Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arbietoko sakonunea
Lur azpiko urek behiala sorrarazitako sakonunea bisitatuko dugu Arrastariako ibarrean, Urduña inguruan [1]
Arbietoko sakonunea | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Urduña, San Pelaio, Arbieto, Arrastaria |
Distantzia | 6,5 km. 2 ordu. |
Ingurunea | Lur azpiko urek sorrarazitako sakonunea bisitatuko dugu Arrastariako ibarrean, Urduña inguruan. |
Abiapuntua | Urduña |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuUrduñako ordokia material bigunen eta iragazgaitzen gainean zabaltzen denez, lur azpiko mailak urez beterik daude, geologoek ohartarazi dutenez. Hezegunez beteriko lautada hura lehortze aldera, han eta hemen kanalak ireki zituzten aspaldi. Horren ondorioz, osin batzuk agertu ziren Urduña inguruan. Herrigunetik urrun ez, Arbieto izeneko aintzira sonatua dago, eta jatorri geologikoa du. Lakuaren ondotik igarota ere, zaila zaigu imajinatzea aintzira diapirikoa dela, hots, lur azpiko ur-korronteek behiala sorrarazi zuten sakonune harrigarri baten aurrean gaudela. Gaur egun, eremu babestua da Arbietokoa, eta, barrunbeetako uren kalitatea bermatze aldera, hesi batek babesten du perimetro osoa.
Urduña inguruan aski normala da era horretako hezeguneak topatzea, eragin diapirikoa hertsia bezain zabala da eta. Gorbeia natur parkearen mendebaldean, esaterako, Altubeko hezegune sonatuak daude. Arbietokoa bezalaxe, misterioz beterikoak dira horiek guztiak. Monreal izenekoa, akaso ezagunena, behialako herri baten desagerpenaren ondorioz sortu zena, betiere kondaira zaharraren arabera. Geologoek, aldiz, zehatzagoak dira azalpenetan eta gogora ekartzen dute lurrazpiko material bigunen baitan dagoela koxka. Dena dela, hor daude aintzirok, ohiko zidorretatik aldenduta batzuk; aski bisitatuak hainbat eta hainbat.
Arbietoko aintziraraino lagunduko digun ibilbidearen abiapuntua Urduña (Bizkaia) herriko plazan jarriko dugu. Udaletxearen azpiko arkutik igarota, kalean behera egiten hasiko gara. Hala, Burdin kaleari men eginez, Jasokundeko Andra Mariaren elizaren alboan igaro eta Artekalearekin bat egin ostena, herriko osasun zentrora iritsiko gara. Eskumaldetik jarraituko dugu, eta Juan de Garai plazan ikusiko ditugun platano ilara beti segika hasiko gara. Errepidearen azpiko tunela baliatuko dugu asfaltoa gurutzatzeko. Gero, ezkerrera jo eta bidegorrian aurrera egingo dugu, iparralderantz. Ibazurra auzoko zubira iristean, ziklistentzat egokitutako bidea utzi eta, Nerbioi ibaia gurutzatuz, ezkerretik jarraituko dugu. Hala, ibaitik aldenduta, bidebanatze batera iritsiko gara. Maisu Txakolina adierazten duen seinaleari kasu eginda, hilerri zaharrera iritsiko gara. Eskuineko bidea lagata han, aurrera jarraituko dugu, noranzkoa aldatu gabe. Txakolindegiaren eretzetik joko dugu, gure soak Beratza edo San Pedro mendi tontorrera ihes egingo digularik.
Arbietoko osin biak
aldatuLau bideko elkargunean, zuzen ekin eta, Marguondotik eta Vistalegretik datorren errepidearekin bat egitean, eskuinetik jarraituko dugu. Aurrez aurre Aloria (Araba) herria dugu. Minutu batzuk goxo-goxo ibilita, Aloriara doan errepidera irtengo gara. Ezkerrera egiteko unea izango da. Aurreragoko bide sardan ezkerrera egingo dugu, eta Arabako barrutian sartuko gara. Akazia batzuek apainduta agertuko zaigu basabidea. Langaraña errekastoaren gainetik igaroko gara laster; gero, aldatsean gora abiatuko gara arku zabala deskribatzen hasiko garela. Gorago, Aloriara doan errepideari lotuko gatzaizkio. Eskuinera jo gabe, ordea, ezkerrera hartu eta San Pelaioko aurrien aurretik igaro eta berehala, trenbidea gurutzatzen lagunduko digu hartxintxarrezko bideari men egingo diogu. Porlan bideari jarraituta, hortaz, etxalde batera helduko gara.
Haren gainetik doan basabidea jarraituko dugu, eremu pribatuan sartu gabe. Porlana amaiturik, langa bat gurutzatu eta behera egiten hasiko gara. Jaitsiera xumearen ostean, zehar-zehar bideratuko gaitu basabideak, eta Montaleon baserriko esparru pribatua inguratzen hasiko gara.
Hesi desitxuratu baten azpitik igarota, trenbidera iritsiko gara berriz. Zaintzarik gabea baita, tentu handiz gurutzatu dugu burdina. Goratasuna galtzen jarraituko dugu, eta Montaleon baserriko sarrera batera iritsiko gara. Tologorri-Txarlazo lerroa osatzen duten gainak bistan ditugula, goratasuna galtzeari eutsi egingo diogu han. Arbietoko sakonunea ikusteko aukera izango dugu bihurgune zabal baten inguruan. Ezkerraldean ikusiko dugu aintzira, urdin turkesak kontraste handia egingo duela inguruko paisaia berdean.
Golf eskolatik igaro ondoren (aspaldiko osin bat da), Arbietoko udal futbol zelaiaren ezkerraldetik segituko dugu. Ibaizabal ibaia gurutzatuta, ezkerrera egin eta bidegorrian aurrera egingo dugu, ibaiaren paraleloan. Hori eginez Urduñara iritsiko gara.