Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Aribeko zubi esekiaren bidexka
Bidexka hau Irati ibaiaren bazterretik doa Aezkoan barrena.[1]
Aribeko zubi esekiaren bidexka | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Aribetik gertu, Irati ibaia zeharkatzen duten zubi esekiak eta bainuetxe zaharra |
Distantzia | 3,5 kilometro |
Abiapuntua | Aribe |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuHasieran zementuzko pista bat hartu behar da, bainuetxe zaharrerantz eramanen gaituena. Pista hori N-140 errepidean (Garaioara bidean) dagoen zubiaren azpitik igarotzen da; metro gutxira, lurrezko-xendra bihurtzen da eta natura betean barneratuko gaitu.
Ibilbide osoan Irati ibaia izanen dugu lagun eta zubi esekirainoeramanen gaitu. Bidexkan barrena goazela larreak ikusiko ditugu: aziendak negua igarotzeko beharko duen bazka hazten da haietan. Irati ibai bazterreko zuhaitzen azpian itzalpean joanen gara bide osoan zehar eta, tarte batzuetan ibai ertzeko landaredia eskasa denez, uretara hurbiltzen ahalko gara tokiaren ederraz gozatzeko eta argazkiren bat egiteko.
Pistan barrena segituko dugu harik eta ezkerraldean etxe partikular bat ikusi arte: eskuinean, ibaiaren parean, Aribeko bainuetxe zaharra agertuko zaigu.
Etxe partikularretik ateratzen den bidexka hartuko dugu gero eta eskuinaldera joko dugu bainuetxea atzealdetik inguratuz eta, horrela, bidexkan aurrera eginez, basoan barneratuko gara, zutoin batera iritsi arte. Inklusaldeko norabidea hartuko dugu gero eta zubi esekira iritsiko gara. Zubia 2014an birmoldatu zen eta hura gurutzatuz gero Ariztokiko edo Arrigorriko begiratokiraino igotzen ahalko gara hango ikuspegiez gozatzeko; ibilbide zirkularra osorik egiteko, ordea, zutoineraino itzuliko gara Aribera, meatzetara eta milaka urteko haritzera bidean.
100 bat metrora, bidegurutzera iritsiko gara eta handik Larrabeitira (burdina-meatzeen lekura) eta Aribera (1,1 km, 20 minutu) joko dugu. Bidexkan gora joanen gara beste orientazio-zutoin bat aurkitu arte. Oraingoan ezkerretara jiratuko dugu, Ariberantz (km bat). Pistan behera joanen gara eta, 60 bat metrora, azken bidegurutzera helduko gara: herrira joateko hartu beharreko bidea ikusiko dugu bertan eta handik 15 bat minutu beharko ditugu herrira iristeko, ibilbideari buruzko panelera, hain zuzen, hasierako pistatik metro gutxira.