Baserriaren aurreneko aipamena 1920koa da, baina han ez da azaltzen zein bizi zen garai hartan. Gerora, Murgil baserriko Juan Bautista Erauntzetamurgil Uranga eta Usurbilgo Maskulaizko Josefa Ignazia Leunda Insausti bizi izan ziren. Josefa Ignazia Zapatari zaharreko Sotera Leundaren ahizpa zen. Zazpi seme-alaba izan zituzten: Pedro, Josefa, Frantzisko, Juana, Bizenta, Asentsio eta Maritxu Erauntzetamurgil Leunda.

Maritxu alabak gogoan du herrian baten bat hiltzen zenean abisuak nola egiten ziren: lau bat lagun etxez etxe joaten ziren, eta hildakoaren izen- abizenak esanda, honakoa esaten zuten: “Jaungoikoari kontu eman dio” eta errosarioa eta entierroa zer ordutan izango ziren. Garai hartan hileta-elizkizunak goiz izaten ziren, ondorenean bazkaria egiten zuten familiarrek. Hilkutxa bizkarrean eramaten zuten baserritik elizaraino.

Esne-behiak izaten zituzten. Baratza ere egiten zuten: artoa, erremolatxa... Astoa zuten eta etxekoandrea plazara joaten zen, esnea eta baratzeko produktuak saltzera. Gizona, berriz, Suchard txokolate-fabrikan zebilen lanean.

Baserrian dolarea zuten eta inguruko baserrietakoak, sagardoa egiteko, bertara joaten ziren sagarra jotzera. Baserriaren goiko aldean iturria zegoen. Harraska txiki bat ere bazuen gobada egiteko, eta etxeko arropak bertan garbitzen zituzten. Etxerako ura ere handik hartzen zuten.

Seme-alaba guztiak sakabanatu zirenean, 1969an, senar-emazteak Getariara joan ziren bizitzera. Aurrez, Donostiako Urola tabernako Periko Aierbek erosia zien baserria.