Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Agramondarren lurraldea

Eragin handiko familia izan zen agramondarrena, bai inguruko lurraldeetan, bai Nafarroako erresumaren bilakaeran. [1]

Agramondarren lurraldea
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Lapurdi
Zailtasuna Oso erraza
Lekuak Bidaxune, Akamarreko portua, Agramondarren gaztelua
Distantzia 11 km. 3 ordu eta 10 mn.
Ingurunea Eragin handiko familia izan zen agramondarrena, bai inguruko lurraldeetan, bai Nafarroako erresumaren bilakaeran.
Abiapuntua Bidaxune
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Agramondarren nafar leinua Nafarroako Erreinuari lotuta egon zen XII. mendetik XVI.era ,eta, politikoki, XV. mendean eragin handia izan zuen. Agramondarren jatorrizko etxea Burgue-Erreitin zegoen, baina Aturri ibaiak itxasorantz zuen irteeragatik, agramondarrak sortetxea utzi eta XIV. mendean Bidaxuneko gaztelura etorri ziren bizitzera, eta, harrezkero, agramondarren leinu nagusiaren egoitza bihurtu zen. Eragin handiko familia izan zen, bai inguruko lurraldeetan bai Nafarroako Erreinuaren bilakaeran ere. Bibiano, Agramonteko jauna, Antso VII.a Azkarraren basailu izan zen; hura eta bere leinua beti Nafarroako erregearen zerbitzura egongo zirela zin egin zuen, 1203an.

Elizaren atari nagusiaren paretik Jondoki Jakobe kale nagusian zehar abiatuko gara. Etxe bikainen artean egingo ditugu lehen urratsak, eta, biribilgunera iristean, eskuinera joko dugu Gixune eta Samatze aldera doan errepidea bilatuz. Bide bazterretik segi eta berehala, juduen hilerriarekin egingo dugu topo. Irekita dago, eta gazteleraz eta hebreeraz idatzitako hilarriak ikusiko ditugu. Beherago, errepide nagusia utzi eta eskuinera ateratzen den bidetik, Bidaxuneko portura iritsiko gara. Biduzeren paraleloan doan pistatik barna, erraz helduko gara ibaia zeharkatzen duen zubiaren ondora.

Gertu agramondarren gaztelua eta atsedenleku bat ikusiko ditugu. Gaztelurako bisita azkenerako utzi, eta aurrean dugun zubia gurutzatuko dugu. Berehala, eskuinaldera ateratzen den hartxintxarrezko bideari jarraituko diogu. Etxeak atzean utzi ondoren, Biduze ibaiaren paraleloan doan bidea belarrezko bihurtuko da, gorabeherarik gabe bost kilometroz hedatuko Akamarreko porturaino. Garai batean, ibaian zehar merkantziak garraiatzen zituzten gabarrak tiratzeko idiek bide hori erabiltzen zuten. Alde batean, arto sail handiak ikusiko ditugu eta ibaiaren ertzean makal, lizar eta beste zuhaitz mota asko. Tarteka, atsedenerako mahairen bat edo beste aurkituko dugu, eta, aurrerago, Lihuri ibaiak bere urak Biduzera isurtzen dituen lekua. Kiwi landaketa handi bat atzean utzi, eta Akamarreko portura iritsiko gara.

Robyren errota

aldatu

Herrira igotzeko seinale horiak ikusiko ditugu, baina guk ibaia gurutzatzen duen zubia bilatu, hori gurutzatu, eta aurrera joko dugu. Bidaxunera doan errepidean barna metro batzuk bete, eta, berehala, lehen bidegurutzean, ezkerrera hartuko dugu. Abiapuntura iritsi arte, marka horiak bidelagun izango ditugu, eta, zalantzarik izanez gero, beti zuzen doan bidea aukeratu behar dugu. Arto sail handien artean irekitzen den errepide txiki horretatik aurrera egingo dugu, eta, noizean behin, baserri batzuen ondotik pasatuko gara. Pixkanaka jaisten hasi, eta eskualdearen ikuspegi zabalaz gozatzeko aukera izango dugu. Etxe multzo bat atzean utzi, eta bidegurutze batera ailegatuko gara, gurutze eder baten ondora.

Bide seinaleei jarraituz, eskuinetik aldapa jaisten hasiko gara eta, bihurgune pare bat pasatu ondoren, ezkerretik Bidaxuneko lehen etxeetara helduko gara. Elizaren dorrea erreferentzia puntu gisa hartuz, Lihuri ibaiaren ondora jaitsi, eta, zubi zaharra gurutzatuz, Robyren errota ikusiko dugu. Herritik gertu, maldan gora abiatuko gara, eta eskuinera ateratzen den edozein kaletatik Jondoki Jakue kale nagusira igoko gara. Orain, bakarrik gaztelua bisitatzea falta zaigu. Horretarako, elizara itzuliko gara, eta gertu dagoen atsedenlekua bilatuko dugu. Parez pare, Euskal Herriko historiaren zati bat izan dena ikusiko dugu: agramondarren gaztelua.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua