Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Albiturri, Leintzerako bidean
Marietan abiatuta, Leintz Gatzagarako bidea hartu eta Albiturrirako bideari ekingo diogu. Santa Marina baseliza ikusiko dugu basoan, pago sendoek partekatutako lepo liluragarrian. [1]
Albiturri, Leintzerako bidean | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Marieta, Albiturri, Miritxa, Santa Marina ermita, Katazuloeta |
Distantzia | 7 km. 2 ordu. |
Ingurunea | Marietan abiatuta, Leintz Gatzagarako bidea hartu eta Albiturrirako bideari ekingo diogu. Santa Marina baseliza ikusiko dugu basoan, pago sendoek partekatutako lepo liluragarrian. |
Abiapuntua | Marieta (Barrundia) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuAlbiturriko tontorra Gipuzkoa eta Araba probintzien arteko mugan dago, Elgea mendilerroaren mendebaldeko bazter pribilegiatuan. Talaia baten moldean, gainera, Usako Atxa eta Mugarriluze tontor ezagunen artean altxaturik ikusiko dugu, Lautadako zabalguneari begia kendu ezinean. Bere ikuspegi eskergarriak direla eta, bazter horiei gortea egiteko prest ageri ohi dira naturazale ugari. Ez da harritzekoa. Zadorrako urtegietatik abiatzeko ohitura izaten dute gehienek: tontorrerako bidea atsegina da, eta haritzen eta pagoen artean osatzen da azken zatia.
Ibilbide honek interesgune asko ditu, besteak beste, paisaia, bidea eta Santa Marina baseliza. Uztail inguruan erromesak gerturatzen dira Leintz Gatzagako bidean altxatutako ermita apartari bisita egiteko. Urtegia egin aurretik, Zuhatzu-Ganboakoak ere joaten omen ziren, denak animoso-animoso eskusoinua aldamenean zutela. Urtegia egin zenetik, ordea, Ganboakoek joateari utzi eta bertaratzeko ardura marietarren eskuetan laga zuten. Gaur egun, jai giroan ospatzen dute erromeria jendetsua, herri bazkaria egiten dutela baselizaren aurreko zelaian.
Katazuloetako haitzuloa
aldatuMarieta herrian (Barrundia, Araba) hasiko gara ibili-ibilian. Errepide ondoko tabernaren aurrean utziko dugu autoa. Kale nagusiari men eginez, eliza altxatzen den gunera bideratuko ditugu gure pausoak. Herriko iturriaren paretik igarota, Basondo izena duen kaletik jarraituko dugu. Arkitektura bitxidun baserri modernoak ikusteko aukera izango dugu kalean aurrera egin ahala. Begirada ipar-ekialdean zabaltzen den baso aldera joango zaigu. Bide seinaleak ikusiko ditugu han eta hemen. Izan ere, bazter hauek korritzen dituzten bide ezagunak Marietan bertan gurutzatzen dira. Zidor horien artean Lautada inguratzen duen GR 25 bidea dago, oraingo honetan bazter egingo duguna. Haren ordez, tinda zuri-berdeko zidorra lehenetsiko dugu. Aizkorri-Aratz natur parkeari dagokion ibilbide laburra da, eta, hari jarraikirik, Elgeko lepora igoko gara.
Marieta atzean utzita, Iturraro zubi txikia ikusiko dugu bide ondoan. Izen bera duen errekastoaren gainetik igaro ondoren, basoan barrena doan basabide nagusiari jarraituko diogu. Burdinazko igarobidea tentu handiz igarota, mendian gora hasiko gara, hariztiaren babesean. Pinudiarekin bat egingo dugu laster batean. Handik metro gutxira, ibilbide honetako lehen ezustekoa datorkigu: Katazuloetako haitzuloa. Marietako bizilagun Ramonen etxaldea izan zen aspaldi, eta, gaur egun, aho biko estalpe bitxia da.
Albiturriko talaia
aldatuBasabideak gora egiten lagunduko digu, eta ameztian sartzeko gonbita eskainiko digu. Ibilian hainbat minutu eman ostean, iturri baten albotik igaro eta pagadiak harrera polita egingo digu: Santa Marina baselizaren inguralde harrigarrian gaude, non pagadiak inguruko paisaia ederkiro hartzen duen. Baselizan ezkerrera jo eta, goranzko aldatsetik segiturik, bistan izango dugu Iturraro errekak sortzen duen sakonune ederra. Ibarraz bestaldean, Albiturri tontor xumea ikusiko dugu, hareazko eta konglomeratuzko harritzarrak nabarmendurik tontorrean. Basabideak iparralderantz bideratuko gaitu. Behin Elgeko lepoan, zidor laburra utzi eta bista aurrean dugun magalean gaindi jarraituko dugu. Tontorrean ikuspegi panoramikaz gozatzeko aukera izango dugu, hots, Zadorra sistemako urtegi artifizialak eskaintzen duen irudiaz gozatzeko tenorea.
Gailurretik hegoalderanzko bidea hartu eta, hegiz hegi ibilita, Utxitigaranako lekuan bat egingo dugu Urkitzako iturritik datorren bidearekin. Noranzkoa aldatu gabe, pagadia inguratuko dugu beherago. Hurrengo bidebanatzean, eskuineko bidea laga eta pinudi baterantz joko dugu. Bertan sartu gabe, pistarik behinenari jaramon egin eta bide sarde batera helduko gara. GR 25 zidorra topatuko dugu han, ur biltegi zahar baten inguruan. Basabidea utzita, eskuinetik doan bidezidorrari jarraituta, ur biltegi handira helduko gara. Haren eskuinetik segituta, Marietara iritsiko gara.