Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Añone eta Urgaratako gaina

Arano eta Goizueta herrien lurretan makina bat megalito dago barreiaturik hango mendien magal eta lepoetan, horietatik batzuk ondo kontserbatutakoak.[1]

Añone eta Urgaratako gaina
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Arano, Aranomendi, Oraune, Arriurdigain, Errekaleku, Añone, Urgarata
Distantzia 9,6 km. 2 ordu eta 45 mn.
Ingurunea Arano eta Goizueta herrien lurretan makina bat megalito dago barreiaturik hango mendien magal eta lepoetan, horietatik batzuk ondo kontserbatuak.
Abiapuntua Arano
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Aranoko eta Goizuetako megalitoak Nafarroan bisita ditzakegun interesgarrienetakoak dira, eta hantxe topatuko ditugu mairu baratze edo harrespilarik gehien. Horietako batzuk ondo kontserbaturik daude, eta gure arbasoek mendi horietako magal eta muinoetan barreiaturik utzitako lekuko garrantzitsuak bihurtu dira.

Gipuzkoako mugan dagoen Nafarroako Aranon emango diogu hasiera gure ibilaldiari. Herriko plazan, elizako atariaren gainetik ateratzen den porlanezko malda gogorrari ekingo diogu lehenik, eta, segidan, sigi-sagan gorantz joko dugu, Joan Donostia ermitaren hondakinen ondora iristeko. Teilaturik gabe, barruan aldarea izandakoa bereiz daiteke soilik. Gandorrean zehar zabaltzen den bidezidor estuari jarraitu, eta berehala helduko gara kalbarioko lehen gurutzea egon behar zuen lekura; Aranomendiko tontorrera, hain zuzen. Harri piloa bai, baina gurutzerik ez. Gure begien aurrean zabaltzen den ikuspegi zabal eta ederraz gozatzeko parada izango dugu: Añarbeko urtegia gertu, eta Artikutzako mendiak horren gainetik.

Behean, gure eskuinera dagoen San Roke ermitaren gainetik Orauneko lepora jaitsiko gara, herritik datorren pistarekin bat egin arte. Pista albo batera laga, eta gorantz joko dugu berriro. Mairu baratze batzuen ondotik igaro, eta bigarren gurutzea egon ohi zen lekura igoko gara. Ontzorrozko gainera heltzean, bertan gurutzerik ez dagoela ohartuko gara. Aurrera joko dugu, eta Arriurdigain heltzean ere, urteetan bertan izan den jaiotza desagertu dela konturatuko gara.

Belarrezko alfonbra zapalduz, Errekalekuko lepora jaitsiko gara, hogei mairu baratze baino gehiagoz osatutako ingurune megalitikora. Horietako batzuk nahiko osaturik daude, eta erraz nabarmentzen dira bidearen alboan. Aranora eta Errekarte leporantz doazen bideak gure eskuinera utzi, eta Goizuetako lurretan sartuko gara. Pista zabaletik, Mintegiko bordaren ondora iritsi, eta pista zabala utziko dugu gertu, eta nahiko ondo kontserbaturik dagoen Añoneko trikuharriaren ondora helduko gara. Horren ondotik ateratzen den xendatik Añoneko lepora igoko gara, eta bertan zenbait mairu baratze aurkituko ditugu, baina ikusgarriena eskuineko muinoan dago: Urgaratako Gaineko mairu baratzea da.

Inguru horretan estazio megalitiko asko daude, eta Goizuetako Udalak bi ibilbide prestatu ditu herrian aurkitu diren horietako batzuk ezagutarazteko, eta, horrela, orain dela 5.000 urte inguru bertan gizakia bizi izan zela erakusten digute aztarna horiek bertatik bertara ikusi ahal izango ditugu. Aitasemegiko ibilbidean, 33 monumentu megalitiko bisita daitezke 7,7 kilometroko ibilbidean, eta Alkasoaldeakoan, berriz, 55 megalito 8,7 kilometroko ibilbidean. Ingurune aberatsa, beraz. Nahiz eta trikuharri eta tumulu gutxi batzuk izan, Goizuetako lurralde horietan ugariagoak dira mairu baratzeak edo harrespilak.

Abiapuntura itzultzeko tenorean, lepora itzuli, eta Burningo Sorora doan pista zabal eta erosotik berriro Orauneko lepora bueltatuko gara, eta Aranotik datorren pistaren gainaldetik paraleloan zabaltzen den bidetik San Roke ermitaren ondora iritsiko gara. Metro batzuk aurrera egin, eta Aranoko elizaren ondora iritsiko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua