Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Aldaiara, posta-bidea gogaide

Postaren Errege-bidea lagun, Berein eta Aldaiako talaia ezagutzera abiatuko gara Audikana herrian abian jarrita. Gaur egun Arabako ibilbide laburren sareari atxikita dagoen bidea da, eta erabat balizatuta dago.[1]

Aldaiara, posta-bidea gogaide
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak Audikana, Heredia, Atxarteko hezegunea, Berein, Zuhatzola, Santakruz, Altorredondo, Aldaia
Distantzia 17 km. 3 ordu eta 50 mn.
Ingurunea Postaren Errege-bidea lagun, Berein eta Aldaiako talaia ezagutzera abiatuko gara Audikana herrian abian
jarrita. Gaur egun Arabako ibilbide laburren sareari atxikita dagoen bidea da, eta erabat balizatuta dago.
Abiapuntua Audikana
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Postaren Errege-bidea XV. mendean erabiltzen hasi zen Gasteizera heltzeko, baita Aguraingo hiribildutik zetorren Donejakue bidea ordezkatzeko ere. Gaur egun, ordea, Arabako ibilbide laburreko sareari atxikita dago, eta erabat balizatuta. Bide seinaleoi segika, gainera, San Adriango haitzuloraino iristea posiblea litzateke. Oraingo honetan, ordea, Audikanatik Udalako leporainoko tartea besterik ez dugu egingo, itzuliaren bigarren zatia ez baitagokio Postarenari.

Bereingo gaina

aldatu

Audikana herrian (Barrundiko udalerria, Araba) hasiko gara ibilian. Elizaren azpialdeko zabalgunean utziko dugu autoa, Posta Errege-bideari dagozkion bide seinaleak bertan daude eta. Heredia herrirantz abiatuko gara. Txarreka kaleari segika, Zubi Zaharra eta ibaia zeharkatu eta Eturara doan errepidera helduko gara. Asfaltoa gurutzatu eta nekazari bidetik metro batzuk egin ostean, eskuinera joko dugu. Madalenaldeko muinoa inguratzeko asmoz, ezkerrera okertuko dugu, laster batean. Gozo-gozo ibilita, Iturbietako parajera iritsiko gara ziztu bizian. Burdinazko barrera bat ikusiko dugu han. Burdina igaro eta aurrera jarraituko dugu, betiere Herediako gainek ederki zainduta. Bide nagusi horrek lepo bateraino lagunduko gaitu. Lepoan, eskuinera egin eta, Andozketako gainari gortea eginda, Postaren bideari eutsiko diogu.

Herediako elizaren inguruan, ezkerrera hartu eta Zuhatzola herrira doan errepidera irtengo gara. Errepidea gurutzatu eta zuzen jarraituko dugu. Hartxintxarrezko bideari begia kendu gabe, Atxarteko hezegunera helduko gara. Abeltzaintzarako eraikia izan zen orain urte batzuk; gaur egun, ordea, hainbat ornodunen bizileku paregabe bilakatu da. Luzuriagarako bidea jarraitu beharko dugu Atxarten, egurrezko geziak adierazi legez. Lizarren artean igarota, basabidean aurrera egin eta, galeriatik irtendakoan, bide nagusiaren eskuinaldetik doan xendatik jarraituko dugu. Goratasuna hartzen hasiko gara horrela, astiro-astiro. Bide zabalak lagunduta, Udalako lepora igoko gara.

Ezkerrera hartuko dugu lepoan. Postaren bideak Luzuriagara joko baitu laster. Erne ibiliko gara inguru horretan. Izan ere, pintura arrastoei muzin egingo diegu han, eta hariztipean jarraituko dugu. Lerroari ongi atxikita, bestela esanda. Basotik irtendakoan, alanbrearen azpitik igaro eta Bereingo ekialdeko magalean barrena ibiliko gara. Goratasuna galdu gabe, beraz, Narbaxa, Arriola eta Gordoa herriek eskaintzen diguten paisaiaz gozatzeko parada izango dugu. Goi tentsioko habera iristean, Bereingo gailurra zapaltzeko aukera izango dugu. Tontorreraino joan-etorria egingo dugu. Barrundiko ibarra eta Arabako ekialdeko ordokia bete-betean harrapatuko ditugu Bereingo tontortxotik.

Bereindik Aldaiara

aldatu

Bereindik jaitsi eta ezkerrera hartuta basabidean, Elgea-Urkilla mendilerrora begira jarriko gara. Jaitsiera xumea egin ostean, Errikopozuko lepora helduko gara. Noranzkoa aldatzeko unea da: mendebaldera egingo dugu (ezkerrera) orain, eta, belarrez jantzitako bideak lagunduta, zehar-zehar jarraituko dugu, barrera bateraino. Langa zeharkatu eta ezkerrera eginez, maldan behera egiteko aukera eskainiko digu magalak. Beherago, Zuhatzolatik hurbil, Zabaletako soroak bistan izango ditugu. Soroetara heltzean, ezkerretik inguratu eta, metalezko barrera bat ikustean, burdina gurutzatu eta Zuhatzolaraino jarraituko diogu.

Errepidea gurutzatuko dugu Zuhatzolan. Gero, nekazari bideari ekinda, maldan gora hasiko gara. Gora eta gora, etengabe. Gainaldean jada, Santacruz deritzan muinoko gurutzea bisitatuko dugu. Gurutze txikia da, eta han egon zen ermitatxoa gogora ekarriko digu. Aldaiako mendi gaineko antenara begira jarrita, Bustarratera helduko gara. Axpuru herrira jaisteko aukera dugu han. Guk, ordea, zuzen doan pistari men egingo diogu, gure asmoa baita Aldaia tontorra igotzea. Goratasuna galtzen hasten garenean, bidea utzi eta gora doan bideari jaramon egingo diogu. Altorredondo tontortxoa inguratuta, Larreako lepora helduko gara. Ezkerrera egingo dugu han, eta, amildegia lagun, Aldaiako gailurra zapalduko dugu.

Antena zerbitzurako bidetik jaisten hasiko gara. Gebarako gaztelu zaharra, Zadorra ibaiko urtegia eta Gasteizko hiria bistan ditugula, gozo-gozo ibiliko gara artadi trinkoan barrena. Minutu gutxiren buruan, pista nagusitik irten eta ezkerretik irteten den basabidetik jarraituko dugu. Bi bide agertuko zaizkigu Dundo muinoaren inguruan. Bide biak alde batera utzita, magalari gortea egiteari eutsi eta metalezko barrera batera helduko gara. Barrera igaro eta berehala, ibarrean behera hasiko gara. San Donato sakanaren arrastoa galdu gabe, Audikanara iritsiko gara.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua