad como otras veces aparecía.

Burdinazko erlikia hori itxura latzeko gurutze bat da eta Legazpiko eliza nagusian dago, aldare batean ezarririk. Maiatzaren 3an ospatzen dituzte herriko jaiak, zaindaritzat duten Gurutze Santuaren omenez.

Lasartekolako miraria

aldatu

Bigarren gertaera historiko edo antzinako elezaharra zeharrola bateko ezbehar da, hiru urtez egun berean Oria ibaiertzeko Lasartekolan gertatua. Itsasgizon ospetsuak ziren Okendotarrek beren aurrekoengandik hartua zuten burdinola eta Lasarteko Brigiden komentuaren alboan zegoen.

Komentu horretako antzinako agirietan honela agertzen da kontakizuna:

... No cesó aquí la Divina Providencia en manifestar al mundo su gran Santa y que su devoción se extendiese dando a conocer en diferentes ocasiones lo que se agradaba en que se celebrase su fiesta; pues el año mil seiscientos setenta y uno, que fue el primero que vinieron las Madres fundadoras, sucedió que, empezando a trabajar en la Ferrería que el señor general tiene en esta población de Lasarte, el día ocho de octubre, en el que se celebra la fiesta de la Canonización de nuestra madre Santa Brígida, de repente se les quebró el mazo que es instrumento principal con que se labra el fierro; mas no haciendo reparo en esto, no lo atribuyeron a cosa especial, hasta que prosiguiendo en trabajar sucedió la misma desgracia en los tres años siguientes; de que admirados todos conocieron que quería darles Dios a entender, era su voluntad santísima, asistieran a la fiesta, dejando de trabajar por aquel día. Así lo hicieron el ferrón y sus oficiales los años siguientes, cuyo ejemplo siguieron los vecinos de esta Población asistiendo devotos a la fiesta de nuestra Gran Madre Santa Brígida...

Aipu literarioa

aldatu

Euskal literaturan eta poesian ugari dira antzinako burdinolei buruzko aztarnak. Manuel Lekuona jaunak bidali zigun 1945. urtean olerki hau, gabia edo mailuaren hotsak inspiraturikoa.

Tiriki-tauki-tauki
mailuaren hotsa...

Laster ezkontzen dela
gure neska motza...

Lan-lan-lan
gure neska motza,

lan-lan-lan
mailuaren hotsa.

Lekuonak berak dionez,

  • tiriki hori hots-izena da, mazoek etengabean gabiardatzaren kontra ateratzen zuten hotsaren antzekoa,
  • tauki, berriz, mailuak ingudearen gainean agoa jotzen zueneko hots lehorra.
  • Kopla zahar hori, panderoz lagunduta abesten zuten dantzarako, burdinola ugari ziren Antzuolatik Zeanurira bitartean.

Euskal atsotitz edo esaera zaharren artetik, ondoren agertuko ditugunak Garibaik eta Isastik eskuartean dugun gaiaren alorrean bildu zituztenak dira:

  • Balizko oleak burdinarik ez.
  • Kartari karta, eta burdinari dirua.
  • Ola olagizonentzat, eta barka barka-maisuarentzat.
  • Olatik berri onik ez.