Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Agorregi eta Iturraran
Pagoetako parkearen bihotzean, kultura ondare aberatsa aurkituko dugu: dorretxea, burdinolak, errotak, karobiak, elurzuloak, elizak, baserriak eta abar. [1]
Agorregi eta Iturraran | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Aia, Agorregi, Iturraran |
Distantzia | 6 km. 2 ordu. |
Ingurunea | Pagoetako parkearen bihotzean, kultura ondare aberatsa aurkituko dugu: dorretxea, burdinolak, errotak, karobiak, elurzuloak, elizak, baserriak eta abar. |
Abiapuntua | Aia |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuPagoeta mendiaren magalean dagoen Aiako (Gipuzkoa) frontoi estaliaren ondotik abiatu gara, PR GI-35ari dagozkion bide seinale zuri eta horiei jarraituz. Asfaltatutako bidetik maldan behera jarraitu dugu, eta, kilometro eskas bat betetzean, armarri bikaina duen Gorostiola baserriaren ondoan gara. Horren ezkerretik ateratzen den pistatik, berehala pinudian murgildu gara, eta, egurrezko ataka gainditu ostean, bat egin dugu Giltzarriturriko errekan dagoen ur biltegi nagusiarekin. Bidea leundu egiten da hemen, eta, zubi txiki bat igaro eta gero, Agorregiko burdinolara iritsi gara.
Euskal Herrian oso garrantzitsua izan zen energia hidraulikoaren erabilera Erdi Aroan, eta garai horretakoak dira Agorria burdinolaren lehen erreferentzia historikoak. 1530. urtearen inguruan, Errenazimentuak ekarri zituen zenbait aurrerapenekin lehiatu ezinak burdinolaren itxiera ekarri zuen. Gaur egungo instalazio hidraulikoa 1754an hasi zen eraikitzen, eta haren jabea Joaquin Lardizabal Laurgaineko Jauna izan zen. Francisco Ibero arkitekto azpeitiarrak sistema iraultzaile bat diseinatu zuen, ibai arroaren ur baliabide urriak ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Bi kilometro inguruko luzera zuen ubide sare bat antolatu zuen, eta Giltzarriturritik eta Mendierrekatik bildutako ura antapara bikoitzera heltzen zen, maila desberdinetako ubideen bitartez. 1985ean hasi eta 1991n bukatu ziren zaharberritze lanak, eta martxan jartzea lortu zen, XVIII. mendearen erdialdera eraiki zeneko diseinuari jarraituz.
Iturraran
aldatuGiltzarriturri eta Mendierrekatik urak biltzen dituen burdinola eta errota bisitatu, eta beherantz egin dugu eskuinetik ateratzen den errepidetik. Berehala heldu gara Arginberriko errotaren ondora, eta, aurrerago, Elordikoa ikusi dugu. Agorregiko sarrera nagusia gurutzatu, eta gure ezkerrera utzi ditugu Manterola baserria eta burdinolaren hondarrak. Metro batzuk aurrerago, aparkalekura iritsi baino lehen, ezkerrera ateratzen den pista zabal bat hartu dugu, baina, berehala, Lukun jartzen duen egurrezko seinale batek eskuinera desbideratzera gonbidatu gaitu. Presatxo errekaren paraleloan doan bideak gorantz egiten du, baso trinkoa zeharkatuz. Itzala nagusi den inguru honetan altuera irabazi dugu pixkanaka, eta, metalezko hesi handi bat ikustean, bidea utzi eta beste aldera pasatu gara.
Berehala ohartu gara ingurune desberdin eta berezi batean sartu garela: zuhaitz, zuhaixka eta mota askotako landareak modu ordenatuan sailkaturik eta bakoitza bere txarteltxoarekin han-hemen kokaturik. Iturrarango lorategi botanikoan gaude.
Hainbat zidor aurkitu ditugu, baina, nagusiari jarraituta, Iturraran baserrira erraz iritsi gara. Paisaia ederra eta liluragarria da, eta merezi du denbora hartzea bertan dauden erlategi eta lorategiko zortzi gune desberdinak bisitatzeko. Informazio zuzena baserrian bertan jaso daiteke.
Iturrarango lorategi botanikoa Aiako udal barrutian dago; Gipuzkoako Foru Aldundiarena da. Itxura bikaina duen baserri honetan, bisitariak informazio zabala aurkituko du ikus-entzunezkoen eta erakusketa euskarri desberdinen bidez.
Baserriaren inguruan, hamar hektareako lorategi botanikoan zehar, hiru kilometro baino gehiagoko bide sare bat antolatu dute landare, zuhaitz eta zuhaixkak ikusi ahal izateko. Bakoitzak bere etiketa du, eta datu hauek agertzen dira: familia, izen botanikoa eta jatorria. Lorategiko lehen landaketak 1986an egin ziren, eta urtero landaketa berriak egiten dira. Hango klimari esker, mundu osoko landareak alda daitezke, helburu nagusia baita ahalik eta bildumarik zabalena osatzea. Baserritik gertu,erlategi bat aurkituko dugu erlauntzen egitura eta antolaketa ikusi ahal izateko.
Inguruaz gozatu ostean, berriro PR GI-35ari dagozkion bide seinaleak ikusi ditugu, eta, horiei jarraituz, Agorregira jaisten hasi gara. Bidezidorrean zehar, norabide zuzena aukeratzen lagundu digute egurrezko seinale batzuek. Lorategi botanikoa atzean utzi, eta berriro burdinolaren ondoan gara. Abiapuntura itzultzeko Gorostiola baserrira igo, eta azken ahalegina egin dugu herriraino falta dena betetzeko.