Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Andres Espinosaren ibilbidea
Euskal alpinismoaren aitzindari izan zen mendizale eta abenturazaleari gorazarre egiten diote urtero jaioterrian, Zornotzan, haren izena daraman PR-BI-14 ibilbidean zehar. [1]
Andres Espinosaren ibilbidea | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Zornotza, San Bartolome auzoa, San Joan baseliza, San Migel baseliza, Etxano |
Distantzia | 23 km. 5 ordu. |
Ingurunea | Euskal alpinismoaren aitzindari izan zen mendizale eta abenturazaleari gorazarre egiten diote urtero jaioterrian, Zornotzan, haren izena daraman PR-BI-14 ibilbidean zehar. |
Abiapuntua | Zornotza |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuAndres Espinosa (1903-1985) Mont Blanc eta Cervino mendiak bakarka eskalatu zituen lehen gizona izan zen. 1929an, gomazko abarken gainean kranpoiak jantzita, ordura arte inork lortu gabeko helburua bete zuen. Handik urtebetera, 1930ean, Kilimanjarora (6.010 m) bakarrik iritsi zen lehen gizona ere bilakatu zen. Himalaiako mendilerrora joan zen lehen euskalduna ere izan zen, hona ere bakarrik, laguntza gabe, diru urrirekin... eta betiere abarka parearekin baino ez. Andres Espinosa aparteko gizakien taldekoa da, edukitzea edo izatea dileman, izatea aukeratu duten horietakoa baitzen. Horregatik izan zen gizartera moldatu gabekoa, naturan eta mendian egia eta isiltasuna topatu zituen iheslaria. Horrela deskribatzen du Luis Alejos mendizaleak El montañero y aventurero Andrés Espinosa liburuan.
Zornotzan (Bizkaia) jaiotako bizkaitar hau gaztetatik lanean ibili zen familiako enpresan: oihalen salerosketan, alegia. Baina lanbide hori ez zuen asko atsegin eta naturan bilatu zuen babesa, Enrike Renteria lagun eta margolariarekin. Biak Zornotza inguruko mendietan barrena ibili ohi ziren, ondoren Euskal Herriko tontorretan eta geroago penintsulako mendiak izan zituen lehen abentura bakarkakoak: Perdido, Mulhacen, Veleta, Urbion, Teide eta beste hainbat. Teidetik bueltan, 1928ko uztailaren 30ean, Europako mendietan txango bat egiten ari zela, Naranjo de Bulnesen hormara hurbildu zen Bulnes herriko Manolin ostalariak burua berotuta. Lehen metroak probatzen hasi zen, oinutsik eta sokarik gabe. Jaisteko biderik ikusi ez, eroso sentitu eta, bi aldiz pentsatu gabe, tontorreraino jarraitu zuen.
Balentria horrek famatu bihurtu zuen Espinosa, estatuko mendizale onenak ere ez baitziren gai soka gabe igotzeko, eta, are gutxiago, bakarrik. Horrela, Alpeetan jarri zituen hurrengo helburua: Mont Blanc (4.810 m) eta Cervino-Matterhorn (4.478 m). Mendi horiek igotzeko, gidariak kontratatzea ezinbestekoa zen garai haietan, baina, Espinosaren moduko bizilagun arrunt batentzat garestiegiak zirela-eta, bakarrik igotzea erabaki zuen, 1929eko uztailean. Glaziarretan inoiz ibili gabea zen, eta hiru gau eman zituen elurretan Mont Blanc gainditzeko. Sei egun geroago, Matterhorn mendia eskalatu zuen. Balentria hura mugarria izan zen garai haietan, mendi gidarien monopolioa hautsi zuelako. Garaiago, zailago eta urrunago leloa aintzat hartuta, bere negozioa saldu zuen urrutiko mendiak igotzeko. Zorotzat jo bazuten ere, bere asmoari eutsi, eta Afrikara bidaiatu zuen, 1930ean: Alexandria, Kairo, Sinai, Egiptoko mendirik garaiena, basamortuak, Suez, Mombasa, oihanak eta azkenik Afrikako erraldoia. Bederatzi eguneko ibilaldia bakardadean egin eta gero, Kilimanjaro gainditu zuen. 1931n, bidaia luzeagori ekin zion. Indiaraino joan zen, 22 egunez nabigatu ostean. Kalkutatik iragan, eta, trenez, Indiaren iparraldean dagoen Darjeeling hirira iritsi zen. Han alemaniar espedizio baten kide bilakatu nahi zuen, baina hiru egun beranduago iritsi zen, eta bakarrik mendian sartzeko baimenik ez zioten eman. Maroko ere zeharkatu zuen Toubkal (4.500 m) mendia igotzeko. Ondoren, gerra zibila etorri zen, eta, bidaiatzeko diru askorik ere ez zuenez, abentura handiak baztertu eta hiritar apal bihurtu zen.
Andres Espinosaren omenez Zornotzako Udalak bultzatutako PR-Bi-74 ibilbideak Jauregibarria parkeko lehen kartelean du hasiera, zubiaren ondoan. Marka zuri horiei jarraikiz, parkea zeharkatu, eta, autobidearen azpitik iragan ondoren, ezkerretara okertu behar da Condor industrialdearen sarreran. Mendian gora igoz, Etxanora doan errepidearekin bat egin, eta Santa Maria elizaren arkupeetatik ikusmira panoramikoaz goza daiteke. Ondoren, Urritxe auzorantz eta San Juan baselizarantz jo behar da, baso artean batzuetan eta zementuzko pistan bestetan, Amorebietaraino jaisteraino. Karmen kalean eskuinera hartu, eta Luis Urrengoetxea hiribidean iparralderantz ibiliaz autobidearen azpitik pasatu, eta Larreako elizaraino jarraitu behar da. Aurrerago, Zornotzako Andra Mari o ikastolaren ondoan eskuinera hartu behar da, San Bartolome auzorantz. Zementuzko bidea den arren, basarte politak zeharkatzen ditu. Auzo Etxea elkartearen ondoren Ergoien auzorantz igo behar da, hango San Juan ermitarekin bat egin arte. Hortik gora, Bizkargiren goi magaletan murgiltzen da ibilbidea, poliki-poliki mendebalderantz okertuz, eta, azkenik, San Migel baselizarekin bat egiten du. Handik behera, lau kilometro daude Zornotzaraino.