Esperanto/Esperantoa Euskal Herrian
Esperantoa Hego Euskal Herrian historian zehar
aldatuHasiera
aldatuEuskal Herrian sorturiko lehen elkarte esperantista, 1905ean Sestaon sorturiko Fido, scienco kaj tradicio (Fedea, zientzia eta tradizioa) elkartea izan zen, Florencio Eskibela zuelarik taldeak presidente.
Urtebete beranduago, 1906an, talde esperantistak sortu ziren Bilbo, Donostia eta Portugaleten eta 1910ean Iruñean. 1909an, Nova Sento (Sentimendu berria) aldizkaria argitaratzen hasi zen Bilbon.
Esperantoak Hego Euskal Herrian hartu zuen indarraren seinale, Espainiar estatuko 1911. urtean eginiko esperantisten erroldan, 300 esperantista agertzen dira Bilbon izena emanda eta 100 Donostian. Hiri handietatik at ere baziren esperantistak, hala nola Algortan, Beizaman edo Kasedan.
1924. urtean 2. Esperanto Biltzar Iberiarra eta Espainiako 4. Esperanto-Biltzarra ospatu ziren Bilbon.
1935. urtean, 2. Errepublikaren Garaian, Teodoro Elizondok Esperanto-ŝlosilo (Esperanto Giltza) ikasliburua euskaratu zuen lehenengoz, baita argitaratu ere Bilboko Esperantozaleen Elkartearen laguntzaz. Mendebaldeko euskalkian dago idatzirik eta bertan, Esperantoaren hamasei arauak, ondo ahoskatzeko gomendioak edota Esperanto-Euskara hiztegi bat aurki daitezke.
Frankismoa
aldatuEspainiako Gerra Zibilaren ostean, debekua jarri zitzaion Esperanto taldeen jardunbideari frankismoaren lehen urteetan, ahalik eta 50. hamarkadan berriz Bilbon klaseak ematen hasi ziren arte. Hamarkada horretan sortu zen baita Federación Esperantista de Álava (Arabako Federazio Esperantista).
60ko hamarkadan, Gipuzkoan gorakada nabarmena izan zuen Esperantoak, Eibar eta Ordizian ikastaroak ematen hasi baitziren, langile giroan ezagutza zabalduz. Zabalkunde horren ondorioz, 1964ean esperanto biltzar bat ospatu zen Ordizian. Bilbon, bitartean esperantozko Método Bilbao ikasliburua argitaratu zen, geroago hainbat ikaslek erabiliko zutena bertan Esperantoz ikasteko.
70eko hamarkadan, Mikel Laboaren Txoria txori euskal kanta, beste batzuren artean, esperantora itzuli zen, gaur egun ezaguna delarik zenbait esperantisten artean.
Gaur egun
aldatu80ko hamarkadan, Gasteizen hizkuntza ikasi zuten gazte batzuek 1987. urtean Alava Esperanto Asocio elkartea sortu zuten . 1990. urtean Nafarroako Elkarte Esperantista sortu zuten Iruñeko zenbait esperantistek.
1989an baita, nazio mailan, Eusko Esperanto Asocio sortu zen, baita bere Kuspe aldizkaria ere, elebiduna zena (euskara eta esperantoz), nahiz eta beranduago Esperantoz bakarrik argitaratzera pasa zen. Euskal Kultura esperantisten artean zabaltzeko asmoz Euska Kverko (Euskal haritza) aldizkaria argitaratu zen, Europako hainbat herrialdetan banatu zena.
1990. urtean, Aitor Arana euskal idazleak, Esperanto Ikasgai ikasliburua idatzi zuen, esperantoz ikasteko euskaraz idatzitako lehen metodoa dena, Esperanto Giltza liburuxkaren ondoren. Horrekin nahikoa ez eta Bernardo Atxagaren "Behi Euskaldun baten memoriak" esperantora itzuli zuen, "Memorajoj de euska bovino" izenburua duelarik esperantoz. Gainera, esperantozko literaturaren klasiko bat ere euskaratu zuen, Louis de Beaucairek idatzitako "Vivo de Bervala sentaugulo" liburua, euskaraz, "Bervalen gertatuak" izenburua duelarik.
Ildo berari jarraiki, 2001ean, Fonto argitaletxe brasildarrak jatorriz euskarazko "Haur besoetakoa" Jon Miranderen liburua argitaratu zuen esperantoz, La Baptofilino izenarekin. Liburua Jose Mari Sarasuak itzuli zuen.