Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Aralarko basoetan
Aralarko basoek gune natural berezi bat osatzen dute, bertan bizi izan baitira urte askoan natura eta gizakia elkarrekin, espazioak partekatuz.[1]
Aralarko basoetan | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Baraibar, Iribas, Aitzarretako iturburua, Burnigurutzeko lepoa, Atako ibarra, San Migel santutegia, Artxueta |
Distantzia | 20 km. 5 ordu. |
Ingurunea | Larraun udalerrian, Aralarko basoek gune natural berezi bat osatzen dute, bertan bizi izan baitira urte askoan natura eta gizakia elkarrekin, espazioak partekatuz. |
Abiapuntua | Baraibar |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuIbilbide zirkular honetan Iribas herritik Atako haranera igoko gara Burnigurutzeko lepoa gainditu eta gero. San Migel santutegira heldu aurretik, belardi eta pago artean ibiliko gara antzinako bide zaharretan barna. PR-NA 82 ibilbidearen bide seinale zuri-horiek lagunduko digute bide egokia eta zuzena aukeratzen, eta soilik santutegia bisitatzeko aterako gara markatutako ibilbidetik.
Baraibartik abiatuko gara, eta kontzentrazio pista batetik erraz helduko gara Iribas herrira. Eliza ezkerrera utziz, herria gurutzatu eta pistari helduko diogu, Aiztondoko haranean sartuz. Aitzarretako iturburura doan bidegurutzean, eskuineko bidea hartuko dugu, eta berehala sartuko gara pagadian. Txoritxoberriko trikuharriaren ondotik pasatu, eta igotzen jarraituko dugu, Burnigurutzeko lepora iristeko azken aldapa pikoari aurre eginez.
Aldapan behera metro batzuk bete ostean, alanbrezko hesia pasatu, eta Atako haranean agertuko gara. Hemen ikuspegia zabaldu egiten da: Artxuetako tontorra agertuko zaigu parez pare. Haranaren bukaeran beste hesi bat igaro, pista utzi eta erreka gaindituko dugu, pagadian sartzen den bidezidorrari jarraitzeko. Bide seinale zuri eta horiak bidelagun, maldan gora jarri, eta orbelean marrazten den xendak Apezaren Malkorreraino eramango gaitu. Metro batzuk gora egin, eta San Migel santutegia agertuko zaigu begien aurrean. Puntu horretatik aurrera bidea leundu egiten da, eta denbora gutxi beharko dugu errepidera ateratzeko.
Santutegia bisitatzean, gogora ekarriko dugu Teodosio Goñikoaren elezaharra. Antzinako denboretan, Goñerriko Teodosio Buruzagia izeneko jauna musulmanen aurka borrokatzera joan zen. Urte batzuen buruan etxera itzultzean, Basajaunez mozorroturiko deabruak —edo ermitau batek— esan zion bere emaztea morroi batekin zebilela. Sumindurik, Teodosio sartu zen logelan, eta han zeudenak erail zituen, emaztea eta ustezko amorantea zirela pentsatuz. Laster, ordea, konturatu zen dena engainu bat izan zela, eta gurasoak hil zituela. Damutu eta abaildurik, Erromaraino joan zen erromes, eta barkamena eskatu zion aita santuari. Horrek horrenbeste egin zuen, zigor hau ezarrita: gorputza kate astun batzuek estuturik, Aralarko mendatean ibiliko zen, kateok erori arte. Penitentzia betetzen ari zela, halako batean, herensuge ikaragarri batek eraso egin zion. Teodosiok Done Mikelen babesa erregutu zuen. Orduan goiaingerua agertu zitzaion, eta, «Nor Jainkoa adina!» esanda, piztia akabatu zuen. Une horretantxe, Teodosioren kateak lurrera erori ziren, eta Teodosiok, esker ona adierazteko, aingerua adoratzeko eliza —Done Mikel in Excelsis tenplua— eraiki eta bertan gelditu zen.
Bisita eta hamaiketakoa bukatu ondoren, santutegiari bizkarra eman eta Lekunberriko errepidetik jaitsiko gara hamabosgarren kilometroraino; hor, ondo seinalatutako xenda bat hartuko dugu, errepidea utziz. Berehala pagadi bikain batean sartuko gara. Bertatik marrazten den zidorrak berriz ere Lekunberrira doan errepideraino eramango gaitu. Seinaleak ez dira oso nabarmenak, eta, beraz, tentu handiz ibili beharra dago. Errepidea zeharkatu, eta beste aldetik jarraituko dugu, Baraibar gainaren aldera iritsi arte. Porlanezko pista batek abiapuntura eramango gaitu.