Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Aizkolegiko jauregia

Ziga jaunak nahi izan zuen Aizkolegiko jauregia izatea naturan bizitzeko eta natura interpretatzeko lekurik ederrena.[1]

Aizkolegiko jauregia
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Aizkolegi, Paretazar, Plazazelai
Distantzia 9,3 km. 3 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Ziga jaunak nahi izan zuen Aizkolegiko jauregia izatea naturan bizitzeko eta natura interpretatzeko lekurik ederrena.
Abiapuntua Plazazelai (Lekaroz, Baztan)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Bertizko jaurerria izan zen Nafarroa Natur Parkea izendapena jaso zuen lehenengoa. Inguru horrek dituen ezaugarri natural eta historikoek leku aparta eta berezia egiten dute. 2.040 hektarea duen parkean pagoa bada zuhaitzik nagusiena, Nafarroako oihan misto atlantikoaren adibiderik ederrenetakoa dugu. Naturgune babestu honen jabetzari buruzko lehenengo agiria 1392koa da. Pedro Miguel Bertiz izan zen bere jabea. Familia horren esku jarraitu zuen, 1898an Pedro Ziga eta Dorotea Fernandez senar-emazteek erosi zuten arte.

Pedro Zigari zor zaizkio behean eraikitako zenbat elementu: lorategia, iturriak, pergolak, estalpeak eta abar. Eragin erromaniko eta modernista zuten eraikinak ziren horiek ere. 1949an, Pedro Ziga jaunak Diputazioari utzi zion oinordetzan baldintza bakar batekin: jaurerria bere hartan mantentzea alegia. Horrekin loturik, 1984an, Nafarroako Gobernuak Natur Parkea deklaratu zuen Bertiz. Eraikin horien artean, Aizkolegiko gainean altxatutako jauregia dugu, eta horixe bera da ibilbide hau eginez ezagutzeko parada izango duguna.

Plazazelaiko gainean (Baztan) emango diogu hasiera gaurko ibilbide zirkular honi. Langa gainditu, eta Bertizko jaurerriaren lurretan (Bertizarana) murgilduko gara. Jaurerriko sarrera nagusira jaisten den pista zabala ezkerrera utzi, eta eskuinetik ateratzen dena hartuko dugu. Pagadian marrazten den bide horri lasto bide ere esaten zaio; itxura denez, eremu horretako jabeak ziren Ziga senar-emazteek baimena ematen omen zien lastoz betetako orgak beren lurretatik pasatzeko. Berehala maldan gora jarriko gara, eta, atsedenik hartu gabe, jauregiraino zuzentzen den pista zabalera aterako gara. Beste kilometro bat bete behar izango dugu hortik jauregia izan zenaren ondora heltzeko.

Lapurdiko kostari begira

aldatu

Jauregi hau, estilo modernistan eraikitako txaleta hain zuzen ere, Ziga-Fernandez senar-emazteen kapritxo bat izan zen. Ziga jauna, ekologista, elegantea eta beti korronte artistiko berrietara zabalik, naturan bizitzeko eta natura interpretatzeko Aizkolegiko jauregia lekurik ederrena izatea nahi izan zuen. Bere dorre nagusian behatoki bat jarri zuen, eta, eguraldi ona eta gardena egiten zuen egunetan, hiru haranei begira jartzen zen. Kondairak dioenez, Zigak jauregia eraikitzea erabaki zuen, handik Lapurdiko kosta ikusteko aukera zuelako eta horrela Biarritzen bizi omen zen haren amorantea samintasunez oroitzeko aukera zuen.

Jauregia bisitatu eta gero, atzera egin, eta, pista nagusiaren ezkerraldetik ateratzen den xenda batetik, Paretazar gainerako igoko gara. Alanbrezko hesia gainditu, eta, Azkuaraino hedatzen den mendiaren gandorra gure eskuinera utzi ondoren, Bertizko eremua mugatzen duen hesiaren paraleloan jaisten hasiko gara. Pagadi ederrean murgilduko gara, eta maldan behera jarraituko dugu Ezkiringo leporaino heldu arte. Hor, GR-11 eta 12aren bide seinaleak utzi, eta berriro Bertizko lurretan sartuko gara langa igaro eta gero. Berehala jauregiraino igotzen den bide nagusira aterako gara, eta handik jarraituko dugu gorako bidearekin bat egin arte. Ibilbidea amaitzeko, azken kilometro eta erdia beteko dugu Plazazelaira iristeko.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua