Euskal Artearen historia (I): Historiaurretik erromanikora/Hitzaurrea
Oker ez banago, Euskal Herriko artearen, arte plastikoaren bibliografiak ez du sartu zerrendan oraindik bere historia osoa eskuliburu bakar batean laburbil dezakeen lanik. Baditu, bai, garai bakoitzari buruz historialari aditu batzuek eginiko elkarlana bitarteko, Euskal Herriko artearen ondoz ondoko aldi historikoak nolabaiteko egokitasunez bildu nahi dituzten talde-lanak, nahiz eta era honetako elkarlanek nahitaezko hainbat metodo eta sentiberatasunek berezkoak dituzten mugak azaldu. Baieztapen honek behartzen du orrialde hauen egilea ikuspegi panoramikoa eskaini nahi izatearen ausardia zuritzera bere irakurleei, unibertsitateko ikasle, arte gaietan zaletu edota gure herriko kulturaren maitale soil izan daitezkeenei.
Liburu honen jaiotzaren jatorria oso xumea da: egileak idazteko garaia iritsi dela uste izatearena, besterik gabe. Eraikin baten oinarriak jarriak daudela ikustean, zaila da eraikitzen hasteko tentaldiari eusten. Eta Euskal Artearen Historia baten oinarriak jarriak daude. Irakaskuntzako eta ikerkuntzako adituen artean asko dira euskal artearen historiaren prestaketan parte hartu dutenak, bai alorreko ikerketa-saioekin, bai agirien bila ibiltzearekin, bai argitalpenekin, bai gogoeta aztertzaile eta laburpenekin. Kronologiari gagozkiolarik, aldez aurretik esan dezagun, historiaurrearen oinarriak jarriak zeudela, XX. mende inguruko gure arkeologo eta antropologoen aldetik.
Baina, XX. mendeko 70eko hamarkadaz geroztik, Euskal Herriko lau hiriburuetan Unibertsitateak eta Arte Ederren Eskolak sortzeak forma eman zion Euskal Herriko artearen muinaren laburbiltze bati, bederen. Doktorego‑tesiak egiteak eta argitaratzeak, arte munduko zenbait alderdi tekniko eta geografikoetan trebaturiko aldizkarietan azaldutako lanekin batera, izugarri argitu zuten gure ezagutzaren alorra eta ikasle gazte askori langintza honen diziplinan murgiltzeko gosea piztu zien.
Esan bezala, goi‑mailako ikasketarako eskolak finkatu zirenetik aurrera, gure historiaurrearen ikerketa metodologiko eta guztiz zientifikorako oinarriak jarriak zeuden. Ikertzaile sonatuak ziren T. Arantzadi, Joxe Migel Barandiaran eta E. Egurenek osatzen zuten talde honek aurretik eginiko lanari jarraipena eman zioten hauen ikasle izandako Jesus Altuna eta Joan M Apellanizek. Laster, maisu bilakaturik, gero eta talde gehiago bultzatu zituzten ikerketarako, eta ondorioz, historiaurreko ikerketen alorrean jada ezagun egin ziren ikerlarien izenak agertu ziren: L. Peña Basurto, A. Llanos, J.J. Vegas Aranburu, Amalia Baldeón, T. Andres Perez, S. Corchon eta Patricia Caprile, besteak beste.
Baina, arkeologia alde batera utzita, artearen benetako historian sartzen saiatzen bagara, XX. mendean sor zitekeen “euskal eskola” baten hotsak hedatzen ari ziren unean, profesional gutxi ziren gure arte-ondare zaharrarekiko zaletasun beroak artxiboetako pergaminoei hautsak astinarazteko, arte modernoan espezializaturiko aldizkari-kroniken garrantzi sortu berriaren ondoan. Hain zuzen ere, horregatik izan behar zuten batik bat estimatuak, besteak beste, Felix Lopez del Vallado, Fidel Fita, Julio Altadill, Tomas Biurrun, Francisco Sesmero, J. Ibarra eta Berge eta beste hainbat ikertzaileren lanak, osasuntsu zahartu diren lanak baitira. Gure udal-artxibo asko bertan behera utziak izateak, hondamenak eta askoren desagertzeak behartzen zituzten ikertzaile txalotu hauek sarritan, agirietan oinarrituriko frogen hautaketan eta epaietan baino gehiago estatikazko sen eta sentiberatasunean oinarritzera.
Euskal Artearen Historiako bibliografiaren egoera harrigarriro handitu eta argitu zen unibertsitateak eta Arte Ederretako eskolak ikerketak egiten erritmo normalean abiatu zirenetik. Gaur egun ehunka dira doktorego-tesiak, ertilari, lan, estilo eta gure iraganeko artearen altxorrari dagozkion alderdiak landu direnak eta lantzen ari direnak.
Gure antzinako historiari dagokionez, biltzarrek, taldeko lanek, doktorego-tesiek eta liburu zein aldizkari espezializatuetako argitalpenek jada uzta ona emana zuten, eta Blas Taracena, J. M Blazquez eta abarren merezimendu handiko lanen ondoren iritsi ziren Mª Anjeles Mezquiriz, J. Rodriguez Solis, Ignacio Barandiaran, Juan Carlos Elorza, Amalia Baldeon, J. L. Tobie, Milagros Esteban, A. Llanos, Eliseo Gil Zubillaga, I. Filloy Nieva, A. Iriarte, J. C. Labeaga eta hainbaten ekarpenak. Lan horiek bitarteko egiaztatu izan da antzinako Baskoien lur honetan arte jarduerak izan zuen ustekabeko hedadura eta kalitate bazterrezina.
Era berean, mende ilunen zeruertz historikoa, erresuma bisigodo, asturiar eta merobingioen artean hesituriko Baskoniarentzat kristautasunaren argia pixkanaka egunsenti bilakatu zena, Agustin Azkarate, J. Alberto Monreal Jimero, J. J. Sayas Abengoetxea, Latxaga eta beste aditu askoren ikerlan sakonei esker bistaratu da.
Erdi Aroko arteari dagokionez, benetako eskola sortzailetzat har ditzakegu: Araban, Micaela Portilla eta S. Andres Ordax; Nafarroan, Concepción Garcia Gainza; Bizkaian, J. Anjel Barrio Loza, eta Gipuzkoan Mª Asunción Arrazola eta Manuel de Lekuona. Hala ere, horrek ez du esan nahi beren maisu-lana Erdi Aroari buruzkoa izan denik soilik; izan ere, beraienak dira goi-mailako beste ikerlan batzuk ere, besteak beste, Errenazimentu eta Barrokoari buruzkoak. Zorionez, horien lana oparo bultzatu izan da, zenbait egileren lan eta argitalpeni esker, esaterako: Araban, J. Martinez Marigorta, Dulce Ocón Alonso, Lucia Lahoz, J. M Gonzalez de Zarate, J.J. López de Ocáriz, Ruiz de Loizaga, G. López de Gereñurekin; Bizkaian, Kosme Mª de Barañano, J.Gonzaléz de Durana, A. Santana Ezkerra, Agustin Gómez Gómezekin, eta Gipuzkoan, J.Erentxun, L.P. Peña Santiago, I. Zumalde, Juan San Martín, Edorta Kortadi eta abarrekin.
Nafarroako Erresuma zaharrari, Erdi Aroko arteaz bereziki jantzia denari dagokionez, Nafarroako Erdi Aroko Arteari buruzko funtsezko lanak Iñiguez Almech eta J. Esteban Urangaren bost liburukitan biltzen da, eta ondoz ondoko ikertzaile ugari izan ditu, adibidez, J.M Jimeno Jurio, M C. Lacarra Ducay, Clara Fernandez Ladreda, J. Martinez de Aguirre, Soledad Silva y Verastegi, Mercedes de Orbe Silvatte eta M Molero Moneo.
Garai modernoetan sartzean ikertzaileen zerrenda biderkatu egin zen. Eta aipaturiko C. Garcia Gainza, M Portilla eta J. A. Barrio Lozak osaturiko talde gidariarekin batera gogoratu beharrekoak dira Errenazimentu eta Barrokoko gure ondare artistikoa hein batean estaltzen zuen ilunpea argitzen lagundu zuten P. L. Etxeberria Goñi, J. Velez Chaurri, Mª Isabel Astiazarain, J. Manuel Gonzalez Cembellín, A. Santana Ezkerra, Ignacio Zendoia eta Julen Zorrozuaren izen ezagunak.
Azken mendean sartuz gero, ezinezkoa gertatzen da euskal arte garaikideari buruzko ikerlanen egileak eta argitaratzaileak aipatzea. Multzoa handia da, eta ia denak lan monografiko moduan eginak. Ugari dira ikerketa biografikoak, lanen azterketak, ohar kritikoak, erakusketa-katalogoak; baina baita, gure garaiko euskal artista ezagunenei buruzko doktorego-tesiak ere.
Orain arte aipaturiko egileek argitaratu lanez gain, badugu egun tresna preziatu bat, Eusko Ikaskuntzak egile hauen lankidetzarekin bultzaturiko bibliografia-bildumez osaturikoa; hau da, Agustin Gómez Gómez, Luzia Lahoz, Arantza Cuesta, Pedro Pérez, Raquel Sáenz, Rosa Martín Vaquero eta bereziki, Julen Zorrozuaren lankidetzarekin. Halaber, gure lurralde eta elizbarrutiko ondare artistikoaren katalogoak, erakunde publiko nahiz pribatuek babesturikoak: jada argitaratuak diren Nafarroako Monumentuen Katalogoko bederatzi liburukiak eta Arabako zortziak. Horiei erantsi behar zaizkie Euskadiko Monumentuen Katalogoak, bereziki hiru lurraldeei eskainitakoak, eta Nafarroako Arteari eskainitako bildumak eta abar.
Sarritan uste dudan arren, aspaldiko artelanak gorputz mutuak izan ohi direla, beren garaiko gizon emakumeen historiak biziarazi eta hitz eginarazi ezean, kapitulu bakoitzean saiatu naiz aipaturiko lanak ingurune soziopolitiko baten inguruan kokatzen. Gai honetan historialari askok lagundu didate beren lanekin, zeren eta Euskal Herriko Historia orokorrak ere bultzada eta garapen apartak izan baititu, azken berrogeita hamar urte hauetan. Nola utzi, bada, hemen gogoratu gabe Euskal Herriaren historialari ospetsuak, hala nola, J.M Lacarra, L. Vázquez de Parga, A. Mañaricua, J. Goñi Gaztanbide, Adrian de Lizarralde, Jose Anjel García Cortázar, Pierre Narbaitz, J. Zabalo Zabalegi, J. M Jimeno Jurio, Jose Luis Orella Unzue, Ignazio Arozena, M Goyenetxe, Beatriz Arizaga, Rosa Ayerbe, Elena Barrena eta beste. Aurrekoen antzera, ia bukaezina izan daitekeen zerrenda honek erakusten du bidea zein libre zegoen laburbiltze bat egiteko prest zegoenarentzat.
Aldez aurretik barkamen sentitua eskatzen diet, gure historiaren eta ondare artistikoaren ezagutza oparo eta zehatzaren kultur lanbidean parte direnen zerrenda bat aurkezten saiatzean, zalantzarik gabe, aipatzeke utzi ditudanei. Baina, jendaurrean eta argi eta garbi eskertu beharrekoa nuen, eurak jakin ez arren, Euskal Artearen Historiaren laburbiltze apala izan nahi duen lan hau gauzatzen saiatu direnei.