Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arberoako muinoak
Arberoako haranaren erraietan, Donamartiriko udalerrian, Izturitze, Otsozelai eta Ereberuko harpeak aurkituko ditugu. [1]
Arberoako muinoak | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Izturitze, Oihanburua, Otso Erreka |
Distantzia | 9,5 km. 2 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Arberoako haranaren erraietan, Donamartiriko udalerrian, Izturitze, Otsozelai eta Ereberuko harpeak aurkituko ditugu. |
Abiapuntua | Izturitze |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuArberoa Nafarroa Behereko lurralde historikoa da; Aiherra, Izturitze, Mehaine, Donostiri, Donamartiri eta Heleta udalerriei zegozkien lurrek osatutako bizkonderria. Aiherra euskarazko eihera errotatik dator. Duela mende bat, hamalau errota zeuden inguruetan, baina gaur egun bakarra geratzen da. Izturitze herrira iritsi eta bertako plazak multzo atsegina osatzen du. Xanxotea etxean euskal museo etnografiko txiki bat antolatu dute. Izturitze eta Otsozelaiko harpeak igaro, eta Donamartirira helduko gara. Herri horretan, Erdi Aroan eraikitako etxe askok zutik diraute oraindik. Herria bustitzen duen Aran ibaia auzoko Donostiri herritik ere pasatzen da. Herriaren sarreran bi etxe infantzoi eta Arberoako etxe handi noblea aurkituko ditugu. Herriaren behealdean, Sorhaburu gaztelua bisita dezakegu. Heletara abiatu aurretik, Mehaine herrian Erdi Aroko gaztelua ikus dezakegu. Heletan amaitzen da Arberoako harana, Baigura mendiaren oinean.
Herriko plazan dagoen aparkalekuan utziko dugu ibilgailua, eta, elizaren ondotik, Oragarreko norabidean ateratzen den errepideari jarraituko diogu. Berehala ikusiko dugu 22. ibilaldiari dagokion egurrezko seinalea, eta ibilbide osoan zehar marka horiak izango ditugu bidelagun. Etxe eta baserri artean beteko dugu lehen zatia, eta, bidegurutze guztietan seinaleei kasu eginez, gorantz joko dugu. Goialdera iristean, zuzen segitu, eta, gaztainondoen baso bat gure eskuinera utziz, berehala helduko gara beste bidegurutze batera, eta bertan marka horiek lagunduko digute bidea aukeratzen. Hor, errepidea utzi, eta Oyhanbouroua baserri aldera zuzenduko gara. Bide erosoak Oragarreko iratze zelaiak zeharkatzen ditu, eta bertatik ikuspegi ederraz gozatzeko aukera izango dugu, ardiek eta behiek zelai berdeetan lasai bazkatzen duten bitartean.
Pixkanaka, mendi gandorrean zehar beherantz egingo dugu, erreka aldera. Beheko aldera iristean, egurrezko seinalea ikusiko dugu, eta, bertan, «Otso erreka» idatzita. Iratzeen artean zabaltzen den bidetik zuzen jarraituko dugu, ezker eta eskuinetik ateratzen direnak utziz. Hor, markak ez dira agertzen, eta kontu handiz ibili behar da ez galtzeko. Gertu antzematen den erreka bilatuko dugu, eta bertara iristean ikusiko ditugu seinaleak.
Ikuspegi ederra
aldatuErreka zeharkatzeko, beharbada, oinetakoak kendu beharko ditugu, baina, kontu izanez gero, inguratu eta jauzi txiki bat eginez beste aldera pasako gara. Eskuinetik aurrera segitu, eta iratzeen artean zabaltzen den bidetik gorantz egingo dugu. Aldapa pikoa eta motza da, eta, bustita edota lokaztuta badago, kostata ibiliko gara. Bidea desitxuratu egiten da tarteka, eta seinaleak ere desagertu, baina, logika erabilita, berehala lortuko dugu bide nagusia aurkitzea. Pixkanaka, lehen galdu dugun desnibela irabaziko dugu, eta, errepidera iristean, arnasa lasai hartzeko beta izango dugu.
Kilometro batez errepidean zehar ibili, eta gure ezkerrera ateratzen den beste pista hartuko dugu. Egurrezko ataka gainditu, eta, laster, zaharberritu duten borda bikain baten ondora iritsiko gara. Toki hori inguru aproposa da Arberoako harana ia bere osoan ikusteko. Laurehun metro inguru dituzten mendi-muinoak Donamartiri, Donostiri, Mehaine herrien gaindi ageri dira, eta, horien magalean, baserri eta borda anitz barreiaturik.
Ikuspegi horretaz gozatu ostean, metro batzuk atzera egin, eta bide seinaleek erakusten diguten norabidean aurrera egingo dugu. Baserri baten ondora iristean, egurrezko eskailera batzuek hesia gainditzen lagunduko digute, igoeran erabili dugun ibilbidearekin bat eginez. Handik herrira, hasiera hartu dugun errepidean zehar jaitsiko gara.