Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Altzürükü, Arbailako magalean
Zuberoako herrian dago Europako pagadirik ederrenetarikoa, baita aberastasun geologiko eta arkeologiko ugari ere. [1]
Altzürükü, Arbailako magalean | |
---|---|
Herrialdea | Zuberoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Altzürükü, Kaskaborro |
Distantzia | 8,8 km. 2 ordu eta 40 mn. |
Ingurunea | Zuberoako herrian dago Europako pagadirik ederrenetarikoa, baita aberastasun geologiko eta arkeologiko ugari ere. |
Abiapuntua | Altzürükü |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuMauleren mendebaldean hasi eta Nafarroa Behereraino iristen den Arbailako mendikatea ekialdetik Aphurako ibarreraino iristen da, eta mendebaldetik, berriz, Oxkaxeko mendateko errepidera. Oihanak estaltzen ditu Arbailako mendigunearen bi herenak. Bertan dago Europako pagadirik ederrenetarikoa, baita aberastasun geologiko eta arkeologiko ugari ere. Altuera ertaineko mendigunea basoak estaltzen du, eta tontor nagusiak nekez jalgitzen dira zoru harritsu eta arrailduak (lapiaz) babesten duen pagadi iragangaitz baten erdian. Erliebea nahikoa astuna da hemen, baina kare-haitzezko eremuetako higadurak (karstikoa) modu guztiz bitxian landu du, eta lekurik garrantzitsuenak ezagutzeagatik merezi du bertara igotzea.
Urrutia gazteluaren aurrean dagoen aparkalekutik abiatuko gara, eta elizaren ondotik ateratzen den errepideari jarraituz, Urdiñarbe aldera joko dugu. Berehala, itzuli osoan bidelagun izango ditugun bide-seinale horiak ikusiko ditugu. Azken etxeak atzean utzi, eta aldapa txiki bat igotzen hasiko gara. Baserri artean zabaltzen den errepidean zehar kilometro eskas bete, eta zabortegira doan bidegurutzera helduko gara. Hemen, ikusiko dugun egurrezko hesola batek egin beharreko bidea aukeratzen lagunduko digu: Kaskaborro aldera abiatuko gara, eta, horretarako, errepidea utzi, eta pistatik aurrera egingo dugu.
Larre zabal eta haritz zaharren artean, seinale horiei segituz erraz iritsiko gara zabortegi txiki baten ondora. Hori gure ezkerrera utziko dugu, eta ondo balizatutako bidezidorrak pista zabal batera eramango gaitu. Pixkanaka haran txiki batera jaisten hasiko gara, eta errekara gerturatu. Beheko aldera iristean, hesiaren paraleloan jarraituko dugu haritzen gerizpean. Hormigoizko zubi bat gure eskuinera utzi, eta bideak ezkerretik gorantz egiten du. Marra horiez gain, urdinak ere ikusiko ditugu ibilbidearen zati honetan. Artasoro baten paraleloan doan bidetik harizti batera helduko gara, Idauze-Mendi aldera zuzenduz. Herriko elizaren dorre hirukoiztarra nabarmen azalduko zaigu, baina bidegurutzera heltzean, norabidea aldatu beharko dugu.
Herrira doan bideari bizkarra emango diogu, eta bide-seinaleek erakusten duten norabidean, Kaskaborro aldera joko dugu. Zuhaitzen artean altuera poliki irabaziko dugu, eta goiko aldera iristean, ikuspegia zabalduko zaigu. Pista zabala linea elektrikoaren ondotik doa, eta hori jarraituz erraz beteko ditugu hurrengo kilometroak. Kaskaborroko basoa gure eskuinean utzi, eta Urdiñarbera doan bidearen ondora iritsiko gara, ibilbide honetako punturik gorenera. Bidegurutze honetan, Urdiñarbera zuzentzen den bidea atzean utzi, eta ezkerrekoa aukeratuko dugu.
Pista erosoa da, eta hori jarraituz, hasieran beherantz egingo dugu, baina azken malda batek errepidera eramango gaitu. Lehenago, mendebaldera begiratuz gero, Muskildi, Elaudi, Olhaso, Urdiñarbe... herri txikiak eta auzoak han-hemen barreiaturik ikusiko ditugu, eta, horien gainetik, Oxkaxeko Antton Deunaren ermita berezituko dugu. Ekialderantz, berriz, Pirinioetako harresi natural eta ederra ageriko zaigu, Auñamendiren silueta ezaguna besteen artean nabarmenduz. Errepidera iristean, Altzürükü aldera jaisten hasiko gara, eta, berehala, zabortegira doan bidegurutzearekin egingo dugu topo. Puntu honetatik herrira itzultzeko hasieran bete dugun bidea egingo dugu.