Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Andra Mari - Azkorri ibilbidea
Ibilbide honek alde lasaia zeharkatzen du, landa eta basoetan barrena (ordubete eta hiru laurden behar dira, gutxi gorabehera).
Andra Mari - Azkorri ibilbidea | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Oso erraza |
Distantzia | Ordu eta hiru laurden |
Ingurunea | Getxoko ingurune naturala ezagutzeko aukera. |
Abiapuntua | Getxo |
Ibilbidea
aldatuGetxoko Andra Mari (edo Elexalde Getxo) auzoan sortu zen Getxoko lehen bizigunea (XII. mendean), Andra Mari elizaren inguruan. Leku horrek landa-eremuen xarma gorderik dauka oraindik ere.
Andra Mari eliza (Maidagan. Andra Mari). Barrio Loza irakaslearen arabera, elizaren jatorria XII. mendekoa ei da. Alabaina, antzinako eliza erromanikoaren hondar bakan batzuek ez besterik iraun dute. Gaurdaino iritsi zaigun eraikina, batik bat, XVIII. mendearen erdialdekoa da, mende horretako Bizkaiko eraikuntza barrokoen moldekoa.
Bi elizpe ditu, biak ere egurrezkoak. Barrualdean, birjinaren irudia dauka, jesarrita eta haurra altzoan duela. Flandesko eragina du eta gotiko-errenazimentuko aldien artekoa da. Getxo-Martiartu etxea irudikatzen duten -hainbat aldaeratan- armarri bik apaintzen dute eliza. Etxaurrean, udalerriko baserri guztien izenak ageri dira. Jendearentzako ordutegia: lanegunetan, 19:00etan; larunbat, igande eta jaiegunetan, 9:00, 11:00, 12:00 eta 13.00etan.
Eliza zahar horren aurrean, Andra Mari kiroldegi modernoa dugu. Irakurtzeko eta ikasteko gelak, pilotalekua eta probalekua daude kiroldegian. Hala, hainbat herri-kirol erakutsi ohi dira bertan, eta euskal pilotako txapelketak jokatu.
Zuhaitz artean doan ibiltokitik jaitsi, Aingeru Guardakoaren baselizara (Maidagan. Andra Mari) iritsiko gara. Benta etxearen atzean dago. Bi irudi dauzka: Aingeru Guardakoarena eta Arrosarioko Ama Birjinarena. Halaber, idazkun bat ageri da aldareko mahaian: Pedro Aldai abadearen izena eta 1649 urtea idatzita daude.
Ibilbideari jarraiki, Intxorta kaletik abiatuta, Aixerrotara (Galeako kaminoa. Andra Mari) helduko gara. Aixerrota deritzon errota antzina Getxon izan ziren haize-errota guztietan zutik dirauen bakarra da. 1726 eta 1727 artean eraiki zen. Aldi horretan, Bizkaian dokumentatu diren antzeko errota batzuk eraiki ziren; Getxokoaz gain, Artxandakoak eta Ipazterrekoak ere badiraute zutik.
Eraikuntza horiek guztiak jaso ziren XVIII. mendearen hasieran Bizkaiko jaurerrian gertatu zen lehorte izugarri baten eraginez. Hala ere, 1787 urtean, erroten ohitura galduta zegoen, eta etxebizitza gisa erabili zituzten mende horren amaieran eta hurrengoan. Aixerrotaren lehen jabea Edmundo Shee, elizatean bizi zeneko irlandar jatorriko merkatari bat, izan zen. Errota oraintsu zaharberritu da, eta arte galeria bat nahiz jatetxe ospetsu bat kokatu dituzte bertan. Jendearentzako ordutegia: egunero, asteazkenetan izan ezik, 13:15etik 21:30era.
Aixerrotaren ondotik abiatzen da Galeako itsaslabarren ondoko pasealekua. Abrako ikuspegi onena dago pasealekutik. Galea berba "gale" frantses hitzetik dator, eta itsaslabar esan gura du. Eremu horrek Frantziako Normandian dauden gres zuriko itsaslabarren eta Ingalaterrako Dover herrian dauden itsaslabarren antz izugarria dauka.
Aisialdiko gune bilakatu da Getxoko eta gure udalerriz kanpoko biztanle askorentzat. Gune horrek landa berde-berdeak eta pinudiak ditu, eta bada, beraz, izadiaz gozatzeko leku aukerakoa.
Galeako leku bikain batean, ondokoa aurkituko dugu: Printzearen gaztelua edo Galeako gotorlekua. XVIII. mendeko gotorleku ikusgarria da. Gaurdaino iritsi den mende horretako eraikuntza militar bakarra da Bizkaian. Gotorlekua eraiki zen Bilborantz zihoan itsas merkataritza zaintzeko. Jaime Sycre ingeniariak diseinatu zuen, eta obrak 1742an hasi ziren.
Ibilbidea itsaslabarren ingurutik doa, oinezkoentzako bide batetik Azkorriraino, hots, ibilaldi honetako heldueraraino. Osteratxo lasai horretan, Galeako itsasargia eta Galeako golf zelaia -Neguriko Golf Elkartearen egoitza- aurkituko ditugu.
Behatoki natural horretatik zehar oinez gabiltzala, Galea lurmuturrean dauden kalak ikus daitezke, eta apur bat aurrerago, Gorrondatxe (edo Aizkorri) hondartza. Kalitate handiko urak izateaz gain, ingurune ezin hobean dago; hori dela eta, Europako Erkidegoaren bandera urdina dauka merezimendu osoz.
Horraino helduta, oinez jarraitzen badugu, Barinatxe (Salvaje) hondartzaraino helduko gara, edo, bestela itzultzeko autobusa har dezakegu Aizkorriko geralekuan.