Etumetxabal
1893an, Gurruchateguiberri izenez azaltzen da Donostiako toponimian. Gorrochategui-Berri edo Chocolateguillene moduan ere azaltzen da, 1899an.
Txokolatenen bizi ziren Gurrutxaga anaiek eraiki zuten baserria, berena suak kiskali ondoren. 1929. urtean, Tolosatik Juan Jose Beloki Aranburu (jaiotzez Alkizakoa) etorri zen. Haren seme Juan Jose Beloki Ezeizak eta Maria Luisa Kortajarena Ugarte emazteak erosi zuten baserria. Zortzi seme-alaba izan zituzten: Arantxa, Juan Jose, Maria Luisa, Leonardo, Dolores, Izaskun, Jose Jabier eta Juan Mari Beloki Kortajarena. Oilo-etxaldea jarri zuten, eta 1.000 oilo izatera iritsi ziren. Abeletxeak Beotibar izena izan zuen. Denborale txar baten ondorioz, dena puskatu zitzaien. Orduan, Juan Jose Beloki Ezeiza Pasaiara joan zen lanera, portuan aritu zen lanean, portuko praktiko moduan.
Maria Luisa baserriko lanetan aritzen zen. Baratza zuten, etxerako, eta lau behi, astoa eta txerriak ere bai.
Baserria bi zatitan egin zen. Zati haietako bat eraikitzen Txirrita aritu zen. Sagardotegia ere izan zen garai batean. Etxe ondoan iturria zegoen eta hura gobada egiteko lekua ere bazen. Aspaldiko artelatz bat ere bada inguruan; diotenez, Gipuzkoako zaharrenetarikoa da. Aldamenean txikiago batzuk ere badira.
1956an, izotzaldi gogor baten ondorioz, pinudi guztia izoztu eta izorratu zitzaien. Urte haren amaieran Donostiako Intxaurrondo auzora joan ziren bizitzera.
Azken urteetan Leo eta Jabier semeak ibili izan dira baserrian, baratza eta inguruak txukuntzen. Duela gutxi saldu dute baserria, eta orain beste familia bat bizi da bertan.
Iturria: Jabier Beloki Kortajarena