XX. mende hasieran Elizondo etxeak bi solairu zituen. Urte askoan mojak bizi izan ziren han. Haietako batzuek eskola ematen zuten Igeldoko eskola zaharrean. Garai hartan, etxearen eskuinaldeko behealdean bi ahizpa bizi ziren: Joxepa `kartera´ eta Joxpinaxi.

Etxearen ezkerraldeko behealdean Pako Calongek lehen sagardotegia zabaldu zuen 1940ko hamarkadaren hasieran, bere senitartekoen laguntzarekin. Garai hartan, Habana baserritik kupeletan ekarritako sagardoa txotxean saltzen zuen pezetaren 20 zentimoan. Pepita alabak, umea zela, aitari laguntzen zion. Toka-jokoa bertan jarri zuten; ez zen txarra izan negoziorako, jendeak sagardo-txarrokadak jokatzen zituen-eta.

1946tik 1950era etxea goitik behera berreraiki zuen orduko jabeak, Felipe Martikorenak, etxebizitzari goiko solairua eta gaineko dorre handia emanez, eta etxe ondoan garajea eraikiz. Obra handi haren ostean, Anjel Erzilla oriotarrak bertako etxe batzuk, sotoa eta garajea erosi zituen, eta Fabian Loidi apaizaren esku utzi.

1952an Arriolako Pantxika Aiestaran eta Errenteriako Gregorio Santamarta senar-emazteek behealdeko etxea erosi zuten. Bertan bizi zirela, ile-apaindegia eta denda jarri zuten. Baina ilea mozteari laster utzi zion Gregoriok eta denda bilakatu zen negozio bakarra. Dendan denetik saltzen zuten: olioa, ontziratu gabeko kafe ehotua, jakiak, garbiketarako produktuak, oinetakoak... Pantxika dendan zen bitartean, Gregoriok etxez etxe banatzen zituen jendeak erositako produktuak. Baserri edo etxe bakoitzak kartila bat zuen eta bertan zerrendatzen ziren hilean zehar dendan erositako gaiak. Jendeak jornala jasotakoan, hil bukaeran, ordaintzen zituen. Gurasoek erretiroa hartu zutenean, Ana Mari alabak hartu zuen lekukoa.

Urte batzuk geroago, Migel Arrillaga eta Maria Pilar Saizar senar-emazteek eta Kandido Arrillaga eta Maria Luisa Errazkinek pisua erosi eta Elizondon bizitzen jarri ziren. Martzelino Errezola apaiza ere urte askoan bizi izan zen bertan, Benanzio eta Daniel Insausti anaiak bertara bizitzera etorri ziren arte.

1970eko hamarkadan, Sid eta Nancy Hutton senar-emazteak dorre handian bizitzen jarri ziren. Sid ingelesa zen, bobby polizia izandakoa; Nancy, berriz, irlandarra, erizaina lanbidez. Erretiroa hartu eta Igeldon bizitzea erabaki zuten. Ingelesa irakasten zuten, denbora pasan, eta Nancy etxe atzeko baratzean ere aritzen zen. Sid ironia handiko gizona zen: Igeldon harri-jasotze probak ikusita, hala zioen: ‘Ingalaterran garabiak erabiltzen ditugu’. Bikote ez ohikoa eta xelebrea zen orduko Igeldorako, baina oso ondo egokitu ziren herrian. Sid Igeldoko kanposantuan dago lurperatuta. Nancy, senarra hil ondoren, jaioterrira itzuli zen.

1990eko urteetan Robert Mohring alemaniarrak erosi zuen dorre handia. Bertan bizi da gaur egun.