Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Arkaitzeko talaia
Aloña mendikateko bigarren tontor altuenetik, Aginagako zelaigunea eta Duruko sakonunean dauden artzainen bordak han hemen barreiaturik ikus daitezke. [1]
Arkaitzeko talaia | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Brinkola, Aloña, Barrendiolako urtegia, Jandoaingo txabolak, Arkaitz, Biozkorniako lepoa, Urrabiatza, Altzolako lepoa, Arriurdingo txabolak |
Distantzia | 15 km. 4 ordu eta 30 mn. |
Ingurunea | Aloña mendikateko bigarren tontor altuenetik, han-hemen barreiaturik ikus daitezke Aginagako zelaigunea eta Duruko sakonunean dauden artzainen bordak. |
Abiapuntua | Barrendiolako urtegia (Brinkola) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Ibilbidea
aldatuAloña Gipuzkoako hego-mendebaldean dagoen mendilerroa da, Oñati udalerriaren hego-ekialdean hain zuzen ere. Aizkorriren jarraipena da eta agian horrek ezezagunagoa egiten du. Mila eta berrehun metrotik gorako mendi ederrez osatutako lerro honetara igotzeko abiapuntua Brinkola auzotik gertu dagoen Barrendiolako urtegia dugu. Legazpitik Oñatirako bidean, Udana mendatera iritsi aurretik errepidea utzi eta Brinkolara doana hartuko dugu horretarako, eta hau pasa eta berehala iritsiko gara Barrendiolako urtegira. Orain dela 30 urte martxan jarri zuten urtegi honen beste aldera pasa gara eta ibilbide osoan lagun izango ditugun PR-GI 66 ibilbide balizatuaren marka zuri eta horiak jarraitu ditugu.
Urtegiaren ondotik doan bide zabala hartu dugu eta kilometro bat eskas bete dugunean, pista utzi eta gure eskuinetik maldan gora ateratzen den bidea segitu dugu. Lehen izerdi tantak kopetatik irristatzen hasi orduko Arratolako lepora iritsi gara Udanatik datorren bidearekin bat eginez. Aurrez aurre dugun pista jarraitu eta berehala ohartu gara aldapa geroz eta pikoagoa dela. Jandoaingo txaboletara heldu aurretik, sigi-sagan zabaltzen den bide maldatsuari ekin diogu. Iturrian zintzurra freskatu eta aurrera. Goraka, Kataberako maldetara doan bidea ezkerrera utzi eta txabolen azpiko aldetik marrazten xenda batek pista zabal batera eraman gaitu. Aurrerago, bidegurutzera ailegatzean, eskuinekoa, Oñatira zuzentzen dena utzi eta ezkerrekoari heldu diogu. Bide nabarmen honek Aginagako txabolen ondora eraman gaitu.
Txaboletan dauden bi gizon sua piztu eta geroago etorriko diren beste lagun batzuekin batera hamaiketakoa prestatzen ari dira. Guk ere gonbita jaso dugu. Beste batean beharko du. Lagunak agurtu eta geroz eta gertuago ditugun Aloñako mendien tontorren aldera jo dugu. Bide-seinaleek ederki erakutsi digute jarraitu beharreko bidea, bide zaharra, bertako artzainek artaldea goiko larreetara eramateko erabiltzen zutena. Zelaigune zabal batera igo gara eta hau diagonalean gurutzatuz harresiaren beheko aldean jarri gara. Urrutitik kontrakoa dirudien arren, tarte hau ere zailtasun handirik gabe gainditu dugu. Gainera iristean, ondo markatu eta taxuturiko xenda jarraitu dugu Aitzezarteko lepora iritsi arte. Lepo honetatik eskuin aldera hartuz gero Butreaitzera igoko ginateke, baina guk ezker aldera jo dugu Arkaitzeko tontorrera igotzeko azken malda pikoari ekinez. Haitz artean kontu handiz ibiliz heldu gara punturik gorenera. Motxilak lurrean utzi, trago bat ur eta inguruaz gozatzen hasteko denbora apur bat hartu dugu.
Gustura gaude baina abiatzeko tenorea iritsi da. Kontu handiz egin dugu behera eta gertu dagoen Urrabiatzako gainetik pasa ostean, haitz artetik atera eta zelai berdean zehar bete ditugu hurrengo minutuak, beti ere bide-seinale zuri eta horiek erakusten diguten norabidean. Biozkorniako magala zeharkatzen duen xendan barrena izen bera zuen lepo ezagunera jaitsi gara, zelaiaren erdian dagoen burdinazko bide-seinaleen ondora. Gertu ditugu hain ezagunak izan ziren Kataberako meategien aztarnak, garai batean meategietatik ateratako mineralen hondarrak. Real Compañía Asturiana de Minas-ek ustiatzen zituen meategi hauek eta bertatik zinka eta beruna ateratzen zituzten.
Altzolako lepora
aldatuZegama aldera jo dugu segidan eta metro gutxi batzuk bete orduko Amabirjinaren sillea-ren ondora iritsi gara. Kareharrizko arroka honek aulki baten forma dauka eta iparralderantz zuzenduta dago. Elezaharrak dioenez, Arantzazuko Ama Birjina hona igotzen omen zen Gipuzkoa osoa ikusi ahal izateko. Bidera itzuli eta gure eskuinera Artzanburu mendia utzita laster iritsi gara Arriurdingo txabola ezagunetara. Bertan dagoen Iturri Beltzeko ura edateko baliatuko dugu, jaisten jarraitu aurretik.
Pagadi eder batean murgildu gara eta orbelak estaltzen duen bidezidorra segituz berehala iritsi gara pinudi batera. Pistatik beherantz egin eta ezkerrera Altzolako leporaino eraman gaituen beste pista zabal bat hartu dugu. Orain gutxi konpondu duten Tubobide izeneko zidorretik txabola zuri baten ondoraino joan gara. Puntu honetan eskuin aldera hartu dugu pista zabal batekin topo egin eta luze jarraitu dugu, Barrendiolako urtegiaren ondora jaitsi aurretik, azken metroak honen paraleloan doan bidetik bete ditugularik.