Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Alkaxuri eta Asfodeloen zirkua

Aritzakun aldera Alkaxuriko iparraldeko ertz ikusgarri bezain zailetik amiltzen den zirkuaren erraietan murgilduko gara [1]

Alkaxuri eta Asfodeloen zirkua
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Zaila
Lekuak Sumutsuko benta, Asfodeloen zirkua, Alkaxuri, Ezkieta
Distantzia 8 km. 4 ordu eta 20 mn.
Ingurunea Aritzakun aldera Alkaxuriko iparraldeko ertz ikusgarri bezain zailetik amiltzen den zirkuaren erraietan murgilduko gara
Abiapuntua Sumutsuko benta (Bidarrai)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Ibilbidea

aldatu

Iparla, Alkaxuri eta Gorramendiko mendiek gordetzen dituzten Urritzate eta Aritzakungo haran ezkutuak urtetan ohiko mendi ibilbideetatik at egon dira, baina egun haraino autoz gertura daiteke, eta bisitari asko jasotzen dituzte. Ordura arte zuten xarma galdu dutela esan daiteke, baina, zorionez, ez dute betidanik erakutsi duen edertasun basatia galdu. Bi haran horien artean, Alkaxuriko piramide perfektua harro altxatzen da, eta, hara igota ikusiko dugu nola marrazten den Asfodeloen zirkua; bide basati batetik jaitsiko gara haraino, eta, berriro, Sumutsuko bentara itzuliko.

Autoa utzi dugun aparkaleku txikitik beherantz egingo dugu bide asfaltatu batetik, eta Sumutsuko bentaraino jaitsiko gara; Alkaxurira igotzeko erreferentzia da. Garai batean, kontrabandista, ikazkin, artzain eta baserritarren biltokia zen benta hori; handik, bide asfaltatuan metro batzuk bete eta gero, ezkerraldetik ateratzen den pista hartuko dugu, eta, berehala, hura utzi eta ezkerretik joko dugu gorantz.

Itsusiko Haitzek ageri duten postal bikainari bizkarra emanez, ia atsedenik ez duen aldapari ekingo diogu; oso gogorra da igoera. Garo eta belar artean hedatzen den malda bizia gainditzeak ahalegin handia eskatzen du. Igoera ia osorik iparraldeko ertzetik doa, eta, Ezkietako harkaitzen azpiko aldean dagoen lepora iristean, atseden hartuko dugu azkenekoz. Bidezidorra basoan barrena igoko da, sigi-saga. Handik oko dugu, aldapa geroz eta pikoagoa, kostata, eta tontorrera igotzeko azken ertz luzearen hasierara iritsiko gara. Hortik gailurrera doan bide hautsiari aurre egin, eta azken metroak beteko ditugu Alkaxuriko tontorreraino. Ikuspegi paregabea: Iparlako harresia, Gorramakil eta Gorramendi mendi multzoa, Itsusiko Haitzak, Iguzkimendi eta Artzamendi… eta horien mendean Urritzate eta Aritzakungo haran ezkutuak.

Abiapuntura itzultzeko Asfodeloen zirkura jaitsiko gara gailurretik gertu ateratzen den mendiaren iparraldeko ertzetik beherantz eginez. Margo urdinez balizatutako xendatik jaisten hasiko gara, hasieran txilarrak tarteka xenda ikusgaitz bihurtzen duelarik. Ezproi eder hau tentuz hartu behar da. Altuera berehala galdu eta Jesus Mari Alkezar mendizale ezagunak ondo dioen moduan, Orinoko-Amazoniako oihanean aurkitu daitekeen antzeko agertoki batean murgilduko gara. Garo asko dagoen sasoian ez da komeni hortik jaistea, bidea zaildu eta ezkutatu egiten baita; beraz, udaberria da garairik egokiena.

Laster iritsiko gara Asfodeloen zirkuaren paretatzar gorrien ondora. Inguru honetan dauden izen bereko loreek ematen baitiote izena lekuari. Pago txiki eta garo artean marrazten den zidor ahul eta ikusgaitzetik, altuera galduz segituko dugu Aritzakungo errekaren ertzera heldu arte. Han bainu bat hartzeko tentaziori eutsi, zubia igaro, eta, gertu, pista zabal batera aterako gara. Berekoetxea baserriaren ondotik pasatu eta erraz iritsiko gara Sumutsuko bentaren ondora. Azken malda autoa aparkatu dugun lekura igotzeko. Atzera begiratu, eta Euskal Herrian dagoen mendi ederrenetako bati begira geratuko gatzaizkio. Desafiatzaile ageri zaigu.

Erreferentziak

aldatu
  1. Berriatik hartua