Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Altipitatx: Itxinako zaintzaile bakartia
Bakardadean eta bide zailagoetan ibiltzea gustuko duenari bestelakoak sentiarazten dizkio Itxina misteriotsuaren barnean sartu eta Altipitatx moduko kareharrizko erpinera heltzeak. [1]
Altipitatx: Itxinako zaintzaile bakartia | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Ezezaguna |
Lekuak | Itxina, Altipitatx, Urigoiti, Egalesaburu, Atxulaur, Lexardi, Sintxita, Aldabide |
Distantzia | 11,5 km. 3 ordu et 10 mn. |
Ingurunea | Bakardadean eta bide zailagoetan ibiltzea gustuko duenari bestelakoak sentiarazten dizkio Itxina misteriotsuaren barnean sartu eta Altipitatx moduko kareharrizko erpinera heltzeak. |
Abiapuntua | Urigoiti (Orozko) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuAltipitax mendia (1.172 metro) Itxina gotorleku naturalaren tontor liluragarrienetako da. Mendigune karstiko baten hego-mendebaldean kokaturik dago, Orozkoren gainean eta Axkorrigan tontorrarekin (1.099 metro) batzen duen gandorraren ertzean. Itxingote dolina sakona ere (1.055 metro) aldamenean du, eta, ondorioz, hegoaldeko belardi eta pagadiaren gainetik gailentzen den erpin karstiko ikusgarria da. Mendigune eder eta bitxia, baita bakartia ere, ez baita mendizale asko etortzen Altipitax tontorrera. Zergatik? Aiztoa bezain zorrotzak diren harkaitzen artean ibiltzea neketsuagoa delako eta bertan orientatzea ere zailagoa delako, batez ere behe lainoa sartuz gero. Horregatik, Itxina da euskal mitologiaren jeinu askoren bizileku: laminak, zezen gorri, Mari eta beste. Aldiz, aldameneko Gorbeiako gurutze erraldoiaren azpian ehunka mendizale biltzen dira astebururo.
Orozkoko Urigoiti auzunearen (502 metro) goialdeko aparkalekuan ekingo diogu ibilbideari. Helburua aurrez aurre dugun kareharrizko gotorleku erraldoiari buelta osoa ematea da. Beronen iparraldetik sartu, berori zeharkatu, Altipitatx gainditu eta hegoaldetik bueltatzea. Hasieran baso bide asko daude, orozkoarrek antzinatik ustiatu izan baitituzte harkaitzaren azpiko lurralde maneiukor hauek. Ezkerreko bidea hartuko dugu hurrengo bi bidegurutzeetan, Axulaur adierazten duten balizei jarraikiz. Hogei bat minuturen bueltan Itxinaren ezker hormaren azpiko pagadian gora ibiliko gara galbiderik ez duen Egalesaburu xendrari jarraikiz.
Atxularko begiak
aldatuArgigunean, harrizko horman pasabidea eskuinean izango dugu. Zelaiaren mugan, cairn batek erakusten digu harri eta orbela artean goranzko bidea. Ate magiko bat balitz bezala, paisaia basati eta bakarti bati ematen dio bidea Atxularko begiak (1.086 metro). Toki misteriotsua dena are misteriotsuago bihurtzen du Itxinan horren ohikoa den behe lainoak. Artzain eta ikazkinen gordeleku ezatsegina izan zen noizbait, gure mitologiaren hainbat kondairaren sortzaile baitira, haitzetako, harri arrakalatuetako eta leizeetako bizipenenetan inspiraturik.
Ate natural hori zeharkatu ondoren, Atxuloko trokea izeneko zokogunera jaisten da xenda, eta bitan banatzen da. Ezkerrekoari jarraikiz, Kargaleku aldera doan bidea hartuko dugu hego-ekialderantz. Itxina zeharkatzeko biderik arruntena da, eta, beraz, mendizaleen oinatzek ilundutako harkaitzei so bidea asma daiteke. Zelaira heltzean, hego-ekialdera (ezkerrera) hartu behar da berriz, aldapan gora (erne!). Aldaparen gorenean, eskuinera begiratuz Lexardi arditegia ikus daiteke, Itxinako azken artzainaren txabolaren ondoan.
Metro batzuk aurrerago, Altipitatxera (hego-mendebaldera) doan gandorrarekin bat egingo dugu. Kargalekurako bidea hego-ekialderantz jarraitzen duen pasabidea gainditzen duen unean, eta aldapan behera egin aurretik, eskuinera okertuko dugu gandorrari jarraikiz. Tarteka belarrean, harri artean eta arrakala artean, hasierako bidea norberak egin behar du lehen cairn-ekin bat egin arte. Marka natural horiek gandorraren ezkerreko goi magaletik eramango gaituzte Altipitatxeko azken ertz pikoraino. Ikuspegia miresgarria da gailurrean. Iparraldean Itxina osoa dugu, mendebaldeko gandorrak mugaturik. Lekanda (1.302 metro) gailentzen da ekialdeko gandorrean. Hego-mendebaldean Gorosteta erraldoia (1.259 metro) dugu, eta tartean Itxingote sakonunea eta Neberabarri elur zuloa.
Gailurretik behera jaisteko lehendabiziko metroak gandorrean zehar egingo ditugu, eta berehala ezkerrera okertuko dugu Itxingoteko aterantz. Ahuntzen abilezia nahiko luke askok harkaitz zorrotzen artean ibiltzeko. Oinak belarretan jarri ondoren ezkerreko bidexkari jarraituko diogu aldapa pikoan behera Sintxitako sakanerantz, eskuinean Torfuntxuetako hartxingadia eta aurrez aurre Orderiagako mendilerroa ditugula. Desnibel horrek denbora laburrean Sintxitako urtegian jarriko gaitu. Hemendik aurrera, bideak horizontalean jarraitzen du mendiaren magalean eraikitako ubide artifizialaren ondoko Atxondozehar bidexkatik. Aldabide ur-jauzia zeharkatzea baino ez zaigu geratzen, Urigoitira heltzeko azkeneko pista hartu aurretik. Azkeneko pausoak gorputza aurreraka baina burua atzera begira egingo ditugu, Itxinako Atxak miresten, batez ere neguko egun laburrean eguzkiak laranjaz eta gorrixkaz janzten baditu.