Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Aldudetik Hargibelera

Ibilbide zelaia eta polita da Aldude eta Baztan artean dagoen muinoraino doan hauxe. Behin Hargibelera iritsirik, Albako gailurrera joko dugu, hurbil baitago. [1]

Aldudetik Hargibelera
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Beherea
Zailtasuna Erraza
Lekuak Aldude, Berdaizko lepoa, Elhokadi, Zarkindegi, Eiharzeko lepoa, Hargibel, Albako Harria
Distantzia 11 km. 3 ordu.
Ingurunea Ibilbide zelaia eta polita da Aldude eta Baztan artean dagoen muinoraino doan hauxe. Behin Hargiblera iritsirik, Albako gailurrera joko dugu, hurbil baitago.
Abiapuntua Aldude
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Aldude ibaiaren gaineko zubia gurutzatuko dugu, eta eskuinaldeko lehenengo kaletik joko; baliza horiz seinalaturik dago. Hala, herritik irtengo gara, eta larre eta baso artean ibiliko, ibaiaren ibilbidearen paraleloan. Lats bat igaroko dugu zubi batetik, eta atzean utziko ditugu azkeneko bi baserriak. Bidexka batean gora egingo dugu, eta, lehen bidegurutzera iritsirik, eskuinaldetik segituko dugu.

Bidezidor horretatik igoko gara, baso artean, baina hango zuhaiztitik irten egingo gara tarte batean, Txiloenea baserriaren beheko aldetik igarotzean. Gero, lats bat igaroko dugu, eta, bidezidorra banatu egiten delarik, eskuinaldeko bidetik joko dugu; hari segika, beste bide batekin topo egingo dugu ezkerretara, eta handik joko. Behin basotik irtendakoan, bide nagusi bati lotuko gatzaizkio, eta, hari segika, beste bidebanatze bat aurkituko dugu ezkerretara, eta, han, eskuinaldeko bidetik hartuko dugu, eta halaxe iritsiko gara Berdaritz mendi leporaino.

Hantxe aurkituko dugu 117. mugarria, eta haren ezkerraldetik joko dugu, eta baliza horiko bide batekin topo egingo eskuinetara. Maldan gora egingo dugu pagadiraino; han, ezkerraldeko bidezidorretik joko dugu, 120. mugarriraino, zeina Aldude ibarraren gaineko mendilerroan bertan baitago. Eta ezkerraldeko bidetik jo beharrean, Hargibele eta Belaun alderantz egingo dugu, zutoin batean adierazia dagoen noranzkoari jarraikiz. Mendi mazelatik igotzen hasiko gara, eta, erdibidean, ezkerraldeko bidezidorretik segituko dugu, eta Zarkindegiko bigarren mailako gailurrera joango gara.

Mendilerroan barrena ibiliko gara, paisaia ikusgarriak ditugula bi aldeetara: Aldude ezkerretara eta Baztan eskuinetara. Gero, ezkerraldeko hegiko bidezidorretik segituko dugu, pagadian barreneratzeraino, eta, handik aurrera, maldan beherari ekingo diogu Belaun mendi lepora iritsi artean. Hurrengo, ezkerralderantz joko dugu bide batetik, basoan gora, eta ezkerralderantz biratuko dugu, hartxintxarrezko bide batekin topo egin arte; hari eskuinaldetik segika, Eihartza mendi lepoaren gainera iritsiko gara.

Mendi lepoaren ezkerraldera, bide baten arrastoa igarriko dugu, hainbat koloretako baliza batzuek aditzera emango digutenez, eta horiexek izango ditugu gidari Harrikulunka harrizko monumentu mitologikorainoko bidean gora; behin hura igaroz gero, Hargibele orrazi harkaiztsuaren pean izango gara, eta aise igo ahalko gara hara. Handik, berriz, Albaraino igo gaitezke nahi izanez gero; esku-eskura izango dugu Baztango gailur ospetsua.

Nolanahi ere, Aldudera itzultzeko, Belaun mendilerrora jaitsi beharko dugu, eta, han, eskuinaldeko bidexka batetik egin beharko dugu beherantz. Baliza horiak bide seinaletzat harturik, asfaltozko auzo bide batera iritsiko gara azkenean. Hurrengo, bidegurutze batera iritsiko gara, eta eskuinaldetik joko dugu balizak alde batera utzita.

Ibilian ibiliko gara metro batzuetan, eta ezkerraldeko bidexkatik biratuko dugu, antenen alderantz joko bagenu bezala; baina haietaraino iritsi aurretik, ezkerralderantz egingo dugu, basoan behera, harik eta bidexka bat aurkitu arte, eta, gero, handik segituko dugu eskuinalderantz; hala, bada, ibilbide balizatuarekin bat egingo dugu berriro ere, Aldudeko gainera eta hango etxetzar zurien ingurumarira iritsi aurretixe.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua