Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Aldude ibarra
Xabier Letek, 'Urepeleko artzaina' kanta ezagunean, oso ondo irudikatu zuen Xalbador bertsolari baxenabartarra. [1]
Aldude ibarra | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Aldude, Esnazu, Parapar lepoa, Urepel |
Distantzia | 13 km. 3 ordu eta 40 mn. |
Ingurunea | Xabier Letek, 'Urepeleko artzaina' kanta ezagunean, oso ondo irudikatu zuen Xalbador bertsolari baxenafartarra. |
Abiapuntua | Aldude |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuAldude herriko sarreran laxoko pilotaleku bat dago. Antzinako pilota modalitate hori larruzko eskularruez jokatzen zen, baina jadanik ez dira horretan jarduten. Frontoi honetan girotuta dago Perkain pilotari eta kontrabandista mitikoaren kondaira. Bere balentriari buruzko istorioek mito bihurtu dute Perkain, Aldudeko XVII. mendeko pilotari eta kontrabandista. Kontrabandista bilatuenetarikoa zen, eta, Baionako auzitegitik ihes egiteko, Nafarroan gordetzen zen. Diotenez, Curutchet Hazparneko pilotariak desafio egin zion Perkain garaiezinari. Perkain mugaz beste aldean babesten zen arren, erronka onartu zuen. Laxo partida Aldudeko plazan, aduana postuaren aurrean jokatzeko desafioa onartu zuen. Perkainek irabazi zuen, eta, atxilotzen saiatu zirenean, pilotakada bota zion aduanarien agintariaren buruari, ikusleek jendarmeei eraso egiten zieten bitartean. Perkainek mendira ihes egin zuen, eta hortik aurrera inork ez zuen Perkain ikusi, ezta haren hilobia ere.
Herriko plazatik abiatuko gara. Eskuinean, XVIII. mendean Frantziako Iraultzaren garaian suntsitu zuten eta hurrengo mendean berreraiki zuten eliza utziko dugu. Pilotalekuaren ondotik pasatu, eta Jendarmeriaren aurretik aurrera egingo dugu errepide estuan zehar. Bi bidegurutzeekin topo egitean, beti ezkerrekoa aukeratuko dugu, eta, baserri artean segituz, aldapa motz eta piko bati ekingo diogu, D58 errepidera heldu arte. Esnazu herrira igotzen hasi eta berehala, ezkerrera beste bide asfaltatu txiki batekin egingo dugu topo. Nagusia utzi, eta gaztainondoen artean irekitzen den bide horretatik aurrera egingo dugu. Gorabehera txiki batzuk gainditu, eta eskuinetik Esnazura igotzen den bide bat ikusiko dugu. Herrira igotzeko aldapan gora egingo dugu. Herria ezagutu ostean, etorritako bidetik berriro bidegurutzera jaitsiko gara. Baserri artean zabaltzen den bide horren bazterretan urde beltzak ikusteko parada izango dugu, eta, tarteka, Esnazu aldera, ikuspegi ederra zabalduko zaigu. Igoera bukatzean, bidegurutze batekin egingo dugu topo. Ezkerrekoa bide seinale laranjaz balizaturik dago, eta, bertatik abiatuz gero, Urepele aldera doan bidearekin bat egingo dugu.
<img alt="" src="https://www.berria.eus/argazkiak_jarraia/uploads/7620279b7.jpg" />
Guk aurrera jarraituko dugu, eta, Parapar lepora iristean, ehiztarien habi metaliko batzuk ikusiko ditugu. Bidegurutze horretan ezkerreko bidea aukeratuko dugu, balizaturik ez dagoena. Berehala, borda pare bat ikusiko dugu, eta artaldeak larre berdeetan bazkatzen. Bide asfaltatu estuak beherantz egiten du, eta, bihurgune batzuk egin ostean, berriro bide seinale laranjak aurkituko ditugu, Parapar lepora heldu aurretik ikusi ditugunak, hain zuzen ere. Hortxe elkartzen dira bi bideak. Parez pare, gure mendean berehala antzemango ditugu Urepele herriko eliza eta etxe zuriak. Marka laranjei jarraitu, eta herrira heldu aurretik zubi pare bat igaroko dugu.
Herri txiki honetako eliza eta Xalbador bertsolariaren omenez jarritako plaka bisitatuko ditugu. Xabier Letek, Urepeleko artzaina kanta ezagunean, oso ondo irudikatu zuen Fernando Aire Xalbador bertsolari baxenabartarra. Aldude bailarako Urepele herrian jaio zen, 1920an, eta 1976an hil zen, bere omenaldi egunean, bihotzekoak jota. Bertsolari liriko eta poetikoa; bere bizitzari, familiari, baserriari, fedeari eta naturari buruz kantatu zuen. Hizkuntza galtzeari buruz eta Ipar Euskal Herriaren kontzientziarik ezaz moldatu zituen bertsoak, hunkigarriak izateaz gainera, gogorrak eta zorrotzak dira oso.
Ibilbidearekin jarraituz, bigarren zubia gainditu, eta eskuinetik ateratzen den bide asfaltatuan jarraituko dugu. Hortik aurrera, bide seinale berde-horiak ikusiko ditugu. Baserri eta borden artean pasatzen den bide zahar horren zati batzuetan, oraindik bidea mugatzen duten harrizko zatiak ikus daitezke. D58 errepidera iristean aldapan gora kilometro erdi eskas bete eta eskuinera, Aldude aldera zuzentzen den bidea hartuko dugu. Herriko plazara iristeko, ibilaldi honen hasieran bete dugun kontrako bidea egingo dugu.