Euskal Artearen historia (I): Historiaurretik erromanikora/Sarrera
Duela hogei urte, Euskal Herriko arteari buruzko elkarlan bati hitzaurrea egiten ari nintzaiola, nire buruari galdegin nion zentzurik ba ote zuen bi hitz hauek elkartzeak: artea eta euskalduna.
Gure herriko artearen historiari buruzko lehen ahalegin haren ondoren ez dira gutxi galdera bera nahiko aurrez aurre eginaz azaldu diren liburu eta aldizkariak. Ondorioa beti etsigarria izan da. Puntu honetan eta beste askotan euskaldunak iritzi berekoak izatea ezinezkoa dela onartu behar da.
Oraintsu arte euskal artearen historiaren kontzeptua arraza ideiaren abiapuntutik osatu behar zela pentsatzen zuenik ez da falta izan. Eragile etnikoek, euskal izaera ikertu, aztertu eta definitzerakoan erabakitzaile izan behar zuten. Euskal artistengan arrazaren eraginari buruz hitz egin zuten idazle serioek, besteak beste, Juan de la Encina, Karmelo Etxegarai eta Tomas Elorrietak, joan den mendearen lehen hamarkadetan. Etniaren nagusitasuna giroan arnasten zen garaiak ziren, nahiz eta ez zen onartzen Gobineau Kondeak arraza desberdintasunari buruz zuen ikusmolde fundamentalista, nazismo germaniarraren amets gaitzesgarriak bazkatuko zituena.
Baina, argi dago arraza baten osagaietan, badenaren, izango denaren edo gizonak egingo duenaren arrazoi, froga edo interpretazioak, metodologikoki hutsean salto egitea suposatzen duela. Arraza kontzeptua argi eta garbi defini badaiteke ere, nahitaez sortzen da iluntasunaren eta nahasmenduaren arriskua, historiari eta zehazkiago euskal herriaren historiari atxikiriko zentzu zehatz bat eman nahi zaionean. Horrela ulertu ahal izateko, aski da historiaurretik hasi eta Pirinioen babeseko biztanleek jarraian nozituriko akulturazioaren oinarrizko ezagutza izatea. Ez da erraza, kanporik zetorren herri-uholdeen aurrean gure geografiako eskualde bakoitzean etnia sinbiosiak zein mailatako indarra izan zuen zehaztea. Egia da, bai, oso desberdina izan zela gure herriko hainbat ibarretan. Oraintsu arte gure biztanleriaren artera iritsi den immigrazioa eransten badiogu, ezin zehaztua gertatuko zaigu gure kasuan arraza hitzak adieraz dezakeena. Ondorioz, delako printzipio horrek gure ahalegin historikoaren alorra mugatzeko ez digu balio.
Bestalde, nabarmena da euskal izenlagunak mugatzen duen zehaztasuna ez dela parekagarria espainiar artearen historiarekin edo italiar arteak duen esanahiarekin. Edozein irakurlerentzat, delako izenlagunek gaur egungo estatu edo elkarte politikoek okupaturiko Espainia edo Italia izeneko herrialdeen erreferentzi argi eta zehatza dute. Eztabaidagarria irudituko zaigu, baina hor dago jazoera: espainiarrik ez da harritzen ARS HISPANIAE sailak kapitulu bat eskaintzean bisigodoen arteari, eta Milango edo Siziliako unibertsitateko edozein ikasleri bistakoa deritzo Andre Chantel‑ek bere Italiako Artean Ravennako bizantziar arteari buruzko kapitulu bat sartzea. Onar dezagun, irizpide politiko hori hartzeko oztoporik ez dagoela aipaturiko adibideetan, baina jarrera hori gure kasuan askoz onartezinagoa izango litzateke. Arrazoi politikoetan oinarritzeak ez luke zentzurik –gertakari gisa, eskubide gisa, nahiz borondatezko nahi gisa erabili–; jakina den bezala, koroa bakar baten menpean, Nafarroako Antso Nagusiaren menpean elkarturik behin baino egon ez ziren lurraldeetako artearen azterketa bateratua egiteak.
Zenbaiti atsegin zaion bezala, proposa genezake, entzumen modernoari gustagarriago gertatuko zaiolakoan, etnia kontzeptua kulturarenarekin lotzea edo baita identifikatzea ere. Hain zuzen ere, sarritan hitz egiten da etniak kulturarekin duen loturaz, Euskal Herriko erroak, jatorria, garapena eta gizon-emakumeei dagozkien zentzu guztiak aztertzeko orduan kontuan eduki beharreko osagai moduan. Herri baten kultur nortasunaren ikuspunturik, helburu honekin neurtu izan da berezko hizkuntzaren jabe izateak duen garrantzia, eta bereziki euskararen kasuan, hizkuntza hain desberdina denean. Baina, aztergai honen ikuspuntua ere ezin defenda daiteke oztopo sendorik gabe. Gure inkestatik kanpo utzi beharko genituzke dagoeneko “lingua navarrorum” ohoragarria hitz egiten ez den eskualdeak? Iraganera begiratuz gero, eta artearen historia egin nahi dugunez, hain zuzen ere, euskaldunen herriaren mugak mugikorrak izan direla historiak berak erakusten digu, etengabe atzera eginez. Aragoin, Errioxan eta Gaztelan, filologoek kontu handiz bildu eta aztertzen dituzten euskal izenak bilatzen aritu da toponimia; hain juxtu, milurtekoetan atzera eginez, itsasoak gure estuarioetan pilatu dituen iktiolito eta numulito horiekin paleontologoek egiten duten moduan.
Zailtasunak areagotu egiten dira kultura-kontzeptua errealitate hain zehatzeko euskal hizkuntza horretara mugatzen ez bada; baldin eta euskal kulturaren osagai erabakitzailea izatea nahi bada, zenbaitek euskal nortasuna deritzon hori. Ezin uka baitaiteke kultura, edozein herri historikoren kultura delarik ere, bera dela historia, hau da, mugimendu eta aldaketa.
Astakeria litzateke euskal izaera betiereko esentzia ia platoniko gisa hartzea. Zeren, gizonak, zioen Ortegak, Dilthley‑ri jarraituz, “ez du izaerarik, historia du; zeren, historia, izate baten osagaiez eta erabatekotasunez, mugimendu eta aldaketa” da. Voltaire bera ere horretaz konturatzen hasi zen, historialariaren eginkizunari buruzko bere hausnarketetan, aholku ematen ziolarik gertaera txikien pasadizozko alderdiak alde batera utzi eta hel zekiola ohiturak eta mugimendu politiko, sozial eta ekonomiko handiak aztertzeari, baina betiere fenomeno dinamiko moduan begiratuz: “Les changements dans les moeurs et dans les lois seront enfin son grand projet”.
Irizpidea etniko eta kulturala, Juan de la Encinak defendatzen zuen moduan, zentzu oso zehatz batez hartzen bada, eta, batez ere, herri baten kultura osagai dinamikoen multzo gisa ulertzen bada, nire ustez historialariarentzat estimulagarri eta oso emankor izan daiteke, azken batean, garai bakoitzean euskal artearen ezaugarrien trazuak arrotzen saiatzea. Erromanikoa eta gotikoa gizarte kristauren adierazpide diren aldetik, bere ideologia, bere kultura eta mende jakinetako bere historiaren baldintza sozioekonomiko gisa ikasi baditugu, a priori ez da ikusten inolako arrazoirik trazu jakin batzuetako komunitate izaera mende luzeetan erakutsi duten giza taldeen arte historia baliogabetzeko. Herri baten benetako arte historia egiteak bere ezaugarrien bata bestearekiko zentzua argitzea eskatzen du, hau da, gutxi-asko iraunkorrak eta sakonak diren ezaugarriena, beti historikoak izan behar badute ere, bizitzako beste alorretan kanporatzen direnak: familiako ohituretan, gizarteko ohituretan, erlijiozko ohituretan, politikoki bere burua gobernatzeko eran eta abarretan, betiere, herri guztien kultur izaera aldakorra dela, ukaezin gisa onartuz.
Artearen historialari batentzat, gai honi heltzerakoan, arazorik gutxiena ematen duen jarrera metodologikoa lanaren esparrua zehaztea izaten da, geografiak eskaintzen dion errealitate saihestezin eta aldaezinean oinarritzen baita. Euskal artearen baliokidea Euskal Herriko artea edo Artea Euskal Herrian litzateke. Hain zuzen ere, Herri hitzak erreferentzia topologikoa, in recto tartekatzen duela dirudi. Euskal artea, zentzu honetan, gaur egun Euskal Herri esaten diogunaren mugen barruan historikoki egiten edo kokatzen denari deritzo. Zehaztapen honek, lehen begiratu batean, kalterik gutxiena dakarrena eta politikoki berotasun txikiena pizten duena dirudien arren, ez du kontzeptuetan aho batezko adostasunik, baldin eta kontuan hartzen bada, mendeetan zehar lur hauetako mugak eta askok Euskal Herria esaten diogun jende taldeak beti berak ez direla izan.
Hala ere, ez dugu fundamentalistak izan nahi arazorik gutxiena eskain dezakeela dirudien metodo honen aplikapenean. Baliagarri deritzogu, irizpide kulturalista hau erabat ez baztertzea, betiere, euskal kultura eta identitatea kontzeptuak ez mitifikatzearren. Claudio Sánchez Albornoz historialaria euskal herriari buruz ari zen honako hau idatzi zuenean, “herrien idiosinkrasia, mendera ezinezko tenperamentua eta harengandik sortzen diren joera eta ohitura nagusiak ia batere aldatu gabe irauten dute, aldien aldaketa sakonetan zehar; eta txinpart bat aski izaten da, erabat itzali gabeko suteak bizteko. Herri batean nahikoa izaten da lehendik historian emanak izan diren gertakarien antzekoak sortzeko, bere nolakotasun, sen, zaletasun eta ohitura zaharrak esnatzeko”.[1]
Sánchez Albornozen antzera, izaera nazionalista leporatu ezin zain arte historialariak, edozein ikerlari zintzok, ez baitira euskaldunak izatez, “euskal gotikoaz” hitz egiterakoan, XVI. mendearen bigarren erdialdeko arkitekturaren euskal kera hori bereizten duten ezaugarrien interpretazio bat emateko tentazioa izango du, arrazoizko tentazioa gainera. Arte kritikariak XX. mende hasieran euskal pintura batez hitz egiten hasten direnean, eta ez kontraesanik gabe, edo 50eko hamarkadan, gure lurreko eskultore taldea nazioarteko estimuaren eszenatokira irten eta “euskal eskolaren” bere proiektua aldarrikatzen ikustean, bistakoa da historialariak gertakari hauei arretaz begiratu eta arrazoi objektiboak aztertu nahi dituela eta ez esanahi handirik gabeko gertakari modura gutxiestea.[2]
Jakinaren gainean gaude, gure iragan historikoaren arte emaitzetan euskalduntzat har daitekeena finkatuko lukeen trazuen bilaketan, zuhurtasun handiz ibili behar dela. Lehenik eta behin, alderdi tekniko, estilistiko edo edukierazkoen arabera trazuak aztertzean, elkarrekikotasunik baden egiaztatu beharko litzateke. Bigarrenik, frogatu egin beharko litzateke –batez ere, osagaien artean alderaketak egiteko denbora-tarteak jarduera sozial urri bat eskaintzen duenean– trazu horiek objetiboki zehatzak diren eta behar adinako iraupenik duten. Azkenik, inkesta egin beharko litzateke, delako trazu estetikoen eta garai bereko euskal kulturaren beste ezaugarrien arteko ahaidetze semantikoa begiratuz.
Jarrera guztiz zientifiko batek bultzatu zituen gure antropologoak, Juan Mª Apellaniz eta Jesus Altuna, Madeleine aldiko animalien kontaketa sail handiaren barruan, Ekaingo zaldi bikainen trazu bereizgarriak begiratu eta azpimarratzera. Baina, ezer gutxirako ditugu haien ondorioak euskal arte plastikaren ezaugarriak ematerakoan, zeren eta badirudi Eneolito garaira arte ez zela osatu gerora euskal gizona deritzon gizaki mota ere.
Iritsiko ote gara –galdegiten nion neure buruari duela urte batzuk– Gastiaingo hilarrian, Berdungo zeramika arruntetan edo Iruñeko nekropoli karolingioetako orratzetan euskal hatsa sumatzera? Gaur gaurkoz erantzuna ezezkoan dago. Baina, horregatik ez da bidegabekoa gure galdera.
Euskal ikonografian sumatu dira –gure kutxatan, ateburuetan, inpostetan edo bataiarrietan ikus daitezke– badirela irmotasunez azaltzen diren zenbait irudi figuratibo eta geometriko. Baina, marrazkiak Euskal Herritik oso urruti dauden beste alderdietan ere azaltzen dira eta arketipo unibertsalei erantzuten diela esan daiteke. Beraz, ikus ote daiteke irudi horietan euskal eskulangileak delako diseinuei ematen zien ñabardurarik edo berezitasunik? Litekeena da indar subjektiboren batek eraginiko baiezko erantzun bat jasotzea, eta ez erantzun kritiko bat.
Garai historiko zehatzeko artearen aurrean, historialariarentzat era honetako galderak gero eta premiazkoagoak izan daitezke, eta testuinguru historiko zehatz bati buruz bildu daitekeen agiri idatziak zenbat eta ugariagoak izan, orduan eta premiazkoagoak. Liebanako Dohatsua deritzan monjeak, VIII. eta IX. mende artean, bere ikuskari apokaliptikoei forma harrigarria eman zien, eta estilo bat sortu zuen –idatzi, forma eta margo–, eta zenbait mendeetan sartalde kristau osoko Dohatsu sonatuen artean zabaldu ziren. Euskal historialari batek jakin nahiko luke bi mende beranduago monje batek bere baitatik eta euskal jatorrikoa izan zitekeenetik zer jarri zuen Saint Sever sur‑l‘Adour santutegi sonatuko idazmahaian eskuidatzi ospetsua kopiatzean, bere miniatura zoragarriak “Stephanus Garcia Placidus” izenez izenpetu zituenean, edo zer jarri zuen euskararen eta Gaztelako erromantzeen arragoa izan zen Donemiliaga Kukula deritzan errioxar santutegian gorderiko eskuidatzien marrazkilariak.
Euskaldunak al ziren Antso Nagusiaren ondorengoek, XI. mende erdian, Loarrera, gazteluko elizaren kupula zoragarria eraikitzera eraman zituzten harginak? Euskalduna al zen, “San Juan de la Peñako Maisua” edo “Iruñeko Klaustroko Maisua”? Eta hala baziren, beren euskaldun sentiberatasunetik geratu al zen ezer arku haien lerroetan eta kapiteletako fauna eta floran irudikaturik? Horregatik, derrigorrezko galdera bat datorkigu gogora: zientzialari bat lanean jartzeko adinako garrantzia ba ote du gai honek, artearen, nahiz kulturako beste alderdi guztien globalizazioa saihestezina dirudien garaiotan?
Euskal Artearen benetako historialari bat honek eta honen antzeko beste galderek zirika dezakete. Eta zirikadura gero eta larriago eta garaiezinago egiten da gure ondare historikoaren alor bakoitzean, diakronikoki eta geografikoki hitz eginda, historia guztiz zorrotz, aztertzaile eta deskribatzailea jada burutzen ari dela ikusten dugunean.
Euskal artearen historiaz ezin has naiteke idazten, duela urte batzuk jada egin nuen oinarrizko ohar bat egin gabe. Euskal Herria gaur egun neurriz txiki den herri bat da, geografia txiki samarra duen herria. Bestalde, nahiz eta milaka urtetako izaera duen, Euskal Herriaren denbora historikoa berria da dataz. Iragan horren historialariak dokumentu urriak ditu, beste herrialdetakoekin alderatuz. Beraz, hain misteriotsua den herri baten ikerketa zailagoa gertatzen da, duela gutxira arte beste kultur ikerketa estetikoetan erabili diren kontzeptu eta metodoekin heldu nahi badiogu. Zintzotasunari zor, ezin gaitezke bat etorri, duela urte asko ez dela, “euskaldunok pentsamendu eta balio plastikoak sortzeko eta zabaltzeko jenio hilezkorra goien-graduan dugula” pentsatzen zutenen baikortasun suharrarekin.[3]
Artea, sartaldeko zibilizazioan bost mendeetan oinarrituriko artea, bere zentzu zorrotz eta zehatzean hartzen badugu, ezinbestekoa dugu gure gabeziaren aitormen zintzo eta apala, eta bat-bateko sentimendu honen susmoa, euskal herriaren benetako Literaturaren eta Artearen Historia ezin eraiki izanaren eta eraiki nahi ez izatearen oinarrian dago.
Oraintsu arte, oso hedatua zegoen iritzia zen euskalduna ez zela poeta eta ez zegoela inolako euskal literaturarik, betiere, literatura kultu eta idatzia ulertzen baitzen literaturaz. Literatur kontzeptu estu hau utzi eta gure erromantzeen eta bertsolarien etorria baloratu behar izan dugu konturatu ahal izateko badela euskal literatura bat, beste edozeinek haina balio duena.
Hemen ikusi nahi dugun arte plastikoekin antzeko zerbait gerta dakiguke. Euskal arteak eskulangintzan hartu du mila urteetako bizia eta errealitatea. Euskaldunaren sormen plastikoa egunoroko bizimoduari loturik dago. Mende askotan sormen ahalegin honek gogor egin dio, beste herrietan bezala, jarduera bitxi bat, pribilegiozkoa, ia esoterikoa eta bizitzan funtsezko esperientziatik at legokeen zerbait bilakatzeari, Euskal Herrian hain sustraitua izan den familia eta gizarte bizitza horretatik bereiziriko ezaugarriak izateari.
Txueca Goitiak Errenazimentua Euskal Herrian gaiari buruzko bere ikerketa hastean, iradokizun hau idatzi zuen: Baskoniaren benetako estiloa sakona, oinarrizkoa eta jatorrizkoa da; paisaia baten, arraza baten eta gizarte baten barruan dago idatzirik; Florentzian bezala, ez da jeinu-buru batzuen oinarri gainetan finkatzen. Ez da Historia, Izaera baizik.
Gaur egun, teknologiaren garapen zorabiagarriak eraginiko kultur krisialdi batean murgilduta gaudelarik, badira historiaren filosofo eta artistak, arteak bizitzarekin uztartu behar direla diotenak. Eta hain zuzen ere, lanbidez ertilari diren askok egun ez digute lanez hitz egiten bizipenez baizik. Bizipenean bilatzen da artea; egunoroko gauzen artean kokatzen da. Bizipen estetikoak ordezkatzen du objektu estetikoa. Espazioak ordezkatzen du objektua. Hirigileak eraikitzailea. Artea ekologia bihurtzen da. Eta Marchall McLuhan soziologo ezagunak umorez idatz dezake: “Artea da zerorrek egin dezakezun guztia”. Eta horrelako isekarik gabe beste askok esaten du: “Edozer izan daiteke artea” (R. Rauschenberg).
Alegia, Errenazimendu garaian hasitako abentura handia sartaldean ixtean, jenioekiko gurtza amaitzean, arte esanahiak garai batean bezala, berriro ere, bizitzarekin bat egiteko bere profilak ezabatu egiten dituela ziurtatzean konturatzen gara egunorokoa sakonki bizitzearen bizipenarekin, euskaldunak ia ez duela bere estetikaren filosofia aldatu beharrik, euskaldunaren jarduerak ez duela bizitzara eta egunerokotasunera itzuli beharrik, ez baita jarduera horretatik inoiz irten.
Tradizionalki euskaldunaren eragingarritasun plastikoa bizitzari loturik egon izan da... eta heriotzari. Euskaldunak bere artea zertu zuen ateburuak, hilarriak, kutxak, uztarriak, katiluak eta argizaiolak lantze horretan, haize-orratzak, aldabak, sarrailak eta bere gurutzeak burdinez lantzean.
Nire hausnarketak honetaraino ekarriz konturatzen naiz Euskal Herrian artearen historia kontatzeak agian izan dezakeela zentzurik, aldi berean, Euskal Artearen historia ezagutzen lagunduko dudala ppentsatuz.
Oharrak
aldatu- ↑ “En torno a los origenes del feudalismo”. 1942, III, 61-65. or. Vascos y navarros en su primera historia lanean berrargitaraua (Madrilen 1974) 222. or.
- ↑ Gure mendeko pinturaren “euskal eskola” bati buruz hain eztabaidatua izandako gaia; ikusi K. M Barañano, J. Gonzalez de Durana eta J. Juaristik, Arte en el Pais Vasco (Madril 1987) 12. or. eta beste. Euskal artearen historiaren laburpen hau idatzi dutenek arrazoi izan dezakete euskal artearen ikusmolde goresgarri eta kritiko guzti horretan ezer asko ez dagoela historia zehatzetik esatean, baina bai “bertako azoketako aginduek babesturiko kazetari mitikoaren ikusmoldetik”.
- ↑ Horrela pentsatzen zuten La trama del arte vasco, Juan de la Encina-ren argitaldariek, (Bilbo 1920). Berrinp. Faksimile edizioa Arte Ederretako Museoak (Bilbo 1998).